gipuzkoakultura.net

Logo de la Diputación Foral de Gipuzkoa
Logotipo gipuzkoakultura

gipuzkoakultura.net

2024ko abenduak 25, asteazkena




Bertan > Korsarioak eta piratak > Versión en euskera: Ontzi barruko bizitza

ONTZI BARRUKO BIZITZA

Ontzilariak

Korsarien itsasontzi handi bateko itsaslarien artean, kapitainarena zen irudi nagusia, ontzijabeen eta itsaslarien bitartekaria baitzen. Erasorako deia berak egin ohi zuen eta itsasontziko disziplinaren arduraduna ere bera izaten zen. Kapitainordeak kapitaina ordezkatzen zuen, hau gaixorik zegoenean edota hiltzen zenean eta goardiatako bat ere berak egin ohi zuen. Fragatako maisuak itsas-gobernua gainbegiratzen zuen eta horniduraren administrazioa ere bere gain hartzen zuen. Pilotuak nabigazioa zuzentzen zuen eta lemariei aginduak ematen zizkien. Kontramaisuak kapitainaren aginduak jarraituz, maniobra zuzentzen zuen eta aparailu eta suaren aurkako babesaren arduraduna zen. Zaintzailea bere laguntzailea izaten zen eta itsasontziaren garbiketaren, ontzi txikien eta ontzimutilen ardura ere izaten zuen. Itsaslarien artean hiru maila bereiz zitezkeen: marinelak, ontzimutilak eta morroiak; bi lehenen egitekoa oihalak eta nabigazioa izan ohi zen orohar eta hirugarrenek, garbiketa, jana, sokaburuetarako lokarriak eta ontziko otoitzak zituzten ardura nagusi gisa. Horiez gain, kondestablea ere aipa dezakegu, artileria zaintzen zuena, hain zuzen ere, bai eta artilariak, talkarako soldaduak, arotza, apaiza, eskribaua eta kirurgiarako medikua ere. Korsarien itsasontzietako beste bi lanbide adierazgarri ere bazeuden: harrapakin-kabua, harrapatutako ontzia porturaino eraman eta saltzen zuena, eta fragatako ikusliarra, bidaieko gertakariak eta tripulazioaren jarrera kontrolatu eta iruzurra saihesten zuena.
Bayona.
48. Bayona. © Joseba Urretabizkaia
Korsariek kaiza batean gorde ohi zituzten euren ondasunak.
49. Korsariek kaiza batean gorde ohi zituzten euren ondasunak. Honako hau korsari batena zen eta Miarritzeko museoan dago.
© Joseba Urretabizkaia
Euskal korsaria.
50. Euskal korsaria
© Joseba Urretabizkaia
Ontzi txikiagoetan, tripulazioa nahitaezko itsaslariez bakarrik osatzen zen.
Tripulazioa herriko edota inguruko pertsonek osatzen zuten. Zenbaitetan probintziako beste herrietatik etortzen ziren, eta are probintzia kanpotik ere. Atzerritarrak ere etorri ohi ziren, hala nola, lapurtarrak, flandestarrak eta irlandarrak, baina ez zen ohizkoena izaten. Pilotua frantziarra izaten zen, Frantziako eremuan ihardun ahal izateko eta euskaldun gehienak aparailuan trebeagoak zirelako gidaritzan baino. Gehienek ez zuten gaztelera ulertzen baina esperientzia handiena zuten itsaslariak elebidunak ziren. Maila sozialari dagokionez, behe-mailakoak izan ohi ziren, eta gutxiengo batek bakarrik zekien idazten

Ontzi barruko bizitza

Edozein korsari edo euskal itsaslarien eguneroko bizitza honela garatzen zen:

Itsaslariak gainaldean bizi ziren. Egunean zehar lau ordutako txandak egiten zituzten ontzia zaintzeko. Egunsentian hasten zen eguneko iharduna: gainaldea garbitu, oihalak prestatu eta jasotzea, mastatan gora igo eta sokaburuak lotzea. Orduerdiro, ontzimutil batek zer ordu zen esaten zuen, Pater eta Ave Maria bat errezatzeaz gain.

Itsaslariak, goizero, lo egin zueneko estera edo manta jaso behar zuen, bere arropa astindu, balde batean garbitu, zertxobait gosaldu (bizkotxoa, gailetak, baratxuriak, gazta eta sardina erreren bat), gauean zehar ontzian sartu zen ura txikatu eta bere kaiza edo kutxa txukuntzen zuen. Bertan, edozein korsari edo marinelen arropa izan ohi zuten, hau da, artilezko kamiseta, atorra, galtzerdiak, kapusaia, kapa motz bat eta boneta. Bakoitza nahi ahala jantzi ohi zen eta Iparraldeko marinelek bakarrik ezagutu zuten uniformea XVII. mendetik aurrera. Kapitain eta ofizialek arropa apainagoak eraman ohi zituzten.

Gorputzaren beharrak asetzeko, itsasoan egin ohi zituzten egin beharrekoak, eta, horretarako, aparailuko sokak edota olatuetatik zintzilikatzen zen taula eusten zuten, eta honi, “Komunak” edo “los jardines” (lorategiak) deitzen zioten.
J. Barbot etxeko kartak.
51. J. Barbot etxeko kartak. Donostia, XVIII eta XIX. © Joseba Urretabizkaia
sukalde-tresnak
52. Korsariontzitan erabiltzen zituzten sukalde-tresnak hauen antzekoak ziren.
© Joseba Urretabizkaia
Benetako janari bero bakarra eguerdikoa izaten zen, eta, horretarako, janaria prestatzen zuen marinel edo sukaldari bat zegoen, honek, burdinezko eltze handi batzuek sutan jartzen zituen. Janaria ugaria izan ohi zen, baina aspergarria. Olioa, baratxuriak, babarrunak, babak, zezinadun garbantzuak, urdaia, makailaoa edo sardina gaztua, haragi gaztua eta arto-irinezko bizkotxoa edo gailetak. Guztia, itsasontziaren alderdi lehorrean gordetzen zuten. Azukrearen ordez eztia erabiltzen zuten eta gizon bakoitzak ardo neurri mugatua izan ohi zuen eguneko, garestia baitzen. Bakoitzari, zegokion errantxua ematen zioten lurrezko kaiku edota zurezko plater batean; baxera, zurezko koilara batek eta aizto batek osatzen zuten. Bazkaltzeko ordua, iskanbila ordua izan ohi zen.

Lo ere, ontziaren gainaldean egiten zen, bakoitzak bere txokoan. Kapitainak bakarrik zuen bere logela, eta hau ere, korsaritzaren azken urteetako berrikuntza izan zen. Oherik ere ez zegoen, hamakak baizik.

Gauetan zaintzarako txandak egin ohi zituzten, eta aurretik, elkarrekin errezatzen zuten. Gero, ordu erdiro, erritozko doinu bat entzuten zen eta orduro lemazaina eta jagolea txandakatzen ziren.

Garbitasunik eza, gainaldeko pilaketa eta janaria gaixotasunetarako bizgarri egokienak ziren. Nutrizio eskasak gaixotasunen aurkako defentsak urritzen zituen eta, ondorioz, ontzian izurrite baten ondorioz hiltzeko arriskua handia zen. Gaixotasunik arruntena eskorbutoa zen, oraindik zer zen ez zekiten arren, bitamina gabeziaren eraginez hartzen zena. Ofizialek bakarrik izan ohi zuten bestelako hornidurarik (pikuak, mahaspasak, mermeladak, mahatsa...) beharrezko bitaminak baitzituzten. Sifilisa ere askotan izan zuten, bereziki XVI. mendean.

Ontzian erizaintzaz gehien zekien barberua izan ohi zen. Gehienbat egin ohi zuena objetuak atera, zauriak itxi, erre edota gorputzeko atalak josi edo ebakitzea zen. Tratamentua gehienetan odol-husteak, botika bejetalak... izan ohi ziren, eta tresnak berriz, mortairua, espeziak, lantzailea, sendabelarrak eta pattarra.

Disziplina eta presoak

Korsarien itsasontzietan marinelei heriotz zigorra jartzea ezinezkoa zen euren akatsa oso larria izan arren. Beraz, zigor gogorrei edota larrienei beldurrik ez zietenez, marinelek ez zuten disziplinarik izaten. Halere, bazeuden bestelako zigorrak ere, hala nola, gila azpitik igarotzea, zenbaitetan heriotzaren baliokidea zena. Iparraldekoak gogorragoak izan ohi ziren euren ohiturei eta zigorrei zegokienez, gorputzeko zigorra eta sarbide ohiturak baitzituzten –iritsi berria mastan lotu eta jotzea-, eta, nahiz eta agintariek debekatuta izan, iraunarazi egin zituzten. Hiltzailea hildakoaren gorpuari lotu eta biak uretara botatzen zituzten.

Presoek, berriz, oso tratu ona izaten zuten europarrak izatekotan. Erresistentzia gehiegi jarri ez zutenak aske uzten ziren eta hornidurak ematen zitzaizkien; borrokan ongi aritu zirenei berriz, ondasunak kentzen zitzaizkien. Zigorra, borrokan bitartean euren ontzia lehertzen saiatu zirenentzat izan ohi zen, hau da, lepotik zintzilikatu ohi zituzten, nahiz eta, geroago, zartadak ere erabili izan ziren.
Txopako plataformatik uretara zenbaitetan bota zuten marinel bat
53. Txopako plataformatik uretara zenbaitetan bota zuten marinel bat, gila azpitik igaro behar izan zuen beste bat eta eskua laban batez mastan josita duen hirugarren bat adierazten dituen grabatua. © Joseba Urretabizkaia


Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2024 Kultura Zuzendaritza Nagusia - Gipuzkoako Foru Aldundia.
Para conectar con nosotros mediante skype pulse aquí
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net