Eliz atariak eta arkupeak non kokatu era askotara aukeratzen zen, elizak hiri eremuaren barruan zeukan kokapenaren arabera, hain zuzen ere. Hasiera batean gainerako hiri-osagaien bateratze gune gisa funtzionatu zuten, beren gain baitzeukaten ahalmen espirituala ez ezik, Kontrarreformak emandako ahalmen politikoa ere, eta horregatik egoten ziren nagusiki herriko plazari begira, beren izaera eta idiosinkrasia azpimarratuz.
Beste kasu batzuetan, berriz, bat egin nahi dute beste eraikin publiko batzuekin, hala nola, udaletxearekin, mediku etxearekin, pilotalekuarekin, eta alondegiarekin, edota herritarren etxe arkupetuekin -dendetarako eta merkaturako zirenak-, beren ordezkaritza bilatuz elkarbizitzako lekurik garrantzitsuenean, plazan, alegia, Elgoibarren edo Zestoan ikusten dugun bezala, baten batzuk aipatzearren. Saneamendu lanak edo fatxadetan sendotze lanak egiten zirenean, ohiko gauza izaten zen orubeak eta lursailak erosi eta eraikinak lurrera botatzea, hartara eliz sarrera haien aurrean toki zabalagoak, duinagoak eta bateragarriagoak sortzeko; eta horri esker herrien fisionomia aldatu egiten zen, eta herriak bizkortu, hiri-bilbean gauzatuta gelditzean. Tankera horretako lanak dira Zegamako elizaren inguruan Manuel Martín Carrerak 1777. urtean egindakoak: batera egin ziren, batetik, eliz atariko saneamendu lanak; bestetik, elizarentzat estalpea edo arkupea eraikitzea; eta azkenik, eraikin horien inguruko espazioa birmoldatzea eta berdintzea.
Dagoeneko elizaren kokalekua finkatuta dagoenean, baldin eta haren aurrealdeak plazako esparruarekin bat egiten ez badu, orduan elizak lekuz aldatzen du sarrerako atari nagusia, plaza aurrean ager dadin. Batzuetan alboko hormetan dorre eder ikaragarriak altxatzen dira, neurriengatik inguruko eraikinetatik modu arranditsuan nabarmentzen direnak, eta dorrearen eginkizuna nahiz atariarena daukate, barruan sarrerako ataurreak aterpetzen baitituzte, Usurbilgo eliz parrokian gertatzen den bezala. Irtenbide hori alboetan bakarrik ez, elizaren oinetan ere hartu ohi da, eta barruko irtenbide bera egiaztatzen dugu Eskoriatzako San Pedro elizan ere -1768. urtean amaitua-.
Halako sarreren beste kokaleku batzuk elizetako gurutzadurak edo zeharkako nabeak dira, sarrera batzuk estalpetuta, dela arkupez, dela atariz, dela zimitorioz, jatorrizko ehorzketa lekua izaten baitzen eliz ingurua. Korura iritsi aurretik azkenaurreko tartean ere kokatzen ziren, Zeraingoan edo Orendaingoan bezala. Aipatutako guztietatik erabiliena sarrera oinetan daukana da, aldare nagusiaren aurrez aurre, baina horrek ez du baztertzen alboko beste sarrera batzuekin osatzeko aukerarik, eliza askok hiru ere badauzkatelako.
Hartzen duten lekua ez da beti zabala izaten, eta batzuk beren mugek behartuta sortzen dira, lurzoruaren gaina desnibel handikoa delako; horrek eraginda, arkitektoek beren diseinuak leku txikietara egokitu behar izan zituzten, sormenerako aukerak murritzagoak izanik. Hala gertatu zen 1743an Errezilgo eliz atarian, non Ignacio Ibero arkitektoak ataurrearen barruan sartu behar izan baitzituen gainean zeukan dorrearen arkua eta gangako nerbioak, eta terreno menditsu baten berezko desnibela gainditzeko, eskailerak egin behar izan zituen, hartara sarrerak maila apalago batean zegoen plazarekin bat egin zezan, plazan udaletxea eraiki baitzen.