gipuzkoakultura.net

Logo de la Diputación Foral de Gipuzkoa
Logotipo gipuzkoakultura

gipuzkoakultura.net

2024ko apirilak 26, ostirala

Bertan > Bertan 19 Zeramika herrikoia Gipuzkoan > Euskara bertsioa: Lurrezko pipak

PDF Bertsioa inprimitzeko [10,8 Mb]Ikono Acrobat

Lurrezko pipak

196. Kontxako badian aurkitutako pipa. © Jose López
196. Kontxako badian aurkitutako pipa. © Jose López

Erretzeko pipa antzina-antzinatik erabili da, nahiz eta Europan tabakoarekin erlazionatuta ez egon XVI. mendera arte. Erretzeko ohitura etorri zenean, horrekin batera buztinezko pipak egiten ere hasi ziren. Jasota dago 1575. urtetik aurrera lantegi bat jarri zutela pipak egiteko Ingalaterrako Broseley herrian.

197. Larraulgo baserritarra pipa erretzen. Ojangurenen argazkia.© Gipuzkoako Artxibo Orrokorra
197. Larraulgo baserritarra pipa erretzen. Ojangurenen argazkia.© Gipuzkoako Artxibo Orrokorra

Beren ideia erlijiosoengatik Jaime I.a erregeak jazarri egin zituelako ingeles batzuk atzerriratu egin ziren eta horrelako pipak egiten hasi ziren Holandan 1608. urtean, eta oraindik ere bizirik dago jarduera herri hartan. Pipa holandar horiek arrakasta handia izan zuten eta Europa osora zabaldu ziren. Frantzian gutxienez 1620. urtetik aurrera hasi ziren egiten eta, Holandan bezala, ingeles atzerriratuak izan ziren hasi zirenak.

198. Bilboko Euskal Arkeologia, Etnografia eta Kondaira Museoko fitxan 'Motza' izeneko moldea. Luzera 16,2 cm, zabalera 4,5 cm eta garaiera 4,5 cm ditu. Kazolatxoak ez du bururik, hau da, ez du kazolatxoaren oinean irtengune txikirik. Tutuaren alde batean HEPPE jartzen du eta bestean BILBAO. Kazolatxoak irtengune txiki bat du.© Enrike Ibabe

Penintsula iberiarrean eta Balear Uharteetan XVIII. mendea arte ez ziren hasi pipak egiten. Uharte horietan, eta Katalunian eta Euskal Herrian, beste herrietan baino lehenago zabaldu ziren jendearen artean.

Berri labur hauek Maria del Mar López Colomen Pipas de arcilla halladas en Gipuzkoa (Gipuzkoan aurkitutako buztinezko pipak) liburu zehatz eta garrantzitsutik atera ditut. Ikertzaile horrek 340 pipa hondakin aztertu ditu eta, beste ezaugarri eta zertzeladen artean, datatu egin ditu eta jatorria aurkitu die. Gehienak XVII, XVIII eta XIX. mendekoak dira. Eta pipen jatorria batez ere Holanda da, ondoren datoz Ingalaterra eta Frantzia. Pipa gehienak Donostian aurkitu ditu /295 pieza), batez ere badian eta portuaren ahoan.

199. Tutuaren alde batera, Museoaren irakurketaren arabera, Canto jartzen du eta bestean G. Pries. Kazolatxoaren alde batean landako pertsonaia azaltzen da eta bestean elefante bat.  Tutuaren luzera 10,1 cm-koa da eta kazolatxoaren diametroa 2 cm-koa.© Enrike Ibabe

Euskal Herrian, pipa horiek XX. mendean sartu eta gero ere erabili dira, horrela erakusten dute baserritar eta arrantzale batzuk erretzen ateratako argazki batzuek. Oso estimatuak ziren, tabakoari zuen zapore guztia atera zekiokeelako eta, baita ere, erosteko nahiko merkeak zirelako. Hauskorrak zirelako, leku ziur batean gordetzen zuten, txapelaren azpian, eta badaezpada ere bi eramaten zituzten aldean. Maria del Mar López Colomek aipatu lanean jasotzen duen bezala, erretzaile batek astean lau bat pipa puskatzen zituen.

200. Luzea izaneko moldea. 20,6 cm-ko luzera. 5,8 cm-ko zabalera. 4,3 cm-ko garaiera. Tutuaren alde batean VIUDA E HIJOS jartzen du eta bestean DE JULIO HEPPE. Kazolatxoan irtengunea du.© Enrike Ibabe

Euskal Herriko zeramika herrikoiari buruz egin dudan lanean, 1995ean argitaratutakoan, pipa horiek egiten ziren lantegi bakarraren berri eman nuen: Bilboko Heppe familiaren ontzi lantegia.

Erabiltzen zuten buztina, kaolina, Bilboko Miravilla kalean zegoen San Luis burdin meategitik ekartzen zuten. Buztina putzu batera botatzen zuten eta, ura erantsi ondoren, eraginez diluitu egiten zuten. Pixka bat lehortzen uzten zuten gero. Ondoren, buztin hori mahai baten gainean utziz, burdin barra batez jo egiten zuten gantzaren gisa loditu arte. Azkenik, eskuz bigundu egiten zuten. Ondoren, buztin zati bati pipa baten gutxi gorabeherako forma ematen zioten, segidan altzairu herdoilgaitzeko orratz bar sartzen zioten tutuan batetik bestera. Orratz hori barruan zegoela, pipa proiektua bi zati zituen altzairuzko molde batean sartzen zuten., eta moldea prentsa batean, zapal zezan. Pipa oraindik molde eta prentsa barruan dagoela, puntzoi batez kazolatxoaren zuloa irekitzen zuten. Hori egin ondoren, moldetik ateratzen zuten pipa eta eguzkian jartzen zuten lehortzen. Pixka bat trinkotzen zenean amaitu egiten zuten pipa, hau da, geratutako jarioak kentzen zizkioten. Orduan ateratzen zuten tututik orratza, eta berriz ere eguzkitan jartzen zuten erabat lehor zedin.

201. Orain dela hogeiren bat urte, Usurbilgo janari denda batean, oker ez banago errepide nagusiaren ertzean zegoen batean, hamabiren bat pipa erosi nituen. Beti pentsatu izan dut Hepperen ontzi lantegi horretan eginak izango zirela, baina horrela balitz, aipatu ditugunen molde ezberdinekoak  izango lirateke, kazolatxoak ez zuelako ez irtengunerik ez inskripziorik ere.© Jose López

Labean egosten zituzten, lantegian egiten zituzten gainerako ontziak ere sartzen zituzten lekuan. Labeko lehen oinean edo takan jartzen zituzten, lur erregaitzeko kaxa batzuen barruan, suak ez ziezaien zuzenean eman eta tonalitate zuria galdu.

Kaxa bakoitzean hamabi dozena pipa sartzen zituzten, eta egosketa bakoitzean lau kaxa, hau da, guztira 576 pipa. Urtean zehar 6.912 pipa egosten zituzten. Gero, Colón Larreategi kalean, Mazarredo zumarkalean eta Zabalguneko merkatuaren artean, zegoen Biloria dendan saltzen zituzten. Biloria dendak ondoren Euskal Herriko dendariei saltzen zizkien. Bilboko Euskal Museoan, Heppe ontzi lantegiko altzairuzko hiru molde gordetzen dira.

Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2024 Kultura eta Euskara Departamentua- Gipuzkoako Foru Aldundia.
Para conectar con nosotros mediante skype pulse aquí
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net