gipuzkoakultura.net

Logo de la Diputación Foral de Gipuzkoa
Logotipo gipuzkoakultura

gipuzkoakultura.net

2024ko abenduak 14, larunbata





Bertan > Bertan 20 Burdin aroko herri harresituak Gipuzkoan > Euskara bertsioa: Etxebizitzak

PDF Bertsioa inprimitzeko [11,8 Mb]Ikono Acrobat

Etxebizitzak

79. Intxurreko 1 zenbakidun etxebizitza nolakoa zen irudikatuta, indusketa arkeologikoan lortutako datuen arabera.© Fernando Hierro
79. Intxurreko 1 zenbakidun etxebizitza nolakoa zen irudikatuta, indusketa arkeologikoan lortutako datuen arabera.© Fernando Hierro

Europako herri protohistorikoetan ezagutzen diren etxebizitza-aztarnak ugari dira, eta aniztasun handikoak gainera bai eraikuntza-lanetan erabilitako elementu eta teknikei dagokienez, bai forma, neurri eta barne-egituraketari dagokienez ere. Une hartan habitata funtsean landakoa izatean, aurkikuntza hauetako askoren artean ezaugarri komunak ikusten dira, arkitektura zuzenean lotuta baitago gizarte nekazari eta abeltzain baten behar eta usadioei.



80. Intxurreko 1 zenbakidun etxebizitzaren barrualdea nolakoa zen irudikatuta.© J. Ignacio Treku (Kaioa)
80. Intxurreko 1 zenbakidun etxebizitzaren barrualdea nolakoa zen irudikatuta.© J. Ignacio Treku (Kaioa)

Gipuzkoako herrietan garatutako ikerkuntzetatik ateratzen denaren arabera, etxeak hirurogei metro koadrotik gorako azalera duten espazioak dira; erosotasun-maila aipagarria dute, eta beren baitan neurri handi samarreko famili multzoak hartuko zituzten; osterantzean, bazituzten oinarrizko hatu batzuk ere jarduera nagusiak aurrera ateratzeko, eta baita jaki-gordailu txiki batzuk ere. Bizileku-egitura hauen osagarri beste eraikin batzuk egongo ziren, eta hauetan nekazaritzako soberakinak bildu eta beste hainbat lan egingo zuten.

81. Pago-egur ikaztua, iltzeak egindako zuloarekin, Intxurren agertua.© Aranzadi Zientzia Elkarteko Gordailu Zentroa
81. Pago-egur ikaztua, iltzeak egindako zuloarekin, Intxurren agertua.© Aranzadi Zientzia Elkarteko Gordailu Zentroa

Etxebizitza hauen ezaugarriak ondoen eta zehatzen definitu ahal izan diren tokia Intxurreko herria da; honetaz gain, Buruntza eta Basagaingo barruti gotortuetan beste hainbat datu eskuratu da. Intxurren argitara ateratako etxe bien kasuan, oinarria egiteko bertako haitza jan zuten, mendiaren tontor bien arteko inguru lau batetik oso hurbil, eta hegoalderantz lerratuxe daude, iparreko eta ipar-mendebaldeko haizeetatik babestearren zalantzarik gabe. Etxeetako lehenak oinplano laukizuzena du, 11 metro luze eta 6 metro zabalekoa hain justu. Eraikitzen hasi aurretik lurra prestatuta dagoela ikusten da, ezen malda txiki batez nibelean jarrita baitago plataforma sorta batez. Eraikinean sartzeko atea hegoaldeko fatxadaren mendebaldeko muturrean dago. Bigarren etxebizitza ere oinplano laukizuzenekoa da, lehena bezala lurra prestatu ondoren altxatuta dago, 12 x 5 metroko neurria du, eta sarrera hegoaldeko fatxadaren ekialdeko muturrean dauka. Iparreko aldean haitz moztuaren irtenuneek maila bat itxuratzen dute, eserleku baten antzera. Etxe hauen estalkiak, kokapenari eta ezaugarriei erreparatuz gero behintzat, isurialde bakarrekoak izango ziren, eta landare-elementuz osatuak; hau da, landare-material mota hori zur eta adarrezko bilbe baten gainean kokatuko zuten, urari sartzen utzi ez eta etxe barruko suaren keari irteten uzteko moduan.

82. Burdinazko iltzeak, Basagaingoak.© Lamia
82. Burdinazko iltzeak, Basagaingoak.© Lamia

Buruntzako kasuan etxebizitzak harresiaren barnealdeari itsatsita egongo ziren nonbait, horixe ondoriozta dezakegu, behintzat, inguru horretako material kontzentrazio handiaren, haren banaketaren eta aurkitutako eraikuntzako elementu txiki batzuen argitan, hauen artean izan baitira, esaterako, zutabe-ziri batzuk eta harri-lerrokadura bat.

83. Pago-egur ikaztua, beste pieza bat ahokatzeko landua, Intxurren agertua.© Aranzadi Zientzia Elkarteko Gordailu Zentroa
83. Pago-egur ikaztua, beste pieza bat ahokatzeko landua, Intxurren agertua.© Aranzadi Zientzia Elkarteko Gordailu Zentroa

Ezagutzen ditugun etxebizitza gehienak inguruan eskuratutako materialez egin ziren eta, egitura hauek eraikitzeko baliatutako teknikei dagokienez, berriz, tokian tokiko ezaguera teknikoak eta lanerako moduak erabiliko zituzten; dena den, oro har sinpleak dira. Hala eta guztiz ere, hemen adierazia egia izan arren eraikin-motetan nahikoa aniztasun ikusten da, kasu bakoitzeko baliabide, klima edo beharren araberakoak baitira.

Lan horiek burutzeko oinarrizko materialak lurra, harria eta zura dira. Lurrak eraikuntzan duen erabilera sarri ikusten da geografi eremu zabaletan, bai oinarri ezinbesteko gisa, bai harriaren eta zuraren elementu osagarri gisa. Hala, kasu batzuetan hormak altxatzeko erabiltzen zuten edota, oso isolatzaile egokia izaki, zorua bota eta estalkia emateko. Pezo fabrikazioa, oso ohikoa inolaz ere Europako lur hegoaldekoenetan, hainbat lekukotasunez ageri zaigu, halaber, iparralderagoko inguruetan. Intxurreko herrian pezo aztarnak aurkitu dira murru zonetan, batik bat paretari erantsitako sutegitik hurbilekoan. Basagaingo herrian hormak adar-bilbe batez eginda daude; bilbe hori buztinezko geruza batez estalita dago, eta kanpoalderantz azalera leuna erakusten du. Gainera, seguruenik pintatuta egongo zen azalera hori, Euskal Herriko mota honetako beste eraikin batzuetan ikusten den moduan. Aipatu Intxurreko etxebizitzetako zorua egiteko lur zapaldua erabili zuten.

84. Pezoa oraindik ere erabiltzen da eraikuntzan hainbat lekutan.© Xabi Otero
84. Pezoa oraindik ere erabiltzen da eraikuntzan hainbat lekutan.© Xabi Otero
85. Etxebizitza protohistoriko baten eraikuntza elementuen eskema.© Xabi Otero
85. Etxebizitza protohistoriko baten eraikuntza elementuen eskema.© Xabi Otero
87. Eraikuntzan erabilitako burdinazko gauzak, Basagaingoak.©
87. Eraikuntzan erabilitako burdinazko gauzak, Basagaingoak.
86. Basagaingo pezo zatia.© Lamia
86. Basagaingo pezo zatia.© Lamia
88. Hormaren lurrezko luzitu zatia, adar-bilbeen arrastoak dituela, Basagainen.© Lamia
88. Hormaren lurrezko luzitu zatia, adar-bilbeen arrastoak dituela, Basagainen.© Lamia

Harria ere elementu garrantzitsua da etxebizitzen eraikuntzan, nahiz batzuetan bigarren mailako lehengaia besterik ez den. Inguruko geologiak finkatuko du zein harri mota erabiliko den, eta honen eraginez eraikin-tipologietako elementu batzuk aldatu egingo dira toki batetik bestera. Hezetasunetik babesteko material isolatzaile gisa behin eta berriro erabiltzen zelarik, murru batzuen oinarrian ageri da, zurezko egituren babes edo zutabeetarako ziri edo altxagarri gisa. Bertako haitzaren erabileraz aparte, Intxurreko etxeak haitzean bertan hondeatuta daudelarik, horixe baitute azpitzat, eta Basagaingo herriko zutabe-ziriak alde batera utzirik, oso gutxi da Gipuzkoako etxebizitzetan material horrek izan duen erabilerari buruzko dokumentazioa.

89. Zutabe ziri baten xehetasuna. Basagain.© Xabier Peñalver
89. Zutabe ziri baten xehetasuna. Basagain.© Xabier Peñalver

Oso bestela, europar kontinentearen zati handi batean ugaria den zura oinarrizko baliabidea da edozein egitura mota altxatzeko unean. Zona desberdinetan zuhaitz espezie asko egotearen eraginez, batzuetan zur mota bat erabiliko zen, beste bat, berriz, beste batzuetan, eta horren ondorioz teknika desberdinak ikusiko ditugu honelako lanetan. Zuraren erabilera dagoeneko dokumentatuta dago Intxurreko, Basagaingo eta Buruntzako herrietan, are gehiago, jasotako aztarna edo hondar horietako batzuetan iltze edo ziri zuloak ere aurkitu dira. Zutabe-zuloak sarritan ageri dira, halaber, aztarnategi hauetan. Intxurreko eta Basagaingo esparruetan haritz eta pago zura dokumentatu dira.

90. Basagaingo etxebizitzako zutabe zirien lerrokadura.© Xabier Peñalver
90. Basagaingo etxebizitzako zutabe zirien lerrokadura.© Xabier Peñalver

Baina bizileku-eraikinez gain, herri horien barnean beste egitura mota batzuk ageri dira, eta hauexetan garatzen zen hainbat jarduera, hala nola zeramikaren fabrikazioa, elementu metalurgikoen lanketa edo zenbait produkturen biltegiratzea, salmentarako batzuetan. Alta zeramika egosteko labeak edo metalezko objektuak egiteko erabilitakoak aurkitzea ez da batere ohiko kontua izaten aztarnategietan, beharbada kasu askotan barruti gotortu hauek oso neurri handikoak direlako. Zeramikazko piezetarako biltegiak edota aleak kontserbatzekoak ugariagoak dira inguruko lurraldeetako herrietako batzuetan, hain zuzen bertakoen garapen maila altuagoagatik; Gipuzkoako aztarnategiek, halaber, hainbat eraikin izango dute erabilera horietarako.

93. Haritza.© Xabi Otero, Iñaki Zorrakin
93. Haritza.© Xabi Otero, Iñaki Zorrakin
92. Pagadia.© Xabi Otero
92. Pagadia.© Xabi Otero
91. Egurra funtsezko baliabidea zen eraikuntzarako. Pagoa.© Xabi Otero, Iñaki Zorrakin
91. Egurra funtsezko baliabidea zen eraikuntzarako. Pagoa.© Xabi Otero, Iñaki Zorrakin
Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2024 Kultura eta Euskara Departamentua- Gipuzkoako Foru Aldundia.
Para conectar con nosotros mediante skype pulse aquí
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net