gipuzkoakultura.net

Logo de la Diputación Foral de Gipuzkoa
Logotipo gipuzkoakultura

gipuzkoakultura.net

2024ko apirilak 26, ostirala





Bertan > Bertan 10 Gipuzkoako trenak > Euskara bertsioa: Trena Gipuzkoan

PDF Bertsioa inprimitzeko [11,8 Mb]Ikono Acrobat

Trena Gipuzkoan

17. Tolosako geltokia
17. Tolosako geltokia

Aurreko koadro horretan nabari denez, Gipuzkoara Europako herrialde nagusietara baino atzeratuxeago iritsi zen trena.

Gure lurralde historikoan lehenbiziko trena 1863ko irailaren 1ean jarri zen martxan, Liverpooletik Manchestererako trenbidea zabaldu zenetik hogeita hamairu urtera eta Bartzelona-Mataro trenbidea baino hamabost urte geroago.

Lehenengo karlistadak, joan den mendean Gipuzkoan izan ziren gorabehera politikoak eta, oraindik industri iraultza garatu ez izanaren ondoriozko kapital ezak ekarri zuten atzerapen hori. Gipuzkoak duen orografia gaitzak, gainera, ez zuen erraztasun handirik ere ematen.

18. 3.  klaseko bidaiari bagoia barrutik.
18. 3. klaseko bidaiari bagoia barrutik.

Dena den, hasieran atzera samar geratu arren, behin trenbideak egiten hasi zirenez gero berehala zabaldu ziren ia Gipuzkoa osora, orografia bihurri eta malkartsuaren zailtasuna menderatuta. Gauza jakina da trenbideak beste garraiobideen aldean baduela abantaila nabari bat: kurpilak altzairuzko errailaren gainean biraka ibiltzerakoan oso erresistentzia txikia sortzen dela. Abantaila horrek berak, ordea, badakar eragozpen bat: maldan gora ibili behar izatean kurpilek ez diotela errailari ondo heltzen. Horregatik, trenek normalean ezin izaten dituzte %2tik gorako maldak behar bezala igo, erraz irrist egiten baitute.

Lurraldeak trenbidearen aurrerabideari ezartzen zizkion trabak gainditzeko zubi handiak egin eta tunel luzeak zulatu behar izan zituzten, besteak beste Oazurtzakoa, Brinkola eta Zegama artean dagoena. Tunel horrek 2.957 m ditu eta oraindik ere Gipuzkoan dagoen tunelik luzeena da, dagoeneko 130 urte bete dituen arren.

19. 'Aurrera' lurrin makina, 1898an egina.  Gaurko egunean zerbitzuan dago Burdinbidearen Euskal Museoan (Eusko Trenbideak)
19. 'Aurrera' lurrin makina, 1898an egina. Gaurko egunean zerbitzuan dago Burdinbidearen Euskal Museoan (Eusko Trenbideak)

Urolako Trenbidea egin zenean, Gipuzkoako trenbideen sarea osaturik geratu zen. Hirurogei urte ingurutan 386 km luze egin ziren. Ez ziren gutzi, gure lurralde historiko honen luze-zabalera txikirako. Ondorioz, estatuko trenbide sarerik oparoena izatera iritsi zen Gipuzkoa, eta Europako herrialderik aurreratuenekin -Ingalaterra eta Belgikarekin, kasu- paraketzera.

Gipuzkoako haran nagusi guztietan trenbidea zegoen. Hala, Irundik Elizondora zihoanak Bidasoa bailara zeharkatzen zuen. Arditurri eta Artikutzako meategietako trena Oiartzungo bailaran behera jaisten zen, eta bailara-barrenean Topoa eta Norteko trena igarotzen ziren. Norteko trenak, gainera, Urumea bailararen behealdea, Oria bailararen erdialdea eta Urola bailararen goialdea ere zeharkatzen zituen. Eta Plazaolako trenak, "Tren Txikiak", Leitzaran bailara osoa igarotzen zuen ibaiaren ondo-ondorik.

Oria, Urola eta Deba bailaren beheko aldean barrena Ferrocarriles Vascongados delako trena zihoan. Urolako trenak, berriz, ibaia ertz batetik bestera zeharkatzen zuen etengabe, izena eman zion ibaiarekin jolasean. Azkenik, Ferrocarril Vasco-Navarro izenekoak Deba garaia igarotzen zuen.

20. Geltokiko erlojua
20. Geltokiko erlojua

Trenbideak eta haranak probintziaren bizkarrezurra ziren eta komunikabide sistema bikaina eskaintzen zioten. Trenbideen osagarri, gainera, hiriko eta hiriarteko tranbia elektrikoen sare oparoa zegoen Gipuzkoan, probintziaren garapen ekonomikoa eta soziala ahalbidetzen laguntzen zuena.

Orduko trenbide gehienak enpresa pribatuek eginak ziren. Lehenbiziko trenbidea egitea bultzatu zuen kapitala Frantziakoa zen, baina laster kapital gipuzkoarra eta bizkaitarra etorri ziren haren lekua hartzera.

Gipuzkoako Foru Aldundiak ere zeregin handia izan zuen probintziako trenbideen sarea osatzeko prozesuan, sortzen ari ziren tren konpainiei dirulaguntza garrantzitsuak emanez eta, batzuetan, akzioak ere erosiz.

Baina Foru Aldundia ez zen ekimen pribatua bultzatzera mugatu. Kapitalak Ferrocarril Vasco-Navarro eta Urolako trenbideekiko interesa galdu zuelako eskualde horiek komunikaziorik gabe uzteko arriskua ikusi zuenean, berehala erabaki zuen trenbideok bultzatzea. Hala, Vasco-Navarroa egiteko, estatuari kupoa aurreratzen hasi zitzaion, eta Urolako trena, berriz, zuzenean berak egin eta ustiatu zuen. Hain zuzen ere Urolakoa (Gipuzkoan) eta Trianokoa (Bizkaian) izan ziren Diputazio batek bere kontura egin eta ustiatutako trenbide bakarrak estatu osoan.

21. Donostia, Norteko trena 1863an.
21. Donostia, Norteko trena 1863an.
22. Geltoki buruaren turuta.
22. Geltoki buruaren turuta.

•  KOADROA

herriade bakoitzeko trenbide kilometroak
Herrialdea Trenbidea Km-ak Azalera Biztanleak Trenbidea m/km2 Trenbidea m/biz.
 Alemania
63.760
540.500
64.926.000
118
0.98
 Belgika
8.814
29.500
7.426.000
291
0.98
 Frantzia
65.290
536.400
39.192.000
129
1.66
 Ingalaterra
37.717
316.600
45.360.000
119
0.83
 Italia
17.634
286.600
34.670.000
62
0.50
 Suitza
4.873
41.400
3.753.000
117
1.28
 Espainia
15.840
497.225
19.506.000
32
0.81
 Gipuzkoa
353
1.800
274.000
196
1.28

 

23. Bidasoako mugako zubia, 1864an.
23. Bidasoako mugako zubia, 1864an.
24. Zumaiako geltokia
24. Zumaiako geltokia

Nabarmena da Espainiako estatuan trenbideek dentsitate txikia dutela, bai km2-ko bai biztanleko. Gipuzkoak, aitzitik, trenbide ugari ditu. Ikus nola Belgikak bakarrik gainditzen duen km2-ko trenbide luzera erkatuta, eta Frantziak bakarrik biztanle bakoitzeko trenbide luzera erkatuta.

Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2024 Kultura eta Euskara Departamentua- Gipuzkoako Foru Aldundia.
Para conectar con nosotros mediante skype pulse aquí
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net