gipuzkoakultura.net

Logo de la Diputación Foral de Gipuzkoa
Logotipo gipuzkoakultura

gipuzkoakultura.net

jueves 26 diciembre 2024





Bertan > Bertan 18 Fortificaciones en Gipuzkoa: siglos XVI-XIX > Versión en euskera: Donostia

PDF Bertsioa inprimitzeko [11,8 Mb]Ikono Acrobat

Donostia

XVI. mendearen lehen erdialdean harresi berri bat altxatu zuten Donostiako Erdi Aroko hesi zaharraren parean; hauen bien arteko espazioak, hurrengo urteetan, aukera emango zuen hiri-bilbeak halako hazkunde txiki bat izan zezan, "Plaza zaharra" sortu baitzuten, hiriko sarbide nagusia zen Lehorreko Atearen inguruan.

67. Donostiako 1552ko planoaren kopia (XIX. mendea) (Aparici bilduma). Bertan ikus ditzakegu Erdi Aroko barruti harresitua (barnealdea), desitxuratua erabat hegoaldeko frontean baratza eta etxebizitzak daudelako, eta barruti modernoa (kanpoaldea). Ezkerrean Ingenteren kuboa ikusten dugu, eta erdi-erdian kubo Inperiala. Goiko zatian, berriz, Urgulleko gaztelua eta Villaturielen harresiak.© Carlos Mengs
67. Donostiako 1552ko planoaren kopia (XIX. mendea) (Aparici bilduma). Bertan ikus ditzakegu Erdi Aroko barruti harresitua (barnealdea), desitxuratua erabat hegoaldeko frontean baratza eta etxebizitzak daudelako, eta barruti modernoa (kanpoaldea). Ezkerrean Ingenteren kuboa ikusten dugu, eta erdi-erdian kubo Inperiala. Goiko zatian, berriz, Urgulleko gaztelua eta Villaturielen harresiak.© Carlos Mengs

Argi askorik ezin egin hasierako harresi proiektua norena zen esateko. Pedro Navarrok parte hartu izanaren aukera bazterturik, itxura gehiago du esateak Hondarribiko alkaide Diego de Verak parte hartu zuela horretan. 1528 inguruan Gabriel Tadino de Martinengok lan egin zuen bertan, eta Benedicto de Rávenak ere proposamen bat egin zuen 1534an.

Harresiak 280 m hartzen zituen luze, 15 m lodi, eta batez besteko altuera 13 m-koa zuen, lubanarroaren mailatik gora neurtuta. 9 m lodiko lubeta bat zuen, kanpoalderantz harlangaitz arruntez egin eta silarriz estalitako murru nagusi bat, 6 m lodikoa berau, zuela muga. Itsasotik hurbileko tokietan, zimenduak zurezko paldotan oinarritzen ziren.

Lubetak eustorma bat zuen gotorlekuranzko mugatzat, honek hainbat ostiko zituela egonkortasuna emateko, eta adarbera joan ahal izateko hainbat eskailera. Harresiaren barnealdean zazpi kasamata zeuden, eta hauetan artilleriazko piezak koka zitezkeen, hareatza aldera tiro egiteko.

68. Urgulleko gazteluaren perspektiba. 1669an Juan Manso de Zuñigak eginiko kartografi agiriaren kopia batean txertatua.© Carlos Mengs
68. Urgulleko gazteluaren perspektiba. 1669an Juan Manso de Zuñigak eginiko kartografi agiriaren kopia batean txertatua.© Carlos Mengs
69. Donostiako Lehorreko Atea, 1863 inguruan. Argazkiaren eskuineko zatian Kubo Inperiala ageri da.
69. Donostiako Lehorreko Atea, 1863 inguruan. Argazkiaren eskuineko zatian Kubo Inperiala ageri da.

Harresiaren goialdean prestatutako parapetoan -5,5 m lodikoa zen- hamalau kanoi-zulo zeuden, eta XIX. mendean hamaika besterik ez zituzten utzi. Kanoi-zulo batetik hurrengora, maila (banketa) bat zegoen, eta honetara iristeko hainbat eskailera-maila.

70. Donostiako elementu gotorrak 1813 inguruan. Lehen-lehenik kanpoaldeko elementu gotorrak: glazisa, bide estalia, hesi-babesa eta babes-adarra. Maketa.© Gorka Agirre
70. Donostiako elementu gotorrak 1813 inguruan. Lehen-lehenik kanpoaldeko elementu gotorrak:
glazisa, bide estalia, hesi-babesa eta babes-adarra. Maketa.© Gorka Agirre

Harresi erdian gutxi gorabehera, 1530 inguruan Kubo Inperiala izeneko bastioia altxatu zuten. Mendebaldeko muturrean oinplano zirkularreko kubo bat bazen, Ingenterena deitua (1542), baina San Feliperen bastioi-erdiak (1637-82) eta beronen kontragoardiak ordezkatu zuten; dena den, hau izugarri gaizki diseinatuta zegoela eta, erabat eraldatu zuten 1754 eta 1755 bitartean, hegoalderantz luzatuz altura txikiagoko eta arrapala batez amaitutako itsas murru batez. Harresi nagusiko ekialdeko zatian Torranoren kuboa eraiki zuten, eta honen ordezko, gero, Santiagoko bastioia (1637-82), San Feliperena baino txikixeagoa.

Lehorreko Frontea osatzeko kanpoaldeko elementu gotorrak zeuden; hauek egungo Bulebarraren eta Andia kalearen arteko espazioa hartzen zuten. Harresiaren aurretik eginiko lubanarro nagusi bat, babes-adar bat (1637-39) eta babes-adarraren harresi-atala babesten zuen hesi-babes bat ziren elementuok, eta azkeneko bion arteko komunikazioa galeria edo pasagune estali baten bidez zertzen zen.

72. Donostiako gotorlekua 1850ean: 1- Kubo Inperiala;2- Babes-adarra;3- Pilota Jokoa;4- Hegoaldeko harresia;5- Santiagoko bastioia;6- Bide estalia;7- Bide Estaliko Armagunea;8- Glazisa;9- Lubanarroa;10- Lubanarro-babesa;11- Hesi-babesa;12- Kontragoardia;13- San Feliperen bastioia;14- Babes-adarretik Lehorreko Aterako zubia;15- Lehorreko Atea;16- Bide estaliko lubana.© Juan Antonio Sáez
72. Donostiako gotorlekua 1850ean:
1- Kubo Inperiala;
2- Babes-adarra;
3- Pilota Jokoa;
4- Hegoaldeko harresia;
5- Santiagoko bastioia;
6- Bide estalia;
7- Bide Estaliko Armagunea;
8- Glazisa;
9- Lubanarroa;
10- Lubanarro-babesa;
11- Hesi-babesa;
12- Kontragoardia;
13- San Feliperen bastioia;
14- Babes-adarretik Lehorreko Aterako zubia;
15- Lehorreko Atea;
16- Bide estaliko lubana.© Juan Antonio Sáez
71. 'Plano y perfiles del Frente de Tie[rra de San Sebastián en que] se demuestra las obras del Proyecto General segun las noticias y... las existentes en este presente...' Egilea: Phelipe Cramer ingeniaria, 1754.© Carlos Mengs
71. 'Plano y perfiles del Frente de Tie[rra de San Sebastián en que] se demuestra las obras del Proyecto General segun las noticias y... las existentes en este presente...' Egilea:
Phelipe Cramer ingeniaria, 1754.© Carlos Mengs

Kontragoardia, babes-adarra eta hesi-babesa inguratuz bigarren lubanarro bat zegoen, lubanarro nagusira zihoana berau, eta baita bide estali bat ere, parapetoz, armagunez eta babeski edo lubanez hornitua. Bide estaliko parapetotik malda zegoen kanpoalderantz, glazisaren malda leunean barrena. Elementu hauek guztiak harresi nagusia eraiki eta gero altxatu zituzten; horrenbestez, nagusiko kasamatek galdu egin zuten bere eginkizuna.

Mendebaldeko frontea harlangaitzezko harresi batek defendatu zuen; hau hamarnaka metroz lerratua zegoen Erdi Aroko hesiarekiko. Bi metro lodi zituen, eta bere hegoaldeko zatian itsasoa bera zuen, harik eta 1851n portuko dartsena berria eraiki zuten arte.

73. Urgulleko gotorlekua eta Donostia harresitua. Maketa.© Gorka Agirre
73. Urgulleko gotorlekua eta Donostia harresitua. Maketa.© Gorka Agirre
75. Donostiako mendebaldeko harresian zabaldutako kanoi-zuloa.© Juan Antonio Sáez
75. Donostiako mendebaldeko harresian zabaldutako kanoi-zuloa.© Juan Antonio Sáez

Harresiaren goialdean errondako bide bat zegoen, babeseko parapetoa zuela alde banatan. Bi ate izan zituen, "Nasa Zaharrekoa" -berehala itxia- eta "Itsasokoa". Azken honen gainean bi artilleria piezak, Santa Teresako baterian zeudenen laguntzaz, aukera ematen zuten mendebaldeko frontea saihetsetik babesteko XVIII. mendean.

77. 'Plano y elebación de la prolongación de la Contraguardia de Sn Phelipe de la Plaza de San Sebastián', Felipe Cramer-ek marraztua 1753an.© Carlos Mengs
77. 'Plano y elebación de la prolongación de la Contraguardia de Sn Phelipe de la Plaza de San Sebastián', Felipe Cramer-ek marraztua 1753an.© Carlos Mengs

Portua handitu eta gero (1851n), Nasa berriko atea egin zuten, egungo Goikoa Palaziotik hurbil. 1864an hegoaldeko frontea eraitsi zutenean, mendebaldeko harresiak ia-ia ukitu gabe segitu zuen 1880 arte, urte honetan zati bat eraitsi eta pasealeku bat egokitu baitzuten bertan. Elementu nagusien artean (ateez gain) aipatu beharrekoak dira portura begirako hainbat kanoi-zulo eta gezi-leiho. Gaur egun itxita daude.

Ekialdeko fronteak harlangaitzezko harresi bat zeukan (Zurriola deitua). Eraikitze lanetan (1544) Luis Pizaño aritu zen. Luzean 264 m zituen, 3 m inguru lodi, eta 10 m garai. Erdi Aroko harresiaren trazatuari segitzen zion oro har, ezen itsasoa hurbil-hurbil egonik ezinezkoa zen hiri-bilbea inolaz ere zabalagotzea. Goiko aldean errondako bide bat zuen, parapetoz hornitua hau ere alde banatan.

Ipar muturrerantz San Telmoko bastioitxoak ematen zion saihetsetik babesa, eta hegoalderantz, berriz, Amezketa izeneko oinplano erdizirkularreko kubo batek. Honetatik 30 m ingurura Labeetako kuboa zegoen. Aipatu azkeneko biak 1542 ingurukoak ditugu. Harresiaren azkeneko zatian, berriz, 18 m-ko sektore bat zegoen, Labeetako kuboa eta Santiagoko Bastioia lotzen zituena.

74. Zurriolako harresia, dagoeneko kostako murru berria eginda zegoela, itsasoari zati bat jan eta Donostiako Ekialdeko Zabalgunea eraikitzeko.
74. Zurriolako harresia, dagoeneko kostako murru berria eginda zegoela, itsasoari zati bat jan eta Donostiako Ekialdeko Zabalgunea eraikitzeko.
76. San Telmoko kuartelaren ikuspegiak (1853): 1- Sukaldeko dorrea;2- Mendebaldeko hegala;3- Iparreko hegala;4- Komunetako estalpea;5- Kanoi-zuloa;6- San Telmoko bastioitxoa;7- Zurriolako harresia;8- Goiko patioa;9- Garbitegiak;10- Ur-andelak;11- Behe-oineko logelarako sarbidea;12- Behe-patiorako atea;13- Sukalondorako atea;14- Lastategia;15- Logelak;16- Hegoko hegala;17- Sutegia;18- Lastategia;19- Behe-patiorako sarbidea;20- Zurriolako harresiko adarbea;21- Dorreko ganga;22- Itsasoa (itsasgora).© Juan Antonio Sáez
76. San Telmoko kuartelaren ikuspegiak (1853):
1- Sukaldeko dorrea;
2- Mendebaldeko hegala;
3- Iparreko hegala;
4- Komunetako estalpea;
5- Kanoi-zuloa;
6- San Telmoko bastioitxoa;
7- Zurriolako harresia;
8- Goiko patioa;
9- Garbitegiak;
10- Ur-andelak;
11- Behe-oineko logelarako sarbidea;
12- Behe-patiorako atea;
13- Sukalondorako atea;
14- Lastategia;
15- Logelak;
16- Hegoko hegala;
17- Sutegia;
18- Lastategia;
19- Behe-patiorako sarbidea;
20- Zurriolako harresiko adarbea;
21- Dorreko ganga;
22- Itsasoa (itsasgora).© Juan Antonio Sáez

Fronte hau ahulena izan zen beti, eta bertan gogotik saiatu zen artilleria erasotzailea 1719 eta 1813ko setioetan. Azken honen ondoren, gudaroste ingelesek parapeto osagarri (ebakidura) bat eraiki zuten harresi-barrutian zabaldutako zuloan, hiria babestearren.

Harresiaren zati handi bat bota egin zuten 1864an, baina ekialdeko harresiaren zati handi samar batek zutik segitu zuen hainbat urtez, harik eta kostako murru berria eraikitzean hiria ekialderantz hedatu ahal izan zen arte (Ekialdeko zabalgunea).

Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2024 Departamento de Cultura y Euskera- Diputación Foral de Gipuzkoa.
Para conectar con nosotros mediante skype pulse aquí
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net