gipuzkoakultura.net

Logo de la Diputación Foral de Gipuzkoa
Logotipo gipuzkoakultura

gipuzkoakultura.net

sábado 21 diciembre 2024





Bertan > Bertan 17 La época romana > Versión en euskera: Aldaketak

PDF Bertsioa inprimitzeko [11,8 Mb]Ikono Acrobat

Aldaketak

60. Oiasso hiriaren irudia, dakigunean oinarrituta asmatua: perspektiba eta oinplanoa. Eraikinak modu erregularrean kokatuta daude, sare moduko plano bati jarraiki.
60. Oiasso hiriaren irudia, dakigunean oinarrituta asmatua: perspektiba eta oinplanoa. Eraikinak modu erregularrean kokatuta daude, sare moduko plano bati jarraiki.
59. Oiassoko portuan aurkitutako hauek bezalako adreilu eta teilak asko zabaldu ziren eraikuntzan, merkeak zirelako eta emaitza onak zituztelako.© Xabi Otero
59. Oiassoko portuan aurkitutako hauek bezalako adreilu eta teilak asko zabaldu ziren eraikuntzan, merkeak zirelako eta emaitza onak zituztelako.© Xabi Otero
61. Eskoziako mugan koarteleratuta cohors I Vardollorum egon zen, hau da, teorian 1.000 soldaduk -760 oinezko eta 240 zaldizko- osatutako borroka talde bat, hasiera batean barduliarren artean bildua.© Xabi Otero
61. Eskoziako mugan koarteleratuta cohors I Vardollorum egon zen, hau da, teorian 1.000 soldaduk -760 oinezko eta 240 zaldizko- osatutako borroka talde bat, hasiera batean barduliarren artean bildua.© Xabi Otero

Erromatarrek ez zuten izan Gipuzkoako lurralderako interes berezirik; ohikoa egin zuten: mea baliabideak ustiatu, armada soldaduz hornitu, tasak kobratu, eta komunikazio bideak lurrez nahiz itsasoz ziurtatu. Baina, hala ere, erromatarrek lurralde hau menpean hartu izanak funtsezko aldaketak ekarri zituen hainbat jenderen ohituretan, bereziki hiriko bizimodua nagusitu zen tokietan. Ezbairik gabe, hiriak izan ziren erromatar ereduak transmititzeko eragile nagusiak, haietan biltzen baitziren menperatzaileek ezarritako sare administratiboari zutik eusten zioten eginkizunak.

62. Buztin errezko baldosa baten aurrea eta atzea.© Xabi Otero
62. Buztin errezko baldosa baten aurrea eta atzea.© Xabi Otero

Ikertzaileek diotenez, erromatar legioetan 25 urtez zerbitzatu ondoren sorterrira itzultzen ziren gizonek eragin handia izan zuten Iberia iparraldeko eskualdeetan hiri bizitza garatzen. Kontuan hartzen badugu Britainian eta Rihnen ibilitako erromatar armadan hasiera batean barduliar eta baskoi soldadu asko izan zela, baliteke haiek paper garrantzitsu bat jokatu izana gure geografian hiri giroa sendotzen.

63. Erromatar lurralde-antolakuntzaren bertsio honetan, Oiasson (Ossaron transkribatua) galtzada bat baino gehiago elkartzen zirela ageri da, gainera, asentamendu gotortua zela adierazten duen ikur batekin. Inguruetako hirien artean, Akize, Zaragoza eta Briviesca bakarrik ageri dira ezaugarri horrekin.© Izagirre, M., (1994). Cartografía antigua y paisajes del Bidasoa
63. Erromatar lurralde-antolakuntzaren bertsio honetan, Oiasson (Ossaron transkribatua) galtzada bat baino gehiago elkartzen zirela ageri da, gainera, asentamendu gotortua zela adierazten duen ikur batekin. Inguruetako hirien artean, Akize, Zaragoza eta Briviesca bakarrik ageri dira ezaugarri horrekin.© Izagirre, M., (1994). Cartografía antigua y paisajes del Bidasoa

Eraikuntzan erromatar hiriaren patroia ezartzeak erro-erroko aldaketak eskatzen ditu, arkitekturan eta eraikin multzoan ez ezik, ekonomia jardueretan eta jendearen pentsamoldean ere. Arkitekturan, materialen aldetik, adreilu eta teila, hormigoi eta mortero berezien erabilpena zabaldu zen, eta, eraikuntza soluzioen aldetik, berri batzuk sartu ziren, hala nola, ganga eta arkua. Zurezko eraikuntza ere hobetu zuten, eta asko erabili; harria, berriz, eraikin adierazgarri eta enblematikoetarako uzten zuten. Errementaritza ere aldakuntzaren parte izan zen, hainbat eratako iltzeak eta larakoak, indargarriak eta lan tresnak egin eta akaberak eman behar baitziren. Haiekin batera aipatu behar dira: langileak -soluzio berriak gauzatzeko prestatuak-, lehengaien hornitzaileak, merkatariak eta garraiolariak.

64. Bildutako datuen arabera, Oiassok 12-15 bat hektareako azalera izango zuen.© Arkeolan Ikerketa Zentroa. Irun
64. Bildutako datuen arabera, Oiassok 12-15 bat hektareako azalera izango zuen.© Arkeolan Ikerketa Zentroa. Irun

Hiri antolaketan, sare moduko bilbe erregularra zen eredua, ardatz bezala bide sarea, plaza edo espazio publikoren bat harturik inguruan eratua; lurra orubetan zatitzen zuten, haietan eraikitzeko. Orubeen mugak hesiz edo murruz markatzen ziren, esparrua pribilegio batzuen jabe zela adierazteko; denborarekin muga sinboliko horiek gotortu egin behar izan zituzten, erasoei eta arrotzak sartzeari aurre egin beharrez. Beste tokietarako komunikazio bideak herri barnetik pasatzen ziren, eta haiek izan ohi ziren kale nagusiak, gehienetan harriz zolatuak. Hirigunetik kanpo ere komunikazio bide horiek zeregin dinamizatzailea zuten: hiria hedatzen bazen, haiek ardatz hartuta sortzen ziren aldiri edo auzoak, eta haietatik hurbil egiten ziren hilerriak ere. Foroa zen -eraikinez inguratutako eremu ireki bat, oinplano laukizuzena izaten zuena- herritarrak elkartzeko tokia, eta merkataritza, jarduera publiko eta ospakizunetarako gunea.

Oiasso

65. Termetako bainu leku bat aurkitu da; zoladura galburu erara jarritako lauza txikiz egina du (opus spicatum).© Xabi Otero
65. Termetako bainu leku bat aurkitu da; zoladura galburu erara jarritako lauza txikiz egina du (opus spicatum).© Xabi Otero

Ilerdan (Lleida) eta Oskan (Huesca) barrena doa bidea; Tarrakon (Tarragona) hasi eta ozeano ertzeko azken baskoi herrietara iristen da: bai Ponpelon (Iruñea) aldean eta bai itsas bazterrean bertan dagoen Oiason hiri inguruan daudenetara. Bide hori 2.400 estadio luze da, eta Akitania eta Iberia arteko muga-mugan amaitzen da. Estrabon. III.4.10 liburua. K.a. 29-7 urte tartean.

Magrada ibaiak Oeason inguratzen du. Ponponio Mela, III.1.15 liburua. Gure aroko 43-44 urteetan.

Iberiar penintsularen zabalera, Tarragonatik hasi eta Oiarsoko kostaraino, 307.000 urrats da ... Piriniotik abiatu eta Ozeano bazterretik jarraituz, Olarso aurkituko dugu, baskoien basoa (edo mendatea). Plinio zaharra. Historia Naturala, III.3.29 eta 20 liburua. I. mendearen erdialdean.Baskoien artean: Oiassó hiria eta Oiassó muinoa. (Koordenatuak: 150 10´; 450 05´ eta 150 10´; 450 50´).

Ptolomeo, Geographia, II. 6. liburua. II. mendearen erdialdean.

66. Portuarentzat mesedegarria izan zen estuarioa, itsas ontzien trafikorako baldintza onak zituelako.© A. Hernandorena, Txantxangorri. Hondarribia
66. Portuarentzat mesedegarria izan zen estuarioa, itsas ontzien trafikorako baldintza onak zituelako.© A. Hernandorena, Txantxangorri. Hondarribia

Irun, gaurko egunean, nazioarteko komunikazio gunea da, penintsularen eta Europaren arteko harremanetan zubi buru. Alde batetik, Irunen amaitzen da Madrildik datorren trenbidea, baita puskaka-puskaka Kantauri itsas aldea lotzen duen trenbide estua ere. Espainiako errepide sarean, hor daude: Madrildik eta Tarragonatik datozen 1 eta 240 errepide nazionalak, hurrenez hurren, eta Galiziaraino iristen den N-634, Bilbora eta Santander aldera doan A-8 autobidea... Hor biltzen dira Bidasoa alde batetik bestera zeharkatzen duten eta, beste aldera, Hendaiatik barrena, Bordele eta Paris aldera doazen errepideak, Okzitaniako Tolosara eta Tolosatik hartzen diren Mediterraneorako bideetara eramaten dutenak, eta Rodanoko korridorera doazenak, Suitza, Alemania eta Italia aldera, besteak beste. Inguru hori da, izan ere, Pirinioetako mendi katea zeharkatzeko mendebaldeko pasabide naturala; hori erabiltzen dute hegazti migratzaileek beren joan-etorrietan. Irun, gainera, Oiasso hiri baskoiaren oinordekoa da. Hain zuzen, lotura hori izenean ezagun du, Iruñea hiriari gertatzen zaion bezala; eta beste hainbeste gertatzen zaio antzinako Veleia hiriari, euskal geografiako hirugarren Iruñari (Oka-Iruña). Irun-Iruña izenek eta Hispaniako eta Galiako erromatar geografian (Betikan eta Narbonensean) ageri diren hainbeste Iliberri edo Irunberrik adierazten dute -uste dugunez- termino generiko horrekin hiriak edo hirialdeak izendatzen zituztela, bestelako herri edo bizigune batzuetatik bereizteko.

67. Londresen jatorrian daude, lehenbizi Tamesis ibai gaineko zubia, eta gero merkatari portua, ibai hori ontziak bertan ibiltzeko gai zela aprobetxatuz flaviotarren denboran egina.© Londreseko Museoa. Milne (1985)
67. Londresen jatorrian daude, lehenbizi Tamesis ibai gaineko zubia, eta gero merkatari portua, ibai hori ontziak bertan ibiltzeko gai zela aprobetxatuz flaviotarren denboran egina.© Londreseko Museoa. Milne (1985)

Luzaroan pentsatu izan da Oiasso hiria gaur Oiartzun den udalerrian egon zela, baina azken hogeita hamar urteetako aurkikuntzek uste hori zuzendu egin dute, eta gaur dagoeneko ez dago kokapen geografiko horri eusterik. Lehenbiziko datuak joan den mendeko hirurogeiko hamarraldian Higer lurmuturrean eta Junkaleko plazan aurkitutako datu bakan batzuk izan ziren, eta handik laster Ama Xantalen ermitan erromatar hilerria aurkitu zen. Handik urte batzuetara, laurogeiko hamarraldian, inguru hartan izandako erromatar meatzaritzaren adibide batzuk ezagutu ziren, eta laurogeita hamarrekoaren lehen urteetan portu aldea. Mendea bukatu baino lehen, azkenik, hiriaren aztarnak identifikatu ziren: termen eta etxeen hondarrak. Dakigunez, erromatar hiria gaur hirigunea den tokian zegoen, Udaletxearen eta Beraungo muturraren artean dagoen gaintxo batean, estuarioko urek ia osorik inguratzen zutela. Horretaz baliaturik eginak ziren portu bizkor hartako kaiak. Santiago eta Tadeo Murgia kaleetan dauden portuko aldeak industean jaso diren datuei esker jakin dugu kaiak egurrezkoak zirela, ur ertzean eta erliebeko aldapetara egokituta eginak. Itsasontziak kaietaraino sartzen ziren eta salgaiak kai ondoan zeuden biltegietara eramaten zituzten. Itsasontziei bidean hondatzen zitzaizkien produktuak kai inguruko uretara botatzen zituzten eta berdin hiriko hondakinak ere, eta, horrela, denborarekin hondakinak pilatuta, ontziak kaietara sartzeko bideak jalkinez bete ziren. Hiri asentamendua azaleraz 12 hektarea inguru zen, eta, ustez, antolaketa erregularra zuen, kale, etxadi, eraikin eta espazio publikoz osatua. Hilerria hiriaren mugetatik kanpo zegoen, irteera nagusietako batean. Hiriaren eragina zabaltzen zen, gutxienez, estuarioaren bi aldeetara, ibai ahoraino; garai hartako seinaleak hainbat tokitan aurkitu dira: Hondarribiko harresi barneko eremuan, Hendaian Ondarraitz hondartzatik gertu, San Martzial mendian, Jaizkibelen, eta San Telmo gazteluaren oinetan, Higerko arradan.

68. Oiassoko kaiak Londreskoen garai bertsuan egin ziren, eta badakigu Bidasoa ibaian zubi bat izan zela. Irudian Santiago kalean izandako kaia.© Arkeolan Ikerketa Zentroa. Irun
68. Oiassoko kaiak Londreskoen garai bertsuan egin ziren, eta badakigu Bidasoa ibaian zubi bat izan zela. Irudian Santiago kalean izandako kaia.© Arkeolan Ikerketa Zentroa. Irun

Oiassoko biztanleen bizimodua eta maila Atlantiko aldeko beste hirigune batzuetan izandakoaren antzekoa zen: erromatar ohiturek ezarritako dieta; garbitasuna, janzkera eta aisialdia, erromatarren ohituren erakoak; haien erara egiten zituzten hileta erritoak eta erlijio ospakizunak; latin idazkera ezagutzen zuten; eta, jarduerei dagokienez, merkataritzan eta eskulangintzan ez ezik, meatzaritzan eta arrantzan aritzen ziren, eta baita bide sarean toki estrategikoa izateak zekartzan jardueretan ere. Aspaldi ez dela aurkitu dira Bidasoaren bi aldeak lotzen zituen zubiaren hondarrak. Horrekin berresten da antzinatean benetako komunikaziogunea zela, Akitania eta Iberia elkarlotzen zituela, eta salgaien trafikoa bertatik banatzen zela, hainbat adar eta orientazio biltzen zituen sare batean barrena. Portua izateak, bestalde, itsasertzaren paralelo ziharduen kabotajean toki garrantzitsua eman zion, eta lehen mailako erreferentzia izan zen Bordele (Burdigala) eta Santanderko portuen artean. Oiasso hiriak gure aroko 70. urtetik 180.era bitartean izan zuen loraldia.

70. Aingura hau Higerko ainguralekuan aurkitu zen; burdinazkoa da, I.-II. mendeetan datatua.© Xabi Otero
70. Aingura hau Higerko ainguralekuan aurkitu zen; burdinazkoa da, I.-II. mendeetan datatua.© Xabi Otero
69. Bidasoa ibaiko zubiaren hondarrak.
69. Bidasoa ibaiko zubiaren hondarrak.
Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2024 Departamento de Cultura y Euskera- Diputación Foral de Gipuzkoa.
Para conectar con nosotros mediante skype pulse aquí
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net