gipuzkoakultura.net

Logo de la Diputación Foral de Gipuzkoa
Logotipo gipuzkoakultura

gipuzkoakultura.net

2024ko abenduak 4, asteazkena




Bertan > Gipuzkoa ezezaguna > Euskara bertsioa: Zumarragako "Antigua"
Zumarragako "Antigua"

Gaur egun, ermita hau, guztiek "Antigua" izenez ezagutzen dute. Bai, egia da antzinakoa dela eta, halaber, ermita dela esan beharra dago, baina oso gutxik daki santutegi hau Zumarragako hiribilduko antzinako parrokia izan zela eta hortik datorkiola jatorrizko "Antigua" izen hori. "Antigua", hau da, inguru guztiko antzinako parrokia zaharra.

Andra Mariaren ermitako lerro gogorrak Izaspi mendigunean marrazten dira, Beloki mendiaren erdialdeko hegalean, zumar-basotxo batek inguraturik. Zumarragako hiribildu nekazariaren antzinako parrokia bere mendiskan bakarrik geratu zen, bertako biztanleak, aurrerakadaren irritsiz, Urola ibaiaren ertzeetara jaitsi zirenean hurbileko Urretxurantz eta urrutiago zegoen Legazpirantz zabaltzen hasi zirenean.


Zunda
Zunda.
Marratzeko konpasa
Marratzeko Konpasa.

"Antiguako" Andra Mariak gure iraganaren testigantzen lilura osoa gordetzen du. Ziurraski jatorriak XII-XIII.mendeetan errotzen dituen Eliza honen inguruan bere eraikuntzarekin loturik dagoen legenda sortu da. Ahozko tradizioak dioenez, santutegia eraikitzeko erabilitako harriak jentilek jaurtiki zituzten Aznabarretatik, Aizkorriko mendizerratearen gainetik igaroaraziz. Ezin ahaztu, bada, "jentilak" Euskal mitologiako erraldoiak zirela, indar izugarria zuten izakiak hain zuzen. Kontaketa zaharrek ziotenez, trikuharri, kromlech, menhir eta dorre-etxeak haiek eraikiak ziren eta gainera, herri honetako hainbat elizaren jatorria izugarrizko boterea zuten arkitekto berezi hauei lotuta agertu zaigu.

Zumarragako
Zumarragako "Antigua" izeneko elizaren barnealdea.
Zumarragako Ezpata-Dantza
Zumarragako ezpata-dantza.
Zumarragako "Antiguako" Andra Mariak, kanpoaldetik itxura arrunta agertuko luke, bere portadak beranduko estilo erromanikoa izango ez balu, apur bat zorrotzak diren lau artxibolta azalduz. Alboan, taila arineko eta traza gotikoko bi leiho daude, multzoaren doitasuna alaitzen dutenak. Absidearen horman sartuta guruzpidea dago, dudarik gabe aurreko eraikuntari dagokiona. Une honetako itxura kontuan hartuz, badirudi tenplu honek zenbait erreforma jasan izan dituela historian zehar. Bai luzeran bai altueran bere garaian egindako obrak argi ikus daitezke. Zenbait xehetasuni dagokionez, esate baterako absideko leihoa eta bertako Kristoa, zaila gertatzen da jatorrizko kokaera zein izan zen asmatzea.

"Antiguako" antzinako monastegiaren barrualdea askoz ere interesgarriagoa da. Horma eta zutabeak ezik, gainerako guztia zurezkoa da eta zaila da sabaiaren bilbadura, koruaren formak (bertako habe-multzoan jatorri primitiboko zenbait pintura agertu direlarik) edo habe eta jabaloietako tailen artean ikusgarriena zein den erabakitzea. Azken hauetan emakume irudiak, otso buruak eta marrazki geometriko ederrak agertzen dira. Portadaren ondoan, koruaren pean, bataio-harri galanta dago.

Gaur egun aldarearen ondoan gurtzen den Andra Mariaren irudia ez da antzinakoa. Dirudienez estilo erromanikokoa zen hura duela urte asko arrastorik utzi gabe desagertu zen, bere trazaren testigantza grafikorik (marrazki, pintura edo litografia) gorde ez delarik. Aspaldian ere une honetako taila estaltzen zuen ohialezko jantzia kendu zioten.


Zumarragako
Zumarragako "Antigua"ko zeharkako eta luzerako sekzioak.
Zumarragako

Zumarragako Andra Maria aipatzen duten dokumentu grafikorik zaharrenen artean Castilla-ko Enrike II.ak Lazkaoko jaunari egindako gutun-lagapena da. Geroago Castilla-ko Isabel I.a erreginak Diego Beltran Yanguas lizentziatu jaunari 1486ko maiatzean idatzitako gutun batean ondokoa agindu zion: "TRASLADASE A DICHA IGLESIA E MONASTERIO DE SANTA MARIA DE ZUMARRAGA E FAGAIS INFORMACION DE CUANTOS VECINOS AY EN DICHA VECINDAD E CUANTOS CLERIGOS SON MENESTER PARA EL SERVICIO E MONASTERIO".

(Joan zaitez aipatu Zumarragako Andra Mariaren eliza eta monastegira eta aipatu auzoaldeko biztanle kopurua bai eta zerbitzua eta monastegirako beharrezko den elizgizon kopuruaren berri eman ezazu)

Lazakaoko jaunarekin izandako hainbat auziren ondoren, lur lauan parrokia berria jasotzen hasi ziren eta horrekin batera "Antigua"ren gainbeherakada hasi zen. Parrokiako tenpluaren obrak 1576an hasi ziren eta 1662an amaitu. Aurretik, Antonio Manrique Iruñeako Gotzai jauna Zumarragara eraman behar izan zuten "Antiguako" Andra Mariara igo eta Aldareko Sakramentu Santua hiribilduko etxe batera eramateko. Aipatu etxea parrokia eraikitzeko hautatutako lekutik gertu zegoen.


Elizaren bista korutik
Elizaren bista korutik.
Jatorri ezezaguneko motiboak elizaren barnealdeko zurezko habe batean.
Jatorri ezezaguneko motiboak elizaren barnealdeko zurezko habe batean.

Jatorri ezezaguneko motiboak elizaren barnealdeko zurezko habe batean.
Jatorri ezezaguneko motiboak elizaren barnealdeko zurezko habe batean.
Jatorri ezezaguneko motiboak elizaren barnealdeko zurezko habe batean.

"Antigua"ko festa uztailaren 2an ospatzen da. Egun horretan, ermitaren barruan eta aldare nagusiaren aurrean Zumarragako ezpata-dantza ospetsua dantzatzen da. Dantzariek, belauniko, beren ezpata motzak gorantz jasotzen dituzte. Bazter guztiak argi eta kolorez betetzen dira eta Zumarragako Andra Maria garai batean izandakora itzultzen da, Aizkorriko mendizerratean islatzen diren landa zabaletaraino ehundaka erromes iristen delarik.

Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2024 Kultura Zuzendaritza Nagusia - Gipuzkoako Foru Aldundia.
Para conectar con nosotros mediante skype pulse aquí
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net