gipuzkoakultura.net

Logo de la Diputación Foral de Gipuzkoa
Logotipo gipuzkoakultura

gipuzkoakultura.net

2024ko martxoak 29, ostirala





Bertan > Bertan 15 Artearen sustraiak Gipuzkoan > Euskara bertsioa: Zertarako artea haitzuloen sakonean?

PDF Bertsioa inprimitzeko [11,8 Mb]Ikono Acrobat

Zertarako artea haitzuloen sakonean ?

Funtsezko arazoa hor gelditzen zaigu: zergatik edo zertarako labar artea? Hori da kontu zailena. Oso urruti gaude Ekaingo eta Altxerriko artisten burutik, eta ez da erraza haien asmo, poz eta beldurretan, eta haien bizitzako irudipen munduan arakatzea.

Irudi horiek ez ziren apaingarri soilak, jakina. Apaingarri soilak izan balira, hartzuloaren sarreran egingo zituzketen, bertako nahiz kanpoko, denek noiznahi ikusteko moduko tokian. Oso barrura sartzen ziren haiek egitera. Beste helbururen bat zuten.

Ehizaren magia izan da labar arteari buruzko azalpenetan oihartzun handiena izan duena. Horren arabera, animaliaren irudia eginez gero, ehiztariak nolabaiteko nagusitasuna lortuko zuen haren gain. Irudian menperatuz gero, hobeto menperatuko zuen harrapatzeko orduan. Zauritzen bazuen, errazagoa izango zitzaion harrapatzea. Horrez gain beste uste hau izatea ere baliteke, alegia, benetako animalia irudikatutako animaliarengana hurbiltzen dela, eta hortaz animalia horiek haitzulotik gertuago edukiko zituztela uste izatea.

Teoria horren aurrean, ordea, bada zailtasun bat Ekainen: orein eta basahuntzenak dira haitzulo sarrerako giza asentamenduko hondar gehienak. Bisonteenak gutxi dira, eta bitxien eta bakanenak zaldienak. Datu horiek totemaren teoria indartzen dute. Zaldia izan liteke Ekaingo biztanleen totema. Totema sakratua da. Sarbide gabeek ez dute ikusi behar. Horregatik egon ohi da santutegian ezkutatua. Ekainen, totema zaldia izan liteke. Horregatik irudikatzen zuten hain barreneko tokietan. Eta horregatik ez zuten harrapatzen. Baina, orduan, nolatan zauritzen zuten hainbestetan? Ekainen geziz edo azkonez zauritutako zaldi asko daude. Bestalde, haitzuloan ez dago animalia espezie bat bakarra. Badira bisonte, ahuntz, orein, hartz, arrain, eta abar ere.

Paleolitoko artearen euskarria sistema dual bat dela ere pentsatu izan da. Ekainen, Altxerriko V. taldean, Santimamiñeko gelatxoan eta beste toki askotan, zaldi-bisonteena da sistema hori. Zeinuetan ere oinarritzen den dualtasun hori, Leroi-Gourhanen ustez, izadiaren sexu dualtasunaren adierazpena da. Baina, izadian badira beste dualtasun batzuk ere, hala nola bizitza eta heriotza, argia eta iluna, gozamena eta oinazea, ...

Oraindik orain xamanismoarekin ere lotu nahi izan da. Gaur egun ere herri askotan bizirik dagoen xaman sisteman, elkarren gaineko edo paralelo diren munduei dagozkien zenbait mailatan egituratua dago unibertsoa, eta mundu horietan bizi diren ahalek gurean eragin dezakete. Sistema horren ustez, pertsona batzuk, egoera jakinetan, ahal horiekin harremanean jar daitezke. Baliteke harreman hori espiritu lagungarrien bitartez egitea, eta espiritu horiek batzuetan animalia forma hartuta aurkezten zaizkio xamanari. Xamanak haiekin bat egiten du eta, gainera, bere anima beste mundura bidal dezake haiekin elkartu eta babesa eskatzeko. Trantze egoeran egiten den bidaia hori egin daiteke taldeko zeremonietan edo bakarka.

Arriskutsua dirudi milaka urtetan zehar egina izan den Paleolitoko artearen errealitate zabala eta askotarikoa bide bakarretik azaldu nahi izatea. Egia esan, teoria guztiek akats bera dute. Oinarritzat ideia bakarra hartuta azaldu nahi izan dute guztia. Antzeko egoeretan askotan egin behar izan den bezala, egiaren zati bat teoria guztiek dutela esan beharko dugu; hau da: gizaki haiek magia egiten zutela, eta sexu egitura duen mundu bizidunak kezkatzen zituela, baina arte sorkuntzan ere interes handia zutela. Paleolitoko irudi asko dauden bezain ongi eginak egoteko, nahitaez behar izan dute ikaskuntza bat eta beharbada eskola batzuk, espazioan eta denboran zehar estilo desberdinak eman dituztenak, bestalde. Zalantzarik gabe, egileak artistak ziren, gainera. Eta artista klasikoek Greziako eta Erromako tenpluak apaindu zituzten bezala, eta garai orotako kristau artistek Bibliako hainbeste eta hainbeste irudi eta eszena irudikatuz erlijioa eta artea lotu zituzten bezala, hala Historiaurreko gizakiak ere lotu zuen bere erlijioa artearekin. Kontua da askoz zailagoa dela erlijioan barneratzea, artean baino.

Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2024 Kultura eta Euskara Departamentua- Gipuzkoako Foru Aldundia.
Para conectar con nosotros mediante skype pulse aquí
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net