Logotipo gipuzkoakultura
2024ko abenduak 25, asteazkena



Bertan > Gipuzkoako Dorretxeak eta leinuak > Dorreak mundu hiritarrean
Bertan 11

Dorreak mundu hiritarrean


Landa munduaren aurrez aurre mundu hiritarra genuen, 25 hirik osatua, hain zuzen ere. Hiri haiek elkarren jarraian sortu ziren 1180tik (Donostia) 1383ra bitartean (Zestoa eta Urretxu), eta Dorreek garrantzi handia hartuko zuten hirien egituran. herritarren gaineko nagusitasuna, zaintza eta ekonomi nahiz gizarte interes jakin batzuen defentsa egiten zen, hala Dorre hiritarretik ere, normalean estrategikoki kokatuta baitzegoen, Dorre-jabea zen leinuak kontrolatzen zuen hiria, eta zuzenean finkatzen zuen bere prestigioa hiritarkideen aurrean.

Berastegiko Orubea (Berastegi)
Berastegiko Orubea (Berastegi) © Gipuzkoako Foru Aldundia. Ondare Historiko-Artistikoko Zerbitzua.
Isturitzaga Etxea (Andoain). Iparrekialdetiko bista
Isturitzaga Etxea (Andoain). Iparrekialdetiko bista © José Luis Galiana

Gaur egun oraindik agerian daude kasu batzuetan dorre batzuen eta besteen arteko ezberdintasunak, eta igerri ere egin liteke zein ezberdinak izan behar zuten bereizgarritzat zituzten osagai batzuek. Osagai nagusia, hala ere, Dorrearen jabetza erregimena bera zen. Landa aldeko leinuari, Dorrea bere nortasunaren zutabeetako bat zenez, ez zitzaion bururatu ere egiten Dorrea inolako arrazoirengatik merkatuan sar zitekeenik: ezin erosi eta ezin saldu zitekeen. Dorrea oinordeko bakarraren eskuetara pasatzen zen ohiturazko zuzenbidearen arabera. Dorre hiritarra , berriz, behin eta berriro saltzen eta erosten zen; espekulazio inmobiliarioko gaia zen, eta merkatuan nagusi ziren arauen mende zegoen, izan ere, hiriko leinuaren adierazgarri zen ondasun gutiziatsu bat baitzen. Landa munduan Dorrea eta Orubea (leinuaren egoitza material gisa) la osagai sinonimoak ziren, eta XVI. mendean ondo sartu arte eutsi zioten beren esanahi horri. Mundu hiritarrean, berriz, Dorrea, nahiz eta kasu batzuetan esanahi hori bera eduki, beste esanahi batzuez ere betea baitzegoen, gehiago zen arrakasta ekonomiko eta sozialaren irudia. Hala, Dorrea belaunaldiz belaunaldi leinu beraren esku irauteak ezin hobeto erakusten zuen arrakasta haren sendotasuna.

Logikoa da, hiriek izandako bilakaeraren eraginez, XV. mendearen bukaerarako Gipuzkoan erruz eraikiak ziren dorre hiritar gehientsuenak gaur egun desagertuta egotea. Baina egia da, halaber, aztarna dezente daukagula oraindik ere, eta nahiz eta askotan hondatuta egon, adibide bikainen aztarnak ere baditugu. Zerrenda paregabea erakusten digute Segurako hiriak edo baita Getariakoak edo Mutrikokoak ere.

Torre luzea Zarautz
Torre luzea Zarautz. © José Luis Galiana

1996an oso zaila da mintzagai ditugun mendeetan Gipuzkoako hirietan zeukaten bizimodua berregitea hango biztanleen eraikuntza eta etxebizitza motari dagokionez (gai horretaz, hain zuzen ere, "Bertan" aldizkariak beste ale batean dihardu). Nolanahi ere, garbi dago hirietako gizarte mailaketaren gailurra guztiz lotuta zegoela bai merkataritzaren jarduerari ("merkatariak", haien konpainiak, halen enpresak osatzen zituzten pertsonak eta gremio guztietako partaideak) bai jarduera intelektualari, zentzu irekian hartuta (eskribauak eta zuzenbideko berezilariak), eta talde horien artean Dorrea, jauregia, edo etxe handiagoa eta hobea edukitzea ("etxe nagusiak", garai hartan esaten zen bezala) arrakasta sozial eta ekonomikoaren adierazgarri zeta. Hiriak orubeka (etxeak eraikitzeko lur eremuak) banatuta zeuden eta orube haietako batzuetan familia dirudunek beren jauregiak edo dorreak eraikiko zituzten (bi modu horietara deitzen baitziren, landa munduan bezala, XV. mendean ondo sartu arte).

Familia batzuek, hala nola, Lilitarrek Zestoan, Rezabaldarrek Bergaran edo Isasagatarrek Azkoitian, sekulako dorretzarrak eraiki zituzten hiriko harresietatik edo itxituretatik gertu. Leku zabalagoa edukitzea eta Kontzejuaren kontrolari ihes egitea giltzarri izango ziren ekimen haiek aurrera eramateko. Kasu batzuetan, gainera, dorre haientzat eta dorre-jabe ziren leinuentzat harresietatik kanpo egoteak, alegia, interes ekonomiko berdinak zituen estamentutik urrundu gabe (estamentu hori harresien barruan bizi baitzen), orube landatar hutsen hurbiltasuna bilatzea esan nahi zuen. Ez da ahaztu behar Ahaide Nagusien orube batzuek, hala nola, Zarauztarrenek, Baldatarrenek, Olasotarrenek eta beste batzuenek, egoitza, hiri ondoan zutela, eta kasu horietako gehienetan hiriko Parrokiaren Patronatua ere berena zutela.

Kostaldeko hirietan, berriz, bilatuko zuten dorre bat ondorengo tokietan edukitzea: kaian edo kaiaren gaineko harresian, talaietan (hala nola, Getariako Aldamartarren Dorrea, XV. mendearen bigarren erdialdekoa), hirietako ateen ondoan, edota iba¡ bokalearen ingurumarietan, bokalea hiritik bertatik hurbil zegoenean. Kaian kokatutako dorrearen adibiderik ikusgarriena Mutrikuko Otxoa Sebastian de Berriatua merkatariak XV. mendearen bukaeran eraikitakoa da, haren bi semeek, Juan Otxoa kapitainak eta Juan Ramos de Berriatuak, 1517an erdibitu egin zutena.

Deba beheko arroan dorreen gune indartsu bat sortuko zen Sasiola, Irarrazabal edo Astigarribiako merkatari­- leinuen inguruan. Sasiolatarrek Deban zeuzkaten beren dorre nagusiak; familiaren bigarren mailako adar batek beste dorre bat zeukan, eta haren gainean Juan Perez de Likonak Sasiolako frantziskanoen komentua fundatu zuen 1517an; eta leinuaren bigarren mailako beste adar batzuek Deban eta Zumaian zeuzkaten dorreak. Adar horren sortzailea zen Jofre Ibañez de Sasiolak, Erregearen Kontseilukoak, eta Aragoiko Katalina andrearen eta Galesko Printzearen arteko ezkontza ituntzeko Ingalaterran enbaxadore zegoenak, Zumaiako bere dorreak ez ezik, San Antonen kapera ere eraiki zuen Zumaiako parrokian, eta han dago oraindik kaperako erretaula ederra. Sasiolatarrak, gainera, Probintziako beste leinu askoren arteko lotune izango ziren XV. mendean eta XVL.aren hasieran: Ahaide Nagusien orubeetatik hasi -Agirre Gabirian, Zarauz, edo Laurgain Aian-, eta Mutriku, Deba, Zumaia, Zumarraga edo Azkoitiko merkatarien leinuetaraino: Ubilla, Irarrazabal, Iribe, Legazpi, Mezeta, Berriatua eta abar.

Jauregi Dorreko esgrafiatuaren xehetasuna (Bergara)
Jauregi Dorreko esgrafiatuaren xehetasuna (Bergara) © José Luis Galiana
Bergarako Olaso Dorrea XX. mendearen hasieran
Bergarako Olaso Dorrea XX. mendearen hasieran © C. de Echegaray, Monumentos civiles de Guipuzcoa, 1921.

Sasiolaren aurrean Astigarribiatarrek kokatuko zituzten beren dorreak. Ibaiaren bokalean, hala nola, Beduatarrek Urolan edo Murgiatarrek Urumean, beren jabetzako ibian, bidezorra ezartzen zuten (burdinaren merkataritzarekin zerikusia zuena), eta eskubide hura zela-eta, auzi bat baino gehiago izan zuten Probintziarekin, Erregearengandik bere garaian eskuratutako baimenean babestuta.

Kostaldea Deba eta Mutriko bitartean
Kostaldea Deba eta Mutriko bitartean © José Luis Galiana
Bedua Dorrea eta lonja
Bedua Dorrea eta lonja © José Luis Galiana
Pedro Vélez de Gebara, Oñatiko Jaunaren hilobia. 1450 ing. (Oñatiko parrokia)
Pedro Vélez de Gebara, Oñatiko Jaunaren hilobia. 1450 ing. (Oñatiko parrokia) © José Luis Galiana

Badakigu harresien barruko eraikin gehienak, XV. mendean ondo sartu arte, egurrezkoak zirela, garai berean landakoak ziren bezalaxe. Suak hiri gehienak erre zituen XIV. eta XV. mendeetan eta baita XVI. mendean ere, ia dena kiskaltzeraino erre ere. Donostian bakarrik badakigu hiria gutxienez lau aldiz erre zela 1489ko urtarrileko sute ikaragarri hura gertatu aurretik, zeinean hiri osoa erre baitzen, Prebostearen etxea, haren suhia Elduain batxilerrarena eta Oianguren-La Torrerena izan ezik, hirurak harrizkoak baitziren.

"...oso-osorik erre zen Migeltxo de Juan de Agirre Blancaflorren etxea deitzen zutena, Santa Maria esaten dioten kalean zegoena"

Berriatua Dorrea XX. mendearen hasieran (Mutriku)
Berriatua Dorrea XX. mendearen hasieran (Mutriku) © C.
de Echegaray, Monumentos civiles de Guipuzcoa, 1921.
Isasaga Dorrea XX. mendearen hasieran (Azkoitia)
Isasaga Dorrea XX. mendearen hasieran (Azkoitia) © C.
de Echegaray, Monumentos civiles de Guipuzcoa, 1921.

Jakina, suari aurre egiteko era bakarra harriz eraikitzea zen. Horretarako Donostiak berariazko ordenantzak eman zituen 1489ko abuztuan, gaiari buruz arau zehatzak ezartzeko Arau haiek, gainera, Errege Katolikoek bultzatuak ziren, harriz eraikitzen zutenei zerga hobariak emateko bideaz baliatuta.

Dorre hiritarren izaera, landako Dorrearena ez bezala, zenbait elementuk definitzen eta mugatzen zuten, ahaztea komeni ez den elementu hauek, alegia:

Zizurkilgo marka aure-heraldikoa (elizako sakristia)
Zizurkilgo marka aure-heraldikoa (elizako sakristia) © Eusko Jaurlaritza. Irargi, Ondare Dokumentaleko zentroa (Bergara)

1 . Hiriko orubeen jabetza erregimen juridikoa irekia zen, eta hiriko dorre baten jabe izatea prestigio marka besterik ez zen, famili egitura mota bilakatuago batera mugatua gainera, eta prestigio hura familiari lotuago zegoen landako Dorrea markatzen zuen leinua-orubea erreferenteari baino.

Ahal zuen familia orok bere Dorrea eraikiko zuen harresien barruan eta beharrezko inbertsioak egingo zituen horretarako. Badugu adibide bikain bat, etxebizitza bera eta horrek boterearen erakusgarri izateko zuen gaitasuna hirian zein eraginkorrak ziren agertzen diguna: Donostiako Prebostearen familia -kargu hori 1492a arte Engomeztarren esku egon zen-1380 eta 1460 bitartean osatuko zen (bi belaunalditan batik bat), nola eta hiriaren aurrealdea -Kale Nagusiaren eta Narrika kalearen arteko atarien artekoa- osatzen zuten etxe-orube gehientsuenez baliatuta, eta horietxek emango zizkieten ezkontsaritzat alabei. Prebosteen suhiek eta koinatuek, eta prebosteek berek ere, urte eta bitarteko asko erabiliko zituzten, aurrealde hartan, oinordetzan jasotako bi dorreez gainera, gutxienez beste hiru dorre eraikitzeko. Dorre haiek artean erdi erorita zirauten XVIII. mendearen bukaeran (ikus planoko azalpena).

1777ko planoa, Donostiako hiriko harresietatik Kale Nagusiaren, San Jeronimo eta Narrika kaleen arteko aurrealdea ageri duena (Korrejimenduko Artxiboa, Gipuzkoako Artxibo Orokorra, Tolosa). Engomeztarren-Donostiako Prebosteak-, Elduaindarren eta Araiztarren antzina-antzinako dorreen oinplanoa.
1777ko planoa, Donostiako hiriko harresietatik Kale Nagusiaren, San Jeronimo eta Narrika kaleen arteko aurrealdea ageri duena (Korrejimenduko Artxiboa, Gipuzkoako Artxibo Orokorra, Tolosa). Engomeztarren-Donostiako Prebosteak-, Elduaindarren eta Araiztarren antzina-antzinako dorreen oinplanoa. © Gipuzkoako Agiritegi Orokorra. AGG-GAO, CO UCI 2137.

2 . Hiriko gizarte egiturak Dorre motako etxea eraikitzea laguntzen zuen nolabait. Nola landa munduan ezkontza bidez benetako klanak sortzen ziren eta klan haiek beste elementu batzuen artean Dorreen jabetzarekin identifikatzen ziren, halaxe sortzen ziren mundu hiritarrean ere merkatari, eskribau eta letratuen dinastiak, beren dorreak eraikitzen zituztenak eta elkarrekin ezkonduz hiri bakoitzeko gune agintaria sortzen zutenak. Gune horiek oso maiz izaten zituzten liskarrak Kontzejuarekin eta "kastan" sartu nahi zutenekin, ondorengo arrazoiengatik, hain zuzen ere, dorre berriak eraikitzeak pizten zituen auziengatik, Dorre berriek lehengoekin zituzten mugengatik eta aurrekoei egiten zieten itzalagatik (hitzaren adierarik zabalenean eta plastikoenean: etxe berriak kalitate hobeagokoak, altuagoak eta "aberats berrien" ekimenez eginak ziren; horregatik, itzala egiten zieten bai aurreko jabeei bai halen etxeei ere, ordurako asko eta asko zaharkituta baitzeuden). Engomeztarrek berek ere hala jokatu zuten nolabait, erosketaren bidez bereganatu baitzituzten, goian aipatutako orubeetan, orduan desagertzen ari zen baina lehenago garrantzi ikaragarria eduki zuen familia baten ondasunak: Zazaiotarrenak.

Ondartza etxeetako aurrealdearen xehetasuna (Bergara)
Ondartza etxeetako aurrealdearen xehetasuna (Bergara). © José Luis Galiana
Isturitzaga Dorrea (Andoain)
Isturitzaga Dorrea (Andoain). © José Luis Galiana


Enparango Orubea (Azpeitia). Hegomendebaldetiko bista.
Enparango Orubea (Azpeitia). Hegomendebaldetiko bista. © Gipuzkoako Foru Aldundia. Ondare Historiko-Artistikoko Zerbitzua.

3. Dorre hiritarraren morfologia landako Dorretik hartutako arketipo baten araberakoa zen neurri batean, baina espazio aldetik muga batzuk zituela eta bestelako ezaugarri batzuk ere bazituela. Babeserako osagaiak, esaterako, alde batera uzten ziren ia-ia, kasu bakan eta interpretatzen zailak diren batzuk kenduta -Zarauzko Torre Luzea ospetsua, adibidez-, alderdi dekoratibo eta estilistikoen mesederako, babes-osagai haiek harresia sendotzeko baliarazten zituzten dorreetan izan ezik (aipatutako Donostiakoak, Azkuerenak Hondarribian edo Eizagirrerena Bergaran). Bestalde, Dorrea leinu hiritarrak zuen oparotasunaren bermea zenez, izan ere, etxebizitza ez ezik, denda, bihitegia, biltegia, eskrituren artxiboa eta abar ere bai baitzen, barneko egitura oso izaera praktikoko osagaien arabera lantzen zen. Ildo horretan, oso esanguratsuak dira Berant Erdi Aroko merkatarien nahiz juristen testamentuak, Dorrearen "funtzio" horiek aipatzen baitzituzten beren ondasunen azalpena egiterakoan eta ondasunen azalpena egiterakoan eta ondasun haiek nola banatu erbakitzerakoan.

Azkuetarren dorreak, gero Palentziatarrenak (Hondarribia). Iparrekialdetiko bista.
Azkuetarren dorreak, gero Palentziatarrenak (Hondarribia). Iparrekialdetiko bista. © Gipuzkoako Foru Aldundia. Ondare Historiko-Artistikoko Zerbitzua.
Azkuetarren dorreak (Hondarribia). Albotikko eta atzealdetiko bista
Azkuetarren dorreak (Hondarribia). Albotikko eta atzealdetiko bista. © José Luis Galiana

Lehen nioenez, XIV. mendearen azken urteetatik hasi eta XV. mendearen bukaera arte, etxeak harriz egingo ziren (harlangaitza eta harlandua tartekatuta), eta pixkanaka-pixkanaka haiek egurrezko egiturak ordezten joango ziren. Aipatutako Engomeztarrek, 1362rako, bazuten "harrizko ostatu-jauregi bat", Donostian ezagutzen den zaharrena, eta beste "erdi-jauregi" bat ere, aurrekotik oso hurbil, biak harresiaren gainean. Hondarribian, Juan Martinez de Azkue hiriko prebosteak eta haren emazte Tomasina Pui andreak bazeuzkaten zenbait dorre, "plaza eta orube" (Donostian beste bat ere bai), 1432an seme-alaben artean banatu zituztenak. Haiek ere gehienak harresiaren gainean zeuden eta hiriko sarreran. Zerrenda nahi adina luza daiteke.

Nicolas Rolin, Borgoinako kantzelariari egindako erretratuaren xehetasuna (Jan van Eyck, 1436).  Azkue Prebostearen dorreen xehetasuna (Hondarribia).
Nicolas Rolin, Borgoinako kantzelariari egindako erretratuaren xehetasuna (Jan van Eyck, 1436). Azkue Prebostearen dorreen xehetasuna (Hondarribia).© N. Schneider, L'art du portrait, 1994.
Azkuetarren dorreak, gero Palentziatarrenak (Hondarribia). Iparmendebaldetiko bista.
Azkuetarren dorreak, gero Palentziatarrenak (Hondarribia). Iparmendebaldetiko bista. © Gipuzkoako Foru Aldundia. Ondare Historiko-Artistikoko Zerbitzua.

Hiriko dorreek edo jauregiek, faktore ekonomiko eta sozialen eraginari irekiago zegoen inguru batean egoteagatik modei, korronteei eta abarrei atxikiago zeudenez, eta prestigio sozialaren ikurra zirenez, bilakaera azkarragoa jasango zuten. Ez zen harritzekoa izaten XV. mendearen bukaera eta XVI. mendearen hasiera bitartean Erdi Aroko dorreak eraitsi eta haien ordez garaiko gustuekin hobeto zetozen beste etxe batzuk eraikitzea. Gipuzkoako merkatariek bidaiatu egiten zuten, batzuek Europa osoan barrena, gainera, eta gustuak eta ohiturak ekartzen zituzten bai Flandestik bai Italia, Frantzia eta Ingalaterratik ere. Hala, harri-puska trinko haien ordez bestelako egiturak erabiltzen hasi ziren, estetikari gehiago begiratuta eta funtzionalitate nahiz erosotasun aldetik beste irizpide batzuen arabera jokatuta, era guztietako xehetasunet erreparatuz (apaindurazkoak, egiturazkoak eta abar), eta barruko espazioak beste modu batera banatuz. Bilakaera horren adibide ezin hobea dugu Hernaniko Elduain Dorrea.

Torre Luzea (Zarautz). Hego, eki eta iparraldetiko bista.
Torre Luzea (Zarautz). Hego, eki eta iparraldetiko bista. © Gipuzkoako Foru Aldundia. Ondare Historiko-Artistikoko Zerbitzua.
Martinengo de Brescia KOndeaen erretratua (Moretto 1530 ing., National Gallery, Londres).
Martinengo de Brescia KOndeaen erretratua (Moretto 1530 ing., National Gallery, Londres). © N. Schneider, L'art du portrait, 1994.

Elizagirre Dorreko ateen xehetasuna (Bergara), XVI. m.
Elizagirre Dorreko ateen xehetasuna (Bergara), XVI. m. © José Luis Galiana
Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2024 Kultura Zuzendaritza Nagusia - Gipuzkoako Foru Aldundia.
Para conectar con nosotros mediante skype pulse aquí
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net