gipuzkoakultura.net

Logo de la Diputación Foral de Gipuzkoa
Logotipo gipuzkoakultura

gipuzkoakultura.net

2019ko uztailak 19, ostirala

Bertan > Bertan 21 Gipuzkoako eliz ataurreak > Euskara bertsioa: Osagarriak

PDF Bertsioa inprimitzeko [11,8 Mb]Ikono Acrobat

Osagarriak

45. Errezilgo aurre-ateko sabaiaren xehetasuna, lorez eta aingerutxoz erruz apaindua.© Jonathan Bernal
45. Errezilgo aurre-ateko sabaiaren xehetasuna, lorez eta aingerutxoz erruz apaindua.© Jonathan Bernal

Eskuarte nahikoa zeukaten Gipuzkoako parrokiek beren soberakinak erabili zituzten aurre-ate ederrak egiteko, neguko egun hotzetan eguraldi txarretik babestearren. Batzuetan zurezko lan horiek ate soil batzuk besterik ez ziren, sarrerako bao nagusia ixtekoak, alegia, baina beste batzuetan apaingarri askoko lanetan ezartzen zuten dirua: egitura sendo bat, erdian ate bat eta alboetan bana zituena, eta ganga formako estalki edo sabai batez itxia. Oin planoaren forma era askotakoa izaten da, nahiz eta normalean lau angeluko, trapezoidal edo oktogonal luzatua. Atal horiek egiteko, bada, aurrekontua prestatzen zuten, eta baimena eskatzen zioten Gotzaindegiari eraikin bat egiteko balitz bezala, arkitektura, mihiztadura eta apaingarri lanak aintzakotzat hartuz. Materiala ere kontuan hartzen zuten, eta normalean kalitateko zura erabiltzen zuten, haritzarena eta gaztainondoarena, eta ondo hautatua izatea azpimarratzen zuten, zainei jarraituz mihiztatua, eta moldurak ingletez moztuak. Benetan interesgarria da apaindura multzoak daukan zur lan aberatsa eta fina, izan ere, Gipuzkoan kalitate handiko zurgin maisuak baitzeuden, hala nola, Domingo Laka eta Domingo Pellón, mutrikuarrak biak, Debako aurre-atea egin zutenak, 1770ean, edota Francisco Etxenagusia, Errezilgoak egin zituena, Francisco Iberok 1743an prestatutako diseinu baten arabera egin ere.Izan ziren, baita ere, espezialitate horretako egile gailenak Santandertik etorri baina urte askotan gipuzkoartuak, hala nola, Lucas Camino, makina bat zur lan egina, Azkoitiko elizako aurre-atea eraiki zuena, hau da, Ignacio Ibero arkitektoak 1761ean diseinatutakoa bera; Mutrikukoa ere eraiki zuen, nahiz eta hori ez den mantendu.

46. Azkoitiko elizako aurre-atea barrutik eta kanpotik, Ignacio Iberok egina. Eliz atarietako aurre-ateak benetako arkitektura lanak balira bezala diseinatu zituzten arkitektoek, horregatik zituzten pilastrak, taulamenduak eta erremate balaustredunak, non ez ziren falta apaingarriak, hala nola, lore-ontziak, loreak eta eskulturak.© Jonathan Bernal

47. 1. Tolosako Santa Maria elizako aurre-atearen marrazkia, José Ignacio Lavik egina. Hor ikusten dira elizak eduki zituen bi hautabideak. 2. Eliz sarrerako ataurre arkupetua, Tomás Jauregik diseinatua.  3. Hautatu zen trazaren goiko aldearen xehetasuna, Ignacio Lavik ere egina.© Xabi Otero

Badugu erretaula-arkitektorik ere bere jardueraren parte bat horrelako eraikin txikiak diseinatu eta gauzatzeari ematen zionik, José Ignacio Lavi tolosarra, kasu. Hark eginak mantentzen dira Tolosako Santa Maria elizako aurre-ateak, 1754an eraikiak: bi diseinu aurkeztu zizkien Parrokiako patroiei, gogokoena aukera zezaten. Zorionez marrazki horretan ezin hobeto antzeman daiteke zein traza hautatu zuten, bat egiten baitu gaur egun erabiltzen den aurre-atearekin. Aurre-ateak fabrikatzen hartu behar zuten denborari dagokionez, bestalde, esan behar da ez zela beti berdina izaten, manufakturak hartzen zituen neurrien araberakoa baizik; dena dela, sei hilabete eta urtebete bitartekoa izan zitekeen. Artelan horien apaindura lanek zerikusia daukate eraikinetakoekin eta erretauletakoekin, baina azkeneko horietan handiagoa izaten zen apaingarrien aberastasuna. Ateetako muntagen barruan kasetoi edo panel bikainak sartzen dituzte, forma geometrikoetakoak eta profil kurbatu finez panelatuak; apaingarri dituzte ebakiguneak, bolak, eta landarez nahiz lorez osatutako girlandak; eraikinak bailiran buru ematen diote multzo osoari, balaustradekin, frontoiekin edo eskulturekin.

43. Ataurreen osagarri, apaindura handiko lanak, aurre-ateak izan ziren, Donostiako Santa Mariako hori bezalakoa, dotorezia nabarmenez landua.© Jonathan Bernal
43. Ataurreen osagarri, apaindura handiko lanak, aurre-ateak izan ziren, Donostiako Santa Mariako hori bezalakoa, dotorezia nabarmenez landua.© Jonathan Bernal
44. Ate soilak izandakoak XVIII. mendetik aurrera aurre-ate aipagarri bihurtu ziren, Errezilgo elizaren albokoa, esate baterako, Francisco Iberok 1743an egina.© Jonathan Bernal
44. Ate soilak izandakoak XVIII. mendetik aurrera aurre-ate aipagarri bihurtu ziren, Errezilgo elizaren albokoa, esate baterako, Francisco Iberok 1743an egina.© Jonathan Bernal
Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2019 Kultura eta Euskara Departamentua- Gipuzkoako Foru Aldundia.
Para conectar con nosotros mediante skype pulse aquí
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net