Eliza gehienak inguruko lurzoruaren maila berean zeudenez, oso gutxitan egin behar izan ziren harmailadiak. Gehienek garrantzi handirik gabeko eskailera txikiak dauzkate, beren eginkizuna betetzeko modu irregular eta asimetrikoan egokitzen direnak, Eibarkoaren sarrerakoa, esaterako. Beste batzuk, berriz, nahiko pikoak eta eskailera-bururik gabeak, hormatxo molduratuekin ixten dira balaustreekin itxi beharrean, eta hasieran bolazko apaingarriak dituzte, Zegamako alboko eskailerak, esate baterako.
Eraikin ikaragarriek bakarrik dauzkate harmailadi bikainak atarian, eta denetan azpimarragarriena Loiolako Santu-tegikoa da. Hango harmailadi handia, tenpluaren eta eraikinaren gainerakoaren arteko desnibela gainditzekoa, arreta handiz egin zen, Santutegiak berealdiko sarrera bat eduki zezan, eta dotoreziaz konpondu zen altuera desberdintasunaren arazoa. Egiazki, eliz ataurrearen osagaia da ia-ia, hari atxikita dagoelako, oinplanoan ia haren zabalera osoa hartuz. Oinezkoak aurreneko hamahiru mailak igo eta eskailburu zabal batean ezar-tzen du oina; ezker-eskubi bi eskailera-atal sortzen dira al-boetatik, hamazazpina mailakoak eta zabalera txikiagokoak; erdiko eskailerak, berriz, neurri berdinekin jarraitzen du gorantz. Planteamendu horrek daukan gauzarik azpimarragarriena da lerro zuzenen eta kurbatuen arteko jokoa, konbinatu egiten baitira hormatxoetan, barandetan, atsedeneko eserlekuetan, eta baita zoruko lauzaduran ere, non berariaz jarraitzen dion erritmo berari, modu berezian areagotuz azkenekoen inguruan. Batez ere nabarmendu beharrekoa da harlanduak lan guztietan daukan kalitatea eta fintasuna. Harmailadi horretan azpimarratzea merezi duen motibo bat balaustreen antolamendua da, barrokoki egokitzen baitizkiote formak arrapalaren maldari. Harmailadi handi horrek fun-tsezko aldaketa dakarkio kanpoko espazioari, eliz ataurreari zentzu eszenografikoa emanez.
Ezin ahaztuzkoa da Donostiako Santa Mariako harmailadia ere, buruan plataforma zabal bat daukalarik, multzo osoari taxua ematen baitio. Berdin gertatzen da Andoaingoan ere, baina kasu honetan eskailera txikiago batetik igota zabaltoki handi bat dago, inguru guztian horma bat duena; hormak harrizko lore-ontzi dotoreak dauzka pilare ondo landuen gainean. Tamaina handikoa da, era berean, Elgetako Jasokundeko Andra Maria elizako harmailadi dotorea, zabaleran luzatua aurrealde osoa harrapatzeko, baina gero murriztua dago sarrera nagusiaren ardatza markatuz erdiko arku handiaren aurrean, Errenteriakoak egiten duen bezalaxe.
Beste batzuek, berriz, hala nola, Azkoitiko Santa Maria elizak, biribilduta daukate eskailera mailen errematea, eta igo ahala gero eta murritzagoak dira; horrela lortzen dute aurrealdeko nitxo handiari sakontasun zentzua areagotzea. Originala baina berriagoa da Hernaniko San Joan Bataiatzailearena: erdian sarrera bat eta alboetan bana; plataformara igotzerakoan ezker-eskubi bi zabalgune biribil daude terraza modura, burdinazko balaustreak dituztenak.
Aurrealde neoklasikoek, ardatz-mailadiak dituztenek, hirigintza zentzu indartsua daukate, eta gogora ekartzen dute tenplu klasikoetako sarrera, Mutrikun ikusten duguna bezalakoa.