Kokatzeko egokia den tokia aukeratu ondoren, babes-egitura batzuk eraikitzen zituzten, neurri handikoak inolaz ere, etxebizitzak altxatuko zituzten ingurua eta, batzuetan, soroak eta abereentzako larreak egongo ziren eremuak babesteko.
Zuraz gain harria eta lurra erabiliz, azalera desberdineko espazioak mugatuko zituzten harresiak, lubanarroak eta lubetak eraikiz; haietako batzuek gaur egun arte iraun dute, oso modu ikusgarrian. Sarritan babes hauek herria inguratzen zuten, eta harresi edo lubanarro-lerro paraleloak ere izan zitzaketen. Herria kokatzeko aukeratutako tokia berez, modu naturalean alegia, babestuta zegoenean, itxitura osatu egiten zuten biztanleek, nekez eta asko kostata eraikitako egituren bidez. Intxurreko herrian, adibidez harresiak 1.500 metrotik gorako luzera du.
Obra hauen trazatuak eta egiteak berak lan hauetarako espezialistak beharko
zituen, ongi garatutako antolamendu kolektibo batez eta denbora handi samarraz
gain. Hala eta guztiz ere, gaur egun ziurtasunik ez dugu esateko horien guztien
eginkizun bakarra balizko etsaien aurrean babestea ote zen; eraikin horien
monumentu izaerak, agian, botere edo ospea islatuko zuen, inguruko zein urruneko
lurraldeetako jendeen aurrean.
Lubanarroak nabarmen ageri dira Intxurreko herrian, eta toki batzuetan lau metro sakon izatera heltzen dira; guztira 650 m-ko luzera dute, eta mendiaren gailur biak inguratzen dituzte, horien oinarrian zehar.
Harresiak, oro har, bi hormatalez osatuta daude; horiek egiteko neurri desberdineko harriak erabili dituzte, eta mortairurik gabe jarri; bi paramentuon arteko hutsunea, berriz, harkoskoz eta lurrez beteta dago. Lodieran 2 eta 2,5 m bitartekoak dira, eta garaieran, berriz, kasu batzuetan 2 m-koak direla kalkula dezakegu; hauei erantsi behar, hala ere, bere garaian izan zitzaketen zurezko altxadurak, babes eginkizuna eraginkorrago egingo zutenak. Batzuetan, azaleratutako haitzak baliatzen zituzten babesen trazatuan sartzeko (Intxurren eta Buruntzan), horrenbestez batetik eraikuntza-lana murriztuz, eta bestetik obrari sendotasun handiagoa emanez. Kasu guztietan, badirudi harresia altxako zuten inguruko lurraren aurretiazko prestakuntza zegoela, hain zuzen sendoago izan zedin eta, hala, egituren erorketa saihestearren; izan ere, mendi hauetako malkarretan egiturak behera joatea ez zen aparteko kontua izango.
Zail egiten da esparru hauetako sarrerak non izango ziren zehaztea. Harresietan zabaldutako ateak neurri handi batean desitxuratuta daude, urteen joanagatik, eta aurkitzeko ere indusketa lan luzeak egin behar dira egitura hauetan. Sarreron kokapena, dena den, zeharo lotuta dago bai babestu nahi den erliebe motari bai babesaren beraren diseinuari.