gipuzkoakultura.net

Logo de la Diputación Foral de Gipuzkoa
Logotipo gipuzkoakultura

gipuzkoakultura.net

sábado 21 diciembre 2024





Bertan > Bertan 17 La época romana > Versión en euskera: Meatzaritza

PDF Bertsioa inprimitzeko [11,8 Mb]Ikono Acrobat

Meatzaritza

136. Oiartzungo Arditurri 3ko erromatar meatzearen ebakidura.© Urteaga y Ugalde ( 1986 )
136. Oiartzungo Arditurri 3ko erromatar meatzearen ebakidura.© Urteaga y Ugalde ( 1986 )

Kalkuluek diotenez, 400 gizonen 200 urteko lana behar izan zen Oiartzungo Arditurriko meategian zeuden eta 15 bat kilometro osatzen zuten erromatar jatorriko zulo guztiak irekitzeko. Zifra horiek gehiegizkoak izan litezke, baina, nolanahi ere, garai hartan zilar mea (zilardun galena) asko atera zen, eta ez Arditurrin bakarrik, baita harantzago eta Gipuzkoako beste alde batzuetan ere. Oraingoz dauzkagun lekukotasun arkeologikoek adierazten dutenez, Aiako Harriko inguru guztian, hasi Beratik eta Iruneraino meatze lan asko egin zen, eta Udala edo Bortzirietako mendi inguruetako meategi txikiagoetan ere egin zen. Baliteke, ikerketak aurreratu ahala, orain susmoa dena berretsi ahal izatea, alegia, garai modernoetan ustiatutako meatoki gehienak erromatarren ekimenez ezagutu -eta baliatu- izan direla (eta asko dira, nahiz eta orain inon lanik ez egin).

137. Erromatar meazuloak oso landuak dira; ongi erakusten du hori Arditurri 3ko meazuloetako zati mailakatu honek.© Xabi Otero
137. Erromatar meazuloak oso landuak dira; ongi erakusten du hori Arditurri 3ko meazuloetako zati mailakatu honek.© Xabi Otero

Erromatarren meatzaritzak ezaugarri jakin batzuk ditu: zuloak estuak dira eta ganga erako sabaiak dituzte; paretak pikatxoi lan finez bukatuak dira, eta zatiz zati hutsuneak dituzte, argi lanparak jartzeko; zoruak ondo tailatuak izaten dira, eta, malda dagoenean, mailadunak, errazago ibiltzeko. Erraz antzematen zaie, geroagokoak hain zainduak ez direlako. Gaur arte bi dozena katalogatu dira, eta horiei esker lanaren plangintzari eta lan baldintzei buruzko zenbait alderdi jakin ahal izango dira.

138. Meazuloak argitzeko olio lanparak (lucernae) erabiltzen zituzten.  Meatzarien lan txandak ere horiekin gobernatzen ziren.© Xabi Otero
138. Meazuloak argitzeko olio lanparak (lucernae) erabiltzen zituzten. Meatzarien lan txandak ere horiekin gobernatzen ziren.© Xabi Otero

Mea hobiak bilatzeko, landaredia eta lurrazala behatu eta gero, malda handiko zuloak egiten zituzten, azaleko geruzak zeharkatu eta hobiraino iritsi arte. Aurkitzen zutenean, beste meazulo horizontal bat egiten zuten mea atera eta kanpora eramateko; hobirik aurkitzen ez bazuten edo eduki gutxikoa bazen, hango lanak bertan behera uzten zituzten. Hobiaren ezaugarriak nolakoak ziren, ustiatzeko zulo bat baino gehiago irekiko zuten, ahal izanez gero puntalatu gabe aritzen zirelako; horrek hobiaren zati batzuk ustiatu gabe uztera behartzen zituen.

139. Arroka zatiak askatzeko eta paretei forma emateko, burdinazko meatzari pikatxoiak erabiltzen zituzten. Paretako harria trazu fin gurutzatuak eginez berdintzen zuten, torrefakzioa deritzan eragiketaren bitartez arrokan zuloak ireki ondoren. Arditurri 3ko panela.© Xabi Otero
139. Arroka zatiak askatzeko eta paretei forma emateko, burdinazko meatzari pikatxoiak erabiltzen zituzten. Paretako harria trazu fin gurutzatuak eginez berdintzen zuten, torrefakzioa deritzan eragiketaren bitartez arrokan zuloak ireki ondoren. Arditurri 3ko panela.© Xabi Otero

Zuloak irekitzeko, lehergaiak erabiltzen hasi arte meatzaritzan asko erabili izan den metodo bat erabiltzen zuten, torrefakzioa deritzana; honetan datza: arroka ondoan egur sua egiten da, arroka berotu arte, pitzatu eta puskatu dadin. Orduan, pikatxoiarekin lantzen da arroka zuloei forma emateko.

Mineralari ezpurutasunak kendu eta partikula puruenak hautatzeko xehatu egiten zen; ondoren, askako uretan dekantatzen zen. Mea urtzea meatzetik hurbil egiten zuten. Galena berun-mineral zilarduna denez gero, lehen galdaketak nahasirik ematen zituen bi metalok: zilarra eta beruna. Bigarren galdaketan, kupelaketan, zilarra berunetik bereizten zen. Meatzeetako langileen izaeraz, pertsona libre, morroi edo esklaboak ote ziren, ez dakigu ezer; ezta armadaren mende ala Estatuaren ustiapenen emakida zeukaten konpainien mende lan egiten ote zuten ere. Meatzeen barnetik berreskuratu diren tresna arkeologikoak ikusita, Aiako Harriko ustiaketak Augustoren garaian dagoeneko hasiko zirela uste da, eta gure aroko I. mendean bizi-bizi jarraituko zutela. Handik aurrera, baliteke produkzioa jaitsi izana, edo baita, beharbada, bertan behera utzi izana ere, produkzio handiagoko beste toki batzuen konkurrentziagatik. Kontua da ahaztuta egon zirela, harik eta XVIII. mendean Oiartzungo Sein familiak, Arditurriko meak berriro ustiatzen hasi nahirik, Joan Gilermo Thalacker ingeniari alemanari deitu, eta hark bigarren aldiz aurkitu zituen arte. Thalackerrek penintsulako erromatar garaiko meategi gehienak ezagutzen zituen, eta, 1804an argitaratutako txosten batean, Aiako Harri inguruko meazuloen ezaugarriak deskribatu eta Cartagena, Leon eta Rio Tintokoen maila berean jarri zituen. Txosten horretara jo zuten XIX. mendean meatzeak ustiatzeko emakida bila ibiltzen ziren askok, erromatarren lanak identifikatuz gero, haiek agortu gabe utzitako hobietara iritsi eta berriz ustiatzen jar zitezkeelako. Meak ustiatzeko, ordea, meazuloak zabaldu egin behar zituzten, eta, bide batez, antzinako aztarnak ezabatu. Ildo horretan, antzinatik utzita zeuden berun zepak berak ere aprobetxatu egin zituzten, artean bazutelako Pasaian, Kaputxino aldean, zegoen galdategira eraman eta errentagarri izateko behar zen adina zilar. Horrela ulertzen da nola desagertu zen halako ondare arkeologiko bat; izan ere, erromatarren garaian pentsatua izan zen moduan iraun izan balu, gipuzkoarron erreferentzia historikoen artean egongo zen, zalantzarik gabe.

141. Olio lanpara honetako irudia eguzki jainkoaren aurpegia da, bere izpi koroarekin. Irungo Altamira 3 meatzean aurkitu zen.© Arkeolan Ikerketa Zentroa. Irun
141. Olio lanpara honetako irudia eguzki jainkoaren aurpegia da, bere izpi koroarekin. Irungo Altamira 3 meatzean aurkitu zen.© Arkeolan Ikerketa Zentroa. Irun
140. Aiako Harri inguruko erromatar meatzaritza zilar meak ateratzera zuzendu zen batez ere.  Arditurriko mea, galena zilarduna.© Xabi Otero
140. Aiako Harri inguruko erromatar meatzaritza zilar meak ateratzera zuzendu zen batez ere. Arditurriko mea, galena zilarduna.© Xabi Otero
Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2024 Departamento de Cultura y Euskera- Diputación Foral de Gipuzkoa.
Para conectar con nosotros mediante skype pulse aquí
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net