gipuzkoakultura.net

Logo de la Diputación Foral de Gipuzkoa
Logotipo gipuzkoakultura

gipuzkoakultura.net

2024ko abenduak 3, asteartea




Bertan > Gipuzkoa ezezaguna > Euskara bertsioa: Aizarnako harana eta Santa Engraziko ermita
Aizarnako harana eta Santa Engraziko ermita

Aizarnatik Santa Engraziko ermitara doan igoerako pagadia
Aizarnatik Santa Engraziko ermitara doan igoerako pagadia.

Aizarnako harana Ernioko mazizoaren ipar-mendebaldeko mugan dago. Arro itxiko harana da, Santa Engrazi, San Pelayo, San Juan eta Humilladero del Calcario ermitak babesten dituzten gainen artean gordetzen dituelarik bere lurrak. Aizarnako lurretara iristen diren urak leizeetan barneratzen dira, Aranburuko-zuloan adibidez, eta lurraren erraietan barrena doaz, bere iturbegiak Urolaren arroan sortzen direlarik.

Historiaren ikuspuntutik, Aizarnak, XIV.mendean, Santa Cruz de Cestona hiribildua sortarazi zuen, harresiz inguratuz, eta Urolaren ibiaren nagusitza emanez ibaia zeharkatzen duen zubi bikainarekin, ibiltariak Lili Jauregirantz eta Bastarraineko parajerantz bideratuz. Denboraren iraganean Santa Cruz de Cestona Zestoa bihurtu zen, eta harresiek eta ate babestuek beren ospea Bainuetxe baten urei eman zieten.

Aizarnak bere hiribildu joeran porrot egin zuen, zelai irekiak herri itxiak baino nahiago izan zituelako. Herriaren erdialdean, diotenez Templarioen antzinako eliza zen Jasokundeko Andre Mariaren parrokiaren elizpe gotiko ederrak, bere estiloaren edertasunean dagoeneko iragan diren oparotasun garaiak gogorarazten dizkigu. Bere lineak Azkoitiko parrokiako portadetariko bat gogorarazten dute berehala. Bere forma guztiek gure begirada Santa Mariaren harrizko tailara bidera dadin eragiten dute, bere oinazpikotik Zestoa eta Aizarnazabalgo bide zakarrak jarraitzen zituzten ibiltariak bertara iristen ikusten zituen irudia.

Jasokundeko Andre Mariaren elizako elizpean
Jasokundeko Andre Mariaren elizako elizpean.
Elizako ate nagusiko burdineria
Elizako ate nagusiko burdineria.

Aizarnako beste toki ederretariko bat bere plaza da. Plaza handia da, angeluzuzena, eliza, Santa Kruz ermita eta auzoko bi kale bakarren artean irekita dagoena. Zuhaitz gutxi batzuek eta pilotalekuak osatzen dute geratzen zaigun lekurik ikusgarrienetariko bat. Plazatxoaren gainetik, karezko arkaitz baten gainaldean, Santa Engraziko ermita agertzen da.

Idi-demarako harria Aizarnako plazan
Idi-demarako harria Aizarnako plazan.

Santa Engrazi bakarti dago Ernioko mazizoko gutxien bisitatutako areetariko baten erdian. Santa Engrazik ahalik eta gehien eutsi dio denborari. Eutsi dio eta eutsi egiten dio, bere hormek metro t’erdi inguruko lodiera baitute. Bere kanpai-horma Gipuzkoako bikainenetariko bat da, Segurako Santa Engrazi ermitako kanpai-hormarekin soilik gonbara daitekeena. Harri horiek eusten duten kanpai erraldoiak inork deszifratu ez duen inskripzio misteriotsu bat gordetzen omen du. Gainera, babes-santutegi horren inguruetan izkutatutako egundoko altxorra gordetzen deneko lekuaren sekretua gordetzen omen du.

Santa Engrazi, ermita da gaur egun baina bere itxuraren arabera, jatorrian talaia-dorrea, babeslekua izan zela dirudi. Alde guztietatik ikus daiteke kilometro askotako ingurubiran eta gainera, baliteke aspaldi bidegurutze garrantzitsu baten gune izatea. Aizarnazabalgo ibilbide zaharra, Zestoatik Iturriotza doan galtzara, “Iparraldeko Galtzara”, “Trashumantziaren ibilbidea” eta Lasaoko estrata hemen elkartuko lirateke Zarautz eta Urdanetatik zetorren galtzararekin. Izan ere, Santa Engraziko bideak derrigorrezko ibilbide izan ziren bidaiarientzat ehundaka urtean. Iñigo Loiolakoak XVI.mendean zeharkatu zituen paraje hauek eta Humboldt-ek berak, bere “Diario del viaje vasco” delakoan (1801), Frantziako mugaren bila leku hauetatik ibili zela aipatzen du.

Idi-dema, José Arrueren litografía
Idi-dema, José Arrueren litografia.

Ermitaren kanpoaldetik, aurreko eraikuntza baten arrastoak ikus daitezke eta baliteke antzinako tenplua (edo lehen babes-eliza, hurbileko Aiako Elkanoren antzekoa) egungoa baino txikiagoa izatea. Badago datu bat, santutegi hau joan den mendearen amaieran (1896an) berritu zela dioena. Gure garaian, auzolanean, berriro eraberritu zen. Obra hauek ez gaituzte harritu behar, tenplua eraiki zeneko lekua oso babesgabea baita.

Santa Engraziko ermita
Santa Engraziko ermita.

Zuloagak egindako Juan Sebastian Elkanoren oleoa
Zuloagak egindako Juan Sebastian Elkanoren oleoa.

Argia hiru leiho txikitatik sartzen da ermita barruan. Ate dobelatuak urbedeinkatu-ontzi izugarri bat du ondoan, oso gurutze akitua duena. Alde batean, horman, Santiago Erromesaren taila bat dago. Absidean, Santa Engraziren irudia. Bere eskuinean, Santa Ageda. Guzti hauek, bidaiariak eta soroak ekaitz eta gaisotasunez babesten dituzten santuak dira. Santiagok bere erromes jantziak daramatza, kapela maskor batez eta kapa bi maskorrez apainduta dituela.

Santutegi honen ospea oso handia da oraindik Zarautz eta Urolako lurren artean kokatutako mendi eta haran guztietan. Juan Sebastian Elkanok ere, bere testamentu ospetsuan, Ozeano Barearen bakardade itzelean hiltzear zegoela, Santa Engrazi ermita misteriotsuaz oroitu eta honako agintza hau utzi zuen: “... Item mando a Santa Engrazia de Aizarna, un ducado de oro” (“...Halaber, Aizarnako Santa Engraziri urrezko dukat bat ematen diot dohaintzan”).


Aizarnako bista, 1959ko abuztua
Aizarnako bista, 1959ko abuztua.
Santiago erromesaren irudia
Santiago erromesaren irudia.
Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2024 Kultura Zuzendaritza Nagusia - Gipuzkoako Foru Aldundia.
Para conectar con nosotros mediante skype pulse aquí
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net