gipuzkoakultura.net

Logo de la Diputación Foral de Gipuzkoa
Logotipo gipuzkoakultura

gipuzkoakultura.net

2024ko maiatzak 5, igandea




Bertan > Korsarioak eta piratak > Versión en euskera: XVI. Mendea

XVI. Mendea

Gure historiako XVI. mendea arrazoi politiko eta erlijiozkoak direla eta, Espainia Frantzia eta Ingalaterraren aurka jartzen dituzten arazoak izango dira nagusi, eta Carlos V.ak eta Felipe II.ak bi erregetza horiekin sinatutako gerra eta bake-ituneak maiztasun handiz azalduko dira, itsasoa, askotan, hauen agertokia izango delarik.

Euskal korsariak, ondorioz, ez dira gorabehera hauetatik kanpo geratuko, aitzitik, protagonista zuzenak izango dira, zenbaitetan erregeen baimenei esker eta bestetan euren kabuz ihardungo dutelarik.

XVI. mendea, orohar, euskal korsariak arauen arabera iharduten hasten direneko lehen mendea izango da, eta agiri ugari dago horri buruz.
Kainoia
68. Kainoia. © Joseba Urretabizkaia
La Rochelle-ko portuko planoa. Antonio Lafreri (1580).
69. La Rochelle-ko portuko planoa. Antonio Lafreri (1580). © Joseba Urretabizkaia

Bi aurrekari

Anton de Garay izango da salbuespena, bera baita, agirien arabera, lehen korsaria. XV. mendearen amaierako bizkaitarra, Atlantiko itsasoan hasi zen korsaritzan, eta gero Mundu Berriko kostaldean aritu zen piratakerian, eta hori zela eta, hil egin zuten. Gipuzkoan Juan Martinez de Elduayenek gauza bera egin zuen 1480an. Frantziako salgaiak zituzten Hondarribiako hiru pinaza bereganatu zituen gerra denboran hala aritzen omen zirelako "so color de ciertas cartas de marca y represarias que dis que teníades desde en tiempo de la guerra". Errege Katolikoek gerra aspaldi amaitu zela ohartarazi zioten. Gero, Bilboko ontzi bat erasotu zuen Donostia aldean, bere ahaideen laguntzaz. Ondorioz, erregeen zigorra jaso zuen, harrapakinak kendu eta zenbait naraiko isuna sinatuarazi zioten.
Kheyr-al-Dinek, Bizargorri goitizenez ezagunagoak.
70. Kheyr-al-Dinek, Bizargorri goitizenez ezagunagoak, izen bereko bere anaiaren bidea jarraitu zuen. Soliman sultan turkiarrarekin aliatutako korsariak, euren askatasunaren truke ordaindu behar izan zuten hainbat marinel gipuzkoar atxilotu zituen. © Joseba Urretabizkaia
Donostiarako itzulera
71. Donostiarako itzulera.
© Joseba Urretabizkaia

Etsai frantziarra

Gure arreta jaso duen garaira itzuliz, XVI. mendeko lehen urteetan Frantziak korsaritza Espainarekiko lehiakidetasunean, arma nagusitzat erabiltzen zuen. La Rochelleko korsari eta piratak mende honetan euskal itsalarien artean ezagun bihurtu ziren, hurrengoan lortuko duten ospearen aurrekari gisa. Horrela, Martín de Iribas kapitainak Juan Florín korsari ospetsuari eraso egin behar izan zion –Hernán Cortések Mexikotik Esapiniara bidali zuen altxorraz jabetu baitzen- eta bere gizonak preso hartu zituen, ondoren, Kadizera eramateko.

Euskal korsaritza 1528an hasi zen, mende honi dagokionez, Espainiako erregetza Frantzia eta Ingalaterraren aurka gerran hasi zenean, Gipuzkoako marinelak korsaritzan hastera bultzatu baitzituzten.

Bilboko itsasadarrean Frantzia eta Ingalaterrako korsariek, gerra honen ondorioz, euren merkataritza eta itsasgintza oztopatu zuten zenbaitetan. 1536an bezala, Bilboko kontsulek Brujaseko auzimaisuari gutun bat bidali baitzioten, artileriako pieza batzuk eskatuz, korsari frantziarrekiko babesa, hain zuzen ere. Lapurdiko korsariak Euskal Herriko garrantzitsuenak izan ziren, ur guztietan baimena izanik edo baimenik gabe, erasoan aritu baitziren, bai eta piratakerian ere sarritan. Duconte, Harismendi eta Dolabarantz mende honetako Iparraldeko korsari ospetsuak izan ziren.

Gipuzkoarrak, beraz, armaz hornitu ziren eta Frantziako hainbat ontzi harrapatu zutenez, Lapurtarrek lehengo adiskidetasun harremanetara itzultzea eskatu zieten, 1536an Hendaiako bi bizikideen arteko bake-itunea sinatu zelarik, oso ohar pragmatikoa ezarriz, zeinaren arabera, bi alderdietako erregeek gerra aldarrikatzen batzuten ere, gerrarako agindua edota korsaritzarako baimena jasotzen zuten lehenek, beste alderdiari zer egin zezaketen jakinaraziko baitzieten.

Espainiaren aurkako gerra hauetan, Frantzia turkiarrekin aliatu zen, une hartan, erregetza sendoa lortu baitzuten, ospe handia eta hedapenerako grina lagun. Honen ondorioz, Mediterranioko merkataritza trafikoaren kontrola euren esku geratu zen, bai eta itsasoko gorentasuna. Agintari eta pirata turkiarretako bat Barbarroja izan zen, Frantziarekiko batasunaren ondorioz, Espainiako kostaldea 1530ean erasotu zuena. Turkiarrek gipuzkoarrak preso hartu zituzten, hala nola, Debako marinel bat, 1533an Barbarrojaren menpetik aske utzi behar izan baitzuen bere jaioterriak emandako dirutzaren truke.

Bizikideen artean sinatutako adostasunerako akordio hori urte batzuk beranduago hautsi zen, 1553an FelipeII.ak, oraindik erregetzara heldu ez zelarik, Donostiako ontzijabeei Antillatan lapurretan aritu ondoren etxera zetozen Lapurdiko zenbait korsari-ontzi harrapatzera irten zitezela agindu baitzien.

Halere, baimen honen arabera, ontzijabeek Frantziako ontziak erasotzen jarraitu zuten, eta Gipuzkoara hornidura ekartzen zutenak, erasoen beldurrez, aurrerantzean ez ziren berriro etorri.
Ziburu eta Donibane Lohizuneko badiaren 1650eko grabatua
72. Ziburu eta Donibane Lohizuneko badiaren 1650eko grabatua. © Joseba Urretabizkaia
Saubat de Gaston Baionako pirataren Baionako katedralaren ondoko justiziatzea
73. Saubat de Gaston Baionako pirataren Baionako katedralaren ondoko justiziatzea. © Joseba Urretabizkaia

Donostiako lau korsari

1554an, Donostiako korsarien lau kapitain Frantziako zenbait kanal eta ibaitan ibili ziren, merkataritza ontziak harrapatu eta probintziako presondegira korsari etsaiak eramanez.

Lau korsari hauetatik, Martín de Cardel, kapitain eta urketaria, Bordeleko kanalaren barruan sartu zen sei ontzirekin eta inguruko herriak asaltatu eta bertan lapurtzen ihardun zuen. Donostiara, artileriaz eta salgaiez betetako Frantziako berrogeita bi ontzi ekarri zituen. Domingo de Albisturrek Ternuatik makailo eta armaz beterik zetozen bederatzi ontzi handi eskuratu zituen, aldez aurretik, hauek zaintzeko agindua zuten bi gerraontzi uxatuz. Pablo de Arambururekin batera, halaber, makailaoa eta kainoiak zeramatzaten berrogeita bederatzi ontzi frantziar ere harrapatu zituen. Domingo de Iturain, lau horien artean ospetsuena izan zen, behar bada. Garay bizkaitarraren antzera, bere ontzi txikiaz baste handiago eta armatuago bat preso hartzen hasi zen, eta, harrapatutako honen bidez, Ternuan arrantzan zebiltzan ontzi britainiarrak lapurtzea bere espezialitatea bihurtu zen, hauek arrantzan jasotakoa eskuratuz.

Eta horrela jarraitu zuten euskal korsarien erasoek 1559an Frantziarekiko bakea sinatu zen arte, honela ezarri zelarik, halaber, korsarien arteko bakea.
Amarrak
74. Amarrak. © Joseba Urretabizkaia
Kuba eta Española, Habana, San Juan eta Margarita uharteak. Gerardus Mercator (1610).
76. Kuba eta Española, Habana, San Juan eta Margarita uharteak. Gerardus Mercator (1610).
© Joseba Urretabizkaia

Iparraldeko piratakeria eta korsaritza

Mendearen bigarren erdialdean Iparraldeko korsaritza zenbait ekintza dela eta nabarmendu zen.

Lehenik, eta urte horietan, Iparraldeko piratakeriak oinarri sistematiko eta finkoa izan zuen, zenbait arau zorrotzen eraginez. Hemendik aurrera ere, epaileen pasibotasuna ere aintzakotzat hartzekoa izan zen.

Bigarrenik, frantziarrek gipuzkoarrei egin zieten joko zikina ere nabarmena da, bi erregetzen arteko bake-ituna sinatu zela kontuan hartuz.

Horrela, Donibane Lohizune eta Ziburuko korsariak aipatu behar dira, 1560 inguruan, Ternuako portuetan Gipuzkoako ontziak zirikatzen hasi baitziren, bai eta handik bidaltzen ere, arrantza egiten utzi gabe; 1559an idazle batek Donibane Lohizuneko biztanleei buruz, Frantziako erregeek beti ere errespetuz tratatu zituztela esan zuen, oso bortitzak baitziren, itsasoan bereziki, "sus habitantes son muy belicosos especialmente en la mar". Saubat de Gaston, 1575ean itsas barrenean zenbait ontziri eraso egin eta Adourren ibaiahoan ohostu zien Miarritzeko itsasoko pirata eta merkataria esaterako. Eta beste bi pirata, Bardin kapitaina eta Motxi laguntzailea, piratei dagokien bezala, euren erregeen menpekoei ohosten aritu ziren.

Almirantego frantziarrak halako ekintzen aurrean izan zuen pasibotasunak Frantziako erregea esku hartzera bultzatu zuen, eta baimenak, fidantza ordaindu ondoren eman zietela agindu zuen, bai eta harrapaketak Almirantegoarekin eztabaida zitezela ere.

Etsai ingelesa

Baina Frantzia ez zen Espainiaren etsai bakarra izan. Ikusi dugunez, 1528ko korsaritzarako armaz hornitzeko baimena etsai ingelesari ere bazegokion, honen aurkako gerra ere aldarrikatu baitzen.

Britainiarren aurka, eta gerra garaian, aipatutako Iturainez gain, Getariko Antón de Iribertegui, Eskozian ontzi ingelesa okupatu zuena, eta Urbieta orotiarra, Londresera merkatalontzi bateko itsaslari gisa iritzi ondoren ontzi ingeles bat eskuratu, bertako tripulazio hil eta ontzia saldu zuena gogoan izan behar dira, azken honek justiziatik ihes egin behar izan zuelarik.

Ingalaterrak, gainera, beste fronte batean ere egin zuen bere bidea. Piratakeria ingelesa Isabel I erregin bihurtu zenean areagotu zen, Espainia Ingalaterran aurka gerran hasi baitzen berriro ere. Itsas enfrentamendua sortu zen horrela, bai eta Indietako zilar-ontzitza erasotzen duten piratekiko ingelesen laguntza, Drake eta Hawkins pirata ingelesak nabarmenduko direlarik, hau da, piraten borroka lurralde ameriketarretara eramango dituzten lehenak.

Ofizial gipuzkoarrek eta erregetzakoek pirata hauen ihardueren kontakizun biziak utzi dizkigute, hala nola, Martín de Olazabalek jasan zuena, La Habanatik Espainiarantz, altxorrez beteriko bederatzi galeoi eta hirurogei bat ontziz osatutako konboiean irten zen eta ingelesek erasotu zuten ontzitza handi baten komandantea.

Mendea Espainiak itsasoan zuen ahalmenaren gainbeheraz amaitu zen, Ingalaterrak Armada Garaitezinaren aurka lortu zuen garaipenaren eta honek euskaldunengan izan zuen eraginaren ondorioz. XVI. mendeko ontzitzarik indartsuenetako batek Ingalaterraren itsasoko gorentasunaren aurrean makurtu behar izan zuen.

Hemengoentzako garai zailetan ere, Ingalaterrarekiko areriotasuna ez zen ahaztu, mendearen amaieran, Gipuzkoan izurritea izan baitzen, eta, ondorioz, La Rochellekoak, Gipuzkoako kostaldera iritsi baitziren korsari gisa, lapurretan aritu eta salgaiak eta are arrantzaleak ere eraman zituztelarik. Horren guztiaren ondorioz, agintariek nazio guztietako ontziek, ingelesek ezik, Gipuzkoan, euren produktuez hornitzeko sartzeko baimena lor zezatela eskatu zuten: "para que todas las naciones –excapto inglesas- pudiesen libremente navegar y traer en sus naos la cantidad de ceveras para el sustento de la gente y, como cada día crece el precio y aún con él por dinero no se halla para que comer, si dejase de acudir de Francia podría redundar notable daño por la mucha hambre".


Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2024 Dirección General de Cultura - Diputación Foral de Gipuzkoa.
Para conectar con nosotros mediante skype pulse aquí
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net