gipuzkoakultura.net

Logo de la Diputación Foral de Gipuzkoa
Logotipo gipuzkoakultura

gipuzkoakultura.net

2024ko apirilak 25, osteguna





Bertan > Bertan 19 Zeramika herrikoia Gipuzkoan > Euskara bertsioa: Burdin hariz sareztatzea eta grapatzea

PDF Bertsioa inprimitzeko [10,8 Mb]Ikono Acrobat

Burdin hariz sareztatzea eta grapatzea

Ontziak burdin hariz sareztatzea eta grapatzea iturginek egiten zuten lana zen. Ontzi bat burdin hariz sareztatzea burdin harizko sare gutxi asko itxi batez ontzia forratzea da, horrela gogortasun eta erresistentzia handiagoa emateko. Eta grapak jartzea ontzi puskatu edo pitzatu bat burdin harizko grapekin konpontzea da, horretarako burdin hariz sareztatzeko erabiltzen zutena baino burdin hari gogorragoa erabiltzen zutelarik.

202. Sareztatutako eltzea.© Jose López
202. Sareztatutako eltzea.© Jose López

Gasteizko Domingo Olabek, 1936ko gudaldia aurretik iturgina zenak, ontzi asko sareztatu eta grapatu ditu. Bera izan da pazientzia handiz nola egiten zuten azaldu didana.

Lapiko bat burdin hariz sareztatzeko haren lepoan burdin harizko uztai bat eginez hasten ziren. Gero adarrak egiten zituzten, hau da, ontziaren garaieraren bikoitza baino luzeagoko burdin hariak prestatzen zituzten eta uztai horretatik pasatzen zituzten erdialdean tolestuz, ertzak aske utziz txirikordatzean erabili ahal izateko. Egin nahi zen sarearen dentsitateak behar zuen adinakoa izaten zen adar kopurua. Eltze arrunt batek hamar bat adar izan zitzakeen. Ondoren, txirikordatu egiten ziren pixka bat (bat edo bi bira), uztaiaren parean, eta berehala ontziaren inguruan sarea trazatzen hasten ziren. Une horretan egile bakoitzak bere formula zuen, konbinatze ezberdinak eginez burdin hariak bat bestearekin bildu edo txirikordatzen zituztenean. Ontziaren gainalde osoan sarea txirikordatu ondoren, adarren ertzak beheko aldean zegoen burdin harizko beste uztai batean errematatzen zituzten.

Lan hori egiteko aliketak bakarrik erabiltzen zituzten.

Burdin haria, ontzietan jarri aurretik, berdindu eta berotu egiten zuten ahalik eta malguena egiteko.

Eltze arrunta burdin hariz sareztatzeagatik, 20ren bat minutu behar baitzituen, Domingo Olabek 1,25 pezeta kobratzen zuen 1934. urte inguruan.

203. Zulagailua.© Jose López
203. Zulagailua.© Jose López

Ontziak grapatzeko zulagailua, aliketak, burdin haria eta ontziaren pitzadurak hermetikoki ixteko pasta erabiltzen zituen. Zulagailua ere beraiek egiten zuten, eta tresna burutsu eta interesgarria zen oso. Domingo Olabek esplikatu zidana ohe baten letoizko helduleku batez zegoen eginda. Heldulekuaren zulotik makila bat pasatzen zuten, 2 edo 3 cm bakarrik atera zedila saiatuz. Makilaren alde horretan burdin hariz gogortutako aterkiaren hagaxka zati bat sartzen zuten, eta hagaxka horiek zenbat eta lauagoak izan orduan eta hobeak ziren ontzian zuloa egiteko. Makilaren beste aldean, luzeenean, heldulekuaren gainean erdian zuloa zuen ohol txiki bat sartzen zen elkarzutik. Ohol txiki hori heldulekutik pixka bat gertuago jartzen zen, eta bi ertzetatik makila zutaren goi aldean lotzen zuten sokekin. Zulagailuaren punta ontzian jarriz, grapatzaileak sokak bihurritzen zituen makilaren gaineko oholtxoa biratuz, Ondoren, oholtxoaren ertzak hartzen zituen eta, makilan zehar igo eta jaisteko mugimendu erritmikoak eginez, makilak bost bira egiten zituen alde bakoitzera, sokaren luzeraren arabera.

Zulagailu horietako pare bat ikusi ditut. Bi horietan, letoizko heldulekuaren ordez, ukabilaren tamainako zur zati bat zeukaten. Bietako batean, pisu gehiago izan zezan, iltze batzuk zeuzkan sartuta.

204. Sareztatu eta grapatutako pegarra.© Jose López
204. Sareztatu eta grapatutako pegarra.© Jose López

Bi zulo egiten zituzten zulagailu horrekin, pitzaduraren alde banatan, eta ez zituzten ontziaren hormak zeharkatzen. Ondoren, burdin hariz grapa bat egiten zuten. Horretarako, burdin hariaren zati bat tolesten zuten eta, bi aldeak oso gertu jarriz, besoa egiten zioten ertz batean eta zuloetako batean sartzen zuten. Ondoren, besteari besoa egiten zioten eta beste zuloan sartzen zuten. Grapa horren bizkarra, pixka bat kakotuta zegoena, behatz batekin sakatzen zen, horrela zabalduz gogorrago doituta gera zedin. Grapa bat jarri ondoren, besteekin jarraitzen zuten amaitu arte. Hori egin eta gero, konponketan zehar, berehala hartzen zuen pasta bat ematen zioten, zeinaren osaketa lehen isilpean gordetzen zuten.

Harakaien odolaz (hiltegian hartzen zutena) eta kare biziaz osatuta zegoen pasta, baina Domingok ez zekien zein proportziotan erabiltzen zuen, begiz edo eskarmentuz egiten baitzuen. Pasta hori zegoen ontzian, goiko aldea gogortua zegoen, hartuta, baina geruza horren azpian kondizio onetan egoten zen.

Batzuetan gertatzen zen, oharkabean, zulagailuak ontziaren horma zeharkatzea: kortxo bat jarri eta bi aldetan pasta hori emanez estaltzen zuten zulo txiki hori.

205. Zulagailuaren erabilpena.© Enrike Ibabe
205. Zulagailuaren erabilpena.© Enrike Ibabe

Batzuetan ontzian egindako kaltea zulo handixeagoa izaten zen. Hura konpontzeko ondokoa egiten zuten: zuloa baino diametro handiagoa zuten bi xafla borobil mozten zituzten, ertzak egiten zizkieten, hau da, ertzak bihurtzen zizkieten pixka bat, eta erdialdean bi zulo ere egiten zizkieten. Xafla horietako bat ontziaren barruan jartzen zuten, zuloa estaliz, bihurtutako ertzak zuloaren izkinetan jarriz. Aurretik xaflaren zuloetatik burdin haria pasatzen zuten, puntak ontzitik kanpora ateratzen zirela zuloaren bidez. Bestea kanpoan jartzen zuten, eta aurrekoan bezala bihurritutako ertza ontzian bermatu eta bi zuloetatik burdin hariaren puntak pasatzen zituzten. Gero punta horiek txirikordatu egiten zituzten, bihurrituta geratzen ziren, horrela xaflak ontziari gogor itsatsita geratzen zirelarik. Erabat itxita gera zedin, xaflak jarri aurretik, goian aipaturiko pasta jartzen zuten zuloaren ertzetan, barrutik eta kanpotik.

Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2024 Kultura eta Euskara Departamentua- Gipuzkoako Foru Aldundia.
Para conectar con nosotros mediante skype pulse aquí
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net