Euskal Herri osoko eta, bereziki, Gipuzkoako industriaren ezaugarri nabarmenetako bat trenbideetako materialaren fabrikazioan daukan espezializazioa da. Fabrika ugarik, nola lantegirik apalenek, hala ekoizpen gunerik handienek, era guztietako materialez hornitu izan dituzte trenbideak: torloju, lokomotora eta akzesorio mota guztiak.
Gipuzkoan enpresa ugarik hornitu izan dituzte trenbideak lanerako behar zituzten osagai guztiez. Arrasetako Unión Cerrajerak, errailak trabesei lotzekoak ziren gabilak ekoizten zituen, Alcorta y Mendizabalek esekidurako malgukiak eta baleztak, Bonifacio Echeverriak trakzioko kateak eta gakoak, eta abar.
Baina seguraski iharduerarik nabarmenean material higikorraren fabrikazioa eta konponketa izan da. Lantegi apal batzuek ere, Donostiako Urculak, esaterako, egin zituzten bagoi bakan batzuk hogeiko urteetan. Beste batzuek, berriz, Herrerako Ambrona lantegiak, esaterako, oraindik eusten diote beren iharduerari noizean behin bagoiren bat konponduz.
Arlo horretan Gipuzkoan gehien nabarmendu diren enpresak, duda izpirik gabe, berriki desagertutako Herederos de Ramón Múgica eta batik bat Beasaingo Compañía Auxiliar de Ferrocarriles CAF izan dira.
Lehenengoak iragan mendearen amaieran ekin zion bere iharduerari Donostian, Norte Ko estazioaren ondoan, orain Atotxako dorrea dagoen orubean, futbol zelai zaharraren aldamenean, hain zuzen. Enpresa horretxek ematen dio izena errealzaleen peñarik zalapartatsuenari.
Hasiera batean haren iharduerak ez zuen zerikusirik trenbidearekin, industriako zurgintzarekin baizik, pertsianen fabrikazioan baitziharduen nagusiki. Baina seguruenik, geltokia hain gertu zeukanez, eta garai hartan bidaiarien nahiz merkantzien bagoi gehienak egurrezkoak egiten zirenez, horrek bultzatuko zuen tren-fabrikazioaren arloan sartzera.
Herederos de Ramón Múgica hasiera-hasieratik espezializatu zen merkantzietako bagoiak egiten eta ardoaren garraiorako ziren "foudre" bagoien fabrikazioan nabarmendu zen. Itxuraz karga-bagoi itxien antzekoak ziren, baina barruan bi upel zeuzkaten, edari estimatua eramateko. Gero modeloa eboluzionatu eta bagoi-zisterna modernoak izateraino iritsi ziren.
Hirurogeiko urteen hasieran Iruna aldatu zituen Ramón Múgicak bere instalazioak eta han jarraitu zuen bere iharduerarekin laurogeita hamarreko urteen hasiera arte. Enpresa horrek bidaiarien bagoi bakan batzuk besterik ez zituen egin Norte Ko Konpainiarentzat hogeiko urteetan. Halaber, berrogeita hamarreko urteetan argindarrezko lokomotora bitxi batzuk egin zituen Cementos Rezolarentzat lantegi barruan erabiltzeko.
Baina dudarik gabe, alor horretako lantegi nagusia, Gipuzkoakoa ez ezik, estatu osokoa ere, CAF.
Enpresa horren sorburua Beasaingo lurre eta Igartzako burnioletan dago. Horko jabeek, goitia eta usabiagatarrek, iragan mendearen erdialdean batu eta Fábrica de Hierros de San Martín de Urbieta sortu zuten eta bertan 1861ean Gipuzkoako lehen labe garaia ezarri.
Lehen birmoldaketa 1892an jasan zuen eta orduan La Maquinista Guipuzcoana hartu zuen izentzat. Orduantxe hasi zen trenbideko materiala egiten, baina ez hori bakarrik, izan ere, lurrinezko makina finkoak, turbina hidraulikoak, irinak ehotzeko errotak eta errepideetarako zubi metalikoak ere fabrikatzen baitzituen.
Beasaingo fabrika 1901ean Sociedad Española de Construcciones Metálicasek zurgatu eta behin-betiko espezializatu zen bagoien fabrikazioan. Compañía Auxiliar de Ferrocarriles CAFek errentan hartu zituen instalazioak 1917an. Argindarrezko lokomotorak ekoizten 1928an hasi zen eta bi urteren buruan egion zion Norte Ko Konpainiari diesel automotoreen lehenengo hornidura.
Berrogeiko urteetan CAFek lantegi berria inauguratu zuen Irunen, trenbideetako materialen konponketa handietan espezializatua, nahiz eta batzuetan zenbait tren ere fabrikatu izan dituen bere instalazioetan. Hirurogeiko urteetan CAF Zaragozako Material Móvil y Construccionesekin batu zen, hau da, Carde y Escoriaza lantegi zaharrekin, eta orduan hartu zuen Construcciones y Auxiliar de Ferrocarriles izena, bere betiko siglei eusteko aukera eman diona.
Lehengo hamarkadako urteetan izandako krisialdi latzean enpresaren geroa koloka larrian egon zen, ordura arte ia bezero bakartzat zuen RENFEren eskaria goitik behera erori baitzen. Orain, berriz, itxaropentsu dago ehun urteko bizitza duen industria hori.
Egun, CAF, Estatuko lehenengo postuan dago bere arloan eta Europako multinazional nagusien parez pare dabil. Bere trenak trenbide guztietan ibiltzen dira, bai RENFEn, bai FEVEn, bai Kataluniako Generalitatearen eta Valentziako trenbideetan, bai Mllorcako trenbideetan eta, jakina, bai Eusko Trenbideetan ere. Madril, Valentzia eta Bartzelonako metroak ere bezero leialak dira eta orain bertan Bilboko metroa hornitzen ari da. Azken urteotan era guztietako trenak atera dira bere nabeetatik: teknologia modernoko tranbiak Valentzia eta Lisboarako, metroak Mexiko Hirirako eta Monterreyrako, eta abiadura handiko bagoiak Hungariako trenbideetarako. Azkeneko eskaerek oso helmuga anitzak dituzte: Londres, Amsterdam eta Hong Kong.
Baina CAFek, jakituria handiz, teknologia modernoak eta ehun urteko tradizioa bateratzen asmatu du. Horretarako, lantegi zaharrak berreskuratu eta balio arkitektoniko handiko eraikinak zaharberritu ditu, ekoizpenaren premia berrietara egokituz. Eusko Trenbideen Burdinbidearen Euskal Museoari ere lagundu dio, orain dela hirurogeita hamar urte bere lantegietatik ateratako tren zaharrak berregiten.