gipuzkoakultura.net

Logo de la Diputación Foral de Gipuzkoa
Logotipo gipuzkoakultura

gipuzkoakultura.net

2024ko apirilak 25, osteguna




Bertan > Gipuzkoa ezezaguna > Euskara bertsioa: Apotzaga
Apotzaga

Gipuzkoan errepidea izan zuten azken herriak Leintzako Haraneko elizateak izan zirela esan dezakegu. Ondo gogoratzen dut mendiko bideetan zehar Bolibar, Mendiola, Arenaza, Larrino, Zarimutz, Mazmela, Galarza ata Apotzagara joan izana, beste zenbaiten artean. Lauzazko bideak ziren, Arabako pasabideetara zihoazen galtzara zaharrak, Jarindoko mendilerro txikietan zehar nahiz Aria-Gaboñoko mendizerrako lepo altuak igaroz.

Apotzagako eliza
Apotzagako eliza.
Galartzako elizatea eta, hondoan, Udalaitz
Galartzako elizatea eta, hondoan, Udalaitz.

Apotzagara oinez iritsi nintzen lehen aldian, Aretxabaletatik abiatu nintzen, San Blas ermita erromanikotik eta San Bernabe ermitatik -erabat hondatuta gaur egun- igaroz. Apotzagako basarrietako jendeak kontatzen zidanez, ibilbide horietatik arabarrak, Arrasateko azoketara, eta mandazainak etortzen ziren, azken hauek Lautadatik iristen zirelarik ardoa eta olioa ekarriz.

Apotzaga oso herri txikia da, Eskoriatzako elizate bat da egia esan. Auzoalde horretan, San Migeleko elizaren ondoan, bi etxe besterik ez dago eta urrutixeago, beste hiruzpalau baserri. Pinudiz betetako ezproien gainetik dagoen plazatik, Aizkorriko mendizerra, Urrexola eta Udalaitz mendiak eta, hurbilago, Asensiomendi, Murugain eta Aitzorrotzeko kotak menderatzen dira. Azken arkaitz hau Santa Kruz ermitak menderatzen du, Leintzeko Haran osoa ekaitz eta harrijasaz babesten omen duenak hain zuzen, maiatzaren hasieran bertara erromes joaten delarik.

Itzain arabarra
Itzain arabarra.

Apotzagako elizateak, benetan balio handiko arkitektura eta arkeologia multzo bat dauka, landa inguruko arte multzoa nahi izanez gero. Izan ere, bizi garen garaietan, harrigarria da ikustea gehiengo handiarentzat ezezaguna zen lan isil batez beren herrietako gauza interesgarri guztiak artatzen jakin izan zuten pertsonak geratu zirela. Beren izaera gal ez zezaten zaindu eta auzoaldeko leku desberdinetan ipini zituzten, azpimarratu beharreko grazia eta soiltasunez. Alderdi honi dagokionez, gure lurraldeko herririk azpimarragarrienetariko bat dugu Apotzaga.

Apotzagako elizak portada erromanikoa du, gotikorako transizioan hala ere. Bere gainean, gotiko estiloko leiho ajimezatua ikus daiteke. Multzo osoa, hareharrizkoa, zorroztasun handikoa da. Leintzeko haranean, arrasto erromanikoak Bedarretako (Aretxabaleta) elizako portadan, Bedoñako (Arrasateko auzoaldea gaur egun) elizako dorrean eta Larrinoko portadan ere aurki ditzakegu, zonako tenpluen beste zenbait arrastoren artean. Izan ere, ez ditugu ahaztu behar Dorletako Andra Maria santutegiko harburu erromanikoak.

Haritz ostoa
Haritz ostoa.

Hala ere, Apotzagako auzoalde honetako gauzarik interesgarriena bere hilerria da. Duela urte gutxi batzuk, hilerri berri bat eraiki zen. Hilerri zirkularra da, hilarri diskoideoen antzera. Zirkularra, "Banalerro Handiko" mendietako lepoetan dauden cromlechen antzera. Zirkularra, Aita Donostiaren omenez Agiñako ahoan altxatutako monumentuko zulogunearen antzera. Ez dakit Apotzagako kanposantua bezalako tokirik izango ote den gure herrian.

Hilerriko sarreran bi bataio-harri erromaniko erraldoi ikus daitezke, alde bakoitzean bana. Hauek ere ia hutsik daude eta zuhaitzen udazkeneko hostoak eta udaberriko euriaren tantak besterik ez daude barruan.

Apotzagako baserri bakoitzak bere hilobia du hormez inguratutako barruti txikian. Hilobi bakoitzaren burualdean, hildakoaren baserriaren izena duen hilarria. Horrela, etxe eta hilarriaren arteko loturari buruzko ohitura zaharrak, elizaren barruko hobiraketetan bezalaxe (gaur egun ere lotuta daude, sinbolikoki bada ere), iraun egin du garai eta ohitura berriei egokiturik.

Hilerriko landarea
Hilerriko landarea.
Haritz hostoak
Haritz hostoak.
Apotzaga ilustrazio erromantiko batean
Apotzaga ilustrazio erromantiko batean.

Hilarri diskoideo moderno hauek, beren tailetan, mendeetan zehar bereziki Lapurdi, Behe-Nafarroa, Zuberoa eta Nafarroako eta kopuru txikiago batez Gipuzkoa eta Bizkaiko hilarriak apaindu dituzten motiboak errepikatzen dituzte. Autore asko aritu dira gure herriko hilobi-monumentu txiki hauek aztertzen. Beren esanahiari dagokionez, ikertzailerik gehienek interpretazio antropomorfiko batera jotzen dute beren formari dagokionez, bertan hildakoaren figura sinbolizatzen delarik.

San Migelen eskultura batek, antzinean Marinerako bide zaharrean zegoen guruzpide batek eta elkar lotutako baserrietako sutondoek osatzen dute Apotzagako leku harrigarri hori, edertasun bare batez beteta.


Apotzagako hilerria
Apotzagako hilerria.
Egunsentia Apotzagan. Leintzeko Harana isten duten mendien paisaia.
Egunsentia Apotzagan. Leintzeko Harana isten duten mendien paisaia.

Marineko gurtzadura
Marineko gurutzadura.
Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2024 Kultura Zuzendaritza Nagusia - Gipuzkoako Foru Aldundia.
Para conectar con nosotros mediante skype pulse aquí
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net