Brontze Aroan Gipuzkoako lurraldean bizi zen jendea bizileku bezala aukeratutako tokiei buruz apenas dugun informaziorik gaur egun. Bizitoki horien garrantzia ez zen oso handia izango baina, hala eta guztiz ere, dagoeneko hainbat aldaketa gertatzen ari zen bertan, nekazaritzan, abeltzaintzan eta metalurgian nagusiki.
Dena den, gure Aroaren aurretiko lehen milurtekoaren hasiera arte itxaron beharko dugu gertatzen ari ziren eraldaketen garrantzia argi eta garbi ikusi ahal izateko. Nekazaritza eta abelazkuntzaren garapenak nabarmenki gora egin duen landa munduko gizarte batean gaude. Era berean, aurrerapen teknologikoek berrikuntza handiak ekarri dituzte, milurtekoan aurrera egin ahala.
Garai honetan antolamendu eta garapen maila altua suma daitekeen gune multzoa eratu zen; garrantzitsuak batzuk, ez hainbeste beste batzuk. Eta oraingoz bilgune protourbanotzat hartu behar baditugu ere, jada badira ezaugarri batzuk, gune hauek jende-bilgune huts gisa hartzea eragozten digutenak. Esparru harresituak dira, toki estrategikoetan kokatuak, eta eraikitzeko prozesuan lan handia eskatu dutenak inolaz ere. Honen guztiaren erakusgarri ditugu ongi diseinatutako babes-sistemen trazatuak, talde bakoitzaren beharren arabera hektarea bat baino gutxiagokoetatik 18 hektareatarainoko eremuak mugatzen dituztenak. Eta, kokagunea aukeratu ondoren, mota honetako talde-lanak egiteko beharrezko diren lan guztiak koordinatzeak gizarte-garapen maila handia eskatzen badu, are nabarmenago ageri zaigu garapen hori herri hauen barnealdean.
Aztarnategi hauek pixkanaka-pixkanaka eskaintzen dizkiguten eraikin-egituren aztarnek, horien banaketak, eta loturik dituzten materialek Historiaurrearen azkeneko mailan kokatzen ditugun baina, beharbada, Historiaren estreinako pausotzat hartu beharko genituzkeen jende hauen bizimoduak berreraikitzeko aukera ematen digute.
Atal desberdinetan banatutako etxebizitzek, produktu mota asko biltzeko zeramikazko ontzi handiek, beste erabilera batzuetarako lurrontzi forma ugarikoek, milurtekoak aurrera egin ahala burdinaz egingo zituzten tresna eta nekazaritzarako lanabesek, brontzezko eta beirazko apaingarriek eta beste elementu sorta luze batek, horiek guztiek, hartu-emanetan jartzen gaituzte lurraldea oso-osorik -itsasotik isurialde atlantikoaren eta mediterraniarraren banalerroa eratzen duten mendizerretaraino- hartuko zuten gizatalde hauekin. Hauek herri harresituetan bildurik bizi ziren, eta seguruenik, herri hauez gain, kokagune sakabanatuak eta urtaroko mendi-bizitokiak ere izango ziren.