gipuzkoakultura.net

Logo de la Diputación Foral de Gipuzkoa
Logotipo gipuzkoakultura

gipuzkoakultura.net

sábado 21 diciembre 2024

Bertan > Bertan 17 La época romana > Versión en euskera: Kronologia

PDF Bertsioa inprimitzeko [11,8 Mb]Ikono Acrobat

Kronologia

Lehenbiziko eraginak. K.a. 80.etik 10.era.

28. Itsasotik bikain ikusten dela, Aiako Harriak bere ikusmenean du Txingudiko eskualdea, Bizkaiko Golkoko ardatza.© A. Hernandorena, Txantxangorri. Hondarribia
28. Itsasotik bikain ikusten dela, Aiako Harriak bere ikusmenean du Txingudiko eskualdea, Bizkaiko Golkoko ardatza.© A. Hernandorena, Txantxangorri. Hondarribia

Gure aroaren aurreko azken mende horretan gertatu zen Gipuzkoan erromatarren nagusitasunera eraman zuen trantsizioa. Aztarnak ikusita, lehenik erromatarrek eragina izan zutela nabari da, eta gero, aroa amaitu baino lehenago, eragina ez ezik, erromatar antolamenduan sartuta bizi izan zirela adierazten duten seinaleak daude.

29. Ez dakigu Barskunes-ko txanpon etxea baskoi herriarena zen, Iruñean zegoen, ala ibiltaria ote zen. Han egindako txanponak kilometro askotara erabili zirela eta beste herri batzuetakoen eredu izan zirela, bai. Usastegiko altxor koxkorrean zeltiberiar tribuetako txanponekin batera agertu dira.© Xabi Otero

30. Irungo Beraketa kalean aurkitutako Augustoren txanpona -as bat- Zelsa hirian egina da (Velilla de Ebro).© Xabi Otero
30. Irungo Beraketa kalean aurkitutako Augustoren txanpona -as bat- Zelsa hirian egina da (Velilla de Ebro).© Xabi Otero

Gerra sertoriarren garaiko borroketan, zilarrezko zenbait txanpon Ataungo Usastegi leize-zuloan ezkutatu zituzten; altxor txiki bat garai hartarako. Zortzi denario iberiar dira, honako jatorriak dituztenak: Baskunes (baskoien lurraldeko edo Iruñekotzat jotzen den txanpon etxea), Turiasu (Tarazona) eta Segobrices (Cabeza del Griego, Cuenca). Patroi jakin bati jarraitzen diote denek: ile kizkurdun baten aurpegia dute aurrealdean eta zaldun armatu bat atzealdean. Txanpon eredu horiek argi erakusten dute merkataritza harremanetan erromatar konkistak izandako eragina, baina, hala ere, artean tokiko ezaugarriak ezartzen zizkioten. Ataungo txanponek Ebro aldearekin salerosketak egiten zirela adierazten dute, eta, bestalde, Gipuzkoako lurraldean Erromak izandako eraginaren erakuslerik zaharrena dira.

32. Andrearriagako hilarria. Goi aldean, bi pertsona ageri dira, ezkerrekoa zaldi gainean eta eskuinekoa zutik eta aurretik ikusita; irudi ez oso landuan. Horien azpian, VALBELTESO/NIS idazkia, ustez Val(erius) Beltesonis esan nahi duen antroponimoa; beraz, Valerius izen erromatar klasikoaren ondoan, famili lotura adierazten duen Belteson izena dago, erro akitaniar edo protoeuskaldunekoa.© Xabi Otero

31. Erromatar armadako legionarioa, I. mende hasierako jantzi eta tresna militarrekin.© Romisch-Germanisches Zentralmuseum. Mainz:
31. Erromatar armadako legionarioa, I. mende hasierako jantzi eta tresna militarrekin.© Romisch-Germanisches Zentralmuseum. Mainz:

K.a. 10. urte ingurukoa (K.a. 12-6 artekoa) da Irungo Belaketa kaleko indusketetan 1997an aurkitutako Augustoren txanpon bat. Augustoren garaikoak dira Junkaleko elizaren inguruan aurkitutako buztinezko ontzi batzuk ere, jatorri italikoa dutenak. Gauza horiekin hasi zen erromatarren ekarpen materiala, eta herri nagusienetako bizi moduan pixkanaka nagusitzen joan zen Erromak garatutako hiri eredua, bere hedapen geografikoan toki guztietan ezarritakoa. Andrearriagako hilarria aro zaharretik berrirako iraganaldian gertatutako aldaketen erakusgarri argia da. Hilarri hori Oiartzun eta Irun arteko mugarri izan da, gutxienez XV. mendeaz geroztik. Gizon baten izena dauka idatzita, latinezko izen arrunt bat, baina harekin batera jatorrizko familia lotura adierazten duen izendapena darama: Valerio, Beltesonen semea. Hor loturik ikusten dira erromatarren aurreko ikusmolde zaharra eta latinezko edo erromatar erreferentzia berriak.

Bizkortzea. K.a. 10 - K.o. 70

33. Aiako Harriko mendialde granitikoan zilar, burdin, berun eta zink hobi aberatsak zeuden.© Xabi Otero
33. Aiako Harriko mendialde granitikoan zilar, burdin, berun eta zink hobi aberatsak zeuden.© Xabi Otero

Kantabriar tribuak menderatu ondoren, astiro-astiro baina etengabe sartu ziren erromatar elementu kulturalak Bidasoako estuarioan. Aztarnen ezaugarriengatik jakin daiteke Pirinioen iparraldetik heldu zirela, Akitaniako foku eragile batetik, seguru asko hari loturik egongo baitzen Donibane Garazin zegoen Donibane Zaharreko kanpamentu militarra (Saint-Jean-le-Vieux-koa). Baliteke erromatarren interesa meatzeak ustiatzearekin loturik egotea; zehazki: Aiako Harriaren inguruko zilar meatzeak -eta aldi berean ustiatu zen Errobi errekako alubioi urrea-, Zuberoako Itsasuko meatzeak, eta Aldudeko zilar meatzeak. Meategietako lanaren helburua metal preziatuak ateratzea izaki, eskulan asko eskatzen zuen, metala ateratzeko lur mugimendu handiak eta plangintza konplexua behar baitziren. Bestelako gaiak, berriz, Bordeletik ekarriko ziren noski, hango portutik banatzen baitzituzten Garona ibaiaren arroko produktuak, Montansko buztin olako lurrontziak barne.

34. Oiasso hiriak bere barrutian hartuko zituen, agian, Pasaia eta Donostiako badiak.© A. Hernandorena, Txantxangorri. Hondarribia
34. Oiasso hiriak bere barrutian hartuko zituen, agian, Pasaia eta Donostiako badiak.© A. Hernandorena, Txantxangorri. Hondarribia

Hemengo ikerketetan, Montansko sigillatazko aztarnak bat-bateko etena dute 70. urtean, eta haien tokia Errioxako sigillatak hartzen du. Zeramikazko gauzen jatorria aldatzeak kultur eraginaren fokuak Akitaniatik Ebro aldera aldatu zirela adierazten du. Aldaketa hori zenbait gertaera historikoren eskutik etorri zen, eta ondorioak Bidasoan eta Gipuzkoako kostaldean ez ezik, gehiago ere zabaldu ziren.

35. Erromatar armadako tronpeta jolea. I. mendea.© Romisch-Germanisches Zentralmuseum. Mainz:
35. Erromatar armadako tronpeta jolea. I. mendea.© Romisch-Germanisches Zentralmuseum. Mainz:
36. I. mendearen erdialdean, mahairako sigillata lurrezko ontziak ekartzen ziren Montanstik, elikadura aldatu eta erromatar dieta sartu zenaren seinale.© Xabi Otero
36. I. mendearen erdialdean, mahairako sigillata lurrezko ontziak ekartzen ziren Montanstik, elikadura aldatu eta erromatar dieta sartu zenaren seinale.© Xabi Otero

Oparoaldia. 70-190.

37. Kontxako uretan erromatar anforen hondarrak aurkitu dira.© A. Hernandorena, Txantxangorri. Hondarribia
37. Kontxako uretan erromatar anforen hondarrak aurkitu dira.© A. Hernandorena, Txantxangorri. Hondarribia

Erromako historian, hiria sortu zenetik bertatik, konspirazioak, hilketa politikoak eta ankerkeria ohiko bitartekoak izan ziren boterea lortzeko. Inperioan, Augustoren garaian eratu zenez geroztik, enperadoreen jarraipena familia barnean gerta zedin era guztietako azpijokoak egin izan zituzten. Hala, Tiberio bizi guztirako markatu zuen emazte arazoak: Augustoren alabarekin ezkontzeko, maite zuen bere lehen emaztea utzi eta dibortziarazi egin zuten. Kaligula eroa izan zen, familiako gertakari lazgarrien ondorioz noski: haren senideak hil egin zituzten eta amak bere burua gosez hiltzen utzi zuen Pandataria uhartean, Tiberioren aginduz erbesteratua izan ondoren. Klaudio, berriz, kasualitatez aukeratua izan zen pretoriarrek errezel atzean aurkitu zutelako, hain zuzen ere Kaligulak egindako gehiegikerien ondorioz berriro Errepublika ezartzeko mehatxuari aurre egin nahiz, hurrengo enperadorea izan zitekeen norbaiten bila zebiltzanean. Neron ere zoratuta zegoen, izandako haurtzaroaren ondorioz, izan ere, aita hiru urte zituela galdu eta amarengandik urruti eduki baitzuten. Senatuak herriaren etsai deklaratu zuen Neron eta hiltzeko agindu, baina hark, idazkariaren laguntzarekin, bere burua hil zuen. Horrela amaitu zen Augustok sortutako dinastia, julio-klaudiotarra, eta, gerra zibilak eragindako urte beteko parentesi baten ondoren, Vespasiano aukeratu zuten Ekialdeko legioen laguntzarekin. Enperadore izendatu zutenean Vespasianok hirurogei urte zituen eta hamar egin zituen inperioaren buru. Beraren atzetik, Tito eta Domiziano izan ziren enperadore, bata bestearen ondoren, eta haiekin bukatu zen dinastia flaviotarra deritzana.

39. Oiassoko portuko merkataritza harremanek eskualde mailako garrantzia izan zuten eta Bizkaiko Golko osoa hartzen zuten.© Xabi Otero
39. Oiassoko portuko merkataritza harremanek eskualde mailako garrantzia izan zuten eta Bizkaiko Golko osoa hartzen zuten.© Xabi Otero
38. Vespasianoren garaian inperioko alderdi atlantikoko interesak bultzatu ziren.© Ed. Dolmen
38. Vespasianoren garaian inperioko alderdi atlantikoko interesak bultzatu ziren.© Ed. Dolmen

Vespasianok merkataritza eta ekonomia aurreratzeko hainbat erabaki hartu zuen, eta onuragarria izan zen Euskal Herriko kostalde eta Atlantiko aldeko lurretarako. Klaudioren garaian hasitako Britainiaren konkistari jarraituz, Vespasianoren denboran Eskoziaraino heldu zen erromatar armada. Vespasiano izan zen, 73-74an zuzenbide latinoa Hispania osoari eman ziona ere. Zuzenbide hori eman zenez geroztik, arian-arian aplikatu zen, eta beraren haritik, herrietako udal administrazioan kargua zutenak Erromako hiritar egiten zirela eta, hirien garapena indartu egin zen. Dinamika horren barnean beste norabide bat hartu zuten erromatar interesek Gipuzkoan, eta orduan hartu zuen bultzadarekin Irungo portu Oiasso, lehenago funtsean zilarraren ustiapenari lotua zen foku ekonomikoa, eskualde mailako portu izatera iritsi zen Bizkaiko Golkoan, beste eginkizun garrantzitsuago batzuk ere eskuratuta. Egia esan, aldakuntza hori ohikoa izaten da lurralde konkistatuetan, izan ere, hasieran konkistaren beraren gastuak estali beharrez baliabide naturalak ustiatzera bideratzen baita ekonomia, baina gero merkatura aterako diren soberakinak sortzera, ordea, eta orduan produkzio egiturak aldatu egiten dira.

40. 70. eta 90. urteen artean Londresko merkataritza portua egin zuten, herriaren ekimenez seguru asko.  Hiriko garapenaren ardatz ekonomiko bat izan zen portua IV. mendera arte, eta hari esker bizi maila altua izan zuten hiritar aberatsek.  Besteak beste, olioa, ardoa, aleak, arrain kontserbak, olibak, ehunak eta marmolak eramaten zituzten Hispania, Galia, Afrikako iparralde, Erroma eta Mediterraneoko ekialdetik. © Londreseko Museoa. Milne (1985)

Senatuak, 97. urtean, Nerva izendatu zuen enperadore. Sortutako dinastia berriak, antoninotarrak, 192ra arte iraun zuen, eta hark eraman zuen Erroma goreneko mailara. Hala ere, etapa horren azkenaldian gertatutako gorabehera batzuek dagoeneko iragartzen zuten III. mendean lehertuko zen eta inperioaren gainbeheraren hasiera markatuko zuen krisia.

Urte horietan guztietan indartsu jarraitu zuen Oiasso hiriak (civitas), merkataritza harremanetan eremu zabal bat hartzen zuela: Garona ibaiaren ezker aldeko lurrak, Ebro ibaiaren erdialdeko harana, Pirinioen mendebaldeko inguruak, eta itsasertzean, Bordeletik hasi eta Santanderrerainoko tartea, gutxi gorabehera. Izaten ziren bide luzeko harreman komertzial bakan batzuk ere. Badugu Mediterraneo ekialdetik iritsitako inportazioen berri, baita Betikatik eta Narbonako Golkotik heldutakoena ere. Oiassorako ez ezik, Gipuzkoako kostalde guztirako eta barnealderako ere onuragarria izan zen bilakaera ekonomiko hori; hala adierazten dute behintzat Eskoriatzan eta Urbian egindako aurkikuntzek.

42. XVIII. mendearen hasierako plano honetan uharte batzuk ageri dira. Baliteke hura Oiasso zenean uharteak bertan egotea.© Xabi Otero
42. XVIII. mendearen hasierako plano honetan uharte batzuk ageri dira. Baliteke hura Oiasso zenean uharteak bertan egotea.© Xabi Otero
41. Kostaldean, Oriako estuarioa Donostiaren eta Getariako erromatar gunearen artean dago -Getariarekin sartzen dugu Zarautz, erromatar garaiko objektu multzo aipagarria aurkitu den herria-. Oraingoz froga arkeologikorik ez daukagun arren, pentsatzekoa da erromatarren garaian itsas ontziak Orio aldera ere inguratuko zirela.© A. Hernandorena, Txantxangorri. Hondarribia

Krisia eta gainbehera. 190-305.

45. Juliobriga (Reinosa) eta Veleia (Oka-Iruña) Galiako prefekturaren menpean egon ziren buruzagi militar baten aginduetara.© Izagirre, M., (1994). Cartografía antigua y paisajes del Bidasoa
45. Juliobriga (Reinosa) eta Veleia (Oka-Iruña) Galiako prefekturaren menpean egon ziren buruzagi militar baten aginduetara.© Izagirre, M., (1994). Cartografía antigua y paisajes del Bidasoa

Septimio Severok, gerra zibila gainditu eta gero, dinastia berri bat eratzea lortu zuen, severotarra: Septimiok berak, haren seme Karakala eta Getak, eta beste ondorengo batzuek osatu zuten, azkena Severo Alexandro izan zelarik. Karakalak 212. urtean Erromako hiritartasuna inperioko biztanle guztientzat zabaldu zuen. Istiluek bizi-bizi jarraitu zuten ia mendea bukatu arte, "anarkia militarra" deitu zaion aldian zehar: enperadore asko izan ziren, bata bestearen atzetik armadak izendatuak. Azkenean, jatorri apalekoa zen Dioklezianok lortu zuen gobernua berrantolatzea eta boterean 20 urte baino gehiago irautea. Baina ordurako egoerak ez zuen atzerabiderik, eta, inperioaren lurraldea zatikatzen hasi zela, tribu barbaroekiko arazoak ugaritzen zihoazela, eta kristau mugimendua indartzen ari zela, erromatar sistemaren oinarriak gero eta ahulago zeuden, izandako sistemaren irudia galtzeraino. Hispania Galiako prefekturaren menpeko diozesi modura antolatu zuten. Juliobriga (Reinosa), Veleia (Oka-Iruña) eta Lapurdum (Baiona) kohorteko tribuno (militar buruzagi handi bat) zenaren egoitza bihurtu zituzten, eta defentsarako zorrozki gotortu. Afrika iparraldeko produktuak artean iristen ziren Oiassoko portura, baina salerosketak maila guztiz apaletaraino jaitsi ziren.

44. Urola ibaia itsasoratzen den lekua ere aproposa da erromatar garaiko okupazioren bat bertan izateko. Tritium Tuboricum hiriak Deba ibaiaren eskuin aldean egon behar zuen, antzinako testuen arabera barduliar tribuarena baitzen.© A. Hernandorena, Txantxangorri. Hondarribia

Berant inperioa: 305-476.

43. Konstantinoren denboran, brontzezko txanpon txiki samarrak erabili ziren gehiena, krisi ekonomikoak murrizketak eragin zituen eta.© José Manuel Iglesias Gil
43. Konstantinoren denboran, brontzezko txanpon txiki samarrak erabili ziren gehiena, krisi ekonomikoak murrizketak eragin zituen eta.© José Manuel Iglesias Gil

Konstantinok kristau kultua egiteko askatasuna eman zuen 312an, eta Teodosiok estatu erlijioaren mailara altxatu zuen 380. urtean. Teodosio enperadore zela gauza garrantzitsuak gertatu ziren: godoak Balkanen eta Danubio ibaiaren artean finkatzea lortu zuten Danubioko muga zaintzearen truke; gotzainek botere erlijiosoa enperadorearen gainetik dagoela aldarrikatu zuten eta enperadorea eskumikatzera iritsi ziren; eta, azkenean, enperadoreak inperioa erdibitu eta bere bi semeei banatu zien: Ekialdea Arkadiori eta Mendebaldea Honoriori. Zatiketa egin ondoren, bandalo, alano eta godoek Mendebaldea inbaditu zuten, eta egoera horretaz baliaturik, Alariko buruzagi godoak Milan setiatu zuen eta Erromaraino iritsi zen. Beste inbasio bat 406. urteko azken egunean heldu zen: Rhin ibaia izozturik zegoela baliatuz, bandalo, suebo eta alanoak Pirinioetaraino iritsi ziren eta, zeharkaturik, Hispanian sartu ziren. Pixkanaka-pixkanaka, Italia soilik geratu zen enperadorearen menpe. Baina, azkenik, 476ko irailean, Romulo Augustulo enperadore zela, Odoakrok, guardia inperialeko ofizial eta errege barbaro baten seme zenak, azken erromatar armadako soldaduak altxatzea eta bera Italiako errege izendatzea lortu zuen.

48. Septimio Severoren garaiko soldadua.© Romisch-Germanisches Zentralmuseum. Mainz:
48. Septimio Severoren garaiko soldadua.© Romisch-Germanisches Zentralmuseum. Mainz:
46.  Oiasso eta Ponpeopolis aipatu ondoren, euskal geografiako hirugarren Iruñea Veleia izan zen. Berez ondo babestua zen toki batean egoteaz gain, garai hartan harresi sendo bat egin zioten.© Arabako Arkeologia Museoa, Paisajes Españoles:

Aldaketa horiek guztiak islatuta daude Gipuzkoan aurkitu diren aztarna arkeologikoetan. Azken mende horietan ia ez da jardueraren aztarnarik ageri I. eta II. mendeetan hain indartsua izandako Oiasso hirian. Portuko kaiek geldirik ematen dute; termetako bainu lekua bizileku bihurtuta ageri da, agian ukuilutarako erabilia; eta hilerriko hilobi monumentuak bertan behera utziak eta hondatuta. Getaria ere hutsik ageri da. Aitzitik, biziberrituta sumatzen da leize-zuloetako habitata, beharbada abeltzaintza indarberritu zelako. Aldi horretan artean lanean zihardutela dakigun produkzio gune bakarrak Leintz Gatzagan Dorletako ur gaziko iturburua eta Zarautzen Arbiun muinoko burdingintzako lantegia dira. Gainera, aztarna materialei dagokienez, txanponetan eta sigillatatik eratorritako lurrontzietan kristau ikurrak ageri dira, aldi horretako erlijio korronte nagusiaren seinale.

Nolanahi ere nabarmena da erromatar eragina erabat mozturik geratu zela V. mendetik aurrera. Lurralde honen kokapen geografikoa, izan ere, oso arazotsua zen, bai komunikazio bideak bertan zeuzkalako - Pirinioak zeharkatzeko bidea zenez haietatik heltzen ziren barbaroak-, eta bai itsasertzean dagoelako. Hala, 428an, Akitania godoen esku utzi zuten; 449an, sueboen errege Rekiariok Baskonia arpilatu zuen; 455an, heruloen itsas ontziek kantabriarren eta barduliarren kostaldeari eraso zioten; 473an, godoen konde Gauderio Iruñetik sartu zen eta Zaragoza eta inguruko hiriak konkistatu zituen...

Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2024 Departamento de Cultura y Euskera- Diputación Foral de Gipuzkoa.
Para conectar con nosotros mediante skype pulse aquí
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net