Logotipo gipuzkoakultura
2024ko azaroak 15, ostirala



Bertan > Euskara > 1936ko gerra
Bertan 24

1936ko gerra


Euskara gizarte mailan suspertzea bultzatzen zuen gizarte sarearen bizitasuna gero eta nabariagoa zen Bigarren Errepublikako urteetan. Oso bultzada handiko unea zen kulturarentzat oro har. Alabaina, itxaropen hauek guztiak pikutara joan ziren, Errepublikaren gobernua kendu zuen altxamendu militar faxistarekin. Eta orrekin batera, euskal gizartea eta beronen kultur ezaugarri nagusia, euskara, eraso eta jazarpen gogor eta latzeko egoera hasiko ziren jasaten.

208. Rügen Operazioa izan zen matxinatu faxisten alde borrokan ari ziren Kondor Legio alemaniarrak eta Abiazio Legionario italiarrak 1937ko apirilean Gernikaren kontra egindako aire-erasoaren izena. Gernikakoa izan zen hiriak suntsitzera zuzendutako alfonbra bonbardaketetan lehena. Izugarrizko oihartzuna izan zuen nazioarte mailan, eta mundu osora iritsi zen sarraskiaren berri. Horregatik, 1937ko Parisko Nazioarteko Erakusketan aurkeztutako Pablo Picassoren obra hau XX. mendeko pinturaren eta gerraren kontrako jarreren ikonoetako bat izango zen. 209. Gernikaren kontrako erasoan erabilitako Kondor Legioaren Heinkel He-111 bonbardaketari alemaniarrak. 210. Gernikan baino hilabete bat lehenago, 1937ko martxoan, Durangoko herria ere bonbardatu eta metrailatu zuen italiar abiazio faxistak, Emilio Mola jeneral frankistaren agindupean. 294 pertsona hil zituzten. 211. Gudariak frontean, 1936ko abenduaren 11n. 212. Eguna, oso-osorik euskaraz idatzitako lehen egunkaria, Eusko Jaurlaritzak editatu zuen 1937ko urtarriletik ekaina arte, hiru kazetari gazteren lanarekin. Agustin Zubikarai, Eusebio Erkiaga eta Jose Maria Arizmendiarrieta ziren. Gerra eta eskasia giroan izan arren, egunkari honek orduko baliabide modernoenak erabili zituen, tipografia eta ilustrazioak barne. 213. Jose Antonio Agirre (Bilbo 1904-1960) izan zen Eusko Jaurlaritzaren lehenbiziko lehendakaria. Eta 1936ko urriaren 7an osatutako lehen gobernu hartan Defentsako sailburua ere izan zen. EAJren kidea zen, eta bere agintaldian zehar Eusko Jaurlaritzak Espainiako Bigarren Errepublikaren alde egin zuen, Euzko Gudarostearekin. Lehendakari jarraitu zuen erbestean ere. Orobat, 1941etik 1946 arte irakasle aritu zen Columbia Universityn. Bere bizitzan zehar eutsi egin zion 1936an Gernikan emandako hitzari: Faxismoa garaitu arte, eusko abertzaletasunak irmo eutsiko dio bere jarrerari. 214. Ekin argitaletxea Argentinan sortu zuten, 1942an, Isaac López de Mendizabal eta Andres Irujo euskal erbesteratuek, euskal kultura sustatzearren, eta ildo politiko nabarmen batez. Gerra osteko diktadura frankistak politika murriztaile eta ukatzailea zertzen zuen euskararen eta euskal kulturaren gainean, eta Europan ere, hau bete-betean baitzegoen Bigarren Mundu Gerran sarturik, ezin zen euskal gaiei buruzko obrarik argitaratu. Buenos Airesetik, Ekinek ehun obra baino gehiago argitaratu zituen, mota guztietako gaiak ukituta. 215. Gerra Zibila piztean, ikastolek eten egin behar izan zuten irakaskuntza jarduera, eta ikasleak beste eskoletara bideratu behar izan zituzten. Ateak itxiarazi zizkieten, baina horrez gain suntsitu egin zieten material guztia, baita bertan irakasle aritutakoen karrera profesionalak ere, Lizarrako Ikastolan gertatu moduan: 1936ko udan, bertako material didaktikoa eta liburuak erre egin zituzten Foruen Plazan egindako su batean, eta Petra Azpirotz irakaslea (Leitza, 1914) ezgaitu egin zuten. Honek sekula ez zuen atzera irakaskuntzan aritzerik izan. 216. Spitfire ehiza-hegazkin britainiar bat, Europako inbasioaren zerrendak marrazturik, Mundu Gerraren azken urteetan. 217. Eusko Jaurlaritzaren armada Gipuzkoan, 1936an. 218. Bigarren Mundu Gerran armada iparramerikarrak euskara erabili zuen, Pazifikoko kanpainan mezuak zifratzeko. Frank D. Carranzak, USAko flotako kapitaina eta euskal emigranteen semea bera, euskara proposatu zuen mezu kodetuetarako, eta euskaraz ongi egiten zuten euskal jatorriko hirurogei marine prestatu zituzten horretarako San Franciscon. 1942ko udan, American Basque code talkers deitu horiek lanean hasi ziren, Nimitz almiranteari mezuak bidaliz Salomon eta Guadalcanal uharteetan kanpaina abiatzeko. Pazifikoaren erdian, Egon arretaz egunari eta Sagarra erragiza zazpi esaldiek finkatu zituzten japoniarrak ustekabean harrapatu behar zituen lehorreratzearen data eta ordua. 219. Florentino Goikoetxea izan zen Comète sareko mugalarietako bat. Ezkutuan, naziek okupatutako Europan 227 hegazkinlari aliatu salbatu zituen, ingelesak, kanadarrak eta amerikarrak batez ere. 220. RAFeko pilotua (Royal Air Force, Erresuma Batua). 221. Bigarren Mundu Gerran, Comète sareak (1941) Bidasoa zeharkatzeko modua eman zion hainbat soldadu aliaturi, eta 770 hegazkinlari salbatzea lortu zuen. Mugalariek egiten zuten koordinazio lanari esker, izan ere hauek oso ondo ezagutzen zuten muga mendiz igarotzeko modua, eta euskarazko mezuak erabiliz, sareak zeuzkan 1.700 agente eta laguntzaileek erreskatatzen zituzten hegazkinlariak, etsaiak lurrera botatzen zituenean, eta Euskal Herritik zehar Espainia frankistara bideratzen zituzten, hau ofizialki neutrala baitzen; handik, hurrena, bakoitzaren herrialdera ebakuatzen zituzten. 222. Bidasoako mendiak.
Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2024 Kultura, Gazteria eta Kirol - Gipuzkoako Foru Aldundia.
Para conectar con nosotros mediante skype pulse aquí
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net