1598an eraiki zuten Higer Lurmuturretik hurbil, piraten aurka borroka egitearren. Oinplano angeluzuzena zeukan, eta itsasora begirako aldeetan bost kanoi hartzeko bateria bat. Gazteluko beste alderdia elkarren perpendikularrean kokatutako bi eraikin angeluzuzenek osatzen zuten, alde txikietako batean bat eginda zeudela altuera handiagoko eraikin lauangeluar batekin.
1755ean Fernando VI.a erregeak agindua eman zuen Hondarribiko Gotorlekuko harresitik at biltegi sinple bat eraikitzeko, bertara eramatearren une hartan aipatu gotorlekuetako biltegietan gordeta zegoen bolbora -...fuera de los muros de la Plaza de Fuenterrabia un Almazen sencillo para trasladar a el la polvora que actualmente se custodia en los que hay en la referida Plaza...
-; biltegi hori kokatzeko San Telmoko gaztelua aukeratu zuten, inguru egokiena zelako horretarako; izan ere, biltegia egiteak modua emango zuen denboraren joanak eta sute batek erabat hondatuta utzia zuten gaztelua eraberritzeko, eta gainera oso komenigarria zen eraikin hura mantentzea, hain zuzen bertako bateriak babesten zuelako senaiaren irteera -.. por ser el paraxe mas a proposito para ello como por el duplicado beneficio... de restablecer aquel Puesto que la injuria del tiempo y un incendio tenia casi arruinado, siendo tanto mas conveniente su conservación, quanto por que su bateria defiende el surgidero de aquella ensenada...
Dagoeneko deskribatu dugun egiturari bakar-bakarrik murru bat erantsi zioten, eta honen eginkizuna gazteluaren perimetroan sartutako dorrearen bi horma-atalak eta kanpoaldea bereiztea zen. Murru honetan zaintzako bi garita jarri zituzten, eta tarte batean baita hainbat gezi-leiho ere.
Sarrera hegoaldeko horman dago, eta ate zaharrera zihoan pasagune estu baterako bidea ematen du. Ateburuan idatzirik, errege-armen azpian, honakoa irakur dezakegu: PHILIPVS II HISP INDIAR Q REX / AD REPRIMENDA PIRRATARVM I LATROCINIA / HOC SANTERMI CASTELLUM EXTTUERE MANDANIT / ANO DOM -MDXCVIIII / SIENDO DON JVAN VELAZQUEZ CAPN GN DE ESTA PROA
. Urte askoan zehar egoitza pribatua izan da.