Logotipo gipuzkoakultura
2024ko azaroak 23, larunbata



Bertan > Gipuzkoako Dorretxeak eta leinuak > Gipuzkoako Dorreen sorrera eta bilakaera
Bertan 11

Dorrea, Orubea eta leinua

Landa eremua

Dorrea asentamendu lekua zen, leinuaren egonkortasunari eta prestigioari sendotasun materiala eta bermea ematen zizkiena. Hasiera batean, leinuak bizitoki eta antolakuntza aldetik zeuzkan premiei erantzuteko sortu ziren, eta forma ematen zioten aurretikoa zen Orubeari (Dorrearen inguruko lur eremua). Era berean, Orubeak jatorri izena ematen zion bera "populatzen zuen" leinuari: "Muruako Orubeak Lazkao populatu zuen" (Orube hitza Dorrearen inguruko lur eremu horrek gero hartuko zuen estamentu esanahiarekin ulertu behar da).

Antxieta Dorrea (Urrestilla)
Antxieta Dorrea (Urrestilla) © José Luis Galiana

Dorrearen konfigurazioa, gureganaino heldu den bezala, eta zutik iraun duten hainbeste adibidetan agertzen den bezala, prozesu baten bukaera da, eta hor zenbait faktore daude tartean:

a. Orubea: Gipuzkoako gizarte antolamenduaren oinarrian Orubea zen funtsezkoena. Forma anitzeko kontzeptua zen, oso era ezberdineko osagaiak biltzen baitzituen.

Orubea aldez aurretikoa zen. Zer esan nahi duen horrek? Bada, eztabaida zientifiko oso sakonetan sartu gabe, horiek ez baitatoz harira, hau esan dezakegu: Gipuzkoak ez Goiz Erdi Aroan zuen jentilizio motako gizarte antolamendua aldatu eta piramide motako leinu-egitura bilakatu zen XIV. mendearen hasierarako; piramide haren gailurrean leinu-buruak edo "Ahaide Nagusiak" zeuden, eta haiek ezaugarritzat zeukaten Orubearen jabetza zatiezina edukitzea, hau da, leinuaren jatorria zen eta leinuari abizena ematen zion Orubearen jabetza zatiezina zeukaten. Rui Perez de Ganboa, esate baterako, Olasoko Orubeko jauna zen XIV. mendearen lehen herenean, eta berdin ziren Lope Garcia de Murua eta Martin Lopez de Murua, haren garaikideak, Lazkaoko eta Amezketako jaunak, hurrenez hurren.

Orubeak berezko izaera zeukan, bai geografikoki bai juridikoki, eta haren "barrutian" eraikitzen zen leinu- buruaren etxe nagusia, bera baitzen Orubearen jabea eta Orubeko Jauna. Leinu-buru hark batzuetan "Leinuko kabua" deitzen zion bere buruari -izen anbiguoa guretzat, jatorriz nafarra ornen dena-, gizarte maila apalagoko beste leinu batzuetatik bereizteko eta nekazarien eta jabe txikien saldotik urruntzeko, horiek ere beren orubea baitzeukaten, baina garai hartan, antza, oso gaitasun juridiko mugatua zeukan eta, oro har, Ahaide Nagusiaren mende zeuden.

Galartza Dorrea. Hegoekialdetiko bista.
Galartza Dorrea. Hegoekialdetiko bista. © Gipuzkoako Foru Aldundia. Ondare Historiko-Artistikoko Zerbitzua.
Baldako Jauregiaren armarriak
Baldako Jauregiaren armarriak. © José Luis Galiana

Artean XV. mendearen erdialdean, Errezil edo Bidaniako bailarak "Ganboako Orubearen iritzi eta joerakoak ziren"*; Beizama edo Goiazkoak, berriz, Oinazkoarenak. Bailara horiek guztiak lur jabetza zatikatuez osatuta zeuden, hau da, beren orubea zeukaten jabe txikiez osatuta (ez dakigu zein neurritaraino eta zer mailatako jabari erreal eta efektibo zeukaten), eta Olasoko Orubeko leinu-buruaren eraginpetik eta boteretik urrun zeuden, hau da, Deba behetik urrun, nahiz eta aipatutako leinu-buru horrek berea zeukan, Erregeak emanda, XIV. mendearen erdialdeaz geroztik, Errezil eta Goiazko Elizen Patronatua, eta bailaran bertan Errekondoko Orubea (eta gero Dorrea) ere berea zeukan.


Sir R. Druryren hilobiko hilarria, Rougham, suffolk (Ingalaterra)
Sir R. Druryren hilobiko hilarria, Rougham, suffolk (Ingalaterra). © Her Majesty's Stationery Office. Victoria and Albert Museum. Catalogue of Rubbings of Brasses and incised slabs. Muriel Clayton, M.A.

Harmoniaren pentsaera hori biztanle guztiek dute, baita euskal nekazariek ere, tradizioz zuten populatzeko era aldatu nahian hirigune berrietan bizitzera abiatzen baitira. Pentsamolde hori hesiaren trazatua razionalizatzean eta orubeak biztanleen artean hainbanatzean agertzen da. Erregek berak ere gutxieneko jarraibide batzuk ematen ditu hiriaren kokapenaz, hiri-barrutien trazatuaz eta kaleen ordenazioaz nahiz artikulazioaz, fundazio berri baten aurrean gertatzen denean.

Alfontso X.aren kronikek nahiko zehazki jasotzen dute Toledo hegoaldeko "Villa Real" hiriaren fundazioa: Erregek berak antolatzen ditu kaleak, berak esaten du hesia nondik eraiki behar den eta hiriko ateak nola egin behar diren. Errege horrek berak bost hiri fundatu zituen Gipuzkoan XIII.mendearen erdialdean: Tolosa, Segura, Ordizia, Arrasate eta Bergara. Denak plano erregularrekoak dira eta oso modu egokian antolatuta daude, baina diseinuari eta eraikitzeko erari buruz zuzeneko berririk ez badugu ere, pentsa dezakegu Erreinuko beste hiriak bezalaxe egin zirela. Alfontso X.aren Kronikak hiri baten sorrerari buruz ari denean ematen dizkigun xehetasunak ez dira hirigintza trazatu baten mailara iristen, baina hirien trazatuek zeukaten homogenotasunaren argigarri izan daitezke neurri handi batean.

b. Arkitekturaren bilakaera: aldi berean, Orubeetako Jaunak modu jakin batez deitzen hasi zitzaizkion Orubearen izaerari berari, alegia, elementu juridiko, ekonomiko eta sozial bat besterik ez zenak -izen bat hartzen zuena, gero "abizena" edo leinuaren izena izango zena- beste izen bat hartu behar zuen ohiko gaztelaniaren hiztegitik.

Hala, Ahaide Nagusiko leinu bakoitzaren orubeek bigarren izen bat ere hartzen zuten, hitz bakarrean biltzen zituena Orubearen garrantzia eta Probintziako beste orubeen aldean zeukan gailentasuna.

Erraz ulertzekoa da leinu-buruak, hau da, normalean oinarri zabalekoa eta kopuru aldetik ere garrantzitsua zen -horrek ematen zion zeukan indar sozial eta ekonomikoa- leinu bateko buruak, bizitoki bat behar izatea, beretzat eskatzen zuen eta bere garaiko gizarteak ere hala aitortzen zion nagusitasunarekin bat zetorrena.

Hala sortu ziren XIV. mendearen hasieran, orduan "Oinetxeak" edota "Jauregiak" deitzen zirenak, baina oso gutxitan "Dorreak", izen orokor hori XV. mendean zabaldu baitzen barra-barra. Izen hori bera erabiliko dugu guk hemen azalpen luze eta xeheetan ez sartzeko.

Pratoko Hiriak Roberto Anjouri bidalitako mezu bateko miniatura, 1335-40
Pratoko Hiriak Roberto Anjouri bidalitako mezu bateko miniatura, 1335-40. © Ars Mundi. Splendeurs et richesse du Moyen Age. B. Holme.

XIV. mendearen erdialdean Gipuzkoan hain garrantzitsuak ziren leinuak Ahaide Nagusiak deitzen ziren, eta halen buruek sare korapilatsu bat ordezkatzen zuten, hau da, egoera juridiko ezberdinetako eta leinuarekiko ahaidetasun maila ezberdinetan kokatutako pertsonek osatutako sarea. Bada, leinu haiek Dorrean zuten oinarrizko asentamendua. Dorrean bizi ziren Orubeko Jauna, Dorrearen eta inguruko guztiaren jabe naturala zena, emaztea eta seme-alaba legitimoak, baita besteak ere, naturalak eta sasikoak, hain zuzen. Dorrean zuten aterpe haren ahaideek eta hurbilekoek, eta Dorrera joaten ziren haiek denak bandoburuak edo Orubeko ugazabak gerrarako deja egiten zuenean, hau da, "abizena ematen zuenean". Dorrea aukerako tokia zen gizarte harreman esplizituagoak ezartzeko, nola leinuaren beraren barruan, hala leinuaren eta maila berekoen nahiz apalagokoen artean.

Landa munduko Dorrea, nekazaritzaren eta abeltzaintzaren antolabidea ez ezik, "Gerrako Jaunek" zituzten gudarosteen asentamendu lekua ere bazen. Gudaroste haiek, helburu militar hutsa betetzeaz gain, "tregoatuek" beren jaunari -beren buruzagiari- erasoaldietan lagun ziezaioten ere bailo zuten, eta denak elkarrekin ibiltze hartatik gerra-harreman hutsez haratagokoak sortuko ziren. Hargatik, urteen poderioz, elkartze hark bidea emango zuen, XVI. mendean sartuta dagoeneko, gizarte harremanen sare bat sor zedin, jatorrizko interes komertzial eta kultural haietatik zeharo urrundutako interesen inguruan eratuta zegoena. Beizamako Atodotarrek, esate baterako, Juan Amezketa Senpereko jaunaren gudarostekoek, gizartean aurrera egin zuten XV. mendearen hasieran Frantzian eta, beharbada, Britainia Handian, eta hala Espainiak Bolonian zuen Kolegioko errektore bat emango zuten 1 522an, edota pontifize-notario bat urte batzuk geroago, eta, Beizamako Orubetik urrundu gabe, hala ere, hara itzuliko baitziren ezkontzera...

Zeraingo Orubea (Zerain)
Zeraingo Orubea (Zerain) © José Luis Galiana
Zeraingo Orubearen armarriak.
Zeraingo Orubearen armarriak. © Nafarroako Gobernu. Libro de Armería del Reino de Navarra.

Dorrearen inguruan antolatzen zen leinuaren bizitza. Dorrearen inguruan ere antolatzen ziren beste etxe-orde batzuk, burdinolak, errotak eta abar; Dorreak berak itxuratzen zuen Orubea (bai esanahi fisikoan bai estamentuzkoan); Dorreak berak ematen zion forma bere jarduera ekonomikoari -abeltzaintza eta nekazaritza funtsean-; eta leinuaren jarduerak administratzeko ere bailo zuen, "administratu" aditzari eman dakiokeen hedadurarik zabalenean. Dorrea, azkenerako, alderdi materialean, Orubearekin nahasiko zen. Armarriak ere, azkenerako, XV. mendearen bigarren erdialdean sartuta dagoeneko, leinuaren nortasunaren adierazle izango ziren, armarrien kodeak duen esanahi semiotiko ikaragarriarekin leinuaren beraren lekua hartzeraino ere.


Baldako Orubea
Baldako Orubea © José Luis Galiana
Nekazaritza lana, Goiz Erdi Aroko fresko italiar baten arabera.
Nekazaritza lana, Goiz Erdi Aroko fresko italiar baten arabera © Gipuzkoako Foru Aldundia. Ondare Historiko-Artistikoko Zerbitzua.

Dorrearen inguruan gauzatuko ziren XIV. eta XV. mendeetan leinuko kideen estatus juridikoa eta jabetza eskubidearen era ezberdinak. Areago ere esango nuke: jabetza eskubide horren ohiturazko arauak finkatzeko prozesu luzea ere haren inguruan burutuko zen. Leinu-burua zen Dorre-jabea, eta alderantziz. Dorreak, beren kabuz, Gipuzkoako egitura juridiko, ekonomiko eta sozialen giltzarri ziren bere garaian.

Baldako Orubearen armarriak.
Baldako Orubearen armarriak. © Nafarroako Gobernu. Libro de Armería del Reino de Navarra.
Ugarteko Dorreko leihoaren xehetasuna (Oiartzun)
Ugarteko Dorreko leihoaren xehetasuna (Oiartzun) © José Luis Galiana

Leinu nagusiak, XIV. menderako jada, bakoitza bere Dorrean bizi ziren, eta Dorre haiek ziren leinuen adierazgarri eta leinuek zeukaten indar militar edo ekonomikoaren ezaugarri: indar sozialaren ezaugarri, azken finean. Garai haietako erreferentzia dokumentalak badauzkagunez, esan liteke garai haietakoak direla gure artean dauzkagun antzinako zenbait elementu eta zenbait eraikinen hondakinak, formarik zaharrenen zimentuen hondakinak direnak, nolanahi ere, zeren, gero xeheago ikusiko dugunez, artean 1422an, Dorre bat edo beste, adibidez Azitaingo Oinetxea, Unzuetako Orubearen egoitza, egurrezkoa baitzen, eta horregatik hartu zuen suak oso-osorik, Lope Garcia de Salazar kronistak dioen bezala.

Lehenago ere esan dudanez, ezagutzen ditugun Orube gehienak, gero egitura berdintsua zeukaten Dorreez beteko zirenak, "Oinetxeak" edo "jauregiak" deitzen ziren XIV. mendean. Esate baterako, "Oinetxe" hauek: Iraetako Orubekoa, Azitaingoa (Unzueta, Eibarren), lartza (Beasain), Iraeta edo Antxieta (Urrestilla); eta "Jauregi" hauek: Baldakoa, Loiolakoa (artean XVI. mendearen erdialdean "Jauregi" deitzen zitzaiona batzuetan) edota Amezketakoa. Azkeneko hori Nafarroatik gertu zegoelako deitzen zen horrela, beharbada.

Amezketako Orubearen jabetzak Amezketako "Jauregi" izena hartu zuen Auger Amezketa eta Senpere frantsestua (1370 inguruan jaioa) haren jabe zen garaian. Ezkontzaz Lazkaoko Orubeko jauna ere bazen, baita Juan Amezketa Senpereko Orubeko eta Leaburuko Dorreko jaunaren anaia ere. Bi anaiak Dorre-jabeen famili sare nahasi eta bikain baten muina ziren. Halen dorreak Gipuzkoa osoan barrena (Amezketa, Lazkao, Leaburu, Alegia, San Millan (Zizurkil), Altzega (Hernani), lartza (Beasain), Ozaeta (Bergara), eta abar) eta Lapurdin barrena (ikus genealogiako eskema) barreiatuta zeuden.

Amezketako, Lazkao, Iartza (Beasain), Altzega (Hernani), Alegia, Ozaeta (Bergara), Berastegi eta Laurgaingo (Aia) Orubeen arteko famili harremanen eta ezkontzazko loturen taula sinplifikatua
Amezketako, Lazkao, Iartza (Beasain), Altzega (Hernani), Alegia, Ozaeta (Bergara), Berastegi eta Laurgaingo (Aia) Orubeen arteko famili harremanen eta ezkontzazko loturen taula sinplifikatua.

Aurreko adibidean, Martin Gonzalez de Antxieta Enrike III.a erregearen zalduna eta zaindaria, Antxietako Oinetxeko jauna izango zen, hango errota, presa, kaltzak eta guzti (baita burdinola-orubea ere Aranas "handian"), eta haiek guztiak emango zizkion ezkontsaritzat bere seme Lope Gonzalez de Antxieta eta Osoriori 1409an. Berdin jasoko zuen Lope Otxoa de Unzuetak ezkontsaritzat "Azitaingo orubea eta oinetxea", 1402ko abenduaren 3an, asteartea, Ines Ganboa eta Abendaño Muxika andrearekin ezkontzeko. Ez ezkontza batean ez bestean ez zen zehazten gero Dorrea deitu eta hala identifikatuko duguna ezkontsarian zegoenentz. Biak, gehiena egurrez egindako egiturak izango ziren, artean harriak erabilera mugatua baitzeukan eraikuntzako osagai gisa.

Leinuen artean piztuko ziren gatazka armatuak (bailara osoak eramaten zituzten berekin haien "ahaidetasun eta joerako" buruzagiari men egitera, buruzagi horren "tregoatuak eta bandokoak" baitziren), Oinaztarren eta Ganboatarren bandoen arteko gerrak deitutakoak, geroago haien guztien eta hirien arteko istiluekin korapilatuko zirenak (liskar haietan 1448an Arrasateko hiria erre eta sakeatzeraino iritsi ziren eta urte batzuk beranduago gauza bera egiten saiatu ziren Tolosarekin), alegia, gehien bat 1400 eta 1456 bitartean izandako gatazka haiek, arerioen Dorrea erretzearen inguruan gauzatuko ziren (Dorrea baitzen orubeak zeukan boterearen adierazgarria eta, aldi berean, leinuaren gauzatze plastikoa). Dorrea erreaz adieraziko ziren leinu batzuek beste batzuen gainean lortzen zituzten garaipenak, baita hildakoak eta era guztietako bidegabekeriak eta gehiegikeriak kontatuaz ere, horiek guztiak jasota baitaude garai hartako kroniketan eta kontserbatzen den dokumentazioan.

Amezketako Orubearen armarriak
Amezketako Orubearen armarriak. © Nafarroako Gobernu. Libro de Armería del Reino de Navarra.
Lazkaoko Orubearen armarriak
Lazkaoko Orubearen armarriak. © Nafarroako Gobernu. Libro de Armería del Reino de Navarra.

Leinuaren Dorreak, leinuak gizartean zeukan mallaren adierazgarria zenez (beste adierazgarri bat, gero gehiago ere aipatuko baititugu, horien artean azpimarragarriena Dorrea identifikatuta egotea Orubearen edo leinuaren markekin eta seinaleekin, gerora armarri bilakatuko zirenekin, hain zuzen ere), leinuaren helburuak betetzen eta zerbitzatzen zituen. Sinplekeria da uste izatea XV. mendean Gipuzkoako lurraldea gizarte gatazka batek astinduta egoteagatik, hau da, oso interes ezberdinak aurrez aurre ipintzen zituen eta, orokorki, "bandoen arteko gerra" deitu izan denak erasanda egoteagatik, Dorreen esanahiak kasu guz­ tietan adiera bakar hori zuela.


Loiolako orubearen armarriak.
Loiolako orubearen armarriak. © Nafarroako Gobernu. Libro de Armería del Reino de Navarra.
Huarteko Orubearen armarriak
Huarteko Orubearen armarriak. © Nafarroako Gobernu. Libro de Armería del Reino de Navarra.

Gerrako Jaunek, hala nola, Amezketa, Lazkao, Olaso, Atxega, Jaolaza, San Millan edo Gebarako Orubeetako Ahaide Nagusiek, XV. mendearen erdialdean, helburu militarrekin -erasotzeko nahiz babesteko- erabili zuten beren Dorrea hiruzpalau belaunalditan gutxienez. Hor lago Lope Garcia de Salazarren kronika, horren fede emateko, nahiz eta osatu gabea eta historia asko falta zaizkion zirriborro bat besterik ez den. Baina egia da, era berean, beste Ahaide Nagusi batzuentzat, hala nola, Zarauz, lartza, Altzega, Loiola, Murgia, Enparan edo Iraetako orubeetakoentzat, nahiz eta gatazka bakan batzuetan parte hartu eta beren odol-ahaideen istiluetatik kanpo ez egon, Dorreak esanahi neutroagoa zeukala, Dorre-jabe horiek merkataritzari lotutako jardueretan ibiltzen baitziren.

Bortizkeria handiarekin nahiz txikiarekin izan, eta landakoak nahiz hirikoak izan, egia da, bestalde, leinu batzuek -eta hor denak sartu behar dira, bai tradizioak Ahaide Nagusiak deitu izan dituenak, bai ezezagunagoak diren eta izen hori orokorki hartzen ez duten beste batzuk ere-, metodo bortitzak nahiz gizarte presioko beste metodo batzuk erabilita, eta nagusikeriazko presio hutsa eta presio ekonomikoa trebeki bateratuz, Gipuzkoako landa mundua eta hango baliabide ekonomikoen puska handi bat menderatzen zituztela. Leinu horientzat guztientzat Dorrea norbere boterearen osagai identifikatzailerik preziatuenetako eta baliotsuenetako bat zen.


Gaur egun desagertuta dagoen Olabarria Dorrea (Legazpi)
Gaur egun desagertuta dagoen Olabarria Dorrea (Legazpi). © C. de Echegaray, Monumentos civiles de Guipuzcoa, 1921.
Iturriotz Dorretxea, Oiartzun. Mendabaldetiko bista.
Iturriotz Dorretxea, Oiartzun. Mendabaldetiko bista. © José Luis Galiana

Baina XV. mendeko bilakaera oso bizkor gertatu zen, eta, horren ondorioz, XVI. mendearen hasierako egoera oso bestelakoa zen, bakarrik 100 urte lehenagokoaren aldean.

Hori dena zenbait faktore elkartu zirelako:

a. Orubeek, bando-buruenak izan ala ez, baina bandoen arteko borrokekin identifikatuta zeudenek, Dorre itxura hartu zuten, beren harresi, barruti biribil, burdinola, errota eta abar zituztela. Beste Orube askok, ordea, artean modu orokortzailean "Aitoren semeenak" deitzen hasi zirenek, garrantzitsuenak ziren haien antzeko forma arkitektonikoak hartu zituzten, emulazio sozialeko prozesu logiko bati jarraituz. Oraindik gutxi dakigu bando- eta leinu-buruek beren azpikoekin izan zituzten "piramideko" gatazkez, baina Gipuzkoako landa inguruak Dorreen antza zuten etxeez bete ziren, nahiz eta zentzu hertsian Dorreak ez izan. Etxe haiek jabe txikiez osatutako estamentu kontsolidatuarenak ziren, alegia, leinu-buru baten boteretik aske jadanik, etxe sendo bat eraikitzeko bitartekoak zeuzkaten haienak. Etxe haiek, berezko "Dorreak" izan gabe maiz hala deitzen zaienek, ezaugarri arkitektoniko oso tipikoak dauzkate. Halakoak ugari dauzkagu Gipuzkoan.


Goiz Erdi Aroko artisautza eta metalurgi lanaren irudia, egile alemaniar batena.
Goiz Erdi Aroko artisautza eta metalurgi lanaren irudia, egile alemaniar batena. © F. Cardini, Europa, 1492.
Zegama eta Gebarako armarri erdibituak, 1520 ing.
Zegama eta Gebarako armarri erdibituak, 1520 ing. © Nafarroako Gobernu. Libro de Armería del Reino de Navarra.

b. Beste leinu askok, landa eta hiri munduen artean erdibidean kokatuta zeudenek, eta, gizartearen gailurra bereganatuta zutenengandik kanpo egonda ere, bitarteko ekonomikoetan eta aberastasunean horiekin lehian ibil zitezkeenez, Dorrearen ereduko etxeak jaso zituzten. Hala egin zuten burdinaren forjaketan ziharduten leinuek, hau da, XV. menderako botere handia zeukatenez, beren interesengatik bandoetako leinuen "tregoetan" sartuko zirenek, zeren tregoa horiek negozioak egiteko behar zuten bakea bermatzen baitzieten. Gainera, horiekin bat egingo zuten ezkontza bidez (bi taldeetakoek lehen fase batean Ahaide Nagusien Orube bateko ondorengotza ilegitimoaren bidez bilatuko zuten bat egite hori, eta Orubeak berak "populatuko" zuen bere jabarien puska bat, jatorrizko jabetza zatiezina zatituz eta etxeak eta Dorreak sortuz -bere sasikoentzat askotan-, zeinetan zeharbidez merkataritzako jarduerak gauzatzen baitzituzten), eta hala Mendebaldeko historiaren gizarte eredurik klasikoenetako eta ortodoxoenetako bat erreproduzituko zuten. Ahaide Nagusi gutxi ziren XVI. mendearen hasierarako, merkatarien leinuren batekin bat egin ez zutenak, burdinlarien leinua izan ala ez. Horien guztien ondare nagusia Dorrea zen, jakina.

c . Probintza eta Ahaide Nagusiak aurrez aurre ipiniko zituen gatazka bat gertatu zen. Gatazka hartan bi botereek erakarpen zentripetua egiten zuten, bi aldeetako partaideak bere baitan bilduko zituena, bi munduen artean ordurako zegoen sinbiosi sozial handia gehiago nahastuz eta talde bakoitzaren barruan beti berdinak ez ziren interesak zituzten banakotasunak bereiztera behartuz. Probintzia, Zuzenbidearen eta kolektibitate antolatuaren defendatzaile eta hirien eta tokien Ermandade gisa eratua, hain boteretsua izango zen, non Gipuzkoako 18 buruzagi bandokidek (bizkaitarren eta arabarren batek lagunduta) 1456ko uztailaren 31 n, larunbata, Azkoitiko ateetan bota zuten erronkaren eraginez Probintziak bandokideekin zeukan gatazka punturik gorenera iritsi zelarik, bandokide haien dorreak eraisteko agindu baitzuen edo, zehatzago esanda, dorreei "gailurra mozteko", eta gainera, Enrike IV. erregearengandik lortu zuen, hurrengo 1457. urteko epaiaren bidez, bandokide haiek Granadako gerraren mugara deserrira zitzaten.


Lazarraga Dorrea (Oñati). Iparraldetiko bista
Lazarraga Dorrea (Oñati). Iparraldetiko bista © Gipuzkoako Foru Aldundia. Ondare Historiko-Artistikoko Zerbitzua.
Baleztariaren armamentua, XV. mendekoa, José Passosek XIX. mendean egindako interpretazioaren arabera.
Baleztariaren armamentua, XV. mendekoa, José Passosek XIX. mendean egindako interpretazioaren arabera. © Tipolitografía de Luis Tasso. Armas y Armaduras. Antonio García

Ermandadeak, 1456an, Erregearen boterean babestuta eta monarkak berak lagunduta, Ahaide Nagusien orubeetako dorre kopuru zehazgabe bat eraitsiko zuen... baita halen senideen, tregoatuen eta hurbilekoen boterea adierazten zuten beste asko ere. Hala, Deba Beheko arroan, adibidez, nagusiki burdinaren merkatariak ziren leinuen dorreak eraitsiko zituen (haietako askok beren burdinola erantsita zeukatela). Altzolatarren Dorreak, Lasaldetarrenak, Iribetarrenak, eta beste batzuk, berrogeita hamar urte geroago, XVI. mendearen hasieran dagoeneko, beren begiez ikusi zuten lekuko batzuek esango zutenez, "Ahaide Nagusiekiko ezinikusiengatik" eraitsi zituzten. Ermandadea abagune hartaz baliatuko zen Ahaide Nagusien dorreek eta, 1456an esango zen bezala, "senide, zerbitzari eta halen tregoen eta bandoen lagun, aliatu eta atxikiek" adierazten zuten botere hura deuseztatzen ahalegintzeko. Dorreei gailurra mozteak esan nahi zuen gizarte eredu bat bestea garaitzen hasia zeta. Edo, hobeto esanda, horrek iragartzen zuen aro berri bat gerturatzen ari zela, lehian ari ziren bi munduek ordezkatutako balioen sintesia egingo zen aro berri bat.

Gebarako Orubearen armarriak, Oñatiko Kondeenak.
Gebarako Orubearen armarriak, Oñatiko Kondeenak. © Nafarroako Gobernu. Libro de Armería del Reino de Navarra.
Baldako Orubearen armarriak.
Baldako Orubearen armarriak. © Nafarroako Gobernu. Libro de Armería del Reino de Navarra.

Leinuen arteko borroka edo, beharbada, gizarte eta ekonomi ereduen arteko borroka, hiriek eta haiek zuzentzen zituzten leinuek irabazi zutenez geroztik, Orube ugarik areagotu egin zuten leinu haien artean lehendik zeukaten presentzia herabetia. Hala, Probintziak "Ermandadeko anaiatzat" hartuko zuen 1486an Atxegako Orubeko seme sasiko bat. Juan Lopez Amezketako Orubeko jaunak ere, Erregina Katolikoarengandik, Amezketako bere Dorrea berriro eraikitzeko baimena eskuratuko zuen 1493an, eta Isabel andreak korrejidoreari jakinaraziko zion "ez dadila oinetxea izan eta ez dezala kanoi-zulorik eduki", eta "bi solairutan" eraiki zedila. Gauza jakina da zenbait leinu-buruk, urte batzuk lehenago Antekera, Estepona eta abarreko 1457ko deserritik itzulita, beren dorreen goiko pisuak adreiluz berreraiki zituztela, hala nola, Loiola edo Baldako jaunek, zeinen dorreek ezin hobeto kontserbatuta agertzen baitute oraindik ere orduko itxura hura.


Paperezko xaflako zigilua, Iñigo, Oñatiko Kondearena. 1490 ing. (bilduma partikularra)
Paperezko xaflako zigilua, Iñigo, Oñatiko Kondearena. 1490 ing. (bilduma partikularra) © Euskoa Jaurlaritza, Irargi, Ondare Dokumentaleko Zentoa (Bergara).
Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2024 Kultura Zuzendaritza Nagusia - Gipuzkoako Foru Aldundia.
Para conectar con nosotros mediante skype pulse aquí
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net