Logotipo gipuzkoakultura
2024ko azaroak 15, ostirala



Bertan > Euskara > Euskararen pizkundea
Bertan 24

Euskararen pizkundea


Foruak galtzea (1876) pizgarri gertatu zen joera foruzale eta autonomistarentzat, eta lurralde honetako historia, kultura eta hizkuntzarekiko interesa ere bultzatu zuen. Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan ari ziren pertsonak biltzen jarduera horien inguruan. Funtsezko hainbat erakunde sortu ziren, hala nola Eusko Ikaskuntza eta Euskaltzaindia. Lurralde guztietan, euskarazko prentsaren eta literaturaren loraldia zen: mende hasieratik 1936 arte, 300 bat liburu edizio atera ziren. Euskal kulturaren Pizkundea deitua da.

174. Europa osoan errebindikazio eta aldaketa politikoen garaia da. 175. Bartzelonako Aste Tragikoa. Ramón Casasen olio-pintura, 1909. 176. Eusko Ikaskuntza 1918an sortu zuten, Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako Aldundiek berariaz adierazia zutelarik euskara eta euskal kultura bultzatzeko desira. 1936ko gerrak euskal kultur bizitza gerarazi zuenean, Eusko Ikaskuntzaren jarduera guztiak eten egin zituzten, eta diktadura amaitu arte ez zion atzera lanari ekingo, 1978an zehazki. 177. Eusko Ikaskuntzak 1920an Iruñean antolatu eta irakaskuntzari eskainitako Eusko Ikaskuntzen II. Biltzarraren kartela. 178. Jouzas Parsaitis-en (Jean Gabrys) mapa, Europan hitz egiten ziren hizkuntzak eta hauen nazioak adierazita. Lausanan argitaratu zuen, 1918an, europar nazionalitateen autodeterminazio eskubidearen aldeko Unión des Nationalités erakundeak. 179. Julian Gaiarre (Erronkari, 1844-1890), 1876ko urtean, munduko tenore onen gisa agertu zen Milango Scala antzokian. Musika esparruko sari eta omen ugari jaso zuen, eta euskararekiko maitasuna adierazi eta landu zuen beti, euskaraz hitz egiten eta idazten baitzuen. 180. Bidarrai. 181. 1880an, Jose Manterola Beldarrainek (Donostia, 1849-1884), idazle, kazetari eta institutuko katedratiko, Euskal-Erria aldizkaria sortu zuen. Honetan bildu zituen bere garaiko euskal intelektual gehienen ahaleginak. Udal Liburutegiaren zuzendaria zen, eta 1877an Cancionero Vasco lana argitaratu zuen, Urruña eta Sarako literatur pizkundearekin bat eginez. 182. Euskarak bere kontrakoak ere izan zituen garai honetako euskal intelektualen artean. Migel Unamunok (Bilbo 1864-1936), idazlea eta euskal hiztuna bera, honakoa zioen: "Euskararekin eta katalanarekin ezin da zentzu jasoko gauzarik pentsatu. Espainiar hiritar oro zeharo espainiarra izan dadin eta, gero, unibertsala izan dadin saiatu behar dugu". 183. Euskarazko antzerkia, 1876tik 1936ra bitartean, euskal berezitasunaren defentsarako mugimenduari estu loturik garatuko da. Hainbat dira nabarmendu beharrekoak, hala nola Toribio Altzaga (1861), Donostiako Udalaren euskarazko Deklamazio Katedran buru izana, Antzerti aldizkaria, Días del Teatro Vasco (34, 35 eta 36ko urteak), Euskaltzaleak-ek antolatuak, Radio Donostiarra-n astero egiten zituzten antzerki-irakurketak, eta Manu Sota eta Lauaxetak Bizkaiko herrietan zehar eramandako antzerki ibiltaria. 184. Euskaltzaindia Eusko Ikaskuntzak 1918an Oñatin egin zuen batzarrean sortu zen. Honen bidea hurrengo urtean hasi zen, literaturako hizkuntza estandarraren sorrera sustatzeko eta euskararen arloan ezaguera egokiagoa, ikerkuntza eta zabalkundea bultzatzeko proiektu orokor batez. 185. 1910ean, Gasteizko apezpiku Jose Cadena Eletak zirkular bat sinatu zuen, asmo gaiztotzat hartuz haurrak euskaraz bataiatu nahi izatea, horixe eskatzen baitzioten berak "Alderdi horretako (Alderdi Jeltzaleko) indibiduo" deitzen zietenek). 186. Epe honetan zehar, 1921eko urtea goreneko unea izango zen aldizkariak argitaratzeko; loraldi hau 1930 arte luzatu zen. Garai honetakoak ditugu, esaterako, Zeruko Argia (Iruñea, 1919), Euskera (Bilbo, 1920), Argia (Donostia, 1921), Arantzazu (1921), Eusko Folklore (Donostia, 1921), Eusko-Deia (1921), Kaiku (1921) eta Gure Misiolaria (1924). Iparraldean ere idazle askoren lana aditzera emateko plataforma izan ziren aldizkariak, Gure Herria (Baiona, 1921) kasu. 187. 1920an izan zen Bilboko Albia Koliseoan Jesus Guridiren Amaia operaren estreinaldia. Francisco Navarro Villosladaren Amaya o los vascos en el siglo VIII (1879) eleberri historikoan oinarrituta dago. Vianako idazlearen (1818) fikzioa indar handiz txertatu zen herriaren irudi-munduan. Bide horretatik, Amaia izena izan da Euskal Herri penintsularrean azken urteotan gehien erabilitako neska izena. 188. Eusko Jaurlaritzaren babesarekin 1989an egindako obraren berrestreinaldiko kartela, Xabi Oterorena. 189. Bilboko Campos Eliseos antzokia euskal operaren sorburutzat igaro zen historiara. 1909 eta 1910 bitartean bertan egin zituzten Etienne Decrept-en Maitena, Usandizagaren Mendi-mendiyan, Santos Intxaustiren Lide ta Ixidor edota Jesus Guridiren Mirentxu obren lehen emanaldiak. 190. XIX. mendearen amaieran, euskal burgesia bizia Europara eta une horretako artearen abangoardietara hurbildu zen halaber. Inpresionismotik kubismora, garai honetako pintoreek -Zubiaurre, Arrue, Guiard, Arteta- landako Euskal Herria eta herri xehea erakusten dute, eta gertatzen ari diren aldaketa sozial handiak islatzen dituzte. Aurelio Artetaren olio-pintura.
Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2024 Kultura, Gazteria eta Kirol - Gipuzkoako Foru Aldundia.
Para conectar con nosotros mediante skype pulse aquí
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net