Logotipo gipuzkoakultura
2024ko azaroak 23, larunbata



Bertan > Arantzazu tradizioa eta abangoardia > Imajinagintza berria
Bertan 3

Imajinagintza berria

Guztiok dakigunez, Aratzazuko Basilikaren dekorazio artistiko-plastikoak gorpuzketa-prozesu luze eta konplexua jasan du eta oraindik ere gaur egun bidean diren ekarpen berrietara zabalik dago.

Laorgak eta Saenz de Oiza-k proiektaturiko espazio arkitektonikoak errepertorio ikonografiko zabala zeukan programaturik eta bertan barne hartzekoak ziren eskultore, pintore, beiragile eta diseinadore ekologisten lankidetzak. Guztiek izan dituzte beren une eta garapen pertsonalak, egiten zituzten obrak multzo bakun eta bakarrean integratzen ahaleginduz. Beharbada, horretara gehien hurbildu diren obrak, gure aburuz, lehen une batean eta haren lehen fasean garatu eta gauzatutakoak izan dira. Azpiko kripta eta otoiguko pinturak, bigarren fase kronologiko bati dagozkio eta nolabaiteko desintegratzeak jota daude, berez normala denez, multzoarekiko.

Apostoluen indar plastiko trajikoa
Jorge Oteiza
Apostoluen indar plastiko trajikoa. Jorge Oteiza. © Antton Elizegi
Apostoluen indar plastiko trajikoa.
Jorge Oteiza
Apostoluen indar plastiko trajikoa. Jorge Oteiza © Antton Elizegi

Esan dezagun hasteko, Saenz de Oiza-ren proiektuan Jorge de Oteyza, Ameriketan ibili ondoren herrira itzuli berria zen euskal eskultoreari, zuzenean eta lehiaketarik gabe egoztea pentsatua zegoela fatxadaren imajinagintza guztia. Berari zegokion, beraz, fatxada osoa bete behar zuten errepertorioei forma eta espresiobidea ematea. Oteyzak, halere, eskaintzari uko egin zion eta lehiaketa mugatu bat egitea proposatu zuen, eta egin zenez, urte haietan Gasteizko katedrale berriaren eskulturan lanean ari zen Joaquín Lucarini arabar eskultorea izan zuen lehiakide.Oteyzak lehiaketa irabazi zuen eta estatuaria hura burutzea gogoz eta atseginez onartu zuen. "Lan hau egiteko gogobetez nago -idatzi zion Aita Leteri 1952an -, eta izpiritualki horixe irrikatzen nuen eta horretarako prestatzen ari nintzen duela urte asko, hain zuzen ere". Handia zen, benetan, eskultoreak bere gain hartu behar zuen erantzukizuna, eta jakinaren gainean zegoen bera. Eskultura salbaziorako lankidetza izpiritual gisa ulertzen zuen, ez forma eta bolumenen errepikapen edo kopia hutsa bezala soilik. Bere irudien asmoa kristau-arte tradizionala berritzean zegoen eta Artearen Historian klasikoak ziren errepertorioen irakurketa berria eskaintzen zuen: Apostolutza eta Pietatea. Oteyzak erakutsia zuen, bere lehen obratik bertatik, gizonaren eta emakumearen figurarekiko kezka. Bere "Tangente S, igual a A partido por b" obrak (1931), zeinean Adan eta Evaren aurpegi antropomorfoak agertzen baitira, ordurako adierazten zituen bere ondorengo eskulturaren zati bat ezaugarrituko dituen zantzuak. Brutaslimo materikoa, primitibismoa eta espresionismo formala, artelanaren erabateko kontzeptualismoa. Ardatz hauen inguruan landu izan zituen bere obrak 50eko harmakadan zehar. Eta horiexek izango dira Arantzazuko Estatuaria itzelaren aurreko bozetoak eta behin betiko proposamenaren dira fatxadaren kale nagusirako nitxo irregularretan proiektaturiko errepertorio ikonografiko erlijiosoak, hala nola fatxadaren koroa gisa elkarren gainka jarriko ziren arkuteria ardatzak, 1953 eta 1969 bitartean burutuko zuena.

Oteyza une horretan giza-figurazioak nahiz arte abstraktoak kezkatzen zuten plastikari dagokionez. Baina, beretzat biak ere ez diote elkarri aurka egiten ez eta ukatzen ere, baizik eta elkar osatzen dute eta binarioak dira; plastikaren Historian zehar beti gertatzen den prozesua da, azken finean, bere idatzietan kausitze handiz "aldaketen legea" deituko duena: "Figurazioa garrantzitsuagoa da abstraktu dena baino, beti ere, bere funtsa irautea denean, abstraktu denarekiko izatea, hau baita figuratibo denaren barne arkitektura", dio C. Garciak "Euzkadi" aldizkarian egindako elkarrizketa batean. Aurrerago azaltzen du abstraktu denak osatzen duela figuratibo denaren barne -eraikin arkitektuala. Hau bai, figuratibo denak irauterik ez badu, ez du ezertarako balio, adierazten du artistak adimen argiz. Gainera, artea herriarentzat da eta hau hari hurbildu behar zaio.

Oteyzak, fatxadarako egingo dituen proposamen desberdinetan, beti proposatuko du Apostolutza sarrerako ate bikoitzaren gainean jartzeko eta Ama Birjina frontoi-horma nagusiaren goialdean. Lehen bozetoetako Amatasuna Pietate bihurtuko da eta gorago ezarriko da, piskanaka desagertuko dira fatxadaren kale nagusirako nitxo irregularretan proiektaturiko errepertorio ikonografiko erlijiosoak, hala nola fatxadaren koroa gisa elkarren gainka jarriko ziren arkuteria irekiak. Egindako azken proposamenak erabatekotasun eta eratasun handiagoa du eta itxura modernoagoa emango dio multzo arkitektoniko-plastikoari, eta ez hain eklektikoa.

Irudiak kanalean irekita agertzen dira, barrenak husturik, beren "ni"az gabetuta, traszendentziaz gainezka eta besteei zabalik. Besteentzako izakiak dira, beren izateaz erantzita daude. 1948an Buenos Airesen Juan Plazaolak zioenez, Oteyza hiru bermapuntu hauen gainean ari zen lanean: hutsunea, hedapena eta irekidura. Hutsune eta gabetasun sakratua, eskultoreak cromlecharen eta trikuharriaren prehistoriara, ilargiaren eta frontoiaren mitopoetikara atzera itzultzen duena eta erlijio-estatutaria berrira zabaltzen duena. Oteyzarentzat artea salbazioa da, ala ez da ezer. Mendebaldeko artea, salatu du bat-batean, zentzugabearen formalismo hutsal eta akademikoan eta giza -traszendentziarik gabean erori da, forma hutsaren arrunkerian. "Hemen guztiak gorantzako zama du, haragiak galtzen du beti. Gaurko terminoetan birrartzen da -baieztatzen du Oteyzak berak Txosten batean- arte erlijiosoaren ildo zorrotza -antzinakoak, erromanikoa eta gotikoa- Grezia paganoaren, Berpizkundearen eta Akademiaren ildo profano eta sentsualaren aldean".

Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2024 Kultura Zuzendaritza Nagusia - Gipuzkoako Foru Aldundia.
Para conectar con nosotros mediante skype pulse aquí
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net