Segidako aldaketa teknologikoek eta zenbait jardueraren garapenak bizimoduak aldatuko zituzten, arian-arian, milurteko honetan. Eraldaketa horietako asko mota desberdineko euskarritan fabrikatuko ziren materialetan islatzen dira; horietako batzuk, gainera, berritzailetzat jo ditzakegu. Bilakaera honen oinarrian objektu batzuen inportazioa edota imitazioa zegoen, baina prozesu uniformea izango ez zenez joera bereizgarriak agertu ziren. Dena den, joera horiek sarritan nabarmen agertzen ez direlarik, irudi dakiguke kultura homogeneo baten aurrean gaudela.
Gizarte hauetan hatuetako elementu gehienak, aberatsegiak ez direnak, nekazaritza eta abeltzaintzako jarduerekin lotuta daude; material horietako batzuk guganaino iritsi dira etxebizitzen barnealdean edo horietatik hurrean banatuta, eta hala oso lagungarri gertatu dira eremuotako espazioaren egituraketa berreraikitzeko garaian.
Zerealak, ezkurrak eta beste produktu batzuk -ez ezinbestean elikagaiak-
ehotzeko zirkulu eta barku-formako harrizko errotekin lan egin zuten etxebizitza
barrenean edo etxebizitzatik hurbil. Neurri desberdineko uharriak kolpekari
edo leuntzaile gisa erabili zituzten, eta sutan eduki ondoren zurezko ontzietan
jasotako likidoak berotzeko ere balioko zuten. Suharri industria, aurreko
garaietan gertatzen zenaz oso bestela, dagoeneko nahikoa urria zen.
Gaur egun barku-itxurako errotak badauzkagu, Intxurrekoa eta Basagaingoa, eta baita azken aztarnategi honetako biribil bat ere. Era berean, ugari dira txikitze eta ehotze lanetan erabili izanaren arrasto nabarmenak dauzkaten errekarriak ere, gainazalaren leuntze oso esaunguratsua daukatenak alegia; beste kasu batzuetan, arrasto edo seinale batzuek argi erakusten dute kolpekari gisa erabili zituztela. Horien guztien aleak aurkitu dira indusita edo indusketa fasean dauden Buruntzako, Basagaingo, Intxurreko eta Munoaundiko esparruetan.
Zeramikak pieza ugari ditu epe honetan, eta aurkitutako gauza gehienak puskatutako ontziak dira. Pieza sorta zabala fabrikatuko zuten etxe edo herri mailako tailerretan, eskuz hasieran, eta zenbaitetan, digitazio, azkazal marka, ebakidura eta lokarri-formako gaiez apainduko zituzten. Ontziak, normalean azpi laukoak, batzuetan neurri txiki edo ertainekoak dira -hauek sukaldekoak direla esan genezake-, eta beste batzuetan oso neurri handiak hartzen dituzte, likidoak edo janariak (ura, aleak, fruituak, etab.) jaso ahal izateko. Tipologiari begiratuta aniztasun handia egon arren, S forma leunak sarritan ikusten dira, eta lantzean behin, berriz, kono-enbor formak, lepo irekiak edo irekitzera egiten dutenak nagusi. Gainazalei emandako tratamendua deskribatzea ez da batere erraza, zeramika hondar horietako gehienak gure eskuetara zein egoera txarrean iritsi diren ikusita. Dena den, badirudi gehienetan leundu besterik ez zituztela egin, eta soilik oso noizean behin distirarazi.
Ontzi mota hori eratzen duten oreek oso prozesu nabaria jasan dute zeuden tokian utzi ostean, eta horrek izugarrizko eragina izan du ontzien gogortasun eta kontserbazioan, zeramika-oreari sendotasuna ematen dioten kaltzitazko gehigarriak zeharo disolbatu baitira. Erabilitako materiala arreta handiz aukeratuta dagoela antzematen da, eta buztina herrixketatik oso urrun joan gabe bildua dela, kilometro batetik zortzirako tartean alegia. Pieza horiek 600 eta 750º C bitartean egosiko zituzten, lurrean egindako zuloetan, zeren eta egoste nagusiak erredukzio-motakoak ziren, eta oso irregularrak; gainera, batzuetan antzematen dira garrekin izandako zuzeneko kontaktuaren aztarnak. Hala eta guztiz, badira azken egoste oxidatzailea izan zuten zeramika batzuk, oso labe sinpleetan fabrikatuak beharbada (C. Olaetxea, 2000).
Buruntza, Basagain, Muno-aundi eta Intxurreko herriek aukera bikaina eskaini dute eskuz egindako milaka ontzi zati berreskuratzeko. Horien artean azpimarratzekoak dira, inondik ere, Buruntza eta Intxurreko ontzi handiak, lokarri digitatuz apainduak, eta kasu askotan horiek bezalaxe apainduta dauden neurri ertain eta txikiko batzuk.
Milurtekoaren lehen erdia igaro eta gero, aztarnategi batzuetan (Basagain, Moru eta Munoaundin) kalitate hobeagoko zeramika mota bat agertu zen, tornuz egina eta normalean zeltiberiar deitua; kolorez gorri-laranja da, eta zeramika honen bidez oso milimetro gutxiko lodiera duten pareta fineko pieza txikietatik hasi eta produktuak biltzeko neurri handi samarreko ontzietaraino heltzen dira. Hala ere ezagutzen ditugun kasu guztietan zeramika hau gutxienekoa da eskuz egindakoarekin alderatuta. Atentzioa ematen dute, dena den, Basagaingo herrixkan aurkitutako gopor txiki batzuen zatiek, oso pareta mehekoak baitira, ertza kanporantz biratua eta zilbor-formako hondoa baitute. Era berean, Basagain eta Munoaundiko indusketetan aurkitutako ertz lodi eta molduradun zati batzuk aipatu behar dira, ontzi handi batzuenak zalantzarik gabe.
Metalezko objektuei dagokienez, berriz, esan behar dugu horrelakoak lehenagoko garaietatik egiten ari zirela gure lurraldean. Garai honetan brontzea produzitzen jarraitzen zuten, eta honen bidez hainbat pieza lantzen halaber, baina lehen milurtekoaren lehen erdia igaro ostean epe honetako eraldaketa handietako bat gertatu zen: burdinaren metalurgiaren hasiera, alegia. Metal hau erabili zuten objektu asko egiteko, bai etxebizitzak eta hainbat egitura eraikitzeko unean bai nekazaritza eta abelazkuntzako jardueretarako lanabesak eskuratzeko unean, armak egiteko bezalaxe. Igitaiak, nabarrak, aiztoak, txurroak, grapak edo iltzeak, aurrerantzean, burdinazkoak izango ziren, eta brontzea apaingarriak egiteko soilik erabiliko zen, hala nola zintzilikarioak, eskumuturrekoak, giltzaorratz edo fibulak, etab.
Herrien barnean zepak aurkitu izanak erakusten digu pieza horietako batzuk
esparruetan bertan eginak direla, nahiz beste kasu batzuetan beste jende
batzuekiko harreman komertzialen bidez eskuratuak izan daitezkeen.
Orain artean indusitako Gipuzkoako aztarnategietan aurkitu diren brontzezko material adierazgarrienen artean pisu bat eta dorretxo-formako giltzaorratz bat ditugu, Munoaundiko herrikoak biak. Burdinazkoen artean, berriz, aipatzekoak dira Intxurreko etxeetako baten barnealdean oso-osorik gorde den igitaia, Basagaingo nabarra eta indusitako barruti gehienetan aurkitutako aiztoak, iltzeak eta grapak.
Zura lehengai ugaria da, eta asko erabilia gainera etxebizitzak, itxiturak edo babesak eraikitzeko edota, errekuntzaren bidez, argia eta berotasuna lortzeko. Zurez egingo zituzten, halaber, hainbat objektu Historiaurrearen hasieratik; alabaina, material hau kontserbatzen oso zaila izaki, apenas dugun eginikoaren lekukorik. Dena den hondar asko dugu, eta horietako batzuek aukera ematen digute ikusteko nola lortu zituzten lodiera desberdineko oholak eraikuntzan erabiltzeko; are gehiago, Intxurreko bi kasutan iltze zulo bat eta ziri bat ditugu. Osterantzean, Nafarroako Alto de la Cruz herrian zurezko edalontzi batzuen zati batzuk aurkitu ziren; horiek oso-oso ongi landuta daude, eta toki hartako zeramikan ohikoa den forma bat erreproduzitzen dute. Era berean, ontzi aho zabaleko bat zatekeen baten hondar ikaztuak aurkitu ziren: ertzaren inguruan zuloak zituen, eta J. Maluquer de Motes-ek Euskal Pirinioetan esnea mamitzeko erabilitako zurezko ontziekin lotzen du. (J. Maluquer de Motes, 1954). Aztarnategi batzuetan zenbait lanabes aurkitu izana, birabarkiak, arraspak eta zeioak agertu baitira besteak beste, zur lanketaren egiaztagarri da, seguruenik ohiko kontua izango baitzen garai horretan.
Beira-orezko piezak aurkitu izanak batere ohikoa ez den eta kanpotik heldua izan daitekeen material batekin harremanean jartzen gaitu. Lehenagoko garaietan material hori erabili bazuten ere, orain sarriago ageri da lepoko- edo eskumuturreko-ale gisa, urdin kolorez gehienetan, eta zenbaitetan oso apaindura aberatsaz hornituta (Intxurren eta Basagainen). Lehengaia silize, kare eta oxido alkalinoetatik atera ondoren - horiei beste mineral batzuk gehitzen zaizkie proportzio txikitan- urtu egiten da 1200º C-tik gorako tenperaturan. Kolore sorta lortzeko, berriz, beste osagai batzuk gehitzen dira, hala nola metal koloidalak, oxido metalikoak eta gatzak.