
 
		
 
    Aldi berean, Euskal Herriko Adiskideen Elkartea irtenbide bila aritu zen burdinaren sektore tradizionalarentzat, lurralde honetako aberastasun iturri aspaldikoa baitzen. Elkartearen azterlan, txosten eta proiektuek emaitza triste samarrak atera zituzten oro har, eta ez zuten bilatutako gizarte zein ekonomi babesik lortu. Diagnostikoak bete-betean asmatu zuen -atzerapen teknologikoa- baina proposatutako neurri zuzentzaileek, hala nola olagizonen elkarte bat sortzeak “burdinaren galdaketa eta lanketa hobetzeko”, edo Suediakoen antzeko fabrika berriak bultzatzeak, topo egin zuten betiko olagizonen eta langileen errezeloekin. Elkartearen beraren ekimenek ere, Arrasateko Aranburun edo Bergarako Zavalon altzairua lantzeko esperientziak, azken herri honetako botoi-fabrikak, edo latorri eta alanbre-fabrika bat sortzeko ahaleginak besteak beste, ez zuten batere atarramentu onik atera, laguntzaile kementsuen zuzeneko bultzada falta izan zitzaielako.
Ahaleginak ahalegin, kontua da ez zutela berrikuntza tekniko osorik burutzen, sektorearen mesfidantzagatik eta sistema zaharrak baztertzeko beldurragatik-edo, eta halaz kanpoko inportazioen lehia izugarrizko oztopoa zen, gaindiezineko modukoa batzuetan. Babes neurri batzuk onartzea lortu zuten, hori bai, berezko merkatuetan (hots, penintsulan eta itsasoz haraindiko kolonietan) atzerriko jeneroen lehiakortasuna neurri batean galarazteko XVIII. mendearen azken herenean; berandu zen ordea, ze beraiek 1768an dagoeneko ikusia zuten bezala,
ekartzen diguten kinkila kintal batek guk ateratako berrogeita hamaikaren pare egiten du, eta gure erauzketa hutsean geratzen da. Arrazoi bat baino gehiago zegoen hori horrela izan zedin: produktu-unitatearen kostu handiak -bai burdinatan bai egur-ikatzetan-, eta produktibitate txikia -are kontu larriagoa urte-sasoi batzuetan soilik egiteagatik lana -. Horrenbestez, fabrika berriak sortzea gauza konplexua bazen ere, are konplexuagoa harrikatzaren erabilera hedatzea -hemengo bertako meatzeetan ateratakoaren kalitatea ez baitzen errentagarria-, nahiz eta Elkarteak aprobetxamendu programak eta pizgarriak diseinatu zituen lehengaietan aurrezteko, baina horiek ere ez zuten beharrezko babesa eskuratu.
Horregatik, fanderiak agertzea lehen pausua besterik ez zen izan, sektorea garai berrietara egokituagoko bidean barna abiarazteko. Lehena, Euskal Herriko zein Estatu osoko lehena alegia, Errenteriako Fanderia izan zen. Gabiriola edo Renteriolako burdinolaren azpiegituraz baliatuz, honen jabe Irandako Markesak 1771n eman zion hasiera aldi berriari. Orduan berria zen makineria eskuratu zuen, burdina erreberberazio-labeetan eta harrikatzez aurrez beroturik mekanikoki mozteko, eta hurrena, arrabol batzuen bidez, luzatu, zabaldu eta behar bezala mehetzeko. Horrela, forjaketa eta lanketa eginkizunak nabarmen laburtzen ziren, eta ez zeuden jada beharginen trebetasunaren eta gaitasunaren mendean soilik. Fanderia honek burdineria, iltze, hagatxo eta zumitzak egitera bideratu zuen produkzioa. Teknologia berri honen aplikazioak izugarrizko garrantzia lortuko zukeen, non eta Konbentzio Gerrak eta Fanderian pairatutako hondamenak galarazi ez balute berrikuntza hori beste toki batzuetara hedatzea. Gerra kontuak amaitu ostean, toki honetan industri irinak egiten hasi ziren, sistema austrohungariar berriari segituz.
Bigarren tramankuluaren instalazioa ere noble baten ekimenaz heldu zen; Zestoako Iraetako Fanderia izan zen, Granada de Egako Dukearena berau, Iraetako burdinola aprobetxatuz eraikia 1774 inguruan. Honetan burdinazko flaskoak egiten zituzten, Ameriketako meatzeetan ateratzen zuten zilarbizi edo
merkurioa garraiatzeko; Madozek XIX. mendearen erdialdean emandako datuen arabera, berrogeita hamar langile zituen
 
      Hirugarren eta azken proiektua Oñatiko Fanderiarena da, Gomendio familiaren bultzadaz eta burdinola bat aprobetxatuz, hain zuzen Oñatiko Kondearen jabetzakoa izandako Zubillagakoa aprobetxatuz instalatua.
 
      
