Logotipo gipuzkoakultura
2024ko azaroak 23, larunbata



Bertan > Arantzazu tradizioa eta abangoardia > Arantzazuko Andre Maria
Bertan 3

Arantzazuko Andre Maria

Ezin ahantzi dugu paisaia zoragarri honen erdian eta deskribatzen ari garen testuinguru sozio-historiko-artistikoan, jaiera eta pietate objekturik nagusiena Arantzazuko Andre Mariaren irudia dela. Rodrigo de Balzategik sasitzan aurkitutako irudi txikia gaur egun Santutegian gurtzen den berbera da, leku honek bere historia osoan zehar jasan izan dituen sute, esklaustrazio eta era guztietako gertakarietatik onez gordetakoa. Ez al da hau, berez, herrien eta kolektibitateen historian gertatu ohi diren mirari txiki horietako bat? Zergatik salbatu dira irudi horiek eta ez basteren batzuk?

Eserita dagoen irudia da, Ama Birjina haurrarekin tipologiari erantzuten diona, Euskal Herrian "Andra Maria" deiturikoa eta erromatar berantiar garaian, edo transizioan kokatu beharrekoa, XIII. mendean, eta historiagile batzuen ustetan, XIV-XV. mendeetako estilo gotikoan. Irudia, 36 zentimetrokoa, harrizkoa, ama koroadunarena da, sagarra edo munduaren bola esku batean, eta bestearekin haur biluziari abegi ematen. Irribarre arina eta begirada bizia dutela, ama-semearen aurpegikera eztia da. Arroparen tolesdura zurrun samarrak dituzte baina naturalismo handiagorako joeraz. Baliteke irudia gerora berrukitu izatea, Erdi Aro amaieran edo beranduago agian. Horrela ikusi zuen Aita Lizarraldek eta horrela ikusten dute gaur egungo espezialistek ere. Zenbait mendetan zehar,1621az geroztik, irudia Berpizkundean eta Barrokoan hain gustoko zituzten soingainekoaz eta bitxiez gainezka gurtua izan da, 1963an jatorrizko egoerara itzuli zen arte. Lucio Muñozek, erretabloaren egileak, otoigu berriaren espazioa diseinatu zuen. Irudia agertu zeneko jatorrizko elorria eta zintzarria samurki eta kausitzez erantsi zitzaizkion Arantzazuko Andre Mariaren irudiaren multzoari, zeinak gaur egun, argiztapen egokiari eta ederresmenari esker, guztiz ohoragarri agertzen baita. Gora-behera hauek direla eta, irudiak eta multzoak izan zuten zer irabazirik.

Arantzazuko Amaren harrzko irudia.
Arantzazuko Amaren harrizko irudia. © Antton Elizegi
Arantzazuko Amaren harrizko irudia
Arantzazuko Amaren harrizko irudia. © Antton Elizegi

"Harrizkoa zara.
Irribarrezko harri triste t'hotzezkoa.
Elorrian zagoz.
Irribarrezko triste irribarrezkoa".

Bitoriano Gandiaga

 

Nork ezarri zuen Ama Birjinaren irudia elorri gainean eta zer helburu zuen?-itauntzen dio Luis Villasante historiagileak bere bururari-. Alferrikako galdera, ez baitu erantzunik erideten. Burutapenak burutapen, otoi egitera bakardade horietara joandako penitenteren batena, edo handik zihoan ibiltari edo erromesen batek utzia edo hari eroria izan zitekeela jo da aukeratzat.

P. Urangaren koadro bateko irudia
P. Urangaren koadro bateko irudia. © Antton Elizegi
Aranzan Zu! Gregorio Hombrados Oiñativiaren koadroa (1927)
Aranzan Zu! Gregorio Hombrados Oiñativiaren koadroa (1927). © Antton Elizegi

Arantzazuko Amaren kamarina, azken erreforma baino lehen
Arantzazuko Amaren kamarina, azken erreforma baino lehen. © Arantzazu Artxibategia.

Duela gutxi, eta 1981-82an José María de Zunzunegui artistak burututako birmoldaketa ondoren, aldare-mahaia eta anboia, balio historiko-artistiko ukaezina duten bi jaiera objektu gaineratu zaizkio: Sagrarioa, Lucio Muñozek egindakoa, eta Santutegiari dagokion Kristo gurutzatua, XVII. mendeko obra. Altzariteriaren diseinua -egoitza eta sareta- Saenz de Oizak egina, eratsu eta arrazionalista da, Sagrarioan bezala, lerro zuzena da nagusi. Honi, Lucio Muñozek argia eta pintura eransten dizkio, mendiko etxe-kutxa japoniarra dirudi, zeinean ugari baitira eztia eta esnea, Testamentu Berriko mana, Eukaristia. Zuri-urdine k sinfonia lirikoa tajutzen dute. Pieza bikaina eta bakarra da.

Pergaminozko Benedicta liburua
Pergaminozko Benedicta liburua. © Antton Elizegi
Hemezortzigarren mendean Mejikon egindako Arantzazuko
Amaren pintura.
Hemezortzigarren mendean Mejikon egindako Arantzazuko Amaren pintura. © Antton Elizegi

Kristo gurutzatuaren irudia giza-nahigabetua da, odolez eta arantzez josia, anatomia ederrekoa, eta urtetan biziki gurtua izan da Komentuan. Gaur egun, kausitze osoz berreskuratu da Basilikako gurtzarako.

Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2024 Kultura Zuzendaritza Nagusia - Gipuzkoako Foru Aldundia.
Para conectar con nosotros mediante skype pulse aquí
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net