gipuzkoakultura.net

Logo de la Diputación Foral de Gipuzkoa
Logotipo gipuzkoakultura

gipuzkoakultura.net

2024ko abenduak 22, igandea




Bertan > Los colgantes Magdalenienses de la cueva de Praileaitz I (Deba) > Versión en euskera: Praileatz I haitzuloa (Deba)
Praileaitz I haitzuloa (Deba).

Orain hamabost mila urte, azken izotz aroaren laztasunak Europa mendean hartua zuenean, Deba ibaiaren behe ibarrean, kareharrizko inguruetan sortutako zuloetako askotan CroMagnon giza taldeak bizi ziren, paraje horietako altitude eskasa eta klimaren onberatasuna aprobetxatuz.
Garai hartan inguruko harkaitzetan basahuntzak ibiltzen ziren, aldiz, oreinak eta elur oreinak beheragoko lurretan bazkatzen ziren eta eper zuriak nonahi ikus zitezkeen; bailara estuaren bihotzean ibaia bihurka zihoan, haltz eta ibai bazterreko beste espezie batzuen artean, orain baino zenbait kilometro urrunago zegoen itsasora bidean.
Tenperatura hotzen eraginez ez zegoen landaretza handirik paraje horietan, eta leku babesenetan konifero batzuk, pinuak eta ipuruak batez ere, eta hostogalkorreko espezie bakan batzuk, haritzak, urki eta sahatsak, baino ez zeuden.
Egoera horretan, ibarreko haitzuloetan hainbat giza talde bizi ziren. Gaur egun Urtiaga, Ermittia, Langatxo, Iruroin edo Praileaitz Izenez ezagutzen ditugu haitzulo horiek. Urrunago zeuden beste batzuk ere, Ekain haitzuloa esaterako, aldameneko Urola bailaran, jendearen bizileku izan ziren denbora luzez. Ez ziren, ordea, haitzulo eta babeslekuetan bakarrik bizi; urte bertsuetan, aire zabalean egindako txaboletan ere bizi ziren, adar eta larruz egindako estalkien gerizpean eta su txikien babesean. Su horien inguruan bilduko ziren, banakako eta taldeko esperientziak trukatzeko, naturaren fenomeno ezberdinei buruzko sinismenen berri emateko edo ehizalditan izandako gorabeherak gogora ekartzeko.

51. Deba ibaiaren meandroak. 52. Izokinak. 53. Oreina. 54. Praileaitz I haitzuloko sarrera (Deba).
Giza egonleku horietako bakoitzak zeregin osagarri bat beteko zuen: zenbaitetan bizitoki egonkor samarrak izango ziren, bestetan denboraldi laburretan erabiliko zituzten edo une jakin batzuetan bakarrik, baliabide desberdinak aprobetxatzearren. Horrela bada, batzuetan ehiza berezirako edo landare bilketarako (fruituak, tuberkuluak, hostoak) egonleku gisa erabiliko zituzten, bestetan, arrantzarako edo molusku bilketarako leku egokiak izango ziren; halaber, bakar batzuk lehengaiak lortzeko eta tresnak prestatzeko erabiliko zituzten. Denetan ere, gizakiek era askotako jarduerak burutuko zituzten, erremintak eginez, harrapaketen zati bat janez eta eguzkia sartzean sutondoen beroa bilatuko zuten.
Baina Madeleine aldiko gau hotzetan nonahitik ikusi ahal izango ziren argi puntu leun horien artean, bada bat deigarria gertatu zaiguna bere ezaugarriengatik. Argi horren distirak forma bihurri eta iradokitzaileko sarrera erakusten du kareharri argiko horman, emakumezkoen sexu organoa gogora ekartzen digun zuloa.
Praileaitz I haitzuloa Deba ibaiaren eskuin aldeko hegal aldapatsu batean dago, ibaitik berrogeita hamar metroko altueran. Esan liteke meandro leunen gainean zintzilikatua dagoela, triangelu formako sarrera ipar mendebaldera begira duela, gehieneko altuera sei metrokoa delarik eta zabalera, behealdean, bi metro eta erdikoa. Barrura sartuz gero, hogeita hamalau metro karratu inguruko eta hamar metro pasatsuko altuera duen forma konikoko atondoan, kanpoko argiak argiztatuta, ikus daitezke urak milurtekoetan zehar horma eta sabaietan diseinatutako erliebe bihurriak. Aurrera jarraituta, metro eskaseko altuera duen pasillo estua dago hegoalderantz; hura hartuta mendi barruaren iluntasunean murgilduko gara horma leuneko gela biribil eroso batera iritsi arte. Gelak sei metroko diametroa du eta ganga formako sabaia, erdialdean bi metroko garaiera gainditzen ez duena.

55. Praileaitz I haitzuloko atariko formazioak. 56. Haitzuloaren sarrera eta atondoa. 57. Praileaitz I haitzuloaren oina. © Xabi Otero
Argi-itzaleko espazio horrek eskaintzen duen lasaitasunetik, oinak buztin hori eta garbian jarrita, kanpoko argitasun handia ikus daiteke, sarrerako silueta ebakiz eta atondoko paretetan erliebe apetatsuak sortuz.
Barrurago, beste gela bat, biribila hau ere, iluntasunean galtzen da, gaur egun estalagmita geruza handi batek zigilatuta. Gela horren ostean, galeria meharrak mendian barneratzen dira.
Espazio horretan, ehiztari biltzaile taldeek inguruko haitzuloetan harria eta hezurra lantzen zuten bitartean eta basahuntz eta orein haragiz eta fruitu eta zainez elikatzen ziren bitartean, garaikideek aitortutako ezaugarri bereziak zituen pertsonaia, segur aski, bizitzen jarri zen. Atariko zorua egokitu zuen ederki ahokatutako kareharri txikiekin, buztinean zuloa eginez sutondoa prestatu zuen, eta haren ondoan, azalera ahurra zuen harritzar edo harkoskor handi bat jarri zuen eserleku modura erabiltzeko, eta egonkortasun handiagoa emateko tamaina handiko beste harri bat jarri zuen altxagarri gisa.
Handik gertu haragia gorde zuen jateko. Haragi guztia kendu ondoren, hezur batzuk sutara bota zituen.
Egonlekua erosoagoa egiten zuen harzolaren gainean, erreminta eta suharri printza bakar batzuk eta zenbait hezur. Zerikusirik ez aldameneko Ermittia edo Urtiaga haitzuloetako tresna, taila lanketaren hondar eta printza pilaketarekin.
Barruko geletara eramaten duen galeriaren sarrera ondoan, okre margo batzuk gelditu dira zoruko harri txikien gainean, erabiliak izan zirela erakusten duten arrasto garbiekin.
Eta ohiz kanpokoa den material eta hondakin eskasia horren barruan, aipatzekoak dira zintzilikario sorta batzuk, bai atondoan bai eserlekuaren atzean eta eremu ilun eta sakonenetara zeraman galeriaren ondoan zegoen espazio txiki batean sakabanatuta.
Barruko gela are ezohizkoagoa da. Ia magikoa.
Ematen du espazio zirkular hori garbitu egin dutela, hezurrak eta lanabesak kenduz, eta lurreko buztina eta harri batzuk ez beste guztia desagertu egin dela.

58. Lepokoetako bi eta hautsitako pieza batzuk aurkitu diren barruko gelaren ikuspegi orokorra. Lehen planoan, gelaraino eramaten duen tunelaren ganga. 59. Praileaitz Ieko lepokoa. 60. Banan-banan lepokoaren hamalau pieza agertuko dira. © Jesús Alonso
Espazio horren erdian, harri beltzeko hogei bat zintzilikario deigarrik, gehienak dekoratuak, lepokoak osatzen dituzte, horien artetik aipagarria da forma ordenatuan eta antzeko distantziara kokatutako hamalau piezako lepokoa.
Guztira, bost multzotan antolatutako hogeita hiru zintzilikario, indusketa eremuan hautsitako beste sei zintzilikarioz gain, horietako hiru barruko gelako alboetako batean aurkitu direlarik.
Basahuntzen hiru ebakortz apainduak izan ezik, horietako bat okre gorriko or banekin, gainerako pieza guztiak harri beltzekoak dira, gehienak forma luzatua dutenak. Seguruenik inguruan dagoen Deba ibaian bildu zituzten hautaketa eginez, behar bada ez bakarrik arrazoi estetikoengatik, harri horien bolumen eta silueta iradokitzaileek izan lezaketen sinbolismoagatik baizik.
Uharrien berezko egitura leuna eta urarekin edo azalaren izerdiarekin bustitzean hartzen duten distira ere izan zitezkeen, agian, harri horiek hautatzeko arrazoiak. Bildu zituenak, dekoratu egin zituen gehienak. Horretarako, aurpegi eta ertzetako batzuetan zeharebakiak grabatu zituen behin eta berriz. Nolanahi ere, poliki poliki buztinetik altxa ahala ikus daiteke uharri bakoitzak erritmo diferenteak, lerro multzoak, hutsuneak dituela. Eta gaur egun ez ditugu horien esanahiak edo funtzioak ezagutzen. Apaingarri soilak? Aldiz, arrandia edo hierarkia balioa izan al zuten? Edota, erritu jardueren kontserbatu diren aztarna bakarrak al dira?

Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2024 Kultura Zuzendaritza Nagusia - Gipuzkoako Foru Aldundia.
Para conectar con nosotros mediante skype pulse aquí
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net