Logotipo gipuzkoakultura
2024ko azaroak 23, larunbata



Bertan 3

Infernurako bidea

1954ko urtean, Arantzazuko Basilikako zuzendariek Eduardo Chillidari emango zioten bertako sarrerako Ateak egiteko agindua. Eskultore donostiarra ordurako euskal olagizontzat hartua zen, urte berean Milango Hirurtekoan ohorezko Diploma eman ziotelarik. Eskultoreak, obrako arkitektu, eskultore eta pintoreen laguna izaki, Ian eratsu eta arrazionala, geometrikoa eta abstraktua diseinatu eta gorpuztuko du Vulkanoren Sutegian, zeinaren erreferente bakarrak, antza, eguzkia eta ilargia, elorri enborren bat eta bat-batean agertu eta gauzatzen diren gurutze batzuk baino ez baitira. Eduardo Chillidak honako honetan anabasa menderatu du. Bai baitaki, Gabriel Celayaren hitzetan, "anabasa menderatu behar dela, erremintak tajutu behar direla; eta hutsartea kolonizatu; eta irudi menderatzailez bete eta izerdituz, izerdituz eta pentsatuz, harantzago daramaten kolpeak errepikatuz, metal distiratsuak garbi utzi zepa eta zikinez, alboratutako gaiez, sugar iraungiez, sumin hilkorrez, txirbil metalikoez, nekeez. Eta honela irits daiteke, honela bakarrik, errauts artean eta izar distiratsu artean, anabasa artetik agertzen den orden sekreturaino, jainko prometeikoekin batera".

Eduardo Chillida, Parisetik etorri berria eta europar abangoardiekin harremanak izan ondoren, garai honetan (1951-1958) Hernaniko Vista Alegren bizi zen, Victoria Olasagasti bere izebak moduko prezioan alokatu zion etxean. "Nire herrira itzultzea garrantzizkoa e ta zirraragarria izan zen neuretzat, zentzu honetan. Hemen jabetu nintzen nor nintzanaz. Nondik nentorrenaz. Hemen, Hernanin, halabeharrez ikusi nuen egun batean, vire etxearen aurrean burdinola bat zegoela, eta orduan aurkitu nuen mundu ilun, urrun, zahar eta ugalkor hura. Han ezagutu nuen mailuz landutako burdina, erakusketetako burdin-brontzea ez bezalakoa. Niri behintzat, burdin hura bestelakoa iruditu zitzaidan".

Eduardo Chillidaren burdinazko ateak 1955.
Eduardo Chillidaren burdinazko ateak, 1955. © Antton Elizegi

Hernanin lantzen hasi den burdina, izan ere, beste zerbait da. Parisen Gonzálezen eta Gargalloren burdina ezagutu zuen, baina orain, Manuel Illarramendiren sutegian ezagututako eta landutako burdina beste galaxia batekoa da. Josetxo Garzia izan zen Arantzazuko Ateak lantzen lagundu ziona. "Nik orduan isilik Ian egiten nuen, musika ere jartzen nuen, Bach batez ere, itzela baita. Musika espazioaren arreba da, eta hau biziki interesatzen zait".

Urte gogorrak izan ziren eskultorearentzat; haztamuka zebilen, beti zalantzaz beterik. Gaur, etapa hura eta bere bizitzaren une hura txeraz eta begirunez gogoratzen du. "Egia esan, burdinak indarra eta misterioa zuen. Interes handikoa zitzaidan burdin pudelatua, hobea zen mailuz lantzeko eta ez zen erraz erdoiltzen. Tolosako txatarlekuetan aurkitzen nuen burdin hau".

Eduardo Chillidak, nola obra honetan hala bere ibilbide luzean zehar sortutako Ian gehienetan, intuizioak eramaten uzten du bere burua, horretan datza bere ustetan artistaren eta teknikoaren aldea. Teknikoak goitik behera ezagutu behar du bere lanaren emaitza, bai eta egin aurretik ere, artistak, berriz, bilatzen egiten du lana, ikertzen, nora iritsiko den jakin gabe. Emaitza aldez aurretik ezagutzen bada, obra hilik jaiotzen da.

Chillida hasia zen garai honetako lanetan materia bere horretan errespetatzen, berezko kolorez uzten, beronen barne arauak ez behartzen. Mª Soledad Alvarez Martínezek esango du Arantzazuko Ateak bezalako obretan angulazioen eta kurbaturen garaipena gertatzen dela, ertz bizien existentzia eta materiari gailentzen zaion espazioaren garaipena. Eskultorea errementariarengandik hurbil dago, antzinako euskal olagizon errenazentistarengandik, alegia; burdina mailuz jo eta suz lantzen du, bere "Oyarak" lortu arte, hala nola "Espacios sonoros", "Música de las constelaciones" (1954) edo "Elogio del fuego" (1955). Bere eskulturek, esango du Schamalenbach bezain kritikari jantziak, espazioa eragiten dute, espazioa lekualdatzen dute, espazioa sorrarazten dute. Eta Moreno Galvánek dio: "Chillidak materia espazio sakratuetaraino jasotzen du, materian baitago sorpen ororen lehen lokatza... Chillidak materiak goratzen ditu berauek daudelako biziaren jatorrian". Sutegiko burdina, zakar eta infernutarra dago, egon ere, Eduardo Chillidaren hastapenetan eta lehen obretan. la lurraren erraietan dauden Arantzazuko Ateak egiteko, eskultoreak burdina izango du gogoan eta eratasunez eta arrazionalki erabiliko du, jakinduriaz ezarritako esparrura egokituz. Ateak ezinhobe uztarturik daude fatxadaren multzoan. Oreka klasiko handia dute, ez dute ezer sobera, ezer falta. Lau ateetan, elkarren gaineko burdin-xaflen erritmo horizontalek eta bertikalek geometria egonkor eta garbiko espazioa sortzen dute, garai honetako Ben Nicholsonenekin lotzen eta kidetzen direlarik.

Chillidaren Ateek materialaren pobrezia eta laztasunaren gainetik, oreka klasikoa dute, ia greziarra.

"Zer adierazi nahi ote du guzti honek?
Horra leku santuko lau ateak
ilun eta burdinazko.
Mito eta sinbolo, totem eta gurutze,
dena da hemen biziberritzen, zubi den arkua eta abstraktua den geometria".
Javier Garrido

Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2024 Kultura Zuzendaritza Nagusia - Gipuzkoako Foru Aldundia.
Para conectar con nosotros mediante skype pulse aquí
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net