gipuzkoakultura.net

Logo de la Diputación Foral de Gipuzkoa
Logotipo gipuzkoakultura

gipuzkoakultura.net

2024ko apirilak 25, osteguna





Bertan > Bertan 21 Gipuzkoako eliz ataurreak > Euskara bertsioa: Eliz atari etnologikoa

PDF Bertsioa inprimitzeko [11,8 Mb]Ikono Acrobat

Eliz atari etnologikoa

Usadioz, ezkontzaren iragarpena edo ezkon deiak apaizak egiten zituen mezatan, eta gero atean ipintzen zuen iragarkia. XVI. mendearen lehen erdian, ezkontzaren zeremonia, Euskal Herrian, Toledoko Jarraibideen arabera egiten zen, ez Erritu Erromatarraren arabera: bien arteko aldea zen lehenengoan erresen bedeinkapena egiten zela. Herri ugaritan, ezkontzan elkarri baiezkoa emateko ekitaldia eta eraztunen nahiz erresen bedeinkapena eliz atarian -ante foras ecclesiae- egin izan zen urte askotan, aspaldiko errituak agintzen zuen bezala. Hala egiten zuten Zerainen, non elizako atearen aurrean bi belaunaulki jartzen ziren ezkongaientzat -etxe bakoitzeko bana-, eta beste bi albo banatan, aita-amabitxientzat. Zeremonia hori egiten zen bitartean gonbidatuek eliz barruan itxaroten zuten. Ondoren, apaizak, ezkonberriei eskuineko eskutik heldu, eta tenpluan sartzen zituen salmo bat errezitatuz; gero, aldarearen oinetan, bedeinkazioa ematen zien, eta erritua bukatzeko, belo-meza egiten zen, ezkonberriak aurpegia beloz estalita zeudela. Elizatik irtetean ataria ezkonberrien harrera leku bihurtzen zen, eta dantzariek eta gorulariek pasabidea egiten zieten, gora zituztela ezpatak, makilak, arkuak edo zapiak. Horregatik gordetzen da gaur egun ere ezkondu ondoren eliz aurrean ezkonberriei euskal dantzak eskaintzeko ohitura hori, gazte taldeek aurreskua dantzatzen dutelarik.

20. Sakramentuetako erritu zaharren liburua, Manual Toledano deitzen zitzaiona. Liburuak agintzen zuenez, ezkontza bera eta eraztunen nahiz erresen bedeinkapena eliz aurrean -ante foras ecclesiae- egin behar ziren.© Labayru Institutoa
20. Sakramentuetako erritu zaharren liburua, Manual Toledano deitzen zitzaiona. Liburuak agintzen zuenez, ezkontza bera eta eraztunen nahiz erresen bedeinkapena eliz aurrean -ante foras ecclesiae- egin behar ziren.© Labayru Institutoa

ELIZ ATARIA: GARBITZAPEN, BEDEINKAZIO ETA HARRERA LEKU.

Moisetar legearen arabera, emakume haur egin berria lohituta gelditzen zen; horregatik, behartuta zegoen agindu edo ohitura batzuk betetzera eta erlijiozko zeremonia batzuk egitera, bere haurra bataiatzera eraman aurretik. Hala, haur egindakoan, eta elizan sartu aurretik, bedeinkapen berezi bat hartzen zuen atarian. Horrek zerikusia dauka Ama Birjinaren Garbikundearekin edo Jesus Haurraren tenpluko aurkezpenarekin. Izan ere, garbikuntza, juduen pentsaeraren arabera, hasiera batean ez zegoen lotuta gogoaren orban batekin, gorputzaren lohitasunarekin baizik; horregatik emakumeak bere osotasuna berreskuratu behar zuen, eta Jainkoarekin bat egin, bizi iturri gisa. Geroago, erritu hori haustea bekatutzat jotzen zen, nahiz eta geroago, VII. mendean, hain justu ere, Aita Santuak dekretatu zuen hura ez zela bekatu, baina emakume kristauen ohitura horrek iragan mendearen erdialdera iraun zuen. Ekitaldia honela egiten zen: emakumearekin batera joan behar zuen, edo emaginak, edo senitarteko batek, edo auzo batek, haurra besoetan zeramala; eliz aurrean "post partum" bedeinkazioa jasotzen zuen, etxekoen arteko giro batean ia-ia. Hondarribian eta Zerainen ohitura horri "mezan sartzea", "garbikuntza", "eliz sartzia" edo "entrática" esaten zioten. Bestalde, Beasainen, Ezkion, Berastegin eta beste herri batzuetan, erritua egin bitartean, amari argi egiten zioten kandela batez.

22. Ezkontzan baiezkoa ematea bezala, eliz aurrean egiten zen eraztunen eta erresen bedeinkapena ere.© Antxon Agirre Sorondo
22. Ezkontzan baiezkoa ematea bezala, eliz aurrean egiten zen eraztunen eta erresen bedeinkapena ere.© Antxon Agirre Sorondo
21. 1940. urtean oraindik eliz aurrean egiten zen ezkontzaren sakramentua:<br /> ezkontza eleizpean esaten zitzaion.© Cecilio Fernandez
21. 1940. urtean oraindik eliz aurrean egiten zen ezkontzaren sakramentua:
ezkontza eleizpean esaten zitzaion.© Cecilio Fernandez

Beste bedeinkapen mota bat ere ematen zen eliz aurrean antzinatik, aziendaren eta animalien bedeinkazioa, hain zuzen ere. Askoz berriagoa da automobilak bedeinkatzeko erritua, apaiza eliz atarira irtenda, gainjantziaz, akolitoak lagun dituela.

Era berean ohitura handia izan zen elizgizonek udal agintariei atarian harrera egitea, elizan jai edo elizkizun nagusiak ospatzen zirenean. Oraindik gordetzen da ohitura hori Andre Mariaren Jasokunde egunean, udal segizioa Salbea errezatzeko elizara iristen denean.

LEHENENGO ZEREMONIA: BATAIOA.

Eliza Katolikoan, bataioa, 1970. urtera arte, 1614an aldarrikatutako errituari jarraiki egiten zen. Haren arabera, apaiza soinean gainjantzia zeramala ateratzen zen elizatik, akolitoa lagun, eta lehen zeremonia eliz atarian egiten zen. Hasi aurretik, apaizak egiaztatzen zuen ea zein parrokiatakoak ziren, eta elkarrizketa bat izaten zuen aita-ama pontekoekin, aldez aurretik katekumenotza egiten zela kontuan hartuta. IV. mendetik VI. mendera bitartean apaizak hiru aldiz egiten zuen putz haurraren aurpegian, deabruaren mesprezuz. Ondoren, gurutzearen seinalea egiten zion bekokian eta bularrean, eta gero eskua buru gainean ipini, Elizak Jainkoaren babespean hartzen zuela adierazi nahian. Jarraian gatza ematen zion, eukaristiaren eta zerutar otoruntzaren aurrerapen gisara, eta horrela bukatzen zen eliz atariko zeremonia. Ataritik ateratzean oraindik gordetzen den beste erritu bat da aita-ama pontekoek zain dauden haurrei konfiteak, gozokiak, fruitu lehorrak edo txanponak "arranpulu" botatzea.

23. 'Entrática' erritua, hau da, Moisetar legearen araberako garbikuntza edo 'post partum' bedeinkapena, bataioaren aurretik egiten zen eliz aurrean. Haur egiteagatik lohitutako gorputzagarbitzen zuen emakumeak horrela.© Labayru Institutoa
23. 'Entrática' erritua, hau da, Moisetar legearen araberako garbikuntza edo 'post partum' bedeinkapena, bataioaren aurretik egiten zen eliz aurrean. Haur egiteagatik lohitutako gorputzagarbitzen zuen emakumeak horrela.© Labayru Institutoa
24. Bataioa egin aurretik, apaizak, eliz atarian, hiru aldiz egiten zion putz bataiatutakoari, deabruaren mesprezuz. Ondoren, bekokian eta bularrean, gurutzearen seinalea egiten zion, Jainkoaren babespean jarriz, eta gatza ematen zion Eukaristiaren aurrerapen gisa. Angiozar, 1925.© Ojanguren Artxiboa
24. Bataioa egin aurretik, apaizak, eliz atarian, hiru aldiz egiten zion putz bataiatutakoari, deabruaren mesprezuz. Ondoren, bekokian eta bularrean, gurutzearen seinalea egiten zion, Jainkoaren babespean jarriz, eta gatza ematen zion Eukaristiaren aurrerapen gisa. Angiozar, 1925.© Ojanguren Artxiboa

HILETA ERRITUEI LOTUTAKO GUNEA.

Tradizioaren eta ohituren indarrak sakoneko eragina izan du betidanik Gipuzkoa osoan; horregatik, eliz atarietako gizarte gune horrek historian zehar iraun du manerak eta errituak denboran zehar transmititzeko leku gisa. Hildakoak eliz inguruan lurperatzeak "zimitorio" izena eman zion eliz atariari, eta izen horrek bizirik iraun du, izan ere, herritarrek atari aurrean egiten zituzten bilerak aipatzerakoan, elizako hilerrian edo "zimitorioan" egiten zirela esaten zen. Modu berean gordetzen da gorpua eramateko hileta zeremonian segizioak azken geldialdia elizako ate nagusian egitea, gorpua atarian utzita, mahai baten gainean edo andetan; mahaia, batzuetan, harrizkoa izaten zen, eta horregatik esaten zitzaion "hil harria", Elosuko San Andres elizaren ondoan dagoena bezalakoa. Bien bitartean eliz barruan hileta elizkizunak egiten ziren. Era berean, badakigu heriotzaren inguruan eratutako elkarteek -ermandade eta kofradiek- eliz atarian itxaroten ziotela segizioari. Antzina, ohikoa izaten zen segizioko parte hartzaileek opariak eramatea; eta, emakumeek otarretxo banatan opariak zeramatzatela, kandelak pizten ziren eliz atarian, apaizak errespontsua errezatu bitartean. Erritu hori argiaren esanahiari egozten zaio, eta beste bizitzarako bidean "biderakoan" argi egiteko da, baina beste batzuetan arimari argi egiteko hilobiaz haraindiko bere bizitzan.

25. Bataioaren ondoren aita-ama pontekoek umeei gozokiak, fruitu lehorrak edo txanponak 'arranpulu' botatzen zizkieten arkupean.© Mª Amor Beguiristain
25. Bataioaren ondoren aita-ama pontekoek umeei gozokiak, fruitu lehorrak edo txanponak 'arranpulu' botatzen zizkieten arkupean.© Mª Amor Beguiristain
26. Elizetako arkupeen harrizko horma sendoak betidanik erabili izan dira pilotan aritzeko frontoi gisa, eta gaur ere bai oraindik.© Ojanguren Artxiboa
26. Elizetako arkupeen harrizko horma sendoak betidanik erabili izan dira pilotan aritzeko frontoi gisa, eta gaur ere bai oraindik.© Ojanguren Artxiboa

Gaur egun, oraindik, leku batzuetan, apaizak eliz atarian hartzen du gorpua, bertaratutako batzuk lagun dituela, eta han otoitz bat eginda, segizio txiki bat antolatzen da presbiterioraino: aspaldian hildakoaren etxetik oinez etortzen zen segizioaren aztarrena da hori. Herri batzuetan ahaideak ez ziren sartzen elizan: atean gelditzen ziren hildakoarekin batera, negar-kantariak edo hiletariak lagun, eta eliz barruan beste senitarteko batzuk egoten ziren haien ordez. Opariak ere eliz atarian utzi ohi zituzten, eta mezatan eskaintza iristen zenean, orduantxe sartzen zituzten elizara. XVII. mendeko iturri historikoek adierazten dutenez, antzina ohikoa izaten zen opari nagusitzat animalia bat eramatea, normalean ahari bat edo idi pare bat, segizioaren buruan joaten zena, edo zerraldoaren ondoan. Elizara heltzen zirenean, horman propio iltzatutako uztai batean lotzen zituzten animaliak. Uztai hori oraindik ere badago eliz atari batzuetan, Aizarnazabalgoan, esaterako, non aberea honela ekarri ohi zuten: aldean zeramatzala parrokiak utzitako gainjantzia eta adar bakoitzean ogi errosko bana. Hileta elizkizunen mailaren arabera balioztatzen ziren eskaintzak. Hala, XVIII. mendean egiaztatuta dago hileta handietan idi bizi bat ere eramaten zutela oparitzat, eta elizkizunak bukatutakoan atzera baserrira itzultzen zela, pisuagatik zegokion diru kopurua ordaindu eta gero; dirua apaizari ematen zioten, hiletetan izandako arduraren ordainetan. XIX. mendean ere etxe garrantzitsuren bateko jauna edo andrea hiltzen zenean, usadio bera errepikatzen zuten, eta segizioan animaliak eramaten zituzten: idiak -galako jantzita-, aldean manta beltza, urrezko gurutzea eta txintxarriak zituztela; edota zekor eder bat, adarretan loreak eta errosetak zeramatzana; baita ere, ahariak, harakaiak edo hegaztiak, elizako sarrera nagusiraino eramaten zituztenak. Nahiz eta Batzar Nagusiak eta Gaztelako Kontseilua erritu hori kentzen ahalegindu ziren, egiaztatuta dago, artean 1917an egiten zela, Zumaiako Oikia auzategian, usadio zaharraren arabera apaindutako idiaren eskaintza hori.

27. Hileta segizioan opariak eraman ohi zituzten. Emakumeek uzten zituzten opariak eliz atarian, eta gero jantokian sartzen zituzten.© José Roldan Bidaburu
27. Hileta segizioan opariak eraman ohi zituzten. Emakumeek uzten zituzten opariak eliz atarian, eta gero jantokian sartzen zituzten.© José Roldan Bidaburu
28. Ahariaren eskaintza:<br /> Orexa, 1977. Hileta segizioaren buruan edo zerraldoaren ondoan, ahariak eraman ohi zituzten, eta familia dirudun batzuek, berriz, idiak, manta beltzez eta gurutze batez estaliak, gero eliz atarian uztai batean lotzen zituztenak. Hileta elizkizunak bukatutakoan, animaliei balioa eman, eta jarritako prezioa eskaintza gisa ematen zuten.© Iñaki Linazasoro
28. Ahariaren eskaintza:
Orexa, 1977. Hileta segizioaren buruan edo zerraldoaren ondoan, ahariak eraman ohi zituzten, eta familia dirudun batzuek, berriz, idiak, manta beltzez eta gurutze batez estaliak, gero eliz atarian uztai batean lotzen zituztenak. Hileta elizkizunak bukatutakoan, animaliei balioa eman, eta jarritako prezioa eskaintza gisa ematen zuten.© Iñaki Linazasoro

Hiletaren ondoren, zenbait lekutan, otordutxo batera -ogia eta ardoa- gonbidatzen zituzten zenduaren senitartekoek hiletara joandakoak, eta hura ere eliz atarian zerbitzatzen zuten, hileta meza bukatzen zenean. Baditugu lekukotzak Zerain eta Zegamako herrietan hala izaten zela. Errituzko otordu horrek "karidadea" zeritzan. Partiketan nor bere sexukoez arduratzen zen, eta denak paretari bizkar emanda jartzen ziren, biribilean, ahopean hitz eginez. Orduan, herriko alkateak -ahukuan beti buru egiten zuenak- bukatu zutela ikusten zuenean, txapela erantzi, eta otoitzean hasten zen, ozenki, erreguak eginez. Errituzko otordu horri Oiartzunen "hamaiketako" esaten zioten, eta Getarian, berriz, "seixiak". Era berean, badakigu XX. mendearen hasieran, zerraldoa eramaten zutenei edo andariei, herri batzuetan, platerkada bat bakailao ematen zietela eliz atarian. Oiartzungo elizako arkupeetan errespontsuak ere errezatzen zituzten Domu Santu egunean edo Arimen egunean, meza nagusiaren ondoren, eta emakumeek, atera ahala, boneteetan txanpon batzuk uzten zituzten. Badakigu baita ere, Karrantzan, elizako arkupean egiten zela meza hori. Liturgia bukatutakoan akolitoak eliz atarian bertan apaizen zain egoten ziren, eta orduan, diru bilketan egokitutako txakur txikiak botatzen zituzten.

Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2024 Kultura eta Euskara Departamentua- Gipuzkoako Foru Aldundia.
Para conectar con nosotros mediante skype pulse aquí
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net