gipuzkoakultura.net

Logo de la Diputación Foral de Gipuzkoa
Logotipo gipuzkoakultura

gipuzkoakultura.net

sábado 21 diciembre 2024





Bertan > Bertan 17 La época romana > Versión en euskera: Gipuzkoako erromatar geografia

PDF Bertsioa inprimitzeko [11,8 Mb]Ikono Acrobat

Gipuzkoako erromatar geografia

49. Antzinako itsasbideak ez ziren kostatik askorik urruntzen.© Xabi Otero
49. Antzinako itsasbideak ez ziren kostatik askorik urruntzen.© Xabi Otero

Aipamen historikoak oso baliagarriak dira asentamendu koskor batzuen izenak jakiteko, nahiz ez oso ugariak izan (Estrabon, Plinio, Ponponio Mela, Ptolomeo...). Nabarmenena Oiasso izeneko polis-a da (edo civitas: hiria), baskoien lurretan itsasertzean eta Tarrakotik (Tarragona) zetorren galtzadaren bukaeran zegoena. Mendebalderantz goazela, hurrena, barduliarren lurretan, oppida batzuk zeuden (oppidum: herri gotorra): Morogi, Menosca (Menlakou ibaiaren ondoan) eta Vesperies, eta, polis bat, Tritium Tuboricum. Handik hurrena Deba ibaia dago, barduliarren eta karistiarren muga zena, gorago esan bezala. Zerrenda horretan aipatuetatik, bat bakarra identifikatu da, Irunen zegoen Oiasso; hori baskoien itsasorako irteera bakarra zen, gainerakoan Pirinio aldera hedaturik baitzituzten lurrak. Aipatu ditugun oppida horietakoren bat baliteke aurkitu berri diren herri gotorretakoren bat izatea. Tritium Tuboricum, berriz, Deba ibaiaren ondoan zegoela uste da, baina ez dago gauza garbirik; zenbait interpretaziok Mutrikurekin lotzen du, fonetikan oinarrituta.

50. Aizkorriko mendietan ere aurkitu dira erromatar lekukoak. Urbiako zelaiak.© Arkeolan Ikerketa Zentroa. Irun
50. Aizkorriko mendietan ere aurkitu dira erromatar lekukoak. Urbiako zelaiak.© Arkeolan Ikerketa Zentroa. Irun

Administrazio mugapeei dagokienez, gaur Gipuzkoa den lurraldean muga zutela, alde batera eta bestera bi komentu juridiko zeuden: kluniarra eta zesaraugustoarra. Komentu juridiko deritzan zatiketa administratiboa Zesarren garaian hasi zen, baina Klaudioren denboran zehaztu eta finkatu zen. Izaera administratibo, politiko, juridiko eta erlijiosoa zuen unitate bat zen, eremuz zatiketa naturalei edo biztanleen homogeneotasunari jarraiki zehaztu ohi zena. Dioklezianok 288. urte aldera egindako berrantolaketarekin, izateko arrazoia galdu zuten unitate horiek. Barduliar eta karistiarrak Clunia hiria (Coruña del Conde, Burgos) buru zuen komentuan sartuta zeuden, eta baskoiak, berriz, Zesar Augusta hirikoan (Zaragoza). Batzuk eta besteak probintzia berean zeuden, Tarrakonense zeritzanean (lehen Hispania Ziterior zenari Augustok jarritako izen berria).

54. Iruaxpe IIIko indusketa arkeologikoan zeramikazko hondar ugari bildu zen: bertan egindako sukaldeko eltzeak, marrazki hauetakoak bezalakoak; kanpotik ekarritako platerak, kristau zeinuak sartzen zituzten dekorazio lerro berrien erakusgarri direnak; eta beste zenbait.© Arkeolan Ikerketa Zentroa. Irun
54. Iruaxpe IIIko indusketa arkeologikoan zeramikazko hondar ugari bildu zen: bertan egindako sukaldeko eltzeak, marrazki hauetakoak bezalakoak; kanpotik ekarritako platerak, kristau zeinuak sartzen zituzten dekorazio lerro berrien erakusgarri direnak; eta beste zenbait.© Arkeolan Ikerketa Zentroa. Irun

Gipuzkoako erromatar arkeologiaren barnean informazioa asko gehitu da, eta, azken urteetako emaitzei esker, lehen baino askoz asentamendu gehiago ezagutzen ditugu. Alde batetik, Arbiungo indusketaren emaitzak daude. Zarautzen, herriak okupatzen duen senaia ikusten dela, gaintxo batean dago Arbiun, eta horko azterketek erakutsi dutenez, IV. mendean, burdingintzarekin lotutako giza bizilekua izan zen. Gainera, badirudi nolabaiteko lotura duela Getarian aurkitutako aztarna zaharragoekin (gero aipatuko ditugu zabalago) eta Zarauzko herrigunean bertan izandakoekin (bi txanpon erromatar eta beste aztarna batzuk aurkitu dira). Inguru horretatik urrundu gabe, Elkano auzoan beste aztarnategi bat topatu da; Arbiungoaren antza dauka hor azaldutako etxe tresnak ez direlako inportatuak eta kultura material sofistikatu gabea azaltzen dutelako. Gipuzkoako beste muturrean Urbia eta Leintz Gatzagako aurkikuntzak daude. Urbian, lur azalean, goi inperioko habitat baten aztarnak aurkitu dira (I. eta II. mendekoak); artzaintzarekin zerikusia dute, tokiari dagokion bezala. Urbia Aizkorri mendikatearen oinean dago, 1.000 metro baino gorago, eta horko asentamenduak urte sasoi jakinekoak dira, ezinbestean. Seguru asko aztarna horiekin lotuta egongo da Oltzako aldare harria, diotenez artzain baten txabolaren egituran sartzeko Zalduendotik ekarria. Nolanahi ere, badirudi inguru hori Arabako lautadarekin nahiko lotua egon zela; zehazki, gaurko Durruma Donemiliagan egondako Alba erromatar hiriarekin. Arabako mugatik urrundu gabe, isurialdeen banalerroaren ondoan, Leintz Gatzagako ur gaziko iturburuarekin lotura duten erromatar deposituak aurkitu dira. Bibliografian aipatzen denez, inguru horretan denario iberiar bat azaldu zen; hala ere, indusketa arkeologikoan aurkitu diren ondasunak askoz geroagokoak dira, IV. eta V. mendeetakoak eta beranduagokoak. Eta ertz geografikoan beti ere, aspalditik ezagutzen diren aurkikuntza batzuk gogora ekarri behar ditugu: Idiazabalen eta Ataunen aurkitutako txanponak, eta Ataungo Jentilbaratza gotorlekuan aurkitutako urrezko eraztuna, arrano inperialaren irudia duen harri bat hozkatuta daukana (baliteke erromatar egiturako harri hori urrezko armazoian Erdi Aroan kokatua izatea). Aipatu behar da ere, oraintsuago (1986) hileta idazki bat agertu zela Zegamako San Pedro ermitan, Aizkorrirako bide zahar baten ondoan.

55. Itsasontziak gero ere ibili ziren Bizkaiko Golkoan barna eta olatuetatik babestuko zituzten ainguralekuen bila; Higerkoa zen bat.© Xabi Otero
55. Itsasontziak gero ere ibili ziren Bizkaiko Golkoan barna eta olatuetatik babestuko zituzten ainguralekuen bila; Higerkoa zen bat.© Xabi Otero

Leize-zuloak aipagai hartuta, zehazki, Jentiletxeta II (Mutriku), Ermittia (Deba), Ekain IV (Deba), Amalda (Zestoa), Anton Koba (Oñati), Aitzgain (Oñati), Sastarri IV (Ataun) eta Iruaxpe III (Aretxabaleta), nabarmena da horietan aurkitutako erromatar garaiko okupazioak IV. eta V. mendekoak direla; azkenaldikoak, beraz. Leizeak bizilekutarako hartzea ez zen Gipuzkoako kontua bakarrik izan aldi horretan; beste leku askotan ere gertatu zen, bai inguruan (Nafarroan, Araban, Bizkaian eta Errioxan), bai urrutiago ere. Fenomeno zabaldu hori azaldu nahirik zenbait teoria osatu dira: batzuek garai hartako arazoetatik babesteko aldi bateko bizilekuak izan zirela uste dute, beste batzuek abeltzaintzarekin lotzen dituzte, eta beste batzuek erlijio kontuekin.

Azkenik, gaurko hirigune batzuetan bildu diren erromatar objektuen multzoa aipatu behar dugu. Lehenengo bilketa Eskoriatzan egin zen 1982an, eta geroztik Donostian eta Tolosan egin dira. Denetan ikusi da objektuak ez direla beren jatorrizko ingurunean agertu, baizik eta garai modernoetako okupazioei dagozkien metaketen barnean.

56. Erromatar eragina Aralarreraino heldu zen Sakanarekin zituen harremanen ondorioz, handik pasatzen baitzen Ponpeopolis (Iruñea) eta Veleia (Oka-Iruña) arteko galtzada.© Xabi Otero
56. Erromatar eragina Aralarreraino heldu zen Sakanarekin zituen harremanen ondorioz, handik pasatzen baitzen Ponpeopolis (Iruñea) eta Veleia (Oka-Iruña) arteko galtzada.© Xabi Otero
57. Iruaxpe lll.© M. Urteaga
57. Iruaxpe lll.© M. Urteaga

Gipuzkoako erromatarren garaiaz dakiguna pixka bat laburbiltzeko, oraindainoko ikerketen egoeran, azpimarratu behar da Gipuzkoako lurraldearen ertzetan zabalduta dagoela. Kontzentrazio lerroetako bat kostaldea da, Bizkaiko Golkoko itsasbazterra hartzen zuen kabotaje bideari lotua zegoelako. Beste erreferentzia bat hegoaldekoa da, isurialdeen banalerroaren ingurukoa, Burunda eta Arabako lautadarekin lotua, izan ere haietatik pasatzen baitzen Iruñea eta Briviesca arteko bidea. Okupaziorik handiena, dena dela, Bidasoako estuarioan, Oiasso hiriaren inguruan, izandakoa da. Nolanahi ere, erabili ditugun berri historikoek errealitatea ondo islatzen badute, Gipuzkoako lurraldean bi polis eta hiru oppida izan behar lukete, eta horrez gain arkeologiak ezagutu beharko dituen asentamendu ugari. Kopurua esanguratsua da, berez; eta eransten badiogu Gipuzkoako lurraldea azaleraz txikia dela eta etorkizunean, inondik ere, gauza gehiago aurkituko dela, esan genezake Gipuzkoako erromatar garaiko ikuspegia ez dela inperioko beste lekuetakoaren aldean oso bestelakoa. Gauza batean bakarrik aldentzen da ohiko lerro nagusietatik: epigrafia oso urria dela; izan ere, bi hileta idazki bakarrik aurkitu dira, eta hori da hutsunerik nabarmenena.

51. Oltzako aldare harria.© Xabi Otero
51. Oltzako aldare harria.© Xabi Otero
52. Gipuzkoako erromatar geografia.© Xabi Otero
52. Gipuzkoako erromatar geografia.© Xabi Otero
Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2024 Departamento de Cultura y Euskera- Diputación Foral de Gipuzkoa.
Para conectar con nosotros mediante skype pulse aquí
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net