Hondarribiko Erdi Aroko gotorlekuek aurrera egin zuten biztanleriak eta garrantzi estrategikoak gora egin ahala. Errege Katolikoek hobekuntza eta handitze lan bikainak egin zituzten bertan, hainbat gerra gorabeheraren ondoren konpondu beharrean egon baziren ere. Karlos V.ak gotorlekuak berritu zituen atzera, eta XVI. mendearen bigarren erdialdean El Fratín eta Tiburcio Spanocchi injineruek parte hartu zuten lanotan.
Gotorleku moderno batek, oro har pentagono itxurako jo dezakegun oinplano irregularreko batek, Hondarribia inguratu zuen; gotorleku honek hainbat mendixka zituen mendebaldean, eta beste norabide guztietan itsasoa. Erlojuko orratzen norabideari jarraituz, hainbat bastioi zituen, San Feliperena (honen hondar batzuk badira oraindik ere), Erreginarena eta Leivarena, Magdalenaren Kuboa (honen aztarna ikusgarririk ez dago), Munizio Dorre Zaharra (hondarrik ez), Santiagoko Bastioia (erdi eroria) eta Banbaren Dorre txikia (1729an kendu zuten). San Feliperen bastioitik Magdalenaren kubora harresi sendoak zihoazen, eta hauen barnealdean baziren, tarte batzuetan, tunelak eta kontraminak. Azkeneko hauek barne-pasabideak dira, gangadunak, eta beren eginkizuna setiatzaileei lurpeko galeriarik (minarik) egitea eta hauetatik barrutiaren barnealdean sartu edo lehergailuak jartzea galaraztea zen.
Munizio Dorre Zaharraren eta Magdalenaren Kuboaren arteko harresi-zatia zen gotorlekuko ahulune nagusia, itsasoak berez babesa eskaintzen zuelako inguru honetan.
Gotorlekuak bi ate nagusi ditu, Santa Maria eta San Nikolas. Lehenak, San Feliperen bastioitik hurbilekoak, barruti harresituaren barnealdera sartzeko bidea ematen du, Kale Nagusitik zehar. Bigarrena Erreginaren eta Leivaren bastioien artean dago. Azken ate honen parean hesi-babes bat eraiki zuten (S. Nikolasena), eta beste bat Leivaren bastioiaren eta Magdalenaren kuboaren artean (Gebara edo Magdalenarena); dena den, hauek biak erabat suntsitu zituzten frantsesek 1719ko setioan.
Mendebaldeko esparruan (lehorrerantz) lubanarro bat (hesi-babesak ere inguratzen zituen), bide estali bat (armagune batzuk eta lubanak izan zituen) eta kanpoalderanzko glazisa egon ziren.