gipuzkoakultura.net

Logo de la Diputación Foral de Gipuzkoa
Logotipo gipuzkoakultura

gipuzkoakultura.net

2019ko azaroak 22, ostirala





Bertan > Bertan 15 Artearen sustraiak Gipuzkoan > Euskara bertsioa: Klima

PDF Bertsioa inprimitzeko [11,8 Mb]Ikono Acrobat

Klima

15. Horrela egoten zen Aralarko Malloa urtean zenbait hilabetez azken glaziazioko garaian.© Xabi Otero
15. Horrela egoten zen Aralarko Malloa urtean zenbait hilabetez azken glaziazioko garaian.© Xabi Otero

Gipuzkoan dauden Paleolitoko artearen adierazpenak Goi Paleolitoaren bukaerakoak dira, Madeleine aldia deritzanekoak, hau da, orain dela 17.000 urtetik orain dela 11.000 urtera doan bitartekoak.

Joana zen orain 18.000 urte inguru Solutre deritzan aldian izandako glaziar handienaren garaia, Gipuzkoan etengabeko elurrak 1.100 metroko altitudean hasten zirelarik Aizkorri eta Aralarko tontorrak urte guztian zuri egoten zirenekoa.

16. Europa azken glazioazioan. Txapel glaziar izugarri batek Europako iparralde guztia estali zuen, eta Alpe, Pirinio eta beste mendi batzuetan behera glaziar handiak zeuden.
16. Europa azken glazioazioan. Txapel glaziar izugarri batek Europako iparralde guztia estali zuen, eta Alpe, Pirinio eta beste mendi batzuetan behera glaziar handiak zeuden.

Europako iparralde guztia estaltzen zuen txapel glaziar izoztu ikaragarrian eta Alpe, Pirinio eta beste mendikate garaietako glaziar handietan zegoen pilatuta itsasoari prezipitazioen bitartez kendu zitzaion ura. Horrek eraginda, itsasoaren maila 120 bat metro beheratu zen gure latitudeetan. Gure kosta aldeko ur azpiko sestra-kurbei edo kurba batimetrikoei begiratuta, oraingo itsas mailaz azpiko 120 m-ko kota gaurko itsasertzetik 12 km-ko distantziara dago. Beraz, orduan itsasertza gaur egun baino 12 km urrutiago zegoen. Hori dela eta, gaur kostaldekotzat ditugun aztarnategiak kostatik urruti zeuden, eta 30 km edo gehiagoko bidea egin behar zen oinez, joan eta etorri, itsasertzera iristeko.

17. Glaziazioko garai hotzenetan kostaldeak zuen negu itxura.© Xabi Otero
17. Glaziazioko garai hotzenetan kostaldeak zuen negu itxura.© Xabi Otero

Horregatik ez dago maskortegirik garai hartako giza kokalekuetan. Maskortegi handiak Madeleine aldiaren ondoren ageri dira. Sukaldaritzako moda kontuak zirela esan ohi zen lehen. Gaur badakigu, ordea, Madeleine aldiaren ondoren izotza urtu, ura itsasoratu, eta itsasoaren maila poliki-poliki igo egin zela, itsasertza gaur dagoen tokian gelditu arte. Hala, bada, glaziazio bitartean itsasoa urruti gelditzen zen; ez zen besterik. Eta glaziazioa amaitzean hurbildu egin zen.

Baliteke gaur egun itsaspean dauden karaitzetan aztarnategiak egotea. Baina ez ditugu ezagutzen. Etorkizunean horiek aztertzeko bitartekorik baldin badago, eta orduko agintariek ikerketa horiei laguntzeko sentiberatasunik baldin badute, gauza gehiago argitu ahal izango da.

18. Itsasertza non zegoen azken glaziazioko une batzuetan.
18. Itsasertza non zegoen azken glaziazioko une batzuetan.

Hala, bada, glaziazioaren une gorena ordurako joana zen arren, Madeleine aldian izozteak jarraitu zuen.

Aldi distiratsua izan zen hori gure Historiaurrean. Esan bezala, duela 200.000 urtez gero bizi izan dira giza taldeak gure orubean, baina Madeleine aldian nabarmen gehitu ziren. Horrela adierazten du garai horretako aztarnategien kopuruak, aurreko aldietakoen aldean ugari baitira.

Landare paisaia ez zen gaur egun dugun bezalakoa, edo, hobeto esateko, gure aiton-amonek duela 100 urte zutena bezalakoa. Haiek harizti eta gaztainadi ugariz jantzita ezagutu zituzten behe aldeko lurrak eta 600 m-ko altitudera iristen ez diren mendiak. Kota horretatik gorakoa pagadien eremua zen. Pagadiek, hobeto edo okerrago, gaur arte iraun dute. Hariztiei dagokienez, lekuko bakan batzuk besterik ez zaizkigu geratu. Larretarako eta lantzeko lur beharra dela, burdinolak, ontziolak eta bestelako eraikinak direla, denak ezkutatu ziren.

19. Glaziazio garaiko zuhaiztiak osatzen zituzten zuhaitzak:  Pinu gorria, Haltza, Hurritza, Urkia.© Xabi Otero
19. Glaziazio garaiko zuhaiztiak osatzen zituzten zuhaitzak: Pinu gorria, Haltza, Hurritza, Urkia.© Xabi Otero

Madeleine aldian ez zegoen hosto galkorreko basorik. Paisaia zuhaitzik gabea zen. Estepa hotza zen nagusi mendi-muinoetan. Soilik ibar babestuetako eguteran izan ohi ziren pinu gorriz osatutako basotxo batzuk, hurritz eta urki batzuk, eta haltzak hegietan.

Eskualde honetako animaliei dagokienez, oreinak, basahuntzak, sarrioak, uroak, bisonteak eta zaldiak zeuden, eta baziren gaur egun Alemaniako iparraldetik Eskandinaviako tundrara bitartean bizi diren espezie batzuk ere: elur-oreinak, elur-erbia eta ipar sagutxoak.

Horrelakoa zen, bada, Ekain, Altxerri, Torre, Ermittia, Urtiaga, Aitzbitarte eta Gipuzkoako beste haitzulo bikain batzuetan bizi izan ziren artisten lurraldea.

20. Euskal Herriko habitataren itxura azken glaziazioko neguetan.© Xabi Otero
20. Euskal Herriko habitataren itxura azken glaziazioko neguetan.© Xabi Otero
21. Urki hostoak.© Xabi Otero
21. Urki hostoak.© Xabi Otero
Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2019 Kultura eta Euskara Departamentua- Gipuzkoako Foru Aldundia.
Para conectar con nosotros mediante skype pulse aquí
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net