Gipuzkoako lurraldeak erliebe sorta zabala eskaintzen dio bertan bizi den jendeari, kostaldearen eta atlantiko-mediterraniar uren banalerroa osatzen duten 1.500 metroko altuerako mendizerren artean. Hiru ibai nagusik, Oria, Urola eta Debak, lurraldea hego-ipar norabidean zeharkatzen dute, aldi berean komunikazio-ardatz garrantzitsu bilakatutako beste hainbeste haran eratuz. Haran nagusi horien artean, berriz, beste txikiago batzuek espazioa zatitan antolatzen dute, garaiera eta giro aniztasun handia eskainiz horrenbestez.
Aro aldaketaren aurretiko lehen milurtekoaren une honetan, klima ez zen egungoaren oso desberdina izango, hotzaxeagoa aukeran, nahiz eta neguak epel eta hezeak izango ziren, mendi tontorrik garaienak elurrik gabe utziz hainbat aldiz urte-sasoi horretan; uda freskoa izango zen, urte-sasoi lehorrik gabeko klima epel ozeanikoetan izaten den moduan.
Beheko haranetako tenperatura gozoek eta izotza gutxitan botatzeak, prezipitazio ugariekin batera -are handiagoak izaten baitira inondik ere mendi inguruetan- landaretza oparoa emango zuten, honen barnean basoak izango zirelarik nagusi.
Testuinguru honetan, ingurumenaren gaineko eragin antropikoa aurreko aldietan gertatzen ari zena baino handiagoa izango zen, batez ere bizitokietatik hurreneko inguruetan. Hala, harizti mistoko espazioak hedadura galduz joango ziren zuhaixka, belar, garo eta gizakiaren presentziarekin lotutako landare eta zuhaitzen aurrean.