Bakanak dira Erdi Aroko ataurreak Gipuzkoan, baina berak dira kualitatiboki erromanikoaren testigantzarik adierazgarriena. Kasu batzuetan, parrokia alde batera utzi ondoren hilerriko sarreratzat erabili ziren, hala nola, Pasai San Pedrokoa, Azkoitikoa edota Aretxabaletakoa. Denek dute ezaugarritzat erdi-puntuko arkua, hala nola, Amezketako Ugartekoak, Arrasateko Garagartzakoak, eta Zumarragako Antioko baselizakoak, XII. mende betekoak; Ormaiztegikoan, gainera, arkuaren haria arkutxo zorrotz gotikoez osatuta dago, eta Idiazabalgoan ere bai.
Estilo gotikoaren barruan, begien bistakoa da ataurre batzuetan, orduko tenpluek handitasun nabarmena eduki beharko zutela; beste batzuetan, berriz, apainduren soiltasuna nabarmentzen da, Abaltzisketakoaren ataurrean ikusten dugun bezala. Aipagarriena Debakoa da, egitura aldetik hasierako aldi batekoa. Eliz sarrera hori dorrearen oinarrian dagoen hutsarte handian aterpetuta dago. Dorrepean ere eraiki zen Elgoibarko Olasoko San Bartolomerena, gaur egun hilerriko sarrera ere badena. Debakoak estilo aldetik Laguardia eta Gasteizko arabar ereduei jarraitzen die, eta bi maisuren edo bi lantegiren eskua antzematen dugu. Getariako Salbatore elizakoak, XIV. mendekoak, arkiboltekin proiektatua izan behar zuen, Debakoak bezala, ate-zangoetako molduretan islatzen denez. Tinpanoa eskulturarik gabe dago eta atearen baoa arku oxkarratu batekin marrazten da. Soiltasun bera agertzen du Arrasateko parroki elizakoak, arku zorrotzeko bere formei jarraitzen dienak, atearen albo banatako kolomatxo txikien jarraipen gisa; ateburuan, dagoeneko, arku ia zuzen bat dago, berpizkundekoa. Apaingarri bakarra taila polikromatu bat da, Aita Betikoarena, bedeinkazioa emanez, XVI. mende hasierakoa. Originaltasun handikoa da Idiazabalgo ataurrea, hilarrietan eta historiaurreko nahiz erromatar zeramika lanetan antzina-antzinatik erabilitako apaindura errepertorioetatik mugitzen dena, eta ezin hobeki landutako apaingarri geometrikoak eta giza irudiak dauzkana. Beste ataurre gotiko batzuk, oso interesgarriak, Adunakoa, Ezkiokoa, Berastegikoa, Elduaingoa eta Berrobikoa dira. Berrogeita hamarreko urteetan izandako uholdeek suntsitua, bestalde, Tolosako Santa Maria parrokiako alboko kapera batean mantendu da San Esteban ermitako ataurre gotikoa.
XVI. mendeko elizetako ataurreak ez dira gipuzkoar berpizkundearen gauzarik nabarmenena; ale bakan batzuk besterik ez daude, izan ere, orduan egindako ahaleginak, lehenago azaldu dugun bezala, gaur egun ikus ditzakegun tenplu ikaragarriak altxatzera zuzendu baitziren. Horietako bi tradizio gotikoko eraikinetan txertatu ziren: Oñatiko Bidaurretako monasteriokoa, zalantzati gotikoaren eta berpizkundearen artean bere arku eta nitxoetan; eta Hondarribiko parrokiakoa, 1566koa, gustu zeharo berpizkundetarra daukana, arku kasetoidun baten pean aterpetua, eta integrazio miresgarria agertzen duena bere bi ateen arteko loturan, hango moldura fin eta etengabeengatik. XVI. mendearen lehen erdialdean eraiki edo eraldatutako elizen barruan Eibarko elizaren iparraldeko ataurrea daukagu, 1547. urtea daukana, orduan eraiki baitzen, eta aipagarria da bere harlandu plateresko luxuzkoagatik. Dotorea da Aizarnako elizakoa, arkibolta lodien peko bi sarreratan banatua, berebiziko harmonia agertzen baitu; bere zabaltasunagatik eta eraiketa saiatuagatik nabarmentzen da landa inguruko elizen artetik.
Gipuzkoako XVII. mendeko erlijio ataurreak biluztasun handiko jokamolde soiletatik abiatzen dira. Begien bistako ekonomi krisialdi baten emaitza dira, haren eraginez apaldu egin baitzen aurreko mendean kementsuen agertutako elizgintza. Tradizioaren indarrak eraginda berpizkundearen aurreko aroetan finkatutako ereduak errepikatu ziren, baina pixkanaka-pixkanaka aldatzen joan ziren, artistaren fantasiak izan ohi dituen askatasunak edo lizentziak sartu ahala.
Lehenengo enkarguek garrantzi txikia daukate: tenpluetako irekidurak moldura soilez janztera mugatuak, eta haiei emandako irtenbideek eta osagaiek Juan Herrerak ekoiztutako lanak gogorarazten dituzte, zehazki El Escorial. Sarrerako irekidurak edo ateak ateburudunak izaten dira, Zumarragakoa bezalakoa, edota arkudunak. Alboetan pilastrak ezartzen dira, eta ateen apaingarri, halakorik badago, piramide boladunak edo akroterak, Urrestillan bezala; edota erdian gurutze bat edo kartela bat, ertzak bere baitan kiribilduak dituzten larruzkoak gogorarazten dituena. Osagai guztien zurruntasuna eta lautasuna leuntzen dituen gauza bakarra goiko errematea da, frontoi erakoa, kasu askotan hautsita agertzen dena, goialdean kiribil lodiak eratuz, Eibarko alboko ataurrean bezala, edo Zizurkilgoan, non idulki baten gainean eskultura txiki bat gehitzen zaion. Zutabearen euskarri klasikoa zenbait ataurretan azaltzen da sarrerako arkuak azpimarratuz. Egitura horiek bereizgarri dute aurrekoak bezain lauak ez izatea, zutabeak eta haien idulkiak aurreratuta daudelako. Zutabe joniko bikoitzeko eskema bat Getarian aurkitzen dugu, fuste ildokatuen eta bihurrikatuen bitartez egina, eta idulkietan kajeatu handiak dituztela. Apaindurari baino arkitekturari lehentasun handiagoa ematen dioten sorkuntza soilek XVII. mendearen azken herena arte iraun zuten, baina denboran aurrera egin ahala, motiboak irtenagoak dira eta erliebe handiagokoak, moldura lodi gainjarriak erabiliz, zentzu biderkatzaile batez; horren adibide dira Albiztur edo Beizamako ataurreak.
Tipologia berri bat garatu zen komentu batzuetako elizetan. Laukizuzen erako fatxada da, azpialdean arkuak dituena, eta erremate gisa frontoi triangeluarra. Haren jatorria karmeldarren eliza ereduetan datza. Eskema horren arabera sortu ziren Lazkaoko Bernardatarren eta Karmeldarren komentua eta Segurako Sorkundeko komentua. Frontoirik gabeko bertsio "escorialdar" bat Tolosako San Frantzisko komentua da. Santutegietan eta elizetan ere Vignola arkitektoak Erroman proposatzen duen estilo hauxe aurkitzen dugu: behe gorputza eta atikoa, kiribilduren edo orejoien bitartez lotuak. Plan hori Dorletako Basilikaren ataurrera eraman zuten, edota Alegiako elizara.
Dorrea atari gisa egokitutako edo baliarazitako fatxada eredua dagoeneko XVII. mendearen erdialdean eta bukaeran agertu zen, gauzatu gabe gelditu ziren zenbait diseinutan, hala nola, Martín Agirre arkitektoarenean eta Lucas Longarenean, baina gauzatuak izan zitezen ia hurrengo mendearen erdialdera arte itxaron behar izan zen: Elgoibarko eliza, Ignacio Iberok egina; Andoaingoa eta Usurbilgoa, haren seme Franciscok eginak; eta gero, Eskoriatza, Aretxabaleta eta Ibarrakoak, Martín Carrerak eginak.
Erantsitako eraikinei ikuspegia ez kentzeko nahiaren emaitza izan zen Tolosako oraingo ataurrea, Tomás Jauregik diseinatua, egitura aldetik "dorreondo" bat edo dorre baten lehen gorputza bakarrik garatu delako.
Arku baten pean aterpetutako fatxada bereziki errotu zen Gipuzkoan, eliztarrak babestuko zituen leku egoki bat sortze aldera. Estilo horretakoa da Pasai Donibaneko parrokiakoa, eta Errenteriakoa, ustez Gómez Mora arkitektoak egina; Segurakoa, berriz, barrokoagoa da, bere apaingarri puztu eta argilunengatik. Eskema horrek espazio sakontasun handiagoa hartu zuen XVIII. mendean, arku batean sartu ordez nitxo handi batean edo horma-zulo erraldoi batean sartu zenean, garaipen arku bat bailitzan. Tankera horren jarraitzaile dira Hernani, Azkoitia eta Zegamako ataurreak, errematerako frontoia dutenak, atzeko murrua ez ikusteko oihal gisa, Oñatin bezala. Aldaera bat da Donostiako Santa Maria eliza, albo banatako bi dorre karraturen artean sartuta baitago. Era berean, berrikuntza bat da, eraikuntzaren ikuspegitik, Loiolako Santutegikoa, gerriko erdizirkular baten antzera ixten baitu tenpluaren ingurua.
Gipuzkoako fatxada neoklasikoen adibiderik onenek ezaugarri bera dute: garrantzi hiritar nabarmena, arkupeek edo nartex arkupetuek eta harmailadiek areagotua. Estilo hori bortxaz ezarritako belaunaldiaren barruan dago Ventura Rodríguezen lana, Francisco Iberok eraikitako Azpeitiko parroki elizan egindakoa, horizontaltasunean pentsatua, atari klasiko baten gisara. Lengoaia berarekin eta monumentu kutsu sendoarekin eraiki zen Elgetako ataurrea, bai dorrea bai eliza besarkatzen dituena aurretik eta alboetatik, arkuz eta leihoz hornitutako arkupe ikaragarria baita. Antzeko estilo bati jarraiki egin zen Usurbilgoa, baina garaiera eta garrantzi txikiagokoa epistola aldean. Estilo horretan esperientzia benetan berritzailea Silvestre Pérezek eraman zuen aurrera Mutrikuko elizan, non ataria ia modu independentean egituratzen den, bolumenen argitasun harrigarriz.