Logotipo gipuzkoakultura
2024ko abenduak 25, asteazkena



Bertan > Gipuzkoako Dorretxeak eta leinuak > Dorrea jauregi bihurtzea: landa eta hiri aldeko leinuek bat egitearen ikurra
Bertan 11

Dorrea jauregi bihurtzea: landa eta hiri aldeko leinuek bat egitearen ikurra

XV. mendearen bigarren erdialdean hasi eta XVI. mendearen lehen herenean amaituko zen prozesuaren bidez, leinu zaharrek, hau da, landa munduan nolabait nagusi ziren orubeek, hirietakoekin bat egiten bukatuko zuten. Leinu hiritar horietako batzuk ere oso zaharrak ziren, baina, oro har, historia berriagoa zuten. Horren froga ona dira bi bandoetako Ahaide Nagusien Oinaztarren nahiz Ganboatarren- orubeak, hala nola, Iraeta, Amezketa-lartza, Zarauz, Murgia, Enparan edo Loiola.

Izan ere, XV. mendearen erdialdean, bai Ahaide Nagusien orubeetako jaunek, bai hirietako merkatari, jurista eta eskribauek, beren seme-alabak elkarrekin ezkontzea bilatuko zuten. Kasurik deigarrienetako bat beharbada 1461 eko martxoan truke-ezkontzazko kontratu batez egindakoa da. Kontratu haren bitartez, Gipuzkoan garai hartan merkataririk aberatsena zenaren oinordekoa eta horren arrebetako bat, Ahaide Nagusien hiru oruberen oinordeko batekin eta horren arreba bakarrarekin ezkondu ziren: Juan Lopez de Amezketa, Altzega eta Amezketako Orubeetako jauna, eta Urraka Velez de Altzega, artean haurrak zirela, "adin egokira heltzen direnean" -emakumezkoen kasuan hamabi urtekoa jotzen zen halakotzat-, Santxo Martin de Elduainekin, eta horren arreba Katalina Elduainekin ezkonduko ziren. Zail da azaltzen nola iritsi zitekeen halako egoera batera lau urte lehenago bakarrik haien arteko etsaigoa hain zitala zenean. Halako adibideak, gainera, ugari jar daitezke. Loiolako Orubeko alabak, 1430 eta 1500 bitartean, batzuk Ahaide Nagusien beste orube batzuetara, eta besteak estamentu apalagoko jurista, eskribau, merkatari eta landalur-jabeekin ezkonduko ziren. Hamaika ezkontzatatik bitan bakarrik ezkondu ziren maila beretsuko orube batera.

Halako egoerek galdera asko sortzen dute eta Berant Erdi Aroko gure historiari buruz ohikoak diren topiko asko hausten dituzte. Interpretatzen zailak dira, nolanahi ere, eta garrantzizko arrazoi bategatik zaizkigu baliagarri geure helbururako: kasu gehientsuenetan dorre hiritarra eta landako orubea ziren ezkontsariaren funtsa. Ikuspegi horretatik sinbiosi bat gertatuko zen bi munduotako goi-estamentuen artean, haien interesek bat egiten baitzuten, eta hain eraginkorra zen birle ekonomiko-sozialaren bidezko elkartze haren ondorioz estamentu bat sortuko zen XVI. mendearen hasierarako, azkenean ia Erregimen Zaharra erori arte Probintzia gobernatuko zuena.

Berriatua dorretxeko atea eta leihoa Mutrikun
Iartzako Orubearen aurrealdea, zaharberritu aurretik. Hegoekialdetiko bista. © Gipuzkoako Foru Aldundia. Ondare Historiko-Artistikoko Zerbitzua.
Loiolako Orubearen marka aurre-heraldikoa (XIV-XV. mendeak)
Loiolako Orubearen marka aurre-heraldikoa (XIV-XV. mendeak). © Eusko Jaurlaritza. Irargi, Ondare Dokumentaleko zentroa (Bergara)

Loiolako Orubeko armarriak oinordekotzaren sortze izkribuan (1536)
Loiolako Orubeko armarriak oinordekotzaren sortze izkribuan (1536). © J. R. Eguillor et al. Loyola. Historia y Arquitectura 1991.
1393ko agiria, Arrasateko Bañez Artazubiaga familiarena, elite hiritar berrien adibidea (bilduma pribatua)
1393ko agiria, Arrasateko Bañez Artazubiaga familiarena, elite hiritar berrien adibidea (bilduma pribatua). © Eusko Jaurlaritza. Irargi, Ondare Dokumentaleko zentroa (Bergara)

Eta horrek berarekin ekarriko zuen dorre kopuru dezentea eraldatzea eta eraberritzea. Hala, poliki-poliki jauregi hiritar bihurtzen joango ziren, garaiko gustuarekin baterago etorriz, eta bai batzuek bai besteek usadio eta ohitura berriak hartuko zituzten. Merkatarien leinu asko aristokratizatu egin ziren (zilegi bekit terminoaren erabilera anakronikoa), eta Aha¡de Nagusien orube asko ere jauregi bihurtu ziren, jabeentzat erosoagoak izaki.


Etxeko bizitzaren irudia.
Etxeko bizitzaren irudia. © F. Cardini, Europa, 1492.

Faktore ekonomiko eta sozialen eragina erabakigarria izan zen. Errege Katolikoen erregealdian indartsu garatu zen klase berri bat Gipuzkoako panoraman: Gaztelako administrazioa beteko zuten funtzionarioena (prozesua XVII. mendean ondo sartu arte jarraitu zuen), hango zenbait idazkaritza hartuko baitzituzten. Beren prestigioa sorterrian finkatzeko orduan elementu erabakigarria izan zen jauregi galantak eraikitzea: gustu errenazentistakoak eta traza europarzalekoak, alegia, Berant Erdi Aroko gustuaren araberako Dorre zaharraren eredua baztertzen zutenak. Diodanaren adibide onak dira Zuazola idazkariaren jauregia (Floreaga, P. Malpaso Errege Katolikoen arkitektoaren trazan jarraiki Azkoitian adreiluz eraikia), Idiakez idazkariarena (Donostiako Kale Nagusian, barruan laranjondo- patio bat zeukala, edo Tolosakoa), edota Antxieta musikariarena (Azpeitia). Antzeko kasua da dorreak eraberritzea ere, alegia, orube-jabeek egin zutena, hala nola, Zarauztarrek, harik eta 1542an gaur egun zutik dirauen jauregia bihurtu zuten arte, edota Loiolatarrek, San Inazioren garaian. Erdi Aroko traza bete-betea zuten dorre hiritarrak ere "modernizatu" egiten zituzten oinordekoek: hala egin zuen Isabel Katolikoaren idazkariak, Juan Lopez de Lazarragak (Oñati), gero zehatzago aipatuko dugunak.

Juan Antxieta musikariaren Dorre-Jauregia, XX. mendearen hasieran (Azpeitia).
Juan Antxieta musikariaren Dorre-Jauaregia, XX.mendearen hasieran (Azpeitia). © José Luis Galiana
Zurbanotarren Dorrea (Azpeitia). Bista nagusia.
Zurbanotarren Dorrea (Azpeitia). Bista nagusia. © C. de Echegaray, Monumentos civiles de Guipuzcoa, 1921.

Honako hau ere ezin dugu ahaztu, alegia, Ahaide Nagusien leinu batzuk, XIV. mendearen amaieraz geroztik, tokiak hartzen zihoazela hirien barruan, erosketa edo ezkontza bidez eskuratzen zituzten dorreen bitartez, beti ere: Zarauztarrak Zarautzen eta Donostian, Lazkaotarrak edo lartzatarrak Seguran, Ganboatarrak Zumaian edo Mutrikun, Unzuetatarrak Eibarren eta Gebaratarrak Zestoan.

Espazio publikoa
Italiako bottega (denda, lantegi) baten irudikapena (XV. mendea). © F. Cardini, Europa, 1492.
Floreaga Dorre-Jauregia, 1517an Pedro Zuazola jaunak eraikitzeko agindu zuena. XX. mendearen hasierako bista (Azkoitia)
Floreaga Dorre-Jauregia, 1517an Pedro Zuazola jaunak eraikitzeko agindu zuena. XX. mendearen hasierako bista (Azkoitia) © Gipuzkoako Agiritegi Orokorra. AGG-GAO, CO UCI 4386.

Gizarte talde halen funtzionamendua argi azal diezagukete gizarte-jatorri ezberdineko leinuen portaera jakin batzuek, halen interesak konbinatzeko erak eta ezkontzazko merkatuaren arauei jarraiki beren Dorreekin aurrera eramaten zuten "merkataritzak". Etxe mota haren jabe izatea zen leinu haiek amankomunean zuten ezaugarria, landakoak nahiz hirikoak izan. Hiru adibide paradigmatiko hartuko ditugu, beste hainbeste kasu eredugarriren sintesi direnak.

Pedro Vélez de Gebara, Oñatiko Jaunaren hilobiaren xehetasuna (Oñati).
Pedro Vélez de Gebara, Oñatiko Jaunaren hilobiaren xehetasuna (Oñati). © José Luis Galiana
Goiz Erdi Aroko moldea duen trajea, Mantuako Gonzagatarren Jauregin dauden A. Mantegnaren freskoetatik abiatutako berregina (1470 ing.)
Goiz Erdi Aroko moldea duen trajea, Mantuako Gonzagatarren Jauregin dauden A. Mantegnaren freskoetatik abiatutako berregina (1470 ing.). ©Eusko Jaurlaritza. Irargi, Ondare Dokumentaleko zentroa (Bergara)

XV. mendearen erdialdean-edo ezkondu ziren, alde batetik, Iñigo de Gebararen seme ilegitimoa, Pedro, Oñatiko Konde lehena izango zena, eta beste aldetik, Segurako Larrastegi Etxearen oinordekoa. Halen seme-alabetako batek, Nikolas Gebarak, karrera egingo zuen Errege Katolikoen Gortean, eta maiordomo nagusiaren teniente postua hartzeraino iritsiko zen; Santiagoko zalduna eta Ordenako komendadorea ere izango zen, baita ere Orioko prebostea eta Aiztondoko alkatea Erregearen mese­ deaz; eta berar zor zaio 1480-90 inguruan Gebarako Jauregia eraiki izana, gaur egun oraindik Seguran dagoena eta berak 1504ko testamentuan "nire etxe nagusietako bat" deitzen ziona. Jauregia eraikitzeko erabili zuen harria anaia zaha­rragoa zuen Larrastegi batxilerraren Erdi Aroko Dorre eraitsitik hartu zuen. Lehen ezkontzan lartzako Ahaide Nagusien Orubetik Seguran finkatuta zegoen adarraren oinordekoetariko batekin ezkondu zelarik, hau da, Segurako Aurgazte Etxearen -eskribau eta juristen familia- oinordekoarekin ezkondu zenean, bere armarria, hau da, Gebara eta Aurgaztetarrengandik jatorriz zuen armarria bere emazteak zituenekin laurdenkatu zuen Gipuakoako ederrenetarikoa zen bere jauregiaren aurrealdean. Nikolas Gebarak ezin hobeki irudikatzen du bi garairen arteko giltza den pertsonaiaren kasua: jatorriz, eta baita ezkontzaz ere, neurri batean, orube-jabeen munduan ainguratuta, baina egoitza Segurako merkataritza hiri garrantzitsuan zuela; biografiaz, berriz, Gipuzkoako leinuak hartzen ari ziren aire berrien ontzian sartuta. Bera malordomo nagusiaren tenientea baldin bazen, bere seme-alabak Infanteen "Etxeetan" eta baita Isabel erreginarenean berarenean ere sartuko zituen, eta Maria andrea, berriz, Aragoiko Katalinaren dama izango zen, hots, Galesko printzesaren eta Ingalaterrako Enrike VIII.ak lehen emazte izan zuenaren dama. Familiarena zuen Erdi Aroko Dorrea apaindura gutxiko jauregi hiritar bihurtzeak modu plastikoan agertzen du bere bilakaera.

Diego de Gebara jaunaren erretratua: Oñatiko jaunen biloba, gortesaua eta koadro-bildumagile handia. M. Sittow, 1515 ing. (National Gallery, Washington).
Diego de Gebara jaunaren erretratua: Oñatiko jaunen biloba, gortesaua eta koadro-bildumagile handia. M. Sittow, 1515 ing. (National Gallery, Washington). © Eusko
Jaurlaritza. Irargi, Ondare Dokumentaleko zentroa (Bergara)

Ondorengo ezkontza kontratu hau, ordea, 1493ko uztailean izenpetu zen: senargaia, Juan Lopez Lazarraga eta Araotz, geroago Santiagoko Ordenako ontulari nagusia eta azkenean 1504an Isabel Katolikoaren idazkari eta estamentarioa, Bidaurretako monastegia sortu zuena (Oñati) (1518an hila), eta andregaia, berriz, Juana Ganboa eta Irarrazabal (1481/3­- 1511). Dokumentu horrek sekulako garrantzia dauka, bai parte hartu zutenetako batzuen ospeagatik, bai mintzagai ditugun estamentu eta leinuen ordezkariak izateagatik. Denak ziren dorre-jabeak eta, gainera, dorre haiek sartuko ziren kontratuan ezkontsari gisa. Juan Lopezek ezkontsaritzat hartu zituen Oñatiko Lazarragatarren etxeak, haienak baitziren "kareorez eta harriz egindako etxeak... dorreak, baratzak eta guzti". Oñatiko Lazarragatarrak juristen leinu bateko ordezkariak ziren, Gebaratarren, Oñatiko jaunen gerizpean aurrera egin zuen leinu batekoak, alegia, eta Gebaratarrek Oñatiko konterrian zuten euskarri nagusietako bat ziren. Gorterako jauzia egin zuten juristak ziren, eta Gortean egingo zuen Juan Lopezek bere belaunaldiko gipuzkoarrek egindako karrerarik bizkorrenetako eta bikainenetako bat. Andregaia, berriz, Juana andrea, 1480ko ekainean ezkondutako hauen alaba bakarra zen: alta Olasoko Orubeko jauna zuen, Juan Lopez Ganboa eta Butroe (1460-­1516 inguruan), Ganboatarren bandoko burua; ama, berriz, haren lehen emazte Mª Ibañez Irarrazabal eta Astigarribia andrea, Debako Irarrazabaltarren -Deba hiriko preboste oinordekoak- Etxeko eta Dorreko andrea. Etxe horretako azken jaunaren alargunak, hau da, andregaiaren amonak, "Irarrazabaltarren Etxea eta Dorrea" eman zion ezkontsari andregaiari kontratuaren bidez. Irarrazabaldarrak, Debako familia nagusia eta Ganboatarren bandoko aliatua ez ezik, 1421az geroztik herentziaz Debako prebosteak ere izan ziren. Debatik gertu zeuzkaten beren dorreetatik Zumaiatik Ondarroaraino hedatutako dorre-jabeen eta merkatarien leinu sare trinko baten erdigune ziren, nahiz eta Ahaide Nagusietako leinuen gunera hurbiltzen zituzten ezaugarri batzuk hartzen zituzten, eta Mediterraneora nahiz Atlantikora zuzentzen zituzten beren negozioak. Azkenik, kontratuan parte hartzaile, lehen aipatutako Olasoko jauna, Ahaide Nagusien azken belaunaldiaren jatorrizko ordezkaria, erdi bandokidea erdi "negozio gizona" (XVI. mendearen lehen herenean la osorik desagertu zen belaunaldia). Bere eskubideak Irarrazabalgo Etxeari laga zizkion eta behatzaile hutsaren papera hartuko zuen bere lehen emaztearen ondasunak amaginarrebak alaban eskualdatzean. Olasoko Orubea eta Dorrea bigarren ezkontzako semearentzat izendatuta zeukan, Martin Ruiz de Olaso eta Abendaño­ rentzat, hain zuzen ere. Oñatitik Debara, dorreek zuten protagonismo nagusia eredutzat hartu dugun kontratu horretan, hau da, interesak nahasten, ezkontzazko eta merkataritzako estrategiak egiten eta estrategia sozial eta pertsonalak burutzen eredutzat hartu dugun kontratu horretan.


Lazarraga Dorrea (Oñati)
Lazarraga Dorrea (Oñati). © José Luis Galiana
Bidaurretako monasterioko ostatua (Oñati).
Bidaurretako monasterioko ostatua (Oñati). © José Luis Galiana

Louis de Bruggeren erretratua (1492an hila): Gruuthuseko Jauna, Whinchesterko Kondea, Toisongo Zalduna, Brujasko merkataria Gipuzkoako merkataritza plazekiko loturan.
Louis de Bruggeren erretratua (1492an hila): Gruuthuseko Jauna, Whinchesterko Kondea, Toisongo Zalduna, Brujasko merkataria Gipuzkoako merkataritza plazekiko loturan. © Eusko
Jaurlaritza. Irargi, Ondare Dokumentaleko zentroa (Bergara)

Orain, bukatzeko, ikus dezagun leinu bat XV. mendearen bigarren erdialdean, Azkoitiko familiaren bere Dorretik eta ezkontzazko elkartze politika egoki baten bitartez, merkataritzako interesen sare trinko bat antolatu zuena Europa mailan. Sare hori dorre-jabeek berek zuzentzen zuten, Urola Behean barrena sakabanatutako zenbait dorretatik: Azkoitiko Idiakeztarrek beren Dorre Beltzetik (Etxebeltz) bereganatuko zituzten Liliko Oinetxea eta Dorrea (Zestoa), Altzolaraskoa (Ala) eta Atxagako Ahaide Nagusien Orubea. Ezkondu ziren Azkoitiko merkatari eta juristen familiak ziren Olano eta Zuazolatarrekin eta, denboraren poderioz, Erregimen Zaharrean Probintzian zegoen botere talde nagusia osatuko zuten, XVIII. mendearen bukaera arte ia-ia. XVI. mendearen hasierarako, Zestoa edo Azkoitiko beren dorreetatik, Brindisiko artzapezpiku bat eta Adriako gotzain bat eman zituen (biak Napoliko erresumakoak), eta haren adar ezberdinetako ordezkariek negozioak egingo zituzten Europako merkataritza plaza nagusietan eta Brujas, Anberes, Londres, Bristol, Florentzia edo Siziliako merkatari nagusiekin. Azkoitiko Idiakeztarrena bezalako kasuak maiz aurkitzen dira garai hartako hiri gipuzkoar guztietan.

Strozzi taula. Napolire bista XV. mendearen bigarren erdialdean, Euskal Herriarekiko merkataritzan garapenik handiena izan zuen garaian.
Gorteko outuruntza Errenazimentuan. © F. Cardini, Europa, 1492.

Tolosako emakumea
Strozzi taula. Napolire bista XV. mendearen bigarren erdialdean, Euskal Herriarekiko merkataritzan garapenik handiena izan zuen garaian. © F. Cardini, Europa, 1492.
Otxoa Onor de Olaegiren hilobiaren xehetasuna: Santiagoko Zalduna, Vélez eta Gomerako alkaidea; 1500 ing.
Otxoa Onor de Olaegiren hilobiaren xehetasuna: Santiagoko Zalduna, Vélez eta Gomerako alkaidea; 1500 ing. © José Luis Galiana
Tolosako emakumea
Strozzi taula. Napolire bista XV. mendearen bigarren erdialdean, Euskal Herriarekiko merkataritzan garapenik handiena izan zuen garaian. © Gipuzkoako Agiritegi Orokorra. AGG-GAO, CO UCI 4393.
Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2024 Kultura Zuzendaritza Nagusia - Gipuzkoako Foru Aldundia.
Para conectar con nosotros mediante skype pulse aquí
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net