Zaila da kuantifikatzea eta balioztatzea barroko aldiko XVII. eta XVIII. mendeetan Gipuzkoako eliz ataurreen diseinatzaileek eta arkitektoek azken batean orduko modaren jokabideei jarraitu ote zieten, izan ere, orduko gustuaren eskakizunak lotura baitzeukan mugimenduarekin, dinamikotasunarekin, eta hormen aurreratze nahiz atzeratze erritmoekin. Batez ere zaila da kontuan hartzen badugu, herrien baliabideak, lehenago adierazi dugun bezala, ez zirela izugarri handiak. Hala eta guztiz ere, esan daiteke arkitekto gailenek, bederen, halako efektuak ezagutzen eta probatzen zituztela, lan egiteko askatasuna baldin bazeukaten, eta diru baliabide onak baldin bazituzten, behintzat. Soiltasun handiko adibide bat daukagu Andoaingo elizan, non Franciso Iberok, proiektua diseinatzeko autonomia osoa edukita, eta tenpluaren aurrealde osoa bateratzeko irrikak hartaratuta, dorrearen hormak alboetatik luzatu zituen, pantaila edo oihal gisara, eta arkupeei lotu; horrela, osagai horiekin guztiekin, eliz aurre ikaragarria sortzea lortu zuen. Era berean, zabaldutako bi hegal horiek mugimendu ahurra egiten dute, garai hartan berezkoak ziren efektu erritmiko barrokoak sortzeko asmoaren emaitza gisa.
Askoz aurreratuagoa da, alderdi horretatik begiratuta, Donostiako Santa Maria elizako ataurre interesgarria, non Iberok berak, geroago, berriro jokatzen duen ahurtasunarekin eta ganbiltasunarekin. Aurrena sarrerako nitxoa antolatzen du, eta horren jarraian, bertikalki, gorputz bat, doi-doi aurreratzen zaiguna; mugimendua gehiago antolatzen du eliz hormako dorreak ere aurreratuz.
Ataurreen aurreratze eta atzeratze mugimenduak, eta giltzadura edo erritmo etenak eta hautsiak sarri antzematen dira mende horietan, batik bat haien osagaietan: frontoi, moldura eta erlaitzetan; osagai sostengatzaileetan, hala nola, zutabeetan; eta osagai apaingarrietan. Hala ikus dezakegu Hernani eta Azkoitiko elizetako ataurreetan eta Dorletako Santutegikoan.
Aldez aurretik argitu beharrekoa da, antza, hemengo arkitektoen eskuetan jarri ziren hirigintza proiektuak ez datozela bat Europako beste lekuetan egin ziren perspektibako plangintza handiekin: espiritu apalagoak gidatzen ditu hemengoak. Ataurreen egituraketari dagokionez, ataurre gehienak aurrealdean kokatuta daude, plazekin, bideekin eta alderdi garrantzitsuekin bat eginez. Hala, Donostiako Santa Maria basilika, nahiz eta eliza zaharrago bateko orubearen gainean berreraikia izan, horma batek mendiari erantsita egon beharraren traba edukita, lurzorutik gora altxatuta dago, jatorrizko hiriguneko kale estuak baino gorago, alegia, eta hiru ikuspegi edo perspektiba sortzen ditu: aurretikoa, Kale Nagusitik begiratuta; albotikoa, Abuztuaren 31ko kaletik eta Gazteluko jaitsieratik iritsita; eta zeharkakoa, Kanpandegi kaletik begiratuta.
Soluzio praktiko bat bilatzeko premia ahaztu gabe, Donostiako Santa Mariaren kokapenari izaera eszenografikoa sumatzen zaio. Juan Bernardo Frosnek 1744an egindako planoaren arabera, han ageri den aurreko elizak eta kaleen antzinako antolaketak antz handia daukate Pedro Manuel Ugartemendiak sutearen ondoren egindako berreraikuntzakoekin. Hala, Plaza Zaharretik Kale Nagusian barrena hurbiltzen ari zen oinezko bat irudikatzen badugu, kalean doi-doi sartuta ikusiko zuen ataurreko horma-zulo edo nitxo handia. Bere bideari jarraituz, Iñigo Alto kalera iristerako, ikuspegi zabalagoa eskaintzen zitzaion: nitxoa eta albo banatako dorreak. Azkenik, kalearen bukaerako ahoan, osorik ikusiko zuen ataurre nagusia elizan txertatua. Horrek esaten digu eraikina hiriko espazioan txertatuta dagoela, eta ikuspuntu edo perspektiba ezberdinak bilatzen dituela. Gainera, eliza eta kalea uztartuta daude, kanpoko espazioa nitxoaren barruan edo eraikinaren bolumenean sartzen baita; eta, beste alde batetik, fatxadaren goialdeak, doi-doi aurreratzen denez, hiriko espazioan barneratzeko efektua egingo luke. Baliabide hori berezkoa du barrokoak: jolas bat sortzea eraikin masaren eta hiriko espazioaren artean.
Aurrealdeen izaera azpimarratzeko gogoa nabarmentzen duen beste adierazpen bat Loiolako Santutegian aurkitzen dugu. Artean Oiartzungo Sebastian Lekuona arkitektoa bizi zela, berak ekin baitzion hango eliza eraikitzeari, bide bat egitea pentsatu zuten, Azpeitiko herria eta Santutegia lotuko zituena. Hargatik, balizko bidearen inguruko alderdiak ikuskatu eta balioztatu ziren, eta loturazko bide bat ere egin zen, baina ez ikaragarrizko izaera nabarmenekoa, antza denez. Hala, Ignacio Iberok, obrako agintaritzan haren ondorengo izan zenak, berak prestatu zuen txosten bat bide hura zabaldu eta konpontzeko, 1733an. Munta handiagoko obra bat egin zen azkenean lursailak laga zituztelako Medina de Rioseco-ko dukeak, Alcañices-ko markesak eta Loiolako Maiorazkoal. Lortu nahi zuten ideia nagusia zen aurrealdea gorestea eta nabarmentzea, urrutitik begiratuta enkoadratuta geldituko baitzen bere kupula ikaragarriarekin eta dorreekin. Galtzada zuzen hura eraikinera iristen zenean, zabaldu egiten zen, plaza txiki bat edo espazio dibergente bat osatuz, ataritik aurreratutako harmailadi handiaren aurrean bertan. Proiektuaren marrazkirik ez daukagun arren, eraikuntzako agirietatik ondorioztatzen diren xehetasun batzuk baditugu. Esperientzia horrek ezaugarri nagusi du trazaduraren uniformetasuna, eta, halaber, hiribide handi bat osatu nahia, oinarritzat luzetarako ardatz lerrozuzen bat hartuta, ikuspegiaren perspektiba efektuak lortzen lagundu zuena, etorbide ikaragarri horren bukaera panoramiko gisa.