gipuzkoakultura.net

Logo de la Diputación Foral de Gipuzkoa
Logotipo gipuzkoakultura

gipuzkoakultura.net

2024ko apirilak 20, larunbata





Bertan > Bertan 19 Zeramika herrikoia Gipuzkoan > Euskara bertsioa: Tornuak

PDF Bertsioa inprimitzeko [10,8 Mb]Ikono Acrobat

Tornuak

53. Tornua. Euskal Herriko ontzi lantegietan erabili ohi zena.© Jose López
53. Tornua. Euskal Herriko ontzi lantegietan erabili ohi zena.© Jose López

Eskoriatza eta Zegaman erabilitako tornua Euskal Herriko gainerako ontzi lantegietakoaren antzekoa zen, eta guri iritsi zaigun eran, badirudi XVI. mendean azaldu zirela, Italian ikertzaile batzuek diotenez, Penintsula iberiarrean, beste batzuen arabera. Bi gurpil ziren, metro bat baino pixka bat garaiagoko ardatz bati finkatuta zeudenak. Gurpil txikiak (burua) 30 cm-ko diametroa zuen eta handiak (zirrindola) 110 cm-koa. Multzoari gurpila (erroberie) deitzen zioten. Torneatu behar zuten piezak oin handia zuenean, buruaren gainean beste bat handiagoa jartzen zuten, buru gainekoa deitzen ziotena. Ontzigileak egiten zuen mugimendua, oinarekin zirrindola sakatuz.

54. Tiradera.© Jose López
54. Tiradera.© Jose López

30ko hamarraldia arte gutxi gorabehera zurezkoak ziren erabat, ardatzaren beheko punta eta goiko aldea, burua sartzen zen zatia, izan ezik. Kasu batzuetan (Uribarri Ganboa, Marañon), ardatzaren punta gisa ezpela erabiltzen zuten, ez zelako hain erraz gastatzen. Punta horrek xafla metaliko batean, puntu baten gainean, biratzen zuen, zurezko ziri batean edo harrian sartuta zegoelarik xafla metaliko hori. Baina entzun dugu xaflaren ordez kobrezko txanpon bat ere erabiltzen zutela, eta txikiteoan erabiltzen zen beirazko edalontzi lodi haren oina ere.

55. Asturiasko Faroko tornua, Karrantzako Torcachas auzoan erabilitakoaren antzekoa.© Enrike Ibabe
55. Asturiasko Faroko tornua, Karrantzako Torcachas auzoan erabilitakoaren antzekoa.© Enrike Ibabe

Urte horietatik aurrera berrikuntza batzuk sartu zituzten: erabat burdinazko ardatza, buru metalikoak, zirrindolari aplikatutako berun edo burdinazko uztaiak, baina iraultzarik handiena bola jokoa sartzeak ekarri zuen, nahiz ardatzak biratzen zuen oinean nahiz tornuaren mahaian doitu behar zen lekuan jarri zenean.

Gero, aurrerago, gasolina motorra etorri zen eta zerbait geroago motor elektrikoa.

Baina oso zabalduta zeuden tornu horiekin batera bi erabat apartekoak agertu ziren gure herrian: Karrantzako Torcachas de San Andres de Biañez auzoko Gabriel Fernandezen ontzi lantegikoa eta Miarritzeko Herausta auzoko Cazaux familiarena.

56. Ontzigilearen esku zuhur eta sentikorrak, ontzi bati forma emanez.© Jose López
56. Ontzigilearen esku zuhur eta sentikorrak, ontzi bati forma emanez.© Jose López

Karrantzakoaren azalpena besterik ez dugu, ontzigilea lanean ikusi zuen batek eta haren biloba batek egin zutena. Azalpen horrek, Oviedotik gertu, Limanesko parrokiko Faroko Jose Vega Suarezen ontzi lantegian ezagutu genuen tornua gogorarazten digu. Jose Perez Vidalen hitzetan "zaharrenen eta oinarrizkoenen" arteko tornua, eta erantsi zuen haren jatorria lehen gurpilak azaldu zirenetik datorrela. Lurretik 36 cm-ra zegoen tornua zen. Ontzigileak hiru hankako aulkitxo batean eserita egiten zuen lana, orain gutxi arte jezteko erabiltzen zenaren antzeko batean. Gurpilak ertzetatik gertu zituen zuloetan eskua sartuz jartzen zuen mugimenduan ontzigileak. Non izan zuen gurpil horren berri Karrantzako ontzigileak?

Cazaux familiaren ontzi lantegikoak badu antzik Bretainian erabilitakoekin. 51 cm-ko garaiera du. Ohol baten gainean eserita egiten zuen lana ontzigileak, hankak irekita zituen, oinak bi euskarrietan zituela, esertzeko erabiltzen zuen oholaren perpendikular ateratzen ziren bi oholen gainean, hain zuzen. Gurpil handia makila batekin higitzen zuen, Bretainian bezala.

57. Tiradera, leunduz ontziei azken forma emateko erabiltzen zena.© Jose López
57. Tiradera, leunduz ontziei azken forma emateko erabiltzen zena.© Jose López

Tornua iraultza izan zen ontzigintzan. Esan daiteke ordutik aurrera industrializatu egin zela ontzigintza, askoz ere ontzi gehiago eta ordura artekoak baino hobeak egiten zituztelako eta beren herrietatik kanpoko merkatuetara ere iristen zirelako.

Dirudienez tramankulu hori agertu zen arte, buztinezko ontzigintza emakumezkoen ardura zen. Tornua etorri zenean, ontzigintzaren ardura gizonezkoek hartu zuten.

58. Tiradera.© Jose López
58. Tiradera.© Jose López

T.K. Derry eta I. Williams Trevor historiagileek Teknologiaren Historia liburuan esaten dute ontzigilearen gurpilaren aurkikuntza handi hori gure aroa baino 3000 urte lehenago izan zela gutxi gorabehera eta, orduan zuen gutxien landutako itxuran, harkaitz batean egindako zuloan sartuta gontz baten inguruan biratuko zuela gurpilak. Ezagutzen dugun gurpilik zaharrena Wooley arkeologoak aurkitu zuen 1930ean, Ur hirian, Uruk arokoa, eta goian aipaturiko egileen arabera gure aroaren aurreko 3250. urtearen inguruan datatu behar da.

59. Jose Ortiz ontzigilea tiraderaz ontzia leuntzen ari da.© Jose López
59. Jose Ortiz ontzigilea tiraderaz ontzia leuntzen ari da.© Jose López

Penintsula iberiarrera feniziar eta grekoek ekarritakoa izango omen da, eta Penintsulan zeltek eta iberiarrek zabalduko zutela. Euskal Herrian, berriz, bigarren Burdin Aroan agertu omen zen.

Intxaustiko lanlekuan beti egon ohi ziren bi tornu. Euskal Herrian ikusi ditugun beste guztien antzekoak dira gutxi gorabehera. Gaur egun horietako baten gurpil handia besterik ez da geratzen, 112,5 cm-ko diametrokoa. Ardatza metalikoa zuen, eta hura pasatzen zen zuloak 4 cm zituen. Gurpilaren erdialdea hartzen duen burdin xafla batean dago irekita. Gurpil hari inoiz ez zioten uztai metalikorik jarri, ez eta bola sortarik ere. Euskarriak, edota ardatzaren azpiko aldeak, harri bloke batean sartutako brontzezko zorro baten gainean biratzen zuen. Ardatza mahaira doitzea bi gontz metalikoen bidez egiten zen, eta erro horiek maiz koipeztatu beharrekoak izaten ziren. Gregoriok honela azaldu zidan pitxer bat torneatzeko lana:

60. Ontzigilearen tresnak.© Jose López
60. Ontzigilearen tresnak.© Jose López

- Muiloa jo pixka bat, airea galdu eta malgutasuna irabaz dezan.

- Muiloa platerera egokitu esku-ahurrekin, biratuz aldi berean gurpila leunki.
- Busti pixka bat muiloa eta limojarekin igurtzi. Limoja lohi oso isurkari bat da, ontzigileak tornuaren mahaiaren gainean kaxa batean edukitzen zuena.
- Lohia zentratu, gero ontziak ez dezan alde batera egin.
- Muiloa ireki, erpuruak barrualderantz eta ahurrak kanpoaldera direla, lohiari eutsiz.
- Tira, barrualdetik ezkerreko ukabila eta kanpoaldetik eskuin eskuko erpurua eta erakuslea tolestuta, arinki sakatuz.
- Ur pixka bat bota piezari eta, eskuak hodia hartzeko moduan jarriz, buztina jaso eta itxi apur bat ontziaren ahoa.
- Tira eta itxi pixka bat ontziaren goiko ertza, kanpoaldetik erakuslearekin eta hatz nagiarekin kanpotik.
- Forma eman. Horretarako, ontziaren barnealdera ur tanta batzuk bota behar dira, eskuak limojarekin igurtzi eta eskerreko eskuaren ukabila sartu, kanpotik eskuin eskuko erpurua eta erakuslea tolestuta erabiliz. Goian tiratu behar zenean esan dugun bezala. Ezkerreko eskuak gehiago edo gutxiago sakatzeak ematen dio forma.
- Forma ematea amaitu eta tiraderaren bidez berdindu. Tiradera xafla errektangeluar bat da, edota ilargi erdiaren itxurako zur bat, zulotxo bat edukitzen duena bietan, hatz bat sartuta heltzeko moduan.
- Botatzeko lekua egin.
- Pitxerraren ahoaren ertzak berdindu peineta erabiliz. Peineta larru bigun baten zatia izaten da.
- Pitxerra plateretik, edo gurpil txikitik, banandu txirrikako hari baten bidez, ertzetako batean makilatxoa duela ondo heltzeko.

58. Tiradera.© Jose López
58. Tiradera.© Jose López

Bost litroko pitxer bat egiteko behar zen denbora zortzi edo hamar minutukoa zen.

Heldulekua pitxerra pixka bat gogortu ondoren jartzen zen. Eguraldi ona dagoenean, hogeita hamar minutura. Pitxerraren gorputzari heldulekua itsasteko ur pixka bat erabiltzen zuten.

Bazeuden pieza batzuk, tina handiak adibidez, bi zatitan egin behar izaten zituztenak.

61. Txantxila.© Jose López
61. Txantxila.© Jose López

Lehendabizi beheko aldea torneatzen zen erdialderaino gutxi gorabehera, goiko zatian kanal txiki bat utziz goiko zatia hobeto doitzeko, ondoren torneatzen baitzuten. Biek bat egitea hurrengo egunean egiten zen, buztina zerbait lehortzen zenean eta behealdea goiko aldeari eusteko moduan zegoenean.

Ontzigileak torneatzeko erabili ohi zituen tresnak ondoko hauek ziren:
- Goian aipatutako tiradera.
- Peineta, goian aipatu duguna.
- Hari metalikoa, ertzetako batean hobeto heltzeko makilatxoa duena. Hari metaliko horren zeregina goian aipatutako txirrikako hariaren bezalakoa zen, baina piezak handiak zirenean erabili behar zen.
- Goian aipatutako txirrikako haria.
- Kikarak torneatzeko erabiltzen zuten kaskoa, esmalterik gabeko kikara antzeko bat, goitik behera zatituta zegoena.
- Leungailua, L itxurako aizto txikia, beso luzeak 10 cm, motzak 4 cm eta zabalerak 3 cm zituena. Gregoriok Z itxurako leungailua ere erabili omen zuen. Tresna hori kikara, plater eta horrelakoei, torneatu ondoren, behin betiko forma emateko erabiltzen zen, eta lehortuta zeudenean, egosteko labean sartzeko moduan zeudenean.

62. Pitxerra.© Xabi Otero
62. Pitxerra.© Xabi Otero
63. Gantz ontzia engobearekin.© Jose López
63. Gantz ontzia engobearekin.© Jose López
66. Gozo ontzia.© Xabi Otero
66. Gozo ontzia.© Xabi Otero
65. Urdinez dekoratutako pitxerra.© Xabi Otero
65. Urdinez dekoratutako pitxerra.© Xabi Otero
67. Gantz ontzia ebakidun dekorazioarekin.© Jose López
67. Gantz ontzia ebakidun dekorazioarekin.© Jose López

Kikarak leuntzeko, adibidez, ondoko urrats hauek egin behar ziren:

- Plateraren gainean buztinezko molde bat egin, gogor samarra, leungailuarekin torneatuz. Esfera erdi bat zen, leundu beharreko tasen bolumenekoa, eta zuen zeregina kikerak ahozpez jarri eta torneatzeko platerean errazago sartzea zen.

- Kikara molde horretara doitu eta, tornua abian jarriz, leungailua oinarriaren gainean aplikatu buztina kentzeko eta nahi zuten forma emateko.

Piezaren bat dekoratu nahi zutenean hari txirrikaren erdia erabiltzen zuten, kirten gisa erabiltzen zuten makilatxo bati lotuta zegoen torloju baten inguruan biraka ibiltzen zena.

Txirrikak koskatu batzuk zituen, eta ontziari aplikatzean han itsatsita geratzen ziren, tornuan leunki birarazten zenean.

68. Berniz errota.© Enrike Ibabe
68. Berniz errota.© Enrike Ibabe

Piezak, torneatu eta mutur, helduleku eta gehigarriren bat erantsi ondoren, ohol batzuetan lehortzen uzten zituzten. Zegaman erabilitako buztinaren kalitatea zela eta, zuzenean jar zitezkeen eguzkitan lehortzen, eta eguzkiak ez zituen ez itxuragabetzen, ez pitzatzen, horrela, logikoa denez, azkarrago lehortzen zirelarik.

Ontziak iragazgaizteko, beiraztatu eta esmaltatu egiten zituzten. Azken aldian, engobatu eta gainean beiraztatu ere egiten zituzten.

69. B bernizen errotako harriak, F buztinari eragiteko putzua eta G antepara, ur depositua.© Enrike Ibabe
69. B bernizen errotako harriak, F buztinari eragiteko putzua eta G antepara, ur depositua.© Enrike Ibabe

Zegaman, asko erabili zen esmaltea ontziari tonalitate zuri hori emateko. Eztainu, berun eta hondarrarekin preparatzen zuten, labe txiki batean. Labe txiki horrek bat bestearen ondoan bi ganbera zituen, bata sua egiteko eta bestea beruna eta eztainua kiskaltzeko. Sua egiten zen ganbera oin karratukoa zen Zegaman eta 120 m-ko alboa eta 1,30 m garaiera zituen. Sabaia ganga itxurakoa zen. Erregaia sartzeko ateak 0,60 m-ko garaiera eta 0,44 m-ko zabalera zituen.

Aldameneko ganbera, kiskaltzen zen lekukoa, oin zirkularrekoa zen, metro bat diametrokoa eta gangadun sabaira 0,60 m-ko garaiera zuena. Ganbera horren oina su gelakoa baino 0,70 m gorago zegoen. Beruna eta eztainua sartzeko ateak 0,31 m-ko garaiera zuen eta 0,28 m-ko zabalera. Ate horren oina ganberako zoruaren maila baino 6 cm gorago zegoen. Ganbera horiek banatzen zituen horman leiho txiki bat zegoen, 0,42 m-ko zabalera eta 0,40 m-ko garaiera zituena, sua pasa zedin.

70. Zegamako Aitamarenzarra ontzi lantegiko berniz errota.© Enrike Ibabe
70. Zegamako Aitamarenzarra ontzi lantegiko berniz errota.© Enrike Ibabe

Labe horretan honela egiten zutela lana esan zidan Gregorio Aramendik: egiten zuten lehen gauza beruna kiskaltzeko ganberan sartzea zen. Beruna hodi zaharretatik eta horrelakoetatik ateratzen zuten. Segidan, erregaiari (normalki otea) sua ematen zioten. Kiskaltzeko ganberaren ahoa izaten zen tiroa eta banantzeko horman irekita zegoen leiho txikitik joaten zen galdarako sua ganbera horretara. Ordu bat iragan ondoren, 100 kg berun sartu baziren, isurkari bihurtzen ziren, eta orduan sartu behar izaten zuten eztainua: 10 kg barratxoetan. Denbora pixka bat iragan ondoren, esnegain moduko bat ateratzen zen gainera (Gregoriok kiskaldutakoa deitzen zion) eta harrizko kutxa batera botatzen zuten, ganberaren atearen oinean zegoenera, kate batekin sabaiko habe batetik zintzilik zegoen burdinazko pala erabiliz, horrela aurreratu eta atzeratzeko lana bakarrik egin behar baitzuten. Kiskaldutakoa ateratzen hasi eta handik ordu bi eta erdiak aldera amaitzen zen labeko lana, lan osoa egiteko hirutik lau ordura behar zirelarik.

Kiskaldu hori, ondoren, bahe batetik pasatzen zen, eta bertan geratzen ziren pikorrak labera botatzen ziren hurrengo kiskaldirako.

71. Labetxoa.  Irazgazgarri zuriaren oinarrizko elementuak, beruna eta eztainua kiskaltzeko.© Enrike Ibabe
71. Labetxoa. Irazgazgarri zuriaren oinarrizko elementuak, beruna eta eztainua kiskaltzeko.© Enrike Ibabe

Kiskaldutako masa ondoren hondarrarekin nahasten zen. Zenbat kiskaldutako beste hainbeste hondar. Hondar hori Arabako Nabarretejotik ekartzen zuten. Ondoren, nahasketa hori guztia eho egiten zuten, aipatu dugun errota hidraulikoaren aurretik, eskuzko errota batean. Beheko harria, finkoa, kazola baten antzekoa zen, eta horren gainean biratzen zuen goiko harriak. Higidura makilarekin ematen zioten. Makila horren beheko punta harriak ertzetik gertu zuen zuloan sartuta zegoen eta goikoa sabaian egindako beste zulo batean, gehiegi ez zedin higitu. Esku errota horietako harri bat ikusteko aukera izan dugu Aitamarrenzarra ontzi lantegian, esertzeko erabiltzen zuten bat. Diametroa guztira 63 cm-koa du eta garaiera 24 cm-koa kanpoaldetik. Zuloaren barneko diametroa 37 cm-koa da eta kazolaren sakontasuna 17,5 cm-koa. Eho ondoren, bainutik ateratzeko 3 cm diametroko zulo txiki bat du.

72. Berdez dekoratutako pitxerra.© Jose López
72. Berdez dekoratutako pitxerra.© Jose López

Bernizen errota hidraulikora itzuliz, ikusi dugu goiko harri mugikorrak 60 cm zituela eta pixka bat gehiago behekoak edo finkoak. Zementuzko kazola batean ondo sartuta egoten zen eta kazola horren gainean listoi batzuk jartzen ziren garaiera handiagoa emateko eta horrela ehotzen ari zela esmalteak ez zezan alde egin. Goiko harriak erdian 16 cm-ko zuloa du, gurpil hidraulikotik datorren ardatza pasa dadin. Gurpil hori metalikoa da eta 128 cm diametrokoa eta 23 cm zabalerakoa. Oria ibaiko ura ontzi lantegiaren ondoan zegoen zubitik hartzen zuten eta, 40 cm-ko luzerako altxagarri baten bidez, 2 m bider 1 m-ko anteparara eramaten zuten, errotaren leihoa zegoen hormaren ondoan baitzegoen. Antepararen uhatea irekita, ura gurpil hidraulikoko 25 kazolen gainera erortzen zen, eta birarazi egiten zuen.

Brontzezko gurpil horren ardatzaren puntak metal berdineko zorro baten gainean biratzen du. Brontzezko zorro hori zurezko enbor batean dago sartuta eta aldamenetatik bi hesolari itsatsia dago.

73. Beasaingo Castillo jatetxeko pitxer handia, Zegamako lantegian egina.© Enrike Ibabe
73. Beasaingo Castillo jatetxeko pitxer handia, Zegamako lantegian egina.© Enrike Ibabe

Ardatz horren biratzeko higidurak goiko harrian ere eragina du zulo batetik han sartzen den burdinazko txapa baten bidez. Sekzio karratukoa da bere erdiko zatian eta aldi berean, bere ertzetatik, burdinazko zubi batzuei heltzen die, harriak ertzetatik gertu gogor ainguratuta dituen zubiei. Zubi horiek 17,5 cm-ko garaiera dute. Gainera, zurtoin bat ere badute goiko aldean, xafla horren zuloetan sartzen dena, eta ziri batzuek heltzen diete. Xaflak 48 cm-ko luzera du eta 12,5 cm-ko zabalera.

Goiko harria edo mugikorra zementuzko kazolaren alde batera dago desplazatua, esmaltearen masak alderik estuenean jo eta erdialdera jauzi egin dezan, berriro ere bi harrien artean sartuz erdiko zulotik, ardatza ere pasatzen denetik.

Eho aldia 16 kiskalketa ontziekin egiten zen, ur pixka bat erantsita. Bi ordu bakoitzeko bota behar zen ur pixka bat. Labeko errealdi bakoitzean kiskaldutakoa ehotzeko, hau da, gutxi gorabehera 200 kg, zortzi egun behar zituzten.

74. Sagardo pitxerra, Zegamako Aitamarenzarra lantegian egina.© Jose López
74. Sagardo pitxerra, Zegamako Aitamarenzarra lantegian egina.© Jose López

Kazolako ehotako esmaltea kazola azpian zegoen tutu txiki batetik irteten zen, aztertzen ari garen errota horretan, adibidez, fusil baten kanoiaren zati bat zen tututik.

Gregorio Aramendik gogoratzen du beste garai batzuetan kiskaldutakoa, hondarrarekin nahastu aurretik, ontziak egosteko labe handiko su ganberan sartzen zela, han berriz egos zedin. Horretarako, ganbera horrek bere hondoan apal bat zuen kiskaldutakoa jartzeko. Kiskaldutakoa, egosi ondoren, harri bihurtuta ateratzen zen eta beharrezko zen mortairu batean zehatzen zen errotara eraman aurretik. Mortairua, Intxaustin, burdinazko kazola bat zen upel erdi batean sartuta, eta mazoa obus zati bat.

Beiraztatzea edo iragazgaiztea, ontzia egosi ondoren buztinaren tonalitatea agerrarazten duena, hosto alkoholarekin, Linarestik ekartzen zuten berun mineralarekin, egiten zuten. Harri itxuran etortzen ziren, 50 bat kilogramoko otarretan. Irazgaizgarri hori preparatzeko, lehendabizi harri horiek zehatu egin behar ziren, lehen aipatu dugun mortairu horretan. Berunezko mineral hori zehatu ondoren, Murgisarriko buztin gorria kopuru berdinean bota eta nahasketa egiten zuten eta hori guztia errotara eramaten.

75. Txoria dekoratuta eta beheko hegala dituen pitxerra.© Jose López
75. Txoria dekoratuta eta beheko hegala dituen pitxerra.© Jose López

1936ko gerlaren ondoren, Zeraingo meategietatik berun minerala ateratzen hasi ziren, alemaniar batzuek ustiatu baitzuten. Esmaltea eta beiraztatzea lehortuta zeudenean ematen zieten ontziei. Ontziaren barnea esmaltatu edo beiraztatzeko bainua haren barruan sartzen zuten, eragiten zioten gainaldea erabat estali arte eta geratzen zena bainuen askara itzultzen zuten. Kanpoaldea iragazgaitz bihurtzeko ontzia buruz behera jartzen zuten eta esku batekin eusten zioten, bestearekin bainua botatzen ziotelarik katilu batekin.

Azken urteetan ontziek ez zuten dekoraziorik edukitzen, koskaren bat izan ezik. Baina joandako mendean, eztainudun estalkiaren gainean gutxienez, kolore berdeko dekorazioak edukitzen zituzten eta, batzuetan, marrazki berde horiek, kobre oxidozkoak, lerro marroi batekin zeuden soslaituak. Hori erakusten dute Aitamarrenzarra ontzi lantegiaren inguruetan aurkitu ditugun ontzi puska ugariek eta Zegaman torneatu zen Beasaingo Castillo jatetxeko pitxer batek. Ontzi puskak ikusita dakigu ontzi askok esmalte zuria zeukala barnean eta kanpoaldean berunezko beiraztatua.

Zegamako labea 2m x 2m-ko oin karratukoa zen. Hormetako batek errepidera eramaten zuen eta kontrakoak lanlekuaren barrualdera, Oria ibairantz. Egozteko ganberak 1,5 metroko garaierako horma bikoitza zuen. Ganberaren eta labeko hormen artean 10 zulo zeuden, sutegiko sua labearen goiko aldera irits zedin. Hormek 140 cm bider 140 cm-ko kaxa bat zuten muga, eta kutxaren zolan edo parrilan 16 zulo zeuden sua pasa zedin, 10 alboetan eta 6 erdian. Zulo horiek hiru adreiluz inguratuta zeuden, suaren indarra horrela gutxitzeko.

76. Zegamako labea, B/B sekzioa.© Enrike Ibabe
76. Zegamako labea, B/B sekzioa.© Enrike Ibabe

Ganbera horrek neurri berdineko bi ate zituen, eta, sutegiaren ahoa edo erretzeko ganbera bezala, Oriara ematen zuen horman zeuden irekita.

Labe hark uralitazko estalpea zeukan, 54 cm-ko horma batzuen gainean zegoena eta labearen gainean altxatzen zena. Ateak zeuden aldeak 2,55 m-ko garaiera zuen, errepide aldekoak 1,2 m. Estalpearen erdian xafla labaingarria zegoen, labeari sua ematerakoan ireki eta gasak eta keak botatzeko balio zuena.

Gregorio Aramendik esan zigun, labea betetzea egun batzuetako lana zenez, bat-batean euria egin zezakeela kontuan eduki behar zela, izan ere une horretan labea estalita ez bazegoen, egosi gabeko ontzi guztiak hondatuko baitzituen. Bagenuen estalpe horien berri, Euskal Herriko beste leku batzuetako labeetan ere erabiltzen zelako, askoz ere behin-behineko era batean muntatuta, ordea.

77. Zegamako labea, A/A sekzioa.© Enrike Ibabe
77. Zegamako labea, A/A sekzioa.© Enrike Ibabe

Labe horrela goiko atearen atalasetik 60 cm-tik aurrera, bi aldeetara eskailera batzuk zituen 90 cm-ko (harrizko hormaren 60 eta adreiluzko estalduraren 30) pasabide batera igotzeko. Pasabide hori estalpeari eusten zioten hormen eta labearen barruko mugaren artean geratzen zen.

Hemen ere, beste labe batzuetan ikusi dugun bezala, kargak goiko mugak gainditu egiten zituen. Kasu horretan gainditze hori 50en bat zentimetrokoa izaten zen eta katak egiteko erabiltzen zituzten katiluak hor jartzen zituzten, une jakin batean nola ari den egosten jakiteko.

Ontziak taka batzuen gainean jartzen ziren, garaiera ezberdineko buztin egosiko zilindro batzuen (lur moiloen) eta adreiluen gainean.

Intxaustin erregai gisa otea erabili zutenean, sua "gora igotzen baitzuen" labearen goiko alderaino, 10 taka ere pilatzen zituzten. Otea urritu eta pinu adarrak erabili behar izaten zituztenean, 6 taka bakarrik pilatzen zituzten.

77. Zegamako labea, A/A sekzioa.© Enrike Ibabe
77. Zegamako labea, A/A sekzioa.© Enrike Ibabe

Labea bete ondoren, teila puskekin eta horrelakoekin estaltzen zen dena.

Ontziak labearen barruan jartzen ziren, ahuspez; horregatik kentzen zieten esku ahurrarekin ahoen ertzetan izaten zuten bainua. Bat bestearen gainean jartzen ziren katilu, plater, azpil eta horrelakoak banandu egiten ziren egosten ari zirela txakurrak deitzen zieten trebera batzuen bidez, esmalteak ez zitzan elkarren artean itsatsi. Pitxerrak lauzatxo batzuen gainean egoten ziren, ontzigileek plantxak deitzen zietenen gainean. Plantxa horiek 15 cm luzera eta ahoaren diametroa baino pixka bat gutxiagoko zabalerakoak ziren, horrela beroari barrura sartzen utzi eta bainu dirdiratsua lortzeko.

Labe zoruaren erdiko zulo bakoitza hi adreiluz inguratuta egoten zen, suak ez zitzan hain indar handiz harrapatu lehen piezak.

78. Zegamako labea.© Enrike Ibabe
78. Zegamako labea.© Enrike Ibabe
79. Labearen oin planoa.© Enrike Ibabe
79. Labearen oin planoa.© Enrike Ibabe

Errealdia bederatzi edo hamar ordukoa zen. Bi lehenak su txikian eta galdararen ahoan batez ere, gero labea pixkanaka epeltzen joateko. Ondoren sua handitu egiten zuten, egosketaren amaiera aldera indarra jaitsiz.

Sua itzali eta handik hiru egunera ontziak ateratzen zituzten, egoste garaian ateak babesteko jarri zituzten adreiluzko hormak botaz. Lehenago txingarrarekin egur ikatza egiten zuten, ura botaz itzaltzen zutenean.

80. Kiskaltzeko ganberaren atea, Zegamako Gregorio Aramendiren labean. © Enrike Ibabe
80. Kiskaltzeko ganberaren atea, Zegamako Gregorio Aramendiren labean. © Enrike Ibabe

Egosketa hiru lagunen artean egiten zuten.

ZEGAMAN EGITEN ZIREN ONTZIAK

- Hiru tamainako katiluak, eta txikienari kafe katilua deitzen zioten. Gehienak barrutik bakarrik zeuden zuriz esmaltatuta, baina gutxi batzuk kanpoaldetik ere bai.

- Platerak. Gehienak barrutik bakarrik zeuden esmaltatuta.

- Pitxerrak. Sei tamainatakoak egiten zituzten. Litro laurdenekotik 6 litrokoetara. Handienak urketarako ziren. Besteak sagardo, ardo, txakolin eta horrelakoetarako, Gehienei bainu zuria ematen zieten barrutik, eta erdiraino kanpoaldetik; baina bazeuden, barrutik eta kanpotik, erabat esmaltaturik zeudenak ere. Zegamako ontzigintzaren ezaugarri bat kanpoaldean buztina eta bainua banantzen zituen lerro ezin zuzenagoa zen.

- Barreñoak. Bost tamainatakoak, handiena 25 litrokoa. Handienek heldulekuak edukitzen zituzten. Barrutik bakarrik irazgaizten zituzten, esmalte zuriarekin edo beiraztatuarekin.

- Tinak. Tamaina askotakoak, 25 litrokoetaraino. Tina txiki eta erdi mailakoei zurituak ematen zieten barrutik eta pixka bat kanpotik ere. Handiekin ere berdin egiten zuten, baina berunez beiraztatuz.

- Potoak. Bi litrokoak, litrokoak eta litro erdikoak. Ia guztiak barrutik esmaltatuta, eta kanpotik erdiraino. Azukrea, gatza, eztia, piperrautsa eta horrelakoak gordetzeko erabiltzen zuten.

- Uso, oilo eta abarrek edateko ontziak.

- Gantz ontziak, lau tamainatakoak eta esmalte zuriarekin.

- Pegarrak.

- Lorontziak.

-Eltzetxoak (Tolosa); itxulapikoak (Zegama).

- Tranpa pitxarrak, bainu zuriarekin leku guztietan. Erdialdetik gora zulo ugari ditu pitxarrak eta, handik edateko, trikimailua asmatu behar da, hau da, zein zulo tapatu behar den asmatu eta zein zulotik zurrupatu behar den aurkitu. Horrelako pitxar asko daude Espainiar estatuko gainerako herrietan, eta uste dut gure artera Valladolid, Miranda de Ebro, edo horrelako herriren batetik etorriko zela.

81. Katilua.© Jose López
81. Katilua.© Jose López
82. Xukatzeko ontzia.© Jose López
82. Xukatzeko ontzia.© Jose López
85. Zegaman egindako tina.© Jose López
85. Zegaman egindako tina.© Jose López
84. Potoa.© Jose López
84. Potoa.© Jose López
86. Gantz ontzia.© Jose López
86. Gantz ontzia.© Jose López

Zegamako buztina, herriko gainerako ontzi lantegi gehienetan bezala, ez zen ona sutarako, eta horregatik sutarako lapiko eta kazolak Valladolideko Arrabal del Portillo herritik ekartzen zituzten. Bizkotxo gisa, hau da, egosita, etortzen ziren, baina iragazgarririk gabe, eta Zegaman zuriz esmaltatzen zituzten barrutik eta beiraztatzen kanpotik. Valladolideko Navas del Rey, Zamorako Pereruela eta azken garaietan Gironako Bredatik ere ekarri zituzten horrelako ontziak.

Ontzi lantegi horrek merkatu zabala hartzen zuen, eta ardatza Irungo errepidea zen. Beasain, Ordizia, Legorreta, Alegia, Tolosa, Irura, Billabona, Andoain, Lasarte, Urnieta, Hernani, Astigarraga, Donostia, Pasaia, Errenteria, Herrera, Oiartzun, Irun, Hondarribia, Zaldibia, Lazkao eta Ataungo dendetan saltzen zituzten ontziak.

Zumarraga, Legazpi, Oñati, Azpeitia, Azkoitia, Zestoa, Zarautz, Orio, Usurbil, Aia, Idiazabal, Segura, Mutiloa, Zerain, Altsasu, Etxarri-Aranatz, Olazti eta Ormaiztegiko dendariek ere etortzen ziren ontziak erostera Zegamara.

87. Gantz ontzia.© Jose López
87. Gantz ontzia.© Jose López

Leku horietako guztietako dendariez gain, partikular ugari ere etortzen zen Zegamara ontziak erostera.

Ekoizten zutenaren erdia, hala ere, Ordizia, Tolosa eta Donostiara joaten zen. Tolosan 6 dendatan saltzen zuten, Ordizian 4, Donostian 4, Hernanin 3, Irunen 3, Oreretan 4, Oiartzunen 1 eta Idiazabalen 2 dendatan saltzen zituzten, etab.

88. Barreñoa.© Jose López
88. Barreñoa.© Jose López

Antzina zalgurdietan egiten zuten garraioa, oina oso behean zuten batzuetan. Gero, kamioia erabili zuten ontziak garraiatzeko. Ontziak banatu aurretik, Gregorio Aramendik dendetara joaten zen eta eskaerak jasotzen zituen.

Gregoriok ontzi batzuen prezioak eman dizkit, 1936. urtea baino lehenagokak:
- 5 litroko pitxer batek, 1,25 pezeta.
- Plater handi batek, 0,70 pezeta.
- Plater ertain batek, 0,50 pezeta.
- Plater txiki batek, 0,30 pezeta.
- Katilu handi batek, 0,50.
- Katilu ertain batek, 0,30.
- Kikara batek, 0,20.
- 25 litroko tina batek, 8 pezeta.
- 12 litroko tina batek, 2 pezeta.
- Gantz ontziak, 3 pezeta.
- 25 litroko barreño batek, 10 pezeta.

89. Tranpa pitxerra, Zegamako Intxaustiko lantegian egina.© Jose López
89. Tranpa pitxerra, Zegamako Intxaustiko lantegian egina.© Jose López
90. Hegaztiek edateko ontzia.© Jose López
90. Hegaztiek edateko ontzia.© Jose López
91.  Zegamako Intxaustiko lantegian egindako pitxerra.© Jose López
91. Zegamako Intxaustiko lantegian egindako pitxerra.© Jose López
92. Intxausti lantegiko sagardo pitxerra, Hernaniko sagardotegi batea erabilia.© Jose López
92. Intxausti lantegiko sagardo pitxerra, Hernaniko sagardotegi batea erabilia.© Jose López
Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2024 Kultura eta Euskara Departamentua- Gipuzkoako Foru Aldundia.
Para conectar con nosotros mediante skype pulse aquí
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net