gipuzkoakultura.net

Logo de la Diputación Foral de Gipuzkoa
Logotipo gipuzkoakultura

gipuzkoakultura.net

2024ko apirilak 25, osteguna





Bertan > Bertan 19 Zeramika herrikoia Gipuzkoan > Euskara bertsioa: Zegama

PDF Bertsioa inprimitzeko [10,8 Mb]Ikono Acrobat

Zegama

45. Frantzisko Arregik Zegaman egindako gantz ontziak.© Xabi Otero
45. Frantzisko Arregik Zegaman egindako gantz ontziak.© Xabi Otero

Donostiatik 56 eta Altsasutik 17 kilometrora dago Zegama, Aizkorri mendilerroaren magalean eta Oria ibaiaren ertzean. Zegamatik iragaten zen alderdi hartan zegoen errege bideetako bat, San Adriango tunel famatua iraganez Arabara joaten zena.

Hori oso garrantzitsua zen garai haietan, izan ere egungo komunikabiderik gabe, bide ondoan egoteak eguneratuta egotea esan nahi baitzuen.



46. Intxausti ontzi lantegia.©
46. Intxausti ontzi lantegia.

Bide zahar hura, alderdi askotatik, faktore erabakigarria izan zen Zegamaren ekonomi, gizarte eta kultur bizitzan. Bide hori bere garrantzia galtzen 1780. urtean hasi zen, Leintz Gatzagako bideak erraztasun, erosotasun eta segurtasun handiagoak eskaintzen zituelako. San Adriango bide hori, gaur egun, artzainek bakarrik erabiltzen dute, beren artaldeak Oltza eta Urbiako udako larreetara eramaten dituztenean.

Beste gertaera batek ere izugarrizko garrantzia izan zuen Zegaman, Irun-Altsasu burdinbidea egiteak, alegia. Obra horiek 1858ko ekainaren 22an hasi ziren Tolosan eta Donostian, batera, eta 1864an amaitu ziren. Burdinbide hori zela eta, langile ugari etorri ziren lanera, ez bakarrik Espainiar estatuko beste herrietatik, Italia, Frantzia, Belgika eta Alemaniakoetatik ere.

47. Zulatu, dekoratu eta abarretarako puntzoia.© Jose López
47. Zulatu, dekoratu eta abarretarako puntzoia.© Jose López

Hain zuzen garai horretakoak dira gure ontzigileen lehen berriak, eta beste lanbide askorenak ere: ehule, abarketari, errementari, zapatari, jostun, olagizon, txokolategile, gozogile, eta abarrenak.

48. Frantzisko Arregiren lantegiak ontziei ezarritako zigilua. Zegama.© Xabi Otero
48. Frantzisko Arregiren lantegiak ontziei ezarritako zigilua. Zegama.© Xabi Otero

Gregorio Aramendi Arregi Zegamako azken ontzigileak eta Martin Azurmendi ontzigile baten semeak esan digutelako badakigu herrian zeuden ontzigintzako lantegietako bat gaur egun Zirkulu tradizionalista dagoen lekuan zegoela. Zehazki Martinek esan digu lantegia bota egin zela 1932an zirkulu hori eraikitzeko.

Hor egon zen, Martinek dioenez, Azurmenditarren lantegia egun eskolak dauden lekura, Mazkiaran Etxeberri etxera eraman zuten arte.

Beste ontzi lantegi bat Aitamarrenzarra etxe dotorean zegoen, eta hor bizi zen eta lan egin zuen Julian Braulio Arrizabalaga Arizgoiti ontzigileak 1900. urtean hil zen arte, hirurogeita sei urte zituela. Ez du ematen inork ontzigile bideari jarraitu zionik bere ondorengoen artean.

Lantegi horretan bertan bizi ziren gero Azurmenditarrak ere. Familia horretako lehen ontzigilea Azentzio Azurmendi Gorospe izan zen, 1812an jaio zena. Azentzio Frantziska Erostarbe Ugarte andrearekin ezkondu zen eta beren seme Silbestre izan zen aitaren lanbideari heldu ziona, eta bere anaia Emeteriok, berriz, abarketagintzari. Silbestre nahiko gazte hil zen, 1884an, berrogeita sei urte zituela. Inazia Aldasoro andrearekin zegoen ezkonduta. Azentzioren biloba Martinek esan didanez, urte bat geroago hil zen Azentzio, Zegamako elizaren aurrean, Santa Kruz apaiz gudulariak eman zion jipoi izugarriaren ondorioz, zaurituta eta konkortuta utzi baitzuen.

Silbestreren ondorengoak Santiago eta Jose Agapito Azurmendi Aldasoro izan ziren. Mazkiaran Etxeberri etxean bizitzen jarraitu zuten XIX. mendearen amaiera arte, etxe hark su hartu zuen arte, eta orduan Frantzisko Arregik Intxaustizarra ontzi lantegira joateko aukera eman zien. Frantzisko Arregi hori Gipuzkoako lehenengo sozialistetako bat izan zen. Santiago Azurmendi, berriz, karlista zenez, Zirkulu tradizionalistako mahaiburu izatera iritsi zen. Aurrez aurre zeuden ideologiak baziren ere, hori ez zen oztopo izan haien artean, Martinek dioen bezala, adiskidetasun handia egoteko.

Ondoren, Santiagok lanbidea utzi egin zuen eta Zegamako Electra Aizkorri enpresan hasi zen lanean. Julian Arrizabalaga ontzigilearen semeari Aitamarrenzarra ontzi lantegia eman zion errentan Jose Agapitok, eta hark han egin zuen lana 1932. urtea arte, Agapito Oiarbideri, Oltzako artzainari, errentan eman zion arte. Agapito Oiarbidek esan digunez, Jose Agapito Santa Barbara kalera joan zen bizitzera, eta han bizargin lanak egin zituen. Bake epailea ere izan zen eta 1954an hil zen.

50. Gregorio Aramendi, Zegamako azken ontzigilea, buztinari eragiteko putzuaren aurrean.© Enrike Ibabe
50. Gregorio Aramendi, Zegamako azken ontzigilea, buztinari eragiteko putzuaren aurrean.© Enrike Ibabe

Hirugarren ontzi lantegia Jose Luis Arregi Larreak, Oria ibaiaren ertzean eta herri gunetik aldenduta, egin zuena izan zen. Etxea, lantegia, labea, eta abar egin zituen, Intxaustizarra etxearen ondoan. Jose Luis Arregi, Zegamako Lartxaun baserrian jaio zena, 1899an hil zen hirurogeita hamahiru urte zituela. Haren emaztea Irungo Manuela Landa izan zen.

Aita Jose Luisekin batera haren semeek ere lan egin zuten: Jose Joakinek, 1887an 19 urterekin hil zenak, eta Frantzisko Josek, gero ontzigintzarekin jarraitu zuenak.

Frantzisko Jose Arregi gizon ekintzailea izan zen. Aitak eraiki zuen Intxaustiberria etxea handitu egin zuen, lehortegi zabalak behar baitzituen ontzigintzako eta teilagintzako produktuak lehortzeko. Errota hidraulikoa ere jarri zuen, lantegitik ez urruti, bernizak eho eta buztinei eragiteko, Oria ibaiko ura aprobetxatuz. Intxaustizarra erosi zuen sei mila pezetan eta, beste hainbeste jarriz, berri-berri utzi zuen. Hirurogeita hamabi urterekin hil zen 1929an, eta haren seme Frantzisko Manuel Arregi Guridi izan zen bere oinordeko. Frantzisko Manuelekin beste lagun batzuek ere egiten zuten lana, horietako bat Jose Lorenzo Aramendi Arza zen, Itsasondokoa. Jose Lorenzo haren arreba Mikaela Josefa Arregi andrearekin zegoen ezkonduta, eta Zegamako azkeneko ontzigilearen aita izan zen, Gregorio Aramendirena.

51. Oriako urak higitutako gurpil hidraulikoa erakusten duen marrazkia, bernizak ehotzen ari da, C pletina metalikoa sartuta duelako, eta buztinari eragiten ari zaio, E ardatza doituta duelako.© Enrike Ibabe
51. Oriako urak higitutako gurpil hidraulikoa erakusten duen marrazkia, bernizak ehotzen ari da, C pletina metalikoa sartuta duelako, eta buztinari eragiten ari zaio, E ardatza doituta duelako.© Enrike Ibabe

Gregorioren bidez dakizkigu Intxaustin ontzigintzan jardun zuten beste batzuen izenak: Vitoriano Escudero, ontzigintzan izen handia zuen Valladolideko Arrabal del Portillo herrikoa; Ponciano Ermingain Onaberri, "Ponciano Tolosa" izenarekin ezagunagoa, ontzigile izan zena 1944an hil zen arte berrogeita bi urte zituela; Martín Catalina Olmedo, Vitoriano bezala Arrabal del Portillo herrikoa.

Herri horretakoa zen, era berean, Martiniano de La Calle, denbora batean Intxustin lana egin zuena.

XIX. mendearen erdialdera Miranda de Ebroko ontzigile bat egon zen Zegaman, Juan Gonzalez zeritzana. Aitamarrenzarra etxean egingo zuen lana, Braulio Arrizabalaga haren alaba baten aitabitxi zela azaltzen baita. Intxaustin bi lur mota erabiltzen zituzten: buztin gogorra, zuen kolorea zela-eta buztin zuria ere deitzen ziotena, eta buztin gorria. Buztin gorria lantegiaren lurretatik hartzen zuten, Murgisarrri menditik, eta Errinean zegoen herri lur batetik. Lehenago Altzibartik ere ekartzen zuten, teileria zaharraren ondoko lur sail batetik.Buztin zuria edo gogorra Santagedaldea izena zuen etxe baten aurretik ateratzen zuten, Arregitarrena zen lur sail batetik.Labearen estalkirako teilak egiteko buztina goiko auzoan, Zupitxoetan, zegoen partikular baten lur sailetik ekartzen zuten.

Gregorio Aramendiren aitonaren garaian, Zupitxoetatik buztin lur asko ekarri zuten teilak eta adreiluak egiteko.

49. Aitamenzarra ontzi lantegia.© Enrike Ibabe
49. Aitamenzarra ontzi lantegia.© Enrike Ibabe

Agapito Azurmendiren Aitamarrenzarra ontzi lantegirako buztin lurra Murgisarriko eta Arakama auzoko lur sailetatik ateratzen zuten. Laberako adreiluak egiteko zena Zupitxoetatk ateratzen zuten, Intxaustikoek bezala.

Buztin lur ona lur zorutik 15 zentimetrora zegoen. Buztin zuria ateratzeko, gogorra zenez, pikotxak erabiltzen zituzten. Buztin gorria ateratzeko, aitzurrak.

Urtean bi aldiz ateratzen zuten buztin lurra, normalean udaberrian eta udazkenean, baina behar handia izan zutenean ere ateratzen zuten.

Zegaman buztina prestatzeko erabiltzen zen sistema irazkiena zen. Zegaman irazki horiek Oria ibaiaren ertzean zulatutako hiru putzu ziren. Lehenengoa, urarekin nahastu ondoren, urari eragiteko erabiltzen zen, horretarako zurezko palak erabiliz. Irazki aldi bakoitzean bost otarre lur gorri, hiru otarre lur zuri eta 20 balde ur erabiltzen zituzten. Egindako nahasketak txokolate eginaren antzeko trinkotasuna lortzen zuenean, bigarren putzurako bidea irekitzen zitzaion bahea jarrita zeukan ubide baten bidez, makila, harritxoak, erraustu gabeko buztin pikorrak ez zitezen iragan. Bigarrena betetzen zenean, hirugarren putzura helarazten zen buztina. Egiten duten zeregina egiten dutelako putzu horiei dekantatzaileak deitzen diegu, Gregoriok, berriz, lehortzaileak. Alboak harlauzaz estalita zituzten eta eragiteko putzua baino nahiko handiagoak ziren. Zorua lurrezkoa zuen eta, buztin eragina ez zedin itsatsi aldez aurretik errautsez hautseztatzen ziren. Bi bat hilabete egoten zen buztina putzu horietan, eta dekantazioaren bidez 60 cm-ko geruza sortzen zen. Ura, gainean geratuz zihoan heinean, harlauzen zuloetatik atera egiten zen. Lanlekura eraman behar zenean, igitai bat hartu eta masa hori zatitu egiten zuten. Buztin zati horiek, ez baziren eraginaldietan osatutako geruzetan eta, hortaz, hezetasun gradu ezberdinarekin, askatzen, 40 kg pisatzera ere heltzen ziren. Lanlekuko gune heze batean biltzeko zati bat bestearen gainean jartzen zuten, horma bat eraikitzen arituko balira bezala.

52. Ahuntz  ilearekin egindako pintzela.© Jose López
52. Ahuntz ilearekin egindako pintzela.© Jose López

Gero, buztina lurrean zabaltzen zuten, tornuan hiru egun lan egiteko behar zuten bezainbat, 15 cm-ko lodierako geruza osatuz. Buztin horri, esan bezala zabalduta, ur pixka batekin zipriztindu egiten zuten, eta horrela denbora batean utzi. Gero, zurezko mahai baten gainean (biguntzeko lekuan) jarrita, gogor astintzen zuten burdinazko barra batekin. Aurreko garai batzuetan buztina zapaldu egiten zuten, gero hasi ziren maspiltzen. Buztina astindu ondoren, gehiago maspiltzen zuten eta oratu, ogiaren orea balitz bezala, tornurako behar zuen malgutasunarekin prestatuta utzi arte. Egin nahi ziren ontzien arabera, moiloetan zatitu ondoren, tornuan sartzen zituzten.

Esan behar dugu lurrean zabaltzen zuten masa beti berdina zela, izan ere alde batetik biguntzeko lekura eraman ahala bestetik erantsi egiten zuten.

Eta, eragiteko putzura itzuliz, adierazi nahi dugu guk ikusi duguna Gregorioren aitonak muntatu zuena dela, bernizak ehotzeko errota hidraulikoa egin zuen garaikoa. Putzu hark 120 cm-ko diametroa zuen eta 85 cm-ko sakonera, eta han, goian aipatutako kopuruetan buztina eta ura bota ondoren, ardatz bati atxikita zeuden hiru hegal metalikok eragiten zioten buztinari. Oria ibaiko ura indar handiz erortzen zenean gurpil hidraulikoaren (turtukiaren) gainera engranaje batzuk higitzen zituen, eta horrela indar handiz birarazten zuen.

Goiko hegala 79 cm-koa zen eta beste biak 86 cm-koak ziren. Zabalera 9 cm-koa zuten. Lehena edo goikoa putzuaren ertzaren maila zegoen ia, hurrengoa 11,5 cm beherago eta hirugarrena aurrekotik 16 cm-ra eta putzuaren zorutik 31 cm-ra. Lehen aipatutako karga horri eragiteko behar zuten denbora hamabost minutu ingurukoa zen, eta buztina nola zegoen hegalen lastertasunak erakusten zieten.

Ondo eraginda zegoenean, putzu dekantatzaileetarako bidea irekitzen zioten buztinari, lehen azaldu ditugun putzu horietarako bidea hain zuzen, tobera baten bidez, Tobera hori zoruaren maila baino zentimetro batzuk gorago zegoen, horrela buztinak eraman zitzakeen materia pisutsuagoak hondoan gera zitezen. Horrek, hala ere, ez zuen bahea ordezkatu, hori baitzen erabiltzen zutena.

Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2024 Kultura eta Euskara Departamentua- Gipuzkoako Foru Aldundia.
Para conectar con nosotros mediante skype pulse aquí
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net