gipuzkoakultura.net

Logo de la Diputación Foral de Gipuzkoa
Logotipo gipuzkoakultura

gipuzkoakultura.net

2024ko abenduak 13, ostirala





Bertan > Bertan 20 Burdin aroko herri harresituak Gipuzkoan > Euskara bertsioa: Eguneroko bizimodua

PDF Bertsioa inprimitzeko [11,8 Mb]Ikono Acrobat

Eguneroko bizimodua

126. Gotortutako herrien barrualdean lurra lantzen eta abereak zaintzen zituzten. Marrazkian Intxurreko hegoaldeko mazelaren zati bat irudikatzen da.© Fernando Hierro
126. Gotortutako herrien barrualdean lurra lantzen eta abereak zaintzen zituzten. Marrazkian Intxurreko hegoaldeko mazelaren zati bat irudikatzen da.© Fernando Hierro

Burdin Aroko herrietako biztanleak irudikatu nahi baldin baditugu, Estrabonen testuetara jo behar ezinbestean. Bere "Geografia" lanean, gure Aroa hasi aurreko 29. eta 7. urteen artean idatzi eta geroago gure Aroko 18.ean birmoldatu horretan, zehaztasun handirik gabe honela deskribatzen dizkigu:

Mendiko biztanle horiek guztiak gartxuak dira: ura besterik ez dute edaten, lurrean egiten dute lo, eta ile luzea daramate, emakumeen antzera, nahiz borroka garaian banda bat jartzen duten kopetan. Akerkia jaten dute nagusiki; Aresi akerrak eskaintzen dizkiote, eta baita gatibuak eta zaldiak ere; biktima espezie bakoitzarekin hekatonbeak egiten dituzte, greziarren gisara, eta Pindarok dioen moduan, "ehunka inmolatzen dituzte". Borroka gimniko, hoplitiko eta hipikoetan aritzen dira, eta borroka, lasterketa, guduxka eta zelai-guduetarako trebatzen. Urtean bi herenetan menditarrek ezkurra besterik ez dute jaten ezen, lehor eta txikitu ostean, ogia egiteko ehotzen dute; ogi hau denbora luzez gorde daiteke. Garagardoa edaten dute eta ardoa, urri baita, daukatenean berehala edaten dute familiaren festa handietan. Olioaren ordez koipea erabiltzen dute. Paretaren bueltan eraikitako eserlekuetan jarrita jaten dute, eta bertan adin eta dignitateen arabera kokatzen dira; elikagaiak eskutik eskura igarotzen dira; edaten duten bitartean, gizonezkoak txirula eta tronpeten musikaz dantza egiten dute, gorantz jauzi eginez eta hurrena belaunikatuz. Bastetanian emakumeek ere dantza egiten dute, gizonezkoekin nahasian, elkarri eskua emanez. Gizonezkoak beltzez jantzita doaz, eta gehienek soinean daramate lastozko ohantzean lo egiteko jantzia. Zurezko edalontzi landuak erabiltzen dituzte, zeltek bezalaxe. Emakumezkoek lore-apaingarriz dotoretutako soinekoak eramaten dituzte. Barnealdean, diruaren ordez espezie-trukea erabiltzen dute, edo moztutako zilarrezko xaflatxoak bestela. Gaizkileak amildu egiten dituzte, eta parrizidak berriz harrikatzen, beren aberri edo hiriaren mugetatik kanpo aterata. Greziarren antzera ezkontzen dira. Gaixoak bideetan erakusten dituzte, egiptiarrek Antzinatean egiten zuten moduan, gaixotasun bera izandakoek senda ditzaten. Brutoren espedizioaren aurretik bakar-bakarrik larruzko ontziak zeuzkaten estuario eta paduretan nabigatzeko; baina gaur egun zuhaitz-enborrez egindako ontziak erabiltzen dituzte, nahiz oraindik ere horrelakoen erabilera ez den batere ohikoa... Horrelaxe bizi dira menditar horiek, esan bezala Iberiako iparraldean bizi diren horiek, honakoak baitira: Kallakoiak, Astoureak eta Kantabroiak, Ouaskonenganaino eta Pyréneraino heldurik, guzti-guztiek bizimodu berbera dute eta". (III.3.7.).

129. Lihoa dokumentatua dago Intxurren. Kalitate handiko ehunak ekoizteko aukera ematen zuen.© Iñaki Zorrakin
129. Lihoa dokumentatua dago Intxurren. Kalitate handiko ehunak ekoizteko aukera ematen zuen.© Iñaki Zorrakin
128. Buztingintzak eguneroko bizitzarako oinarrizkoak ziren ontzi ugari egiteko aukera ematen zuen. Tornuaren erabilera izan zen garai hontako berrikuntzetako bat.© Jose Lopez
128. Buztingintzak eguneroko bizitzarako oinarrizkoak ziren ontzi ugari egiteko aukera ematen zuen. Tornuaren erabilera izan zen garai hontako berrikuntzetako bat.© Jose Lopez
127. Sua, herri haietako gizakien aire libreko jarduera askoren ardatza. Argiak beraien egitekoak jarraitzeko aukera ematen zien eguzkia ezkutatu ondoren ere. © Lamia
127. Sua, herri haietako gizakien aire libreko jarduera askoren ardatza. Argiak beraien egitekoak jarraitzeko aukera ematen zien eguzkia ezkutatu ondoren ere. © Lamia

Aztarnategi protohistoriko gotortuetan burututako arkeologi ikerlanek informazio berriak eman dizkigute, Gipuzkoako lurraldean genituen arbaso horien eguneroko bizimodua nolakoa ote zen argitzeko bidean. Nekazaritza eta abelazkuntzan izandako eraldaketa garrantzitsuak, teknologia berrien sarrera, esate baterako burdina fabrikatzea edo kalitate handiagoko zeramikak lantzea ahalbidetuko zutenena, eraikuntza-tekniketako aurrerapenak, harreman komertzialak biziagotzea... hauek guztiak ongi antolaturik eta garapen bidean erabat sartutako gizarte batzuen lekuko ditugu.

NEKAZARITZA

132. Ilarrak (Pisum sativum) eta babak (Vicia faba).© Lamia
132. Ilarrak (Pisum sativum) eta babak (Vicia faba).© Lamia

Neolitoaz geroztik dokumentatuta egonik Bizkaiko Kobaederra (J.J. Ibañez, et alii, 1998) bezalako haitzuloetan eta geroago hainbat trikuharritan, hala nola Gipuzkoako Zorroztarrin (J.A. Mujika, 1991), Protohistoriako jarduera nagusietako bat da nekazaritza, horixe adierazten baitute europar kontinenteko herri kopuru handi batean aurkitutako material-hondarrek eta egindako azterlanek; Gipuzkoan azken bi hamarkadotan eginiko ikerlanek orain adierazia berretsi egiten dute, lurralde honetan ere nekazaritza finkatua zela alegia, arian-arian finkatua ere, eta basoari eta sastrakadiari pitinka-pitinka jandako lurren gero eta aprobetxamendu egokiagoa zertuz joan zirela.

130. Intxurreko burdinazko igitaia.© Aranzadi Zientzia Elkarteko Gordailu Zentroa
130. Intxurreko burdinazko igitaia.© Aranzadi Zientzia Elkarteko Gordailu Zentroa

Une honetan maiz agertzen hasiko dira harri, zeramika edo metalez egindako elementuak eta landare-espezieen hondarrak, batik bat giza jarduera handieneko inguruetan, etxe barru zein honetatik hurbilekoetan; horiek guztiek informazio zehatzak eman dizkigute, lan hauen garapenari buruz.

131. Landutako lur sailak.© Fernando Hierro
131. Landutako lur sailak.© Fernando Hierro

Harrizko barku-itxurako errotak dagoeneko erabiltzen ari ziren lehenagoko garaietatik nekazaritzan; Burdin Aroko herrietan ohiko elementuak dira, eta Gipuzkoan baditugu horrelako hainbat pieza, Intxurreko eta Basagaingo esparruetakoak alegia. Errota zirkularra, geroago sartua berau, aipatu bigarren aztarnategian agertu da. Lanabes horien bidez, zereal-alez edo ezkurrez irina egiteko modua izango zuen jendeak.

133. Espelta.© Xabi Otero
133. Espelta.© Xabi Otero

Produktu desberdinak, besteak beste gramineoak gordetzeko neurri handi samarreko ontziak agertzea ere ohiko kontua da; zeramikazko pieza hauek, eskuz edo tornuz eginak, toki espezifikoetan daude etxebizitza barnean biltegi txikiak eratuz. Eskuz egindako ontziak aztarnategi guzti-guztietan ageri dira.

Honekin batera, aurreko epeekiko bilakaera azpimarragarria antzematen da hainbat lanabes eta nekazaritzako tresnari dagokionez; milurtekoak dezente aurrera egin zuelarik burdinaren metalurgia sartzean aukera handiak sortu ziren metal honen bidez piezak fabrikatzeko; gure herrixketan, hala, igitai edo nabarra bezalako piezak agertu dira.

136. Intxurreko gari ale kiskaliak.© Edurne Koch
136. Intxurreko gari ale kiskaliak.© Edurne Koch

Baina nekazaritzaren praktikari buruzko dokumenturik zuzenena une horietan landutako espezieek berek eskainia da. Izan ere, kiskalitako zereal-ale ugari ditugu, esate baterako gari (espelta), garagar -azaldun zein gabe- eta artatxikiarenak, eta baita lekale espezieenak ere, hala nola baba eta ilarrarenak. Landare hauei guztiei beste basalandare batzuk lotzen zaizkie, tartean direlarik olo gaiztoa, larre-oloa, plantaina eta laharra. Intxurreko herrian jasotako ale-hondarrak duela 2260±80 eta 2070±80 urteen artean datatutako etxebizitzen barruan aurkitu ziren.

135. Basagaingo goldearen nabarra.© Aranzadi Zientzia Elkarteko Gordailu Zentroa, Xabi Otero, Grafismo
135. Basagaingo goldearen nabarra.© Aranzadi Zientzia Elkarteko Gordailu Zentroa, Xabi Otero, Grafismo

Kasuren batean baliteke landaketa motak txandakatu izana, eta baita geroago haziei tratamenduren bat eman izana ere. Ildo honetatik, lurraren aprobetxamendu onak, batzuetan, landaketak txandakatze-sistema batez zertzea eskatuko zuen, eta horixe gertatuko zen nonbait Intxurreko herrian, han zerealak eta lekaleak izango baitziren txandaka eta ereintzak, berriz, udazken-neguan eta udaberri partean. Toki honetan bertan, etxebizitzetako batean haziak berreskuratu dira, ezpurutasunez beterik, eta hurbileko beste batean, aldiz, aleak garbi zeuden, hau da, uzta bildu ostean ale horiei tratamenduren bat eman izanaren lekuko izango genituzke. Une honetatik aurrera zereal eta lekale produkzioa funtsezkoa izango zen herri hauetan, eta modua izango zuten nutriziorako balio handiko eta urtean zehar kontsumitu ahal izateko biltegiratze errazeko uzta handiak biltzeko, are soberakinak edukitzeko ere.

134. Burdin Aroko goldeak halakoxeak izango ziren.©
134. Burdin Aroko goldeak halakoxeak izango ziren.

Bestenaz ere, Intxurreko barrutian dokumentatutako lihoa (Linum sp.) eta beste landare batzuk erabiliko zituzten besteak beste, agian, artilearekin batera ehunak egiteko, epe honetako herri askotan ikusten dugun moduan.

ABELTZAINTZA

137. Gizakiaren eraginez basoek atzera egin ahala abereak bazkatuko zuten larreak ugarituko ziren.© Fernando Hierro
137. Gizakiaren eraginez basoek atzera egin ahala abereak bazkatuko zuten larreak ugarituko ziren.© Fernando Hierro
138. Burdinazko jostorratzak ezinbestekoak dira jantziak egiteko. Argazkian, Basagainen agertutako bat.© Lamia
138. Burdinazko jostorratzak ezinbestekoak dira jantziak egiteko. Argazkian, Basagainen agertutako bat.© Lamia
139. Ardiak (Ovis aries).© Xabi Otero
139. Ardiak (Ovis aries).© Xabi Otero

Gipuzkoako lurraldeak inguru eta giro aniztasun handia eskaintzen du abeltzaintzaren garapenerako; itsas mailatik hurbil hasi eta isurialde atlantiko eta mediterraniarraren banalerroko mendizerretaraino heltzen da, eta tarteko erliebe ugari du gainera. Horiek guztiak espazio egokiak dira, batean ez bada bestean, abere taldeak ongi molda daitezen urteko sasoi guztietan.

140. Behia (Bos taurus).© Xabi Otero
140. Behia (Bos taurus).© Xabi Otero

Gaur egun ezagutzen ditugun orduko herriak altura ertaineko zonetan kokatuta daude, eta guztiek dituzte inguruan abereak egoteko erliebe egokiak. Larre garaienak, gaur egun gertatzen den moduan, uda parteko hilabeteetarako izango ziren, hau da, urte-sasoien araberako erabilera ematen zen.

141. Txerria (Sus domesticus).© Xabi Otero
141. Txerria (Sus domesticus).© Xabi Otero

Abere azienda, une honetan, ardi, ahuntz, behi eta txerriz osatuta zegoen nagusiki, horixe ikusten da-eta Basagaingo herrian aurkitutako aztarnetan eta lurralde honetatik hurbileko beste askotan. Alabaina, eta oraingoz Gipuzkoan ez eduki arren aipatutako espezie horiez bestelakoen hezur-aztarnarik, seguruenik zaldia, astoa, txakurra eta oiloa ere izango ziren tartean, azkeneko horiek dagoeneko baziren-eta Araban Bigarren Burdin Aroan, La Hoyako herrian. Izan ere, indusitako aztarnategietako batzuetan lurrak duen azidotasun handiak zaildu egiten du hezurrak kontserbatzea.

Herrixketako batzuetan jasotako polenen azterketak esparru hauetatik hurbileneko zonetan zegoen landare-paisaia motei buruzko informazioa eman digute, eta ongi antzematen da bizilekuen inguruko deforestazioa ohiko kontua zela, batetik jendeak zura erabiltzen zuelako, eta bestetik zuhaitzik gabeko lurrak behar zituztelako nekazaritzako lanak egin eta abereentzako larreak edukitzeko. Ganadu horren parte bat, herrietatik hurbil samarreko larreak aprobetxatu ostean, inguru garaiagoetara aldatuko zen uda parteko hilabeteetan, lehenagoko kulturetan egiten zuten moduan alegia; are gehiago, praktika honek inolako etenik gabe segitu du gaur egun arte. Aralar, Aizkorri edo Ernio bezalako mendilerroak abeltzain eta ganaduaren egonleku izango ziren urte-sasoi batzuetan; honen hainbat arkeologi lekuko agertu da dagoeneko, esate baterako Urbian (Ugalde, Tx.; et alii, 1992-93).

143. Intxurren dokumentaturik daude abereentzako larretan izaten ziren landare hauek: Festuca pratensis, Lolium perenne, Melilotus altissima, Medicago hybrida, Trifolium pratense, Plantago lanceolata.© Iñaki Zorrakin
143. Intxurren dokumentaturik daude abereentzako larretan izaten ziren landare hauek: Festuca pratensis, Lolium perenne, Melilotus altissima, Medicago hybrida, Trifolium pratense, Plantago lanceolata.© Iñaki Zorrakin

Abeltzaintzaren garapenak Burdin Aroko jendearen eskura jarriko zituen, besteak beste, haragia, gantza -beharbada oliba-olioaren ordez erabiltzeko zenbait gauzatan- eta esnea, baina jaki horiez gain hainbat lehengai ere eskainiko zizkien, hala nola artilea, larrua edo adarra, baliagarriak guztiak inondik ere ehunak eta funtsezko beste artikulu batzuk egiteko. Baina esandako guztiez gain, idi eta zaldien bidez behar zuten indarra izango zuten lurra goldatzeko, gurdiak garraiatzeko edota toki batetik bestera mugitzeko.

Gazta eta beste esneki batzuen fabrikazioa dokumentatuta dago ganadua ageri den aztarnategi batzuetan; horretarako, larruzko edo egurrezko ontziak erabiliko zituzten, zulatutako zeramikazko ontziez gain, eta baita hainbat iragazki ere.

142. Behiak, ardiak/ahuntzak eta txerriak ziren Historiaurreko amaierako aldi hartan zituzten espezierik ugarienak. Espezie horietakoak ziren Basagainen aurkitutako animalia aztarnak.© Aranzadi Zientzia Elkarteko Gordailu Zentroa
142. Behiak, ardiak/ahuntzak eta txerriak ziren Historiaurreko amaierako aldi hartan zituzten espezierik ugarienak. Espezie horietakoak ziren Basagainen aurkitutako animalia aztarnak.© Aranzadi Zientzia Elkarteko Gordailu Zentroa

Aldi honetan ugari ziren artaldeak izango ziren arropak eta beste ehun batzuk egiteko lehengai nagusia eskainiko zutenak. Herri protohistorikoetako etxebizitzetan ehundegi aztarnak aurkitu izana eta noizean behin azaleratutako ehun hondarrak adieraziaren lekuko ditugu.

EHIZA, ARRANTZA ETA BILKETA

144. Fruitu eta hazi bilketa, elikadurarako osagarri garrantzitsua. Haritz-ezkurrak.© Lamia
144. Fruitu eta hazi bilketa, elikadurarako osagarri garrantzitsua. Haritz-ezkurrak.© Lamia

Produkzio-ekonomia baten erabateko garapen fase batean bagaude ere, lehenago garaietako harrapaketa praktika batzuk mantentzen ziren, jende hauen elikaduraren osagarri izango baitziren. Hala ere, abelazkuntzan aritzeaz gain animali espezie batzuk ehizatzen segituko zuten, jateko gehienbat. Antzeko zerbait gertatuko da landare espezieekin ere, ezen uzten osagarri gisa dietarako baliagarriak diren fruituak eta landareak biltzen jarraituko zuten; sasi-hostoen (Rubus fruticosus) eta intsusaren (Sambucus nigra) fruituen kasuan, nagusiki sendagai gisa erabiliko zituzten.

Oraingoz ez dugu gure herrietan izan zatekeen ehiza-jardueraren lekukotasunik, nahiz kontu egiaztatua den gure lurraldetik hurbileko habitat askotan; horrenbestez, pentsatzekoa da datozen urteotan zehar jarduera hori dokumentatzeko modua izango dela, batez ere oreinari eta basurdeari dagokienez. Halarik ere, jarduera hau oso bigarren mailan geratu zen epe honetako herrixketan, hain zuzen animalia espezie batzuk hezteko jarduera finkatu zenez geroztik.

Arrantzari dagokionez, berriz, Burdin Aroko aztarnategi batzuetan jasotakoari esker badakigu jarduera horretan aritzen zirela, eta bai brontzezko amuak bai, geroago, burdinazkoak erabiltzen zituztela, are sareak ere beharbada; dena den, une horretako gipuzkoar herrixketako jarduera horri buruzko zerbait jakitea ahalbide diezagukeen dokumenturik ez dugu, oraindik.

147. Bildutako fruitu, hazi eta produktu asko ontzi handitan gordetzen zituzten, Munoaundiko honetan, esaterako.© Edurne Koch, Xabi Otero
147. Bildutako fruitu, hazi eta produktu asko ontzi handitan gordetzen zituzten, Munoaundiko honetan, esaterako.© Edurne Koch, Xabi Otero
150. Izokina.©
150. Izokina.
145. Hurrak.© Lamia
145. Hurrak.© Lamia
146. Orein eta basurdeak ere ehizatzen zituzten, baina ez jarduera nagusi bezala.© Xabi Otero
146. Orein eta basurdeak ere ehizatzen zituzten, baina ez jarduera nagusi bezala.© Xabi Otero

Nekazaritzan jardutearekin batera, esparru harresitu hauetako biztanleek landare espezie zenbait biltzen jarraitzen zuten, Historiaurrearen sorburutik beretik egiten ari zen moduan, eguneroko bizitokietatik urrunegi ez dauden inguruetan berez hazten baitira landareok. Estrabonek, lehen aipatutako testuan, datu bat edo beste eskaini zigun kontu honi buruz: Urtean bi herenetan menditarrek ezkurra besterik ez dute jaten ezen, lehortu eta txikitu ostean, ogia egiteko ehotzen baitute; ogi hau denbora luzez gorde daiteke. Aipamen hauek oso kontu handiz hartzekoak badira ere, egia da gure herrietan, Buruntzan eta Basagainen esaterako, ugari direla ezkur hondarrak, eta pentsatzekoa da landutako zereal eta lekaleen osagarri gisa erabiltzen zutela, zeren eta zerealak uda partean biltzen diren bitartean ezkurra udazken hasieran bil baitaiteke; gainera zerealek dituzten antzeko nutrizio ezaugarriak dauzka, karbohidratoak, koipeak, proteinak eta zuntza ditu eta. S. Mason-ek dioen moduan (1995), Iberiar Penintsulako hego-mendebaldean batez beste 700 kg-koa da ezkur produkzioa, hektareako, eta zereal tradizionalena, berriz, 650 kg-koa.

Ezkurraz gain hurrak, koipe-olio eta bitamina ugarikoak, intsusa-baiak eta masustak biltzen zituzten.

148. Historiaurrearen antzinako garaietatik hasi zen gizakia itsasoko baliabideak erabiltzen.© Lamia
148. Historiaurrearen antzinako garaietatik hasi zen gizakia itsasoko baliabideak erabiltzen.© Lamia
149. Amuarrainak.© Xabi Otero
149. Amuarrainak.© Xabi Otero
152. Gure lurraldeko ibai eta erreka ugariak baliabide iturri aberatsa izango ziren.© Xabi Otero
152. Gure lurraldeko ibai eta erreka ugariak baliabide iturri aberatsa izango ziren.© Xabi Otero
151. Masustak.© Lamia
151. Masustak.© Lamia

METALURGIA

153. Goethita.© Lamia
153. Goethita.© Lamia
155. Limonita.© Lamia
155. Limonita.© Lamia
157. Malakita.© Lamia
157. Malakita.© Lamia
156. Siderita.© Lamia
156. Siderita.© Lamia

Brontzearen fabrikazioak segitu egingo zuen lehen milurtekoan, nahiz burdinaren metalurgia sartzeak bigarren maila batean lagako zuen.

154 Mea-azaleramenduak aurkitzea funtsezkoa zen metalurgia garatuko bazen.© Lamia
154 Mea-azaleramenduak aurkitzea funtsezkoa zen metalurgia garatuko bazen.© Lamia

Gure lurraldean brontzea lortzeko mea-baliabideak urri izan arren, nabarmen ikusten dugu brontzea fabrikatu zutela; izan ere, produkzio horren lekuko ditugu arkeologi lanetan berreskuratutako hainbat pieza, metala urtuz eta moldeak erabiliz eginak. Seguruenik metalurgi inguruekiko merkataritza harremanez baliatuko ziren galdaketarako lingoteak edo opil itxurakoak eskuratzeko zein pieza zaharrak amortizatzeko, edota bereak dituzten meatokiak ustiatzeko, nahiz haietako mea pobrea izan. Metal honekin bere jardueretarako lanabesak egingo zituzten, armez eta apaingarriez gain.

Badirudi burdinaren metalurgia Ebroren arroan sartu zela, Aro aldaketaren aurretiko VIII. mendeaz geroztik; dena den, metal honen bidez egindako material asko eta asko gure Aroa baino 500 urte lehenago datatuta daude, nahiz balitekeen lehenagotik hainbat objektu manufakturatu sartu izana, teknologikoki aurreratuago zeuden zonekiko harreman komertzialei esker.

160. Urre-pirita.© Lamia
160. Urre-pirita.© Lamia
159. Pirita.© Lamia
159. Pirita.© Lamia
158. Oligistoa.© Lamia
158. Oligistoa.© Lamia
161. Labe mota desberdinak erabiliko zituzten, ekoizkin metalurgikoak lortzeko behar ziren tenperatura gorietara iristeko.© Xabi Otero
161. Labe mota desberdinak erabiliko zituzten, ekoizkin metalurgikoak lortzeko behar ziren tenperatura gorietara iristeko.© Xabi Otero

Herrietako jendeek ezaguera teknologikoa bereganatu ondoren, eta burdinaren metalurgi prozesuaren faseetan trebaturik, produzitzen hasiko ziren, nahiz eta mea hau ugari ez izan zona batzuetan, ez behintzat aipatzeko moduko kopuruetan; horregatik, beharbada meategi txikien ustiapenera jo beharko zuten. Basagain eta Munouandiko esparruetan burdin zepa edo eskoriak aurkitu izanak metalurgia jarduera hori dokumentatzen dute gure lurraldearen mugen barnean.

162. Intxurreko burdinazko igitaia.© Xabi Otero
162. Intxurreko burdinazko igitaia.© Xabi Otero

Edonola ere, burdina iristeak metalezko objektu gehienak burdinez fabrikatzea, forjaketa bidez, ekarri zuen, eta brontzea nagusiki apaingarriak egiteko baztertzea, esaterako fibulak, eskumuturrekoak edo eraztunak egiteko. Aitzitik, lursailetan lan egiteko lanabesak, hala nola igitaiak eta golde-muturrak, aizto edo guraizeak, eraikuntzarako iltze edo grapak, edota armak besteak beste, burdinazkoak egingo zituzten aurrerantzean.

163. Basagaingo brontzezko aplikeak.© Lamia
163. Basagaingo brontzezko aplikeak.© Lamia

Gipuzkoako herrixketan aurkitutako pieza hauetako batzuei Karbono 14 bidezko datazioa egin zaie; halaz, Intxurreko burdinazko objektu batzuk orain dela 2030±80 eta 2260±80 urte bitartekoak izan daitezke, eta hurreko Basagaingo burdinazko beste elementu sorta bat orain dela 2170±80 eta 2360±120 urte bitartekotzat datatutako testuinguruan legoke.

166. Basagaingo burdinazko iltzeak.© Lamia
166. Basagaingo burdinazko iltzeak.© Lamia
165. Burdinazko zatiak, Basagaingoak.© Lamia
165. Burdinazko zatiak, Basagaingoak.© Lamia
164. Basagainen agertutako zepak.© Lamia
164. Basagainen agertutako zepak.© Lamia

MERKATARITZA

167. Beirazko  lepoko-aleak. Basagain.© Lamia
167. Beirazko lepoko-aleak. Basagain.© Lamia
171. Erabili zituzten apaingarri batzuk gizatalde arrotzekin izandako merkataritza harremanetan eskuratu bide zituzten.© Xabi Otero
171. Erabili zituzten apaingarri batzuk gizatalde arrotzekin izandako merkataritza harremanetan eskuratu bide zituzten.© Xabi Otero

Nekazaritzan eta abelazkuntzan gertatu zen garapen aipagarriak, aurrerapen teknologiko garrantzitsuez gain -horien artean bereziki aipatzekoa da burdinaren metalurgia abiatu izana-, lehenagoko garaietan baino produkzio handiagoak ekarri zituen, eta horrenbestez kasu askotan soberakinak sortuko ziren. Soberako produktu horiek izango ziren merkataritza jardueraren gai, eta horrela, salerosketa edo trukean arituz beste materia batzuk eskuratzeko moduan izango zen jendea. Gaur egun hainbat elementu dugu eskura, komertzio horren nondik norakoak argitzeko bidean aurrera egiteko. Izan ere, herrietako batzuetan metalezko pisuak aurkitu dira, hainbat marka eta pisu desberdinak dituztenak. Eta oso adierazgarria da, era berean, Arabako La Hoyako pisu-multzoa, maila zeltiberiarrekoa, brontzezko zein burdinazko piezak dituena. Gipuzkoako herrietan, berriz, badugu goiko partean marka batzuk dituen brontzezko pisu bat, Munoaundin berreskuratutakoa. Aurkikuntza hauek guztiek, jarduera komertziala egiaztatzeaz gain, matematika-ezaguerak taldearentzat ohikoak zirela adierazten digute.

168. Beirazko eskumuturreko hau, Basagainen aurkitutako zatitik berreraikia, urruneko merkataritzaren adierazle garbia da.© Xabi Otero
168. Beirazko eskumuturreko hau, Basagainen aurkitutako zatitik berreraikia, urruneko merkataritzaren adierazle garbia da.© Xabi Otero

Gipuzkoako aztarnategietan, bai Intxurren bai Basagainen, aurkitutako beirazko piezek, halaber, europar kontinenteko beste toki batzuekiko harreman komertzialak garatu izanaren aukera jartzen digute aurrean. Bitxi haietako batzuen edertasunak ongi erakusten digu nolako garapen maila lortu zuten gure Historiaurreko azken mendeetako nekazari eta abeltzainen gizarte hauek.

169. La Tène C2 garaiko beirazko eskumuturreko baten zatia, Basagainen egindako indusketan agertua.© Lamia
169. La Tène C2 garaiko beirazko eskumuturreko baten zatia, Basagainen egindako indusketan agertua.© Lamia
170. Brontzezko giltzaorratza. Munoaundin agertu zen, eta seguru asko herrian bertan edo inguruan egina izango zen.© Aranzadi Zientzia Elkarteko Gordailu Zentroa
170. Brontzezko giltzaorratza. Munoaundin agertu zen, eta seguru asko herrian bertan edo inguruan egina izango zen.© Aranzadi Zientzia Elkarteko Gordailu Zentroa
173. Lokarriz apaindutako zeramika, Buruntzakoa.© Aranzadi Zientzia Elkarteko Gordailu Zentroa
173. Lokarriz apaindutako zeramika, Buruntzakoa.© Aranzadi Zientzia Elkarteko Gordailu Zentroa
172. Munoandiko brontzezko pisua.© Aranzadi Zientzia Elkarteko Gordailu Zentroa
172. Munoandiko brontzezko pisua.© Aranzadi Zientzia Elkarteko Gordailu Zentroa
174. Axtrokin (Eskoriatza) aurkitutako urrezko goporrak, Hallsttat garaikoak.© Aranzadi Zientzia Elkarteko Gordailu Zentroa
174. Axtrokin (Eskoriatza) aurkitutako urrezko goporrak, Hallsttat garaikoak.© Aranzadi Zientzia Elkarteko Gordailu Zentroa

Batzuetan oso urrunekoak ziren populazioekin izandako harreman horren ondorioz gure lurraldera iritsitako gauzen lekukoak dira, esaterako, Axtrokin (Eskoriatza) aurkitutako urrezko goporrak: gure Aroa hasi aurreko 850-500 urte bitartekoak dira, forma hemiesferikoa dute eta hainbat apaingarri geometriko dituzte, Europa erdialdeko beste aztarnategi batzuetan aurkitutakoenen antzekoak.

GATAZKA ARMATUAK

179. Basagaingo harresiaren eraikuntza irudikatua.© Angel Benito Gastañaga
179. Basagaingo harresiaren eraikuntza irudikatua.© Angel Benito Gastañaga

Azken Brontze Aroa eta Burdin Aroa hartzen dituen epean gatazka armatuak, edo horrelakoak izateko arrisku potentziala behintzat izan zela dokumentatzeko arkeologi mailako elementuak sarri ageri dira. La Hoyako herria bere okupazio-faseetako batean suntsitu izana esanaren lekuko argia dugu.

180. Basagaingo harresiaren barruko paramenduaren xehetasun bat.© Lamia
180. Basagaingo harresiaren barruko paramenduaren xehetasun bat.© Lamia

Orain arte ezagutu ditugun kokagune edo asentamenduetan harresiak beti agertu izan dira, batzuetan lubanarroekin batera; horrek pentsarazten digu, kokapen estrategikoa duten eta normalean inguruko lurraldea baino gorago dauden tokiak aukeratzen zituztenez, babesari garrantzi berezia ematen ziotela bertakoek.

175. Munoandiko burdinazko txurroa.© Edurne Koch
175. Munoandiko burdinazko txurroa.© Edurne Koch

Herri inguruetako baso soiltzea, landaketarako espazioak eskuratzeko eta abeltzainentzako larre-sail gisa erabiltzeko funtsezkoa izateaz gain, seguruenik estrategi faktore argi eta garbia izango zen balizko erasotzaileen aurrean ikuspen hobea izateko.

176. Basagaingo burdinazko txurroa.© Lamia
176. Basagaingo burdinazko txurroa.© Lamia

Aro honetan gertatu ziren eraldaketa garrantzitsuek produkzio-soberakinak eskuratzea ahalbidetuko zuten, besteak beste, eta hainbat kasutan nahikoa soberakin handiak gainera; honen ondorioz, lapurreta eta arpilatze arriskua ere areagotu egingo zen.

178. Intxurreko hegoaldeko hegalean dauden harresi-lerro paraleloen irudia.© Fernando Hierro
178. Intxurreko hegoaldeko hegalean dauden harresi-lerro paraleloen irudia.© Fernando Hierro

Gerra kontuekin zuzenean lotutako material hondar eta aztarnak oso ugari agertu dira; horrela, oso kontu ohikoa da armak agertzea, hala ezpatak nola ezkutu edo lantzak, bai herri protohistorikoetan bai horien nekropolietan. Gipuzkoako aztarnategiei dagokienez, harresi eta zenbaitetan haien osagarri diren lubanarroz gogor babestuta egoteaz gain, esan behar bertan burdinaz eginiko armak agertzen hasi direla, esate baterako txurroak eta beste hainbat pieza. Pieza horietako batzuk Basagain eta Munoaundiko herrietan aurkitu dira.

Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2024 Kultura eta Euskara Departamentua- Gipuzkoako Foru Aldundia.
Para conectar con nosotros mediante skype pulse aquí
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net