gipuzkoakultura.net

Logo de la Diputación Foral de Gipuzkoa
Logotipo gipuzkoakultura

gipuzkoakultura.net

2024ko apirilak 26, ostirala





Bertan > Bertan 10 Gipuzkoako trenak > Euskara bertsioa: Zubiak eta Tunelak

PDF Bertsioa inprimitzeko [11,8 Mb]Ikono Acrobat

Zubiak eta Tunelak

Trenbideak duen alderik onena, hau da, gurpilaren eta altzairuzko errailaren artean marruskadura eskasa egotea, eta horri esker eraman daitezke karga handiak herrestan indar gutxi eginda, eragozpen bihurtzen da malda handiak igo behar direnean, lokomotorak berehala hasten baitira irristaka oztoporik txikienaren aurrean. Malda horiek %3tik gorakoak baldin badira, orduan igaroezin egiten zaizkie ohiko trenei eta beste sistema batzuk erabili behar izaten dira, kremailerako trenak edo funikularrak, esaterako.

101. Eusko Trenbideen zubia, Zumaian, Urola ibaian
101. Eusko Trenbideen zubia, Zumaian, Urola ibaian

Gipuzkoako lurraldeak hain orografia menditsua daukanez, trenbideak ezarriko baziren ingeniaritzako obra bikainak egitea beste biderik ez zegoen.

Ibaiak eta bailarak zeharkatzeko zubibide ausartak eraikiz eta mendiak igarotzeko tunel luzeak zulatuz ezarri ahal izan zen Gipuzkoan trenbide sare ibilgarri bat.

Gipuzkoako trenbide-ingeniaritzako obrarik handienak Norte Ko Trenbidea egitearekin batera hasi ziren. Beasaindik Altsasuraino dagoen igoera gogorrean guztira 22 tunel daude, hots, 10.402 metro bide, lurraren erraietan eginak. Azpimarragarriena Oazurtzako tunela da, 2.957 metro dituena; eraiki zen garaian (1863) Estatuko luzeena zen eta gaur egun ere marka hori dauka Euskadi mailan. Irunainoko bidea beste 9 tunelez osatuta dago, 3.882 m guztira.

Norte Ko Konpainiak ere zubi garrantzitsuak eraiki beharra izan zuen, azpimarragarriena Ormaiztegikoa, metalezko bost tartez osatuta eta 289 m luze dena. Oraindik orain eman diote erretiroa, pare-parean hormigoizko zubi berri bat jaso baitute, baina bere herriaren maitasunari esker, herriarengandik bereizi ezinezko ezaugarri bilakatu baita hura, monumentu gisa gordeko da. Beste bederatzi zubiren laguntzaz gainditu ahal izan ziren Gipuzkoako ibai nagusien arroak.

102. Andoaingo tunela
102. Andoaingo tunela

Nahiz eta trenbide estuak egitean zegoen filosofiari jarraiki ahalik eta azpiegiturazko obra handi gutxien egin nahi izan zuten, geografiak ezarritako baldintzek maiz lurraren erraiak zulatzera derrigortu zuten. Horren adibide garbiak dira desagertutako Plazaolako trenbidea eta "topo" ezaguna. Lehenengoan, Andoain eta Leitza bitartean 34 tunel eraiki ziren guztira, 3.000 m luze osotara, gaur egun ibiltarientzat eta zikloturistentzat aisialeku bihurturik daudenak. "Topoan" ere, izengoitiari men eginez, 14 tunel eraiki ziren, ibilbide osoaren %20a hartuz. Bigarren tunela da azpimarragarriena duen luzeragatik, 2.072 metro, hain zuzen.

Ondo egindako obra baten adibide aparta eskaintzen digu dagoeneko desagertuta dagoen Urolako trenbideak, Gipuzkoako Foru Aldundiak 1926an eginak. Ausardia handiz egina, aise gainditzen du Urola ibaiak Azkoitia eta Urretxu bitartean daraman bide gorabeheratsua, tarte labur horretan eraikitako 16 zubi eta 17 tunelei eskerrak. Bere trazatu eredugarriari irrikaz begiratzen diote oraindik ere paraje horretatik ibiltzen diren auto gidariek, Gipuzkoako errepiderik bihurri eta ibilienetako bat pairatu behar badute ere.

103. Ormaiztegiko trenzubia
103. Ormaiztegiko trenzubia

Vascongado ek ere ezinbestez azpiegiturazko obra handiak egin behar izan zituzten, guztira 28 tunel zulatuz, 8.288 m luze egiten dutenak. Horien artean dago Gipuzkoako trenbideetan dagoen tunelik motzena, Mogotekoa, hain zuzen ere, 26 m dituena, Deba eta Itziarren artean. Horretatik oso hurbil Eusko Trenbideak hasita dago Arronamendiko tunel berria eraikitzen, 1.200 m inguru edukiko dituena eta bere trenbideko tokirik arriskutsuena saihestea ahalbidetuko duena, egonkortasun gutxiko mendi magalean barrena baitoa zuzendu beharra daukan trazatua. Trazatuaren osagarri dira Zumaian dagoen metalezko zubi liraina eta hori baino itsusiagoa ez den Orioko zubia, bihurgunean egina, baina ahaztu gabe Elgoibar eta Alzola bitartean dauden eustorma bitxiak. Hango harri puska lodi eta borobilduak badirudi Inken Inperioan inspiratuta daudela zuzen-zuzenean.

Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2024 Kultura eta Euskara Departamentua- Gipuzkoako Foru Aldundia.
Para conectar con nosotros mediante skype pulse aquí
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net