gipuzkoakultura.net

Logo de la Diputación Foral de Gipuzkoa
Logotipo gipuzkoakultura

gipuzkoakultura.net

2024ko martxoak 29, ostirala





Bertan > Bertan 10 Gipuzkoako trenak > Euskara bertsioa: Trenbide estuko trenak

PDF Bertsioa inprimitzeko [11,8 Mb]Ikono Acrobat

Trenbide estuko trenak

Sthepensonek Ingalaterran egindako lehendabiziko trenek 1,44 metroko zabalerako trenbidea erabiltzen zuten; izan ere, zabalera hori baitzen 2000 urte lehenago Erromatarren Inperio garaian finkatutako gurpilen arteko tartea.

36. Vascongadoetako lurrinezko trena
36. Vascongadoetako lurrinezko trena
37. Zumaiako geltokiko erlojua
37. Zumaiako geltokiko erlojua

Stephensonek ezarritako neurria ohiko zabaleratzat hartu izan da harez gero, baina hainbat arrazoi tekniko eta ekonomiko zirela eta errail arteko distantzia handiagoa edo txikiagoa zuten trenbideak ere egin izan dira; Europan 1,44 metroko zabalerakoak nagusitu ziren, baina beste herrialde askok trenbide zabalak aukeratu zituzten; Errusian, adibidez 1,55 metroko zabalera zuten trenbiderik gehienek, Irlandan, 1,60 metrokoa eta Espainian, eta halabeharrez Portugalen, 1,67ko zabalera izan zuten, hau da, sei oin gaztelar adinako tartea.

Tarte txikiagoak ere utzi izan dira askotan, egin beharreko lanen kostua merkeago izan zedin, batez ere, ez baitugu ahaztu behar zenbat eta txikiagoa izan trenbidearen zabalera orduan eta lur-berdinketa gutxiago egin beharko dela eta tunelak eta zubiak ere horren araberakoak izango direla.

38. 'Asea' tren makina elektrikoa, 1932koa, Orioko trenzubian
38. 'Asea' tren makina elektrikoa, 1932koa, Orioko trenzubian
39. Vasco-Navarroko egonleku bagoia barrutik
39. Vasco-Navarroko egonleku bagoia barrutik

Gipuzkoan bertan hainbat neurritako trenbideak izan ditugu: Norteko trenbidea, zabalera handikoa (1,67 metrokoa); Frantziako Trenbidea, zabalera normala duena eta Irungo Bentas auzoraino iristen dena; Artikutzako meategiko trenbidea, 60 cm-ko zabalera besterik ez duena; Arditurri eta Mutilokoa, 75 cm-koa; Irundik Endarlazara bitartekoa, 92 cm-ko zabaleraduna (hau da, hiru oin britaniar adinakoa); eta batez ere, metro bateko zabalera duten hainbat trenbide.

Gipuzkoan egin zen metro bateko lehenengo trenbideak harreman estu-estua du ompañía del Norte k Madril mugarekin lotzeko trenarentzat aukeratutako ibilbidearekin.

40. Eusko Trenbideen tranbia Eibarren
40. Eusko Trenbideen tranbia Eibarren
41. Posta trena Debara iristen
41. Posta trena Debara iristen

Ikusi dugun bezala ibilbide horrek barnealdearekin inolako loturarik gabe utzi zuen Bilbo, eta ez da harritzekoa bizkaitarrek beste trenbide bat egiteko proposamena aurkeztea, Bilbo eta Tutera bitarteko trenbidea, alegia, Norte Ko trenarekin Mirandan bat egingo zuena.

Laster egin zuten aurrera trenbidea eraikitzeko lanek, eta 1863an inauguratu zuten, Norte Ko trenbidea bukatu baino urtebete lehenago, hain zuzen ere.

Hala ere, trenbidea egiteko lanak hasiera batean pentsatutakoa halako hiru kostatu ziren, eta ondorioz, trafiko itxaropen onak egon baziren ere, trenbideak porrot egin zuen eta trenbidearekin batera enpresa horren akzioak erosi zituzten makina bat inbertsore txikik ere bai. Compañía del Norte k bereganatu zuen 1878an Bilbo eta Tutera bitarteko trena.

42. Topoko furgoia
42. Topoko furgoia
43. Vasco-Navarroko bagoi automotorea
43. Vasco-Navarroko bagoi automotorea

Bizkaiko lehenengo trenbide horren emaitza kaskarra ikusirik ez zitzaion horrelako ur handietan sartzeko gogorik gelditu kapitalari, 1882an zenbait enpresarik Bilbo eta Durango bitarteko trenbidea egiteko erabakia hartu zuten arte. Bilboko finantza munduan "Durangilloko eroak" deitu zitzaien enpresa gizon haiei.

Durangillo trenak, bere aurrekoak ez bezala, arrakasta handia izan zuen eta emaitza ekonomiko bikainak lortu zituen; hori zela eta, berehala hedatu zen ustea trenbide estuek baino ez zutela irabazirik ematen. Gauzak horrela, uste hori ustela izan arren, Zumarragaraino luzatzeko egitasmoa aztertzeari ekin zioten laster, Zumarragan trenez aldatu eta Bilbo Donostiarekin zein Bidasoako mugarekin lotu ahal izateko. Pablo de Alzola ingeniari ospetsuak eta beste aditu batzuek adierazi zuten akats handia zela horren garrantzi handiko trenbidea ohikoa baino estuagoa egitea, baina diruaren txin-txin hotsak ez zien gomendio horiek entzuten utzi eta ez zioten inolako jaramonik egin.

44. Plazaolako trena, 'tren txikia', Lasarten
44. Plazaolako trena, 'tren txikia', Lasarten
45. Bidasoako trenaren inaugurazioa
45. Bidasoako trenaren inaugurazioa

Poliki-poliki egin zuen aurrera Durango eta Zumarraga bitarteko lanak eta zailtasunak ere ez ziren falta izan. 1888ko ekainaren 1ean iritsi zen lehendabiziko trena Bergarara eta 1889ko abuztuaren 26an inauguratu zen Gipuzkoako metro bateko lehendabiziko trenbidea; Maltzagan, gainera, Elgoibarko Karkizanoko San Pedroko labe garrantzitsuetara iristen zen adar bat zuen.

46. Vasco-Navarroko egonleku bagoia
46. Vasco-Navarroko egonleku bagoia

Bilbo eta muga lotzeko trenbide horrek bidaia asko mozten bazuen ere Zumarragan tren batetik bestera ibili behar izateak eragozpen handiak sortzen zien bidaiariei eta Maltzagatik Donostiara zuzenean joan ahal izateko aukera aztertzen hasi ziren.

1891n sortu zen Compañía del Ferrocarril de Elgoibar a San Sebastián izeneko enpresa eta bi urte geroago 1893ko abuztuaren 3an jarri zen abian lehendabiziko zatia Elgoibartik (Karkizanotik, zehazki) Debara bitartekoa. Zarautzetik Donostiara bitartekoa 1895ko apirilaren 9an ireki zen, baina enpresaren ekonomia egoera larria eta Itziar eta Meaga inguruko pasabideak zirela eta, 1901era arte ez zen ibilbidea osorik egiterik izan.

47. Topoko erreguladore-kirtena
47. Topoko erreguladore-kirtena

1906an bat egin zuten Durangotik Zumarragara zihoan trenaren enpresak ( Central de Vizcaya delakoak) eta Elgoibartik Donostiarakoak eta Compañía de los Ferrocarriles Vascongados delakoa sortu zuten; 1929an sartu zuten argindarra.

Mende hasieran metro bateko trenbide sare oparoa osatu zuten Gipuzkoan barrena enpresarien ekimenek. 1912an jarri zen abian mugako trena, Donostia eta Hendaia lotzen zituena. Berehala jarri zion jendeak "Topo" gaitzizena makina bat tunel baititu ibilbidean zehar (ibilbide guztiaren %20). Trenek botatzen zuten kea tuneletan jasangaitza izango zela pentsatu zuten sustatzaileek eta hasiera hasieratik elektrizitatea erabiltzea erabaki zuten, tranbiek erabili ohi zuten antzerako tresneria zutela.

48. Vasco-Navarroko 3.  klaseko bidaiari bagoia barrutik
48. Vasco-Navarroko 3. klaseko bidaiari bagoia barrutik
49. Vasco-Navarroko 3.  klaseko bagoia
49. Vasco-Navarroko 3. klaseko bagoia

1914ko urtarrilaren 20an abiatu zen lehen aldiz Plazaola trena edo Tren Txikia, Iruñea eta Lasarte arteko bidea egiten zuena. Lasarten Vascongados trenarekin bat egiteko aukera ematen zuen gainera tren horrek. Jatorriz Plazaola meategitik Andoaingo geltokira mea garraiatzeko erabili izan zen trentxoa baino ez zen hasiera batean tren hori; han Norteko Compañia ko bagoietara aldatzen zuten mea. Denbora igaro ahala alde batera zein bestera luzatu zuten trenbidea, Iruñea eta Donostia arteko zuzeneko lotura bihurtu arte. Hala ere, bizitza laburra izan zuen tren horrek. Errepide bidezko garraioak berebiziko konpententzia egiten zion eta 1953an izandako uholde ikaragarri haien ondorioz trenbidea itxi eta deseginda gelditu zen.

50. Vascongadoetako tren makina elektrikoa
50. Vascongadoetako tren makina elektrikoa

Bidasoako trenak ere antzerako jatorria zuen; izatez Endarlazako meategiak Irunekin lotzen zituen meategiko trena zen. Hasiera batean hiru oineko (0,92 metro) zabalera zuen eta Elizondoraino luzatzea erabaki zenean metro bateko zabalera ezarri zioten trenbideari. 1616ko maiatzaren 28an jarri zen abian eta une hartan ibilbidea Iruñearaino luzatzeko aukera aztertu bazen ere, errepidearen norgehiagokan galtzaile atera zen trena eta 1956ko abenduaren 31n itxi zen.

Lizarratik Gasteiza eta handik Durangora trena egiteko asmoz sortu zen 1887an "The Anglo-Vasco-Navarro Railway" izeneko enpresa; trenbide horretan du, hain zuzen ere, jatorria Bergaratik Gasteiza zihoan trenak. Hasiera batean Ingalaterrako kapitalaren laguntza izan bazuen ere, Gasteiz eta Laintz Gatzaga arteko zatia baino ez zen egin, porrot egin baitzuen enpresak; ondoren estatuak bereganatu zuen enpresa, baina ez zuen lanekin aurrera egin harik eta hiru Aldundien babesa jaso zuen arte; aldundiek estatuari kupoa aurreratuz finantziatu zituzten lan guztiak.

51. Maniobretako diesel lokomotora
51. Maniobretako diesel lokomotora
52. Ikatza garraiatzeko bagoia
52. Ikatza garraiatzeko bagoia

1918ko irailaren 3an egin zuen estreinakoz bidea Gasteiz eta Bergarako Mekolalde auzoaren arteko trenak. Izan ere, auzo horretantxe egiten zuen bat Durangotik Zumarragara zihoan Ferrocarriles Vascongados enpresako trenbidearekin. 1923ko irailaren 30ean Oñatira joateko bideadarra egin zen San Prudentzion eta 1938an elektrizitatea sartu zen ibilbide guztian.

53. Lurrinezko trena Meagako trenzubian
53. Lurrinezko trena Meagako trenzubian

Material higikor bikaina izan zuen beti, instalazioak ere apartekoak zituen, eta herritarrei eskaintzen zien zerbitzua nabarmena zen arren Madrilgo Garraio Ministerioko bulegoren batean trenbidea ixteko erabakia hartu zen 1967ko abenduaren 31n.

Hirurogeita hamarreko hamarkadan negargarria zen benetan bide estuko trenbide sarearen egoera Gipuzkoan. Errepidearekin zuen lehian galtzaile atera zen trenbidea eta administrazioak ere errepidearen aldeko apostua egina zuenez, Vascongados eta Topoak bakarrik zirauten bizirik; eta horiek ere nahiko larri, prezio politikoei eutsi ahal izateko tarifak igo ere ezin baitziren egin. Azkenean, galerak hain handiak zirela ikusirik, 1973 urtean zerbitzua bertan behera uztea beste irtenbiderik ez zen gelditu; orduan hartu zituen bere gain FEVEk enpresa publikoak, bide estuko RENFE izenez ere ezagutzen zen enpresak.

54. Oholtza-bagoia
54. Oholtza-bagoia
55. Ekipajea garraiatzeko furgoia
55. Ekipajea garraiatzeko furgoia

FEVEk ordura arteko zerbitzuei eutsi baino ez zuen egin hasiera batean eta ez zuen inolako hobekuntzarik egin. 1974an itxi zen bahin-betiko Maltzagatik Zumarragara bitarteko zatia. Handik gutxira, ordea, jokabidez aldatzen hasi zen poliki-poliki, eta lehendabizi Topo eta ondoren Vascongados zirelakoak modernizatzeari ekin zion.

56. Bidasoako trena
56. Bidasoako trena
57. Eusko Trenbideetako trena Deban
57. Eusko Trenbideetako trena Deban

1979an sortu berria zen Eusko Kontseilu Nagusiari eman zion Gipuzkoako metro bateko tren sarearen gaineko eskumenak. Urte batzuk geroago, 1982 urtean, Eusko Trenbideak izeneko enpresa sortu zuen Eusko Jaularitzak eta hark hartu zuen lekukoa.

58. Trenaren zai Zumaian
58. Trenaren zai Zumaian
59. Eusko Trenbideen makina elektriko modernoa
59. Eusko Trenbideen makina elektriko modernoa

Gaur egun Eusko Trenbideak enpresak ustiatzen duen metro bateko trenbide sarea da garai batean Gipuzkoan izan genuen bide estuko trenbide sare oparoaren aztarna bakarra. Nolanahi ere, itxaropen eta etorkizun handiko aztarnak dira, azken bolada honetan material higikorrean zein instalazioetan egin diren berrikuntza lanak kontuan hartuz gero. Topoan esaterako milaka lagun ibiltzen dira egunero joan-etorrian, Donostia erdialdera denbora laburrean joateko modu erosoa baita, trafiko eta aparkaleku arazorik ez izateko apartekoa. Kostaldean zehar doan trenbideak ere gero eta bizitasun handiagoa du, bai Donostia aldean eta bai Eibar inguruan sortu den tranbia zerbitzuan.

60. 'Brown Boveri' makina elektrikoa, 1928koa.
60. 'Brown Boveri' makina elektrikoa, 1928koa.
Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2024 Kultura eta Euskara Departamentua- Gipuzkoako Foru Aldundia.
Para conectar con nosotros mediante skype pulse aquí
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net