Donostiak behin baino gehiagotan defendatu zuen Pasaiako portuaren gaineko jurisdikzioa, portu estrategikoaren inguruan sortutako hiribildu berriek aldian-aldian galdatzen zituzten eskubideen aurrean. Hau zela eta, are defentsa lanetan laguntzearren, mendebaldeko itsasertzean dorre bat altxatu zuten XVI. mendearen lehen erdialdean; dorrearen oinplanoa zirkular samarra zen, eta bertan izan zen, 1805 arte, dorreko erregidorea, jurisdikzioa zuena sarrerako kanalaren eta senaiaren gainean. Dorreari erantsirik plataforma bat egokitu zuten, hainbat artilleria-pieza kokatu ahal izatearren, dorrean bertan jartzea posible zen artilleriako ekipamendu apala osatzeko. 1835ean eraikinean sute bat izan zen, eta betiko desagertu zitzaigun 1867an.