Logotipo gipuzkoakultura
2024ko azaroak 15, ostirala



Bertan > Euskara > Euskararen ospakizunak
Bertan 24

Euskararen ospakizunak


Euskararen aldeko ospakizun bilkura handiak egiten dira Euskal Herrian, batzuetan diru bilketa moduan, gehienetan euskaren irakaskuntzan ari diren antolakundeen lana errazteko helburuaz. Ospakizun horietan aditzera ematen da gizartearen engaiamendua, gure hizkuntza berreskuratu eta normalizatzeko ahaleginarekin. Esan daiteke euskararen eta euskal kulturaren atxikimendu adierazpen bihurtu direla.

329. Korrika euskararen aldeko lasterketa handi bat da, helduen Alfabetatze eta Euskalduntze Koordinakundeak (AEK) antolatzen duena. Korrikalariek txandaka egiten dute bidea, lekuko bat eskutan daramatela, hamar egunez eta gauez gelditu gabe, Euskal Herria alderik alde zeharkatuz. Bi urtez behin, AEKren finantzaketari laguntzeko milaka pertsona, elkarte, enpresa eta erakunde publiko nahiz pribatu elkartzen dira. Korrikalari bakoitzak kilometro bana egiten du, aurrez erosi beharra duena. Kilometro bakoitzaren prezioa aldagarria da, lekuaren eta orduaren arabera: ez da berdin Bilboko Kale Nagusiko zati bat, edo inor bizi ez den mendiko herri arteko zati bat. 330. Korrika-ren helburuak dira gizartea sentiberatzea eta AEK-ko euskaltegietarako dirua biltzea. Lehenengo aldiz 1980an antolatu zenez geroztik, 17 edizio egin dira orain arte, bakoitza ibilbide desberdin batekin. 2009ko edizioan, 2.000 kilometroko bidea egin zuen. 331. Maila apalagoan bada ere, euskararen aldeko antzeko lasterketak sortu izan dira Bartzelonan, Madrilen, Mexikon, Argentinan, Estatu Batuetan, Pekinen eta Hong Kong-en, euskal etxeek antolaturik. 332. Korrika 16, Donostiako kaleetan zehar. 333. Lehen Korrika 1980an egin zen. Lekuko Oñatiko Unibertsitatetik abiatu zen, elurpean, orduan Euskaltzaindiko idazkari zen Jose Maria Satrustegiren eskuetan. 15. edizioan, 2007an, 600.000 partaide izan zituen. 334. Edizio bakoitzean, Korrika-k omen egiten die gizarte edo kultur bizitzan euskararen alde lan egindakoei. 2009an, Euskal Herrira lan bila eta bizitza hobe baten bila etorri eta euskara hizkuntza propiotzat hartu zutenak omendu zituen. 335. Herriz herri, gau eta egun, jendea kaleetara edo bide bazterretara biltzen da partaideekin batera korrika egiteko. Horrela, gizartearen atxikimendua edizio bakoitzean berritzen da. 336. Remigio Mendiburuk egindako Korrika-ren lekukoa. 337. Korrikak sortutako ereduaren antzera, Europan gisa horretako lasterketak egiten dira: Bretainian, Ar Redadeg lasterketak bost departamentuak zeharkatzen ditu, urtero 2008az geroztik. Irlandan, gaelikoaren aldeko lasterketak Rith izena darama; lehen edizioa 2010ean antolatu zen. Katalunian, Correllengua izena hartzen du, 1996az geroztik, urtero egiten den sentiberatze kanpainak. Galizian, Correlingua (2000) ekimenak lasterketa anitz biltzen ditu, galizieraren alde. 338. AIkastolek ere urtero antolatzen dituzte, jendetza handiak biltzen dituzten ekitaldiak, ikastolen instalazioak eta profesionalen lana hobetzeko diru bilketa gisa. Lehen Kilometroak jaia 1977an antolatu zen; musika, antzerkia eta beste ekitaldi asko izan zituen, oinez egin beharreko ibilbide baten inguruan. Beasain-Lazkaon egin zenez geroztik, urtero antolatzen dute Gipuzkoako ikastolek. Ereduak arrakasta izan zuen, eta, gaur egun, lurralde bakoitzeko ikastolek antolatzen dute halako jai bana. Jendetza handiak bildu ohi dira, besteak beste, pertsona ezagun asko, artearen, kirolaren, politikaren edo kulturaren mundutik. 339. Bizkaiko ikastolek Ibilaldia antolatzen dute; lehen aldiz, Getxon egin zen, 1978an, Uribe Kosta aldeko ikastolek antolatua. 340. Araba Euskaraz ekainean antolatzen dute; lehen edizioa Gasteizen egin zen, 1981ean. 341. Nafarroan, lehen Nafarroa Oinez Altsasun bildu zen, 1981ean; 30.000 lagun elkartu ziren. Azken edizioetan, ehun bat mila lagun bildu ohi ditu. 342. Herri Urrats leku berean antolatzen da, Senpereko lakuaren inguruan, 1984az geroztik, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako ikastolek antolatuta. Bildutako dirua 27 ikastetxeetarako izaten da, kooperatiba moduan kudeatzen baitituzte gurasoek. 343. AEuskal Eskola Publikoak jai erraldoi bat ospatzen du urtero, euskarazko irakaskuntzaren alde, 1991z geroztik, Euskal Herriko Ikasleen Guraso Elkarteak antolatuta.
Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2024 Kultura, Gazteria eta Kirol - Gipuzkoako Foru Aldundia.
Para conectar con nosotros mediante skype pulse aquí
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net