gipuzkoakultura.net

Logo de la Diputación Foral de Gipuzkoa
Logotipo gipuzkoakultura

gipuzkoakultura.net

2024ko abenduak 4, asteazkena




Bertan > Gipuzkoa ezezaguna > Euskara bertsioa: Argisaingo Santa Marina
Argisaingo Santa Marina

Gipuzkoaren bihotz-bihotzean sartuta, euskal mitologia eta legendak oraindik nagusi direneko mendiez inguraturik, Argisaingo Santa Marinak bere nostasun osoa gordetzen du bere txikitasunean. Santutxoko bentaren gainetik, Ernioko mazizoa ageri da bere burdinezko gurutzeekin, nekropoli misteriotsu bat bailitzan.

Oriako haranaren gainean, Aldaba mendiaren ziluetak erromatarren inperioko garaien aurreko babesleku omen denaren arrastoak izkutatzen ditu pinudien artean. Aurrez aurre, Erniozabaleko mendi-hegaletan, Mendikuteko haitzorrotzak Goierritik Gipuzkoako kostaldeko itsasportuetarantz zihoan biderik zaharrenetariko bat menderatzen zuen gazteluaren azken arrastoak eusten ditu. Beste aldean, bere kararrizko aurpegi handia erakutsiz, gure mundu mitologikoaren santutegirik ospetsuena den Murumendiko haitza Urkiako malkar zorrotzetako basadiaren gainetik kizkurtzen da.

Santa Marinako eliza. Eskuinean, antzinako erromesen ospitalea
Santa Marinako eliza. Eskuinean, antzinako erromesen ospitalea.
Aralarreko Malloaren ikuspegia Balerdi eta Txindoki artean.
Aralarreko Malloaren ikuspegia Balerdi eta Txindoki artean.

Gaur egun, errepide estu batek Santutxoko benta eta Argisaingo Santa Marina auzoa elkartzen ditu. Duela urte asko ez direla, nik neuk Albizturretik Santa Marinaraino zihoan galtzara zoragarri bat ezagutu nuen eta handik, Berostegiko Santa Marinako pasabideen eta ibiaren bila nindoan, Oriako haraneko Legorreta eta Itsasondoko hiribilduen artean.

Argisainera joateko funtsezko bidegurutzea, Santutxoko benta da. Etxezar horretako fatxadan, Santa Anaren irudi bat gordetzen duen nitxo bat dago oraindik. Kontatu zidatenez, izan zen Santa Ana ermita bat Santutxotik Argisaineko Santa Marinarantz zihoan bidean, Burnikurutzeta izeneko lekuan hain zuzen ere. Behin kontatu zidatenaren arabera, Santa Anaren irudia (desagertutako ermita zahar horretatik ekarria) orain Albizturreko eliza parrokialaren sakristian dagoela esaten zen.


Pinudi zabalek mendi-hegal guztiak estaltzen dituzte
Pinudi zabalek mendi-hegal guztiak estaltzen ditu.
Aralarreko Malloaren ikuspegia Balerdi eta Txindoki artean.
Katagorria.

Argisaingo Santa Marina ezustean ageri da asfaltutako ibilbideko bihurgune baten atzetik. Bere dorre tontorduna, zurezko bilbadura nerbioak eutsitako hiruzpalau baserriren artetik azaltzen da eta hauetariko batek ere, bere teilatuan, teila argiago batez egindako gurutze baten marrazkia erakusten du, tximistaz, hots, gure mendiko etxeetako etsai zaharraz, babestearren. Urruti, Aralarrek, urdinez tintaturik, lanbro artean, auzo aldera begiratzen du.

Argisaingo plaza txikian, Santamaña-aundi baserriak bere leiho gotiko zatitu eta itsutuak erakusten ditu. Bere ondoan, dobelazko portada zaharra, hormatuta eta karez zurituta. Horretan geratu da antzinean Santiago de Compostelarantz zihoazen erromesen, hots, ordurarte ezaguna zen munduaren amaiera zen Finisterren amaitzen zen ibilbide iniziatiko misteriotsuko ibiltarien Ospitale izan zen etxea.


XIX. mendeko grabatu bateko erromesa
XIX. mendeko grabatu bateko erromesa.
Santa Marinako taila gotikoa
Santa Marinako taila gotikoa.
Ospitale aurrean, egungo benta. Bien artean, eliza parrokiala, zerrazko hortz gogorrak dituen portada erromanikoa zabalduz, Marrazki bakar batek ere ez ditu bere artxiboltak apaintzen. Bere traza, Amezketatik hurbil dagoen Ugarteko Andra Maria elizakoaren antzekoa da, Gipuzkoako arte erromanikoaren testigantzarik zaharrena delarik.

Atari itxi batek ematen du tenplu barrurako sarbidea. Nabe bakarreko parrokia txikia da, kutsu herrikoi handikoa, mistifikaziorik gabe. Alde batean, bataio-harri ederra. Errestaurazio obra berri batzuek, zurezko bilbadura zoragarri bat utzi dute agerian. Absideak gurutzeriazko ganga dauka oraindik. Erretablo nagusian, Santa Marinaren irudi gotikoa, ezkerreko eskuan liburu ireki bat duela, bestean herensuge bat heltzen duen kate bat eusten duelarik, era honetan Antiokiako Santa Marina eta Galiziako Santa Marina nahasten direneko legenda gogoraraziz.

Eliza honen izenak, herri hau antzinako pasaera leku izan zela adierazten du. Parrokiako portada erromanikoak, auzo XII.mendean bazegoela berresten du. Lehen aipatutako Ospitaleak erromesen ibileraren berri ematen du. Galtzarak, mendi hauetako ibilbide zaharren oroimena dakar. Biderik zaharrenak ziren, mendi-lerro txikietan zehar goitik zihoazenak, Aizkorriko mazizoko Sandratiko pasabide ilunaren bila...

Udazkenaren eztitasuna Argisaingo plazaren ondoan.
Udazkenaren eztitasuna Argisaingo plazaren ondoan.
Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2024 Kultura Zuzendaritza Nagusia - Gipuzkoako Foru Aldundia.
Para conectar con nosotros mediante skype pulse aquí
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net