gipuzkoakultura.net

Logo de la Diputación Foral de Gipuzkoa
Logotipo gipuzkoakultura

gipuzkoakultura.net

2019ko azaroak 22, ostirala





Bertan > Bertan 15 Artearen sustraiak Gipuzkoan > Euskara bertsioa: Altxerriko haitzuloa

PDF Bertsioa inprimitzeko [11,8 Mb]Ikono Acrobat

Altxerriko haitzuloa

Aurkikuntza.

56. Altxerri leize zuloko sargune handia.© Jesús Altuna
56. Altxerri leize zuloko sargune handia.© Jesús Altuna

Altxerriko haitzuloa eta bere labar artearen altxorra bi fase desberdinetan aurkitu ziren. Inork ez zekien inguru hartan haitzulorik bazenik, harik eta 1956an eraiki zuten arte Altxerri baserriaren paretik igarotzen den errepidea. Lan hauetarako harrobi bat prestatu zuten, baserri atzean dagoen kare-harria ateratzearren. Dinamitaz egindako leherketetako batek metro bat zabal eta 80 cm garaiko zulo bat egin zuen, eta horretatik ikusi zuten galeria luze eta handi bat bazela; dena den, hasiera batean apenas eragin zuen interesik, non eta ez zen Orio eta Zarauzko gazte batzuena, kobazuloan sartzen baitziren gaztaroko abentura zaletasunak bultzatuta. Zorionez, harrobiko lanak honetan amaitu ziren, ordurako aterata zuten eta egin beharreko lanerako lain material.

57. Altxerri baserria (Aia) eta, harrobiko lanak zirela eta, atzeko kare-harrietan irekitako haitzuloko sarrera artifiziala.© Xabi Otero
57. Altxerri baserria (Aia) eta, harrobiko lanak zirela eta, atzeko kare-harrietan irekitako haitzuloko sarrera artifiziala.© Xabi Otero

Sei urte geroago, lehen aipatutako Aranzadi Zientzia Elkarteko kideek aurkikuntza horren berri izan zutelarik, eta zabaldutako galerian leizeak ere bazeuden jakitun, esploratzeari ekin zioten. Horretarako prestatzen ari zirela, leizetik hurbileko horman marra beltz batzuk ikusi zituzten, bisonte baten irudia itxuratzen zuten marra batzuk hain zuzen ere. Lehen pausu hori eginik, beste irudi-sorta batzuk aurkitu zituzten kobazuloko hainbat tokitan.


58. Altxerri leize zuloko sarreran eroritako harriak.© Jesús Altuna
58. Altxerri leize zuloko sarreran eroritako harriak.© Jesús Altuna

Jose Migel Barandiarani edo, hark idatzi ohi zuenez, Barandiarango Jose Migeli eman zioten aurkitutakoaren berri, huraxe baitzen orduan Arantzadi Zientzia Elkartearen Historiaurre Saileko zuzendari. Barandiaran bera haitzulora joan zen aurkitzaileekin, aurkitutakoa benetakoa ote zen egiaztatzearren.

59. Geruza tolestuak Altxerri leize zuloan.© Jesús Altuna
59. Geruza tolestuak Altxerri leize zuloan.© Jesús Altuna

Alabaina, aurreko urteetan izandako bisitarien idazki batzuk ere bazeudenez, kontu eta zuhurtzia handiz jardun beharra zegoen, labar multzo paleolitikoaren azterketa egiteko unean. Lehenbiziko erabakia ate bat jartzea izan zen, haitzuloa behar bezala ixteko. Orduantxe eman zuten aurkikuntzaren berri, ez lehenago. Haitzuloari Altxerri izena ipini zioten, inguruko baserriarena hartuz horretarako.

J. M. Barandiaranek egin zuen irudiei buruzko estreinako azterketa, eta Munibe aldizkarian argitaratu zuten 1964an. Urte batzuk geroago, 1976an, lerro hauen idazleak berak irudiei buruzko bigarren azterketa bat argitaratu zuen, J. M. Apellanizen lankidetzaz, Munibe aldizkarian berriro ere.

60. Altxerriko haitzuloaren planoa.
60. Altxerriko haitzuloaren planoa.

Barandiaranen lanetan zehar, haitzuloaren berezko sarrera aurkitu zuten, haitzulo barnetik aurkitu ere. Harrobiak zabaldutako sarrera artifizial hartatik hurbil zegoen, eta erabat itxita, sedimentuz eta estalagmita-mantuz. Berezko sarrera honek itxita segitzen du gaur egun. Izan ere, nahiago izan dugu gugana heldu den bezalaxe mantentzea.

Haitzuloan grabatuak eta pinturak daude. Grabatuak ongi daude, pinturak ordea oso hondatuta, urteak milaka igarotzean kalte handia egin baitiete. Toki askotan, hormako hezetasuna oso handia da, eta horrek eragindako kaltea begi-bistakoa, ezen pintura bera eraman baitu, leku askotan ia-ia dagoeneko ez ezagutzerainoko moduan.

61. Ile marrak    deritzan teknikarekin grabatutako bisontea. Animalia horiek gorputzaren aurrealdean ilaje handia dutela adierazten du.© Jesús Altuna
61. Ile marrak deritzan teknikarekin grabatutako bisontea. Animalia horiek gorputzaren aurrealdean ilaje handia dutela adierazten du.© Jesús Altuna

Haitzuloa itxita egon da beti jendearentzat, eta honetan askoz zorroztasun handiagoz jokatu da Ekainen baino, irudiak dauden hormak oso hauskorrak direlako. Bakar-bakarrik historiaurrelariek izaten dute bisitatzeko aukera, bere ikerlari lana argitalpen bidez egiaztatuta duten historiarrelariek, ez beste inork.

Haitzuloaren deskripzioa.

62. Gaur egungo bisontea, aurrealdeko ilajea ageri duela.© Xabi Otero
62. Gaur egungo bisontea, aurrealdeko ilajea ageri duela.© Xabi Otero
63. Altxerri haitzuloan dagoen zeinu grabatu bat, irudiei hasiera ematen diena.
63. Altxerri haitzuloan dagoen zeinu grabatu bat, irudiei hasiera ematen diena.
64. Basahuntza, burua jirata.© Jesús Altuna
64. Basahuntza, burua jirata.© Jesús Altuna
66. Azeri artikoa udako ilearekin.© Xabi Otero
66. Azeri artikoa udako ilearekin.© Xabi Otero

Haitzuloaren egungo sarrera harri-labar ia bertikal baten itxurakoa da. Ongi estratifikatutako eta diaklasa edo arraildura ugariko kare-harritan zabalduta dago. Geruza hauek mehe samarrak dira, eta gutxitan hartzen dute 40 cm baino gehiagoko lodierarik. Tartean dituzte beste geruza margatsu fin batzuk, arbel itxurakoak, eta hauetan erraz iragazten da ura.

65. Elur-orein baten aurrealdea, barruan azeri bat duela; biak grabatuak.© Jesús Altuna
65. Elur-orein baten aurrealdea, barruan azeri bat duela; biak grabatuak.© Jesús Altuna

Geruza multzo honetan nabarmen antzematen da orogenia tertziarioaren eragina; toles eta arraildura txikiak ikus ditzakegu bertan, lekuko eder gisa. Sarritan ez dira geruza batetik hurrengora heltzen, ze geruzen arteko muga garbiek gerarazten edo indargetzen baitituzte. Horren guztiaren eraginez, hainbat bloke erori da, eta horrenbestez lurra horrelakoz estalita dago, sarrera parean batik bat, inguru malkarra eratuz bertan. Beste inguru batzuetan buztina sedimentatu egin da, etengabe iragazten den urak eraman baitu, eta halatan lurra bera ere berdindu egin du.

Azaldutako elementu hauek direla eta, Altxerriko haitzuloak ez du Euskal Herriko beste haitzulo gehienen antzik, beste gehienak kare-harri trinkoetan baitaude.

67. Elur oreinaren barruan grabatutako azeria© Jesús Altuna
67. Elur oreinaren barruan grabatutako azeria© Jesús Altuna

Irudietako batzuk, aipatutako geruza horien aurrealde edo fronteetan eginda daude, eta estratifikazio-planoetan beste batzuk. Aipatutako lehen irudiak ez dira handiak. Izan ere, geruzak mehe samarrak izanik ezin neurri handirik hartu, tarte horietan sartuko badira.

Haitzuloa oso zabala da lehen zatian, baina mehartu egiten da geroago, galeria luze bat eratuz, eta lurra bera ere zeharo malkartuz, eroritako blokeak nonahi baitaude.

68. Gaur egungo elur oreina. Begira lepo-bularretako ilajea eta konpara Altxerriko artistak grabatutako irudikoarekin.© Xabi Otero
68. Gaur egungo elur oreina. Begira lepo-bularretako ilajea eta konpara Altxerriko artistak grabatutako irudikoarekin.© Xabi Otero

Lehenbiziko irudiak sarreratik 100 m ingurura daude, 8 bat metroko barrunbe estu eta luzexka batean. Irudi gehienak grabatuak dira.

Haitzuloak eskuinerantz abiatzen den beste galeria bat ere badu. Honetan ugari dira pinturak, grabatuen ondoan.

Aurreraxeago galeriak bi bide hartzen ditu. Alde batetik 10 m inguru sakoneko leize batera jaisten da, eta honetan bidea dago azpialdeko beste galeria batzuetara igarotzeko. Jaisteko arrapalaren hasieran beste irudi batzuk daude. Gero, leizerako amildegia dago.

Hasieran ematen zuen amildegi hauxe zela historiaurreko gizakiak haitzuloaren inguru honetan egindako bidaiaren amaiera, ez ordea izan, zeren eta leizearen beraren hondoan beste bi irudi aurkitu baikenituen. Lehen aipatutako argitalpenak baino beranduago heldu zen aurkikuntza hau, eta itxaropena piztu zigun, pentsatuz behealdeko galeria bikainetan irudi-multzo gehiago aurkituko genuela, begi-bistakoa zen eta gizakiak jaitsiak zirela leize hondoraino bertaraino. Alabaina, esperantza hau horretan geratu zen, irudi bi horiek direlako galeria horietan dauden bakarrak.

Leizerako jaitsieraren gainean sabai bat dago, estu samarra berau, zubi itxurakoa, sarreratik urruneneko irudiak ikusteko derrigor ailegatu beharrekoa. Irudi horiek ikustea zaila da, horma batean gora egin beste erremediorik ez dago eta.

Altxerriko irudiak.

71. Adardun animalia pare bat; seguru asko, saigak.© Jesús Altuna
71. Adardun animalia pare bat; seguru asko, saigak.© Jesús Altuna
70. Arrain itxurako harkaitza, bi arrain zapal grabaturik dituena.© Jesús Altuna
70. Arrain itxurako harkaitza, bi arrain zapal grabaturik dituena.© Jesús Altuna
72. Arrain zapal bat; seguru asko, platuxa.
72. Arrain zapal bat; seguru asko, platuxa.
69. Saiga antilopea. Gaur egun Kazakhstanen bizi da, baina Madeleine aldian Bizkaiko Golkora heldu zen.
69. Saiga antilopea. Gaur egun Kazakhstanen bizi da, baina Madeleine aldian Bizkaiko Golkora heldu zen.

Altxerri bisonteen haitzuloa da. Hauxe da haitzuloan gehien ageri den animalia. Dena den, espezie sorta oso zabala da, Madeleine aldiko artistek gustukoen zituzten apodunez gain, beste asko ere utzi digute eta hormetan, esaterako haragijaleak, hegaztiak, arrainak, eta baita suge itxurako bat ere.

Lehen irudi sorta, aipatu bezala, barrunbe txiki batean dago, eta guztira berrogeita hamar bat irudi badira bertan. Ikusgarrienez arituko gara.

Irudi sortaren hasiera gisa edo, ebakidura sakon eta luzexka bat, 10 cm luzekoa berau. Eskuin-ezker, ebakidura motzago eta sakontasun txikiagokoen sorta bat dago puntu batera begira, lehenaren lapranean jarrita. Zeinu horrek ematen digu barrunbeko eta haitzuloaren beste inguruetako irudietarako abiapuntua.

73. Basahuntz grabatua. Adarren formak erakusten du pirenear espeziekoa dela, ordurako alpetar espezietik bereizia.© Jesús Altuna
73. Basahuntz grabatua. Adarren formak erakusten du pirenear espeziekoa dela, ordurako alpetar espezietik bereizia.© Jesús Altuna

Metro batzuk aurreraxeago, grabatu panel bat. Horretako grabatuak elkarren gainean eginda daude, neurri batean behintzat. Bisonte bat dugu hemen nabarmenena, ipurtaldea sakon grabatua duena, buztana listua, lau hankak, eta sabelaldeko marra. Hau da, animaliaren ilea motzena den gorputz atalak. Aurreko hankaren grabatua ez da hain sakona. Animaliaren beste alderdietan marra ugari egin da, egitura bati jarraiki, askoz finagoa inondik ere, eta badirudi bisonteek bereziki negu parteko jantzian izan ohi duten aurrealdeko ile-piloa adierazi nahi dutela, halako ukitu espresionista batez. Ematen du margolariak esan nahi digula bisontea "atzealde zehatz bat da, eta horrez gain ... dena ilea". Horregatik, marradura horri ile marradura esan diezaiokegu.

74. Basahuntz pirenearra© Xabi Otero
74. Basahuntz pirenearra© Xabi Otero


Marraduraren aurrealdean begia grabatu dute, fintasun handiz hau ere. Inguru beretik ageri zaigu adar luze bat, marradura gaindituz.

Aipatutako bisontearen gibelaldetik 25 cm gora, beste bisonte txikiago bat dago, ezkerrerantz jarria.

Deskribatu dugun lehen bisontearen aurrealdearen pean basahuntz bat dago, ezkerrerantz, burua atzera biratua duena. Gibelaldea, atzeko hankak eta sabelaldeko marra sakon grabatuta daude. Beste gorputz zatiaren grabatua oso mehea da. Sabelean modelatu bat du, sakon grabatuta hau ere, animalia hauek gorputzeko inguru horretan duten orbana edo adierazteko nonbait.

75. Basahuntz alpetarra© Xabi Otero
75. Basahuntz alpetarra© Xabi Otero

Multzo honetatik eskuinera elur-orein bikain baten gorputzaren aurrealdea. Interpretazio bat emate aldera, esan dezakegu eserita dagoen animalia altxatzen ari dela.

Burua izugarri zainduta dago. Begiaren eta sudur aldearen artean zenbait trazu mehez egindako grabatu bat du, hain zuzen arte erabilgarrian animalia honen irudietan sarritan egiten zuten bezala. Adakeraren aurrealdea palmatua, belarria motza, muturra borobildua eta lepoaren eta bular aldearen artean ile-xerloa ditu, guztion artean garbi erakutsiz zein animalia den.

Hankak ere fintasun handiz landuta daude. Hanka-juntak markatuta daude, eta baita hanka-muturrak ere, bere apo eta apo-kalparrez.

Elur-oreinaren lepoan, azeri baten grabatua dago. Animalia hau ia-ia osorik dago, eta punta lehorrez egindako grabatu sakona du. Belarriak motz samarrak dira, espezie arktiarrarenak nonbait, hain zuzen elur-oreina bezalaxe gaur egun gure lurraldean bizi ez den espeziearenak.

76. Bisonte grabatua. Buruko kopeta-sudurretako profila egiteko harkaitz hormaren ertza aprobetxatu da.© Jesús Altuna
76. Bisonte grabatua. Buruko kopeta-sudurretako profila egiteko harkaitz hormaren ertza aprobetxatu da.© Jesús Altuna

Elur-oreinaren lepo lerroaren ebakidurak moztu egin du azeriaren hankako ebakidura, beraz, azeria elur-oreina baino lehenago grabatu zuten.

Panel horretatik eskuinera, arrain forma duen haitz batean, bi arrain zapal daude irudikatuta. Goikoa osorik dago, bertikalean eta buruz behera jarrita, eta grabatu sakona erabili dute, suabeagoa eginez animaliaren gainaldea eta sabela inguratzen duten hegats luzeetan. Beste aldean argi eta garbi ikusten da isats hegatsa, eta saihets lerroa alderik alde heltzen da. Arrain zapal bat da, platuxa latz, oilar edo lengoraduen antzekoa. Dena den, Altxerriko arrainak platuxen antz handiago du. Gainera, platuxa itsasertzeko espeziea da, eta ibaietako inguru gazikaretan egoteaz gain, barruragoko uretan ere izan ohi da. Gaur egun, esaterako, haitzuloaren azpitik igarotzen den errekan badira platuxak.

77. Arrain grabatua; seguru asko, urraburua.© Jesús Altuna
77. Arrain grabatua; seguru asko, urraburua.© Jesús Altuna

Arrain irudi horren aurrez aurre, beste arrain zapal baten silueta dago, amaitzeke badago ere. Sailkapen zoologikoari dagokionez, oraintxe aipatutako bera izan daiteke.

Barrenerago sartuz, eta gorago, grabatu sakonez egindako bi irudi daude. Lehenak animalia baten burua, lepoa eta gorputz-enborraren hasiera erakusten digu. Marraztua du begia, eta marra lapran batzuek lepoaren azpialdea itxuratzen dute.

Marrazkiarekin antzik handiena duen animalia saiga arra da (emeek ez dute adarrik), egin ohi duen jauzi bertikaleko keinuan. Adarrak motzak ditu, sinpleak, inolako adar kimurik gabe alegia, eta ia bertikalak. Horrenbestez ezin izan ez zerbidoa, ez bisonte, uro, basahuntz edo sarrioa. Würm garaiko adardunen artetik geratzen den bakarra saiga antilopea da. Osterantzean, saigaren muturreko profil ganbila eta marrazkikoa ere bat datoz.

78. Bisonte grabatua, era bertikalean. Konkor azpian azkona sartuta dauka. Azkonez zulatutako tokian pintura beltzez egindako marra bat hasten da, bisonteari odola zeriola adieraziz bezala.© Jesús Altuna
78. Bisonte grabatua, era bertikalean. Konkor azpian azkona sartuta dauka. Azkonez zulatutako tokian pintura beltzez egindako marra bat hasten da, bisonteari odola zeriola adieraziz bezala.© Jesús Altuna
79. Gaurko bisontea urkidi batean.© Xabi Otero
79. Gaurko bisontea urkidi batean.© Xabi Otero
80. Antropomorfoa bururik gabe.© Jesús Altuna
80. Antropomorfoa bururik gabe.© Jesús Altuna
81. Hegaztia. Burua, lepoa eta bizkarra osatzeko harkaitzaren ertza erabili, eta Altxerriko grabatzaileak begia, sabel lerroa eta isatsa bakarrik egin zizkion.© Jesús Altuna
81. Hegaztia. Burua, lepoa eta bizkarra osatzeko harkaitzaren ertza erabili, eta Altxerriko grabatzaileak begia, sabel lerroa eta isatsa bakarrik egin zizkion.© Jesús Altuna

Honen eskuinean beste saiga baten silueta grabatua dago, sinpleagoa. Bakar-bakarrik kopeta-sudurren profila eta adarra ditu. Besterik izan ezean, zaila izango zen irudi hau identifikatzea. Baina aurrekoa ikusirik, oraingo hau lagungarri gertatzen da lehena zein animalia den jakiteko, eta bide batez beronek ere lehenaren laguntza argigarria jasotzen du, ezagutu ahal izan dezagun. Izan ere, kopeta-sudurren profilak antz handiagoa du saigarenarekin, beste ezerekin baino. Eta adarra ere saigarena bezala ateratzen da.

82. Bisonte pintatua, erdialdean estalagmita mantu batek estalia.© Jesús Altuna
82. Bisonte pintatua, erdialdean estalagmita mantu batek estalia.© Jesús Altuna

Saiga pean dagoen marradura trinkoak bertikalean jarritako bisonte bat erakusten digu, burua beherantz duela, eta bizkarraldea, berriz, ezkerralderantz.

Irudi hauen ondoan, barrenerago inondik ere, beste bisonte bat dugu. Grabatuta dago, ezkerralderantz jarria, osorik, eta xehetasunez beterik. Kopeta-sudurren profilerako, haitzaren beraren ertza erabili dute. Burualdearen osagarri, berriz, mutur-punta, sudurzuloa, begia eta adarra ere baditu.

Orain gauden barrunbe txikiko eskuineko horman badira beste irudi batzuk, besteak beste hurrenak:

83. Eremu marradunean pintatutako bisontea, haitzuloko galeria bateko buru.© Jesús Altuna
83. Eremu marradunean pintatutako bisontea, haitzuloko galeria bateko buru.© Jesús Altuna

Basahuntz ar bat, eskuinerantz jarria. Honen adarrek, askoz handiagoak baitira arrenak emeenak baino, ongi erakusten digute pirenear espeziea dela, ez alpetarra, bide batez aditzera emanez ordurako espezie hauek zeharo bereizita zeudela. Izan ere, espezie alpetarraren adarrak arku sinple bakar bat egiten du, plano bakarreko bihurduraz. Pirenear espeziean, aldiz, lehenik bertikalean abiatzen dira, eta gero urrundu elkarrengandik, gorantz joz. Irudi honetan, aurreko hankak apendize sinple batzuk dira, jauzi egiteko-edo bilduta bezala.

Basahuntz honetatik 20 cm eskuinera, gora begira dagoen arrain bat dago grabaturik, bertikalean. Urraburu motako arraina ematen du. Burua bere begi handiarekin, bizkar hegats luzea eta hegatsaren abiagune hestu eta luzea ikusirik behintzat horixe dirudi. Espezie hau ibaietako estuarioetan sartu ohi da.

84. Arrokako ertzez eta pitzadurez baliatuz egindako bisontea. Altxerriko pintoreak sabel lerroa, aurreko hankaren hasiera eta lepoa bakarrik pintatu zizkion pintura beltzez.© Jesús Altuna
84. Arrokako ertzez eta pitzadurez baliatuz egindako bisontea. Altxerriko pintoreak sabel lerroa, aurreko hankaren hasiera eta lepoa bakarrik pintatu zizkion pintura beltzez.© Jesús Altuna

Beherago, inguru berean, bururik gabeko antropomorfo baten grabatua dago. Gorputz enborra eta beheko gorputz adarra daude grabatuan. Bularraren eta sabelaren arteko zona batetik gorputz adar luze bat ateratzen da. Beheregi dago besoa izateko, eta goiegi, berriz, zakil hipertrofiatu bat izateko, nahiz eta muturrean duen zakil-moko itxurak horixe dakarkigun gogora. Bizkarraren behealdean disko bat darama sarturik, bi zirkulu zentrokidez egina, kanpoko zirkulutik ateratzen den lerro sorta batekin. Esfinter bilotsu bat izan daiteke.

Urraburutik hurbil, beste haitz-plano batean, bisonte baten irudia dago grabatuta, beherantz ipinia, ezkerreko aldea erakusten diguna. Animalia ia-ia osorik dago, eta albo-ikuspegitik marraztua, ibileran edo, horixe ematen du eta aurreko hanken posizioari begiratuta. Isatsa, altxata eta aurrerantz okertua dauka. Sexua, hemen ere, ongi adierazita dago.

85. Eremu marradunetan pintatutako bisonteen frisoa, eta zaldia frisoaren gaineko horma-konkan.© Jesús Altuna
85. Eremu marradunetan pintatutako bisonteen frisoa, eta zaldia frisoaren gaineko horma-konkan.© Jesús Altuna

Animaliaren gainean beheranzko bi lerro zuzen daude, konkor atzealdearen gainean bata eta gibelalde gainean bestea, berau ukituz beste muturrean, buztan inguruan alegia. Lerro hau gorputzean sartzen den tokian pintura-marra bat dago, armak gorputzean egindako zauriari odola dariola adieraziz nonbait.

Irudi hauetatik hurbil, obra honetan deskribatu ez dugun bisonte baten atzealdearen gainean, hegazti bat dago; honen bizkarraldea, burua eta lepoa itxuratzeko, haitzaren berezko kantoi batez baliatu dira. Izan ere, ertz honen berezko formak hegazti baten irudia ekarri zion gogora Paleolitoko artistari, eta beronek osatu zuen, begia, bular aldea, sabela, bizkarraren atzealdea eta buztana grabatuz. Buztanak berak hainbat ebakidura paralelo ditu, lumak markatzearren eginak. Irudiaren topatze edo trouvisme-a begi bistakoa da. Izan ere, ezinezkoa da geroagoko zehaztapenik burutzea. Grabatua sakona da begian eta bular aldean, azalekoagoa ordea beste alderdietan. Topatze edo trouvisme honen ale bikainak atzera aurkituko ditugu Ekainen.

87. Bisonte pintatua, arrokako bolumenak aprobetxatuz egina.© Jesús Altuna
87. Bisonte pintatua, arrokako bolumenak aprobetxatuz egina.© Jesús Altuna

Deskribatu ditugun irudiak dauden gela edo barrunbetik irtenda, honaino heltzeko galeria nagusiak eskuinerantz egiten du, eta 12 metro aurrerago, pasagune batean, beste irudi sorta batzuk daude.

Horietan pintura nagusitzen zaio grabatuari, orain arte ikusitakoaren kontrakoa alegia. Alabaina, pinturetako batzuk oso toki hezean daude, eta gehiena ezabatu egin da dagoeneko. Apenas bereizten da pintura orbanik, irudikatutako animaliak ezagutzeko modukorik. Are gehiago, hauen argazkiak egitea ezinezkoa da ia-ia.

Dena den, bisonte bat nabari da hauetan. Burua eta konkorraren lehen zatia ikusten dira, eta gorputz-enborraren atzealdea, buztan eta guzti. Honen gainean troska bat hazi da (estalagmita), erdialdeko zona oso-osorik estaliz.

Galeria bereko eskuineko horman, geruzetako baten frontean, bisonte pintatu eta grabatu bat dago, altu samar, galeria bere ikuspegian hartuz nolabait. Animaliaren pintura ongi ikusten da, nahiz eta aurrealdeko zatikoa ez den hain garbi antzematen. Irudiak poliki erreproduzitu ditu bizkar lerroa, sabelekoa, eta atzealdea ere bai, buztan eta hankez; hauetako bat aurreraxeago dago. Sexua ere adierazita dago. Erabilitako errepresentazio teknika ez da orain artean ikusitakoa bezalakoa; izan ere, grabatua batzuetan pinturarekin batera ageri da, beste batzuetan pinturaren osagarria da, eta baita pinturaren gainetik jarria ere zenbaitetan.

88. Leizerako jaitsieran pintatuta dagoen bisonte bat.© Jesús Altuna
88. Leizerako jaitsieran pintatuta dagoen bisonte bat.© Jesús Altuna

Sarreratik urruneneko irudi sortetara heltzeko, estalagmita edo troska mantu batean gora abiatu behar dugu, konkrezio beraren beste alderdi batek osatzen duen arku txiki baten azpitik igaro, eta bi leizeren artean dagoen zubi estu batean jarri. Irudi-sortetako bat ipar horman dago, eta hego horman bestea. Hego horma honetan estratifikazio planoak ikusten ditugu, bestean, berriz, geruzen fronte estuak, ez besterik. Eta fronte hauetako batean daude irudi gehienak: zazpi bisonte, zaldi bat, sarrio bat, ahuntz bat eta, seguruena, uro bat, eremu marradun batzuez eta zeinuren batez gain. Hona hemen horietako batzuk.

Irudietara igarotzeko arku estu berean bisonte bat dago, geruza-fronteetako batean, eta hau egiteko pintura eta grabatua erabili dira, haitzaren beraren ertz eta pitzadurekin batera. Animalia egiteko, egiaz, haitzaren berezko marketatik abiatu dira, eta horiek osatzeko lana burutu egileak. Geruzaren goiko ertza bizkarraldea da. Geruzako arraildura batek itxuratzen ditu ipurmasaila eta atzeko hankaren hasiera. Beste pitzadura batzuek osatzen dute hanka honen aurreko aldea, eta bide batez izterrak sabelean egiten duen lerroa markatzen dute. Beste arraildura batek eskapula ingurua erakusten digu, aurreko hankaren hasierarekin batera. Aurreko eta atzeko hanken artean, sabel lerroa pintatu dute.

Pausuak egin ahala, ikusten dugu Paleolitoko artistak animaliak ikusten zituela haitzuloko bertako gorabeheretan; beste modu batez esanda, animaliak agertzen zitzaizkion haitzetatik beretatik, haitzulo barrenean.

Beste geruza fronte batean irudi friso bat dugu, eta arraildurek bereizten dituzte elkarrengandik. Irudi ikusgarrienak hiru bisonte eta sarrio itxura duen bat dira.

Sarrioa eremu marradun batean dago, baina eremu hau irudia bera baino handiagoa da. Pinturak ia-ia animaliaren silueta osoa egiten du, eta buruaren eta gorputz-enborraren barnealdea ere modelatu du.

89. Elur orein grabatua. Lepo gainetik gora, suge itxurako bat.© Jesús Altuna
89. Elur orein grabatua. Lepo gainetik gora, suge itxurako bat.© Jesús Altuna

Friso berean, sarrioa dagoen eremu marradun berean, eta honetatik arraildura batez bereizita, bisonte irudi margotu bat dago; eremu marradunak zati handi bat hartzen dio. Animalia ezkerrerantz jarrita dago, eta beste bisonte bat du parez pare. Hauen irudiak, geruzaren lodierak ematen duen bestekoak dira.

Aipatu bisontearen atzean, eta horren segidan, beste bisonte pintatu eta grabatu bat dago, antzeko neurrian egina. Marraztu samartuta ditu burua, bizkarraldea, atzealdea, sabelaldeko kalparra eta aurreko hanka.

Kare-harrizko konkrezio zuri batek eratutako konka batean -honen ertzean estalaktita batzuk daude zintzilik-, bisonteak eta sarrioa dituen frisoaren gainean, zaldi pintatu bat dago. Animaliaren bizkarraldeko zati batean galduta dago pintura, baina beste gorputz zatietan oraindik ikusteko moduan dago. Ez du inolako grabaturik. Esan bezala, konkrezioa zurixka da, eta beharbada horrexek eragingo zuen haitza zuritu beharrik ez izatea; beste toki batzuetan, marra bidez egiten zuten zuritze lan hori.

Irudi sorta horren parean beste bat dago. Honetan, estratifikazio planoez eratutako azalera hartzen dute irudiek, geruza fronteak erabili beharrean. Guztira lau elur orein, lau bisonte, suge itxurako bat eta zeinu batzuk dira.

Horma atal honek hezetasun handia du, eta pintura erabat galtzear dago. Grabatuak hobeto iraun du.

Azpimarratzekoa da elur orein bat, ia-ia osorik baitago. Animalia ezagutzeko xehetasunak asko eta garbiak dira, hala nola: gorpuzkera orokorra, muturra, adakera, bularralde ilelatza, gorputz enborra modelatzeko lerroa, etab.

Elur orein honen lepogainean suge itxurako bat dago, gorantz doana bera, uhin forma hartuz. Horren gorputz enborra egiteko, bi lerro paralelo daude, eta hauen gainean jarririk, goiko muturrean, angelu bat, burua ixteko.

Beherago eta eskuinerantz, beste estratifikazio plano batean, bertako leizetako bateko amilburuan bertan, bisonte irudi pintatu dotore bat dago; horretarako, oso ongi baliatu dituzte bertako haitzaren bolumenak.

Ostean, leizerako jaitsieran bertan, azkeneko irudi sorta dago. Hauek egiteko estratifikazio plano zabal bat erabili dute, ia-ia laua baita. Horretan orein bat eta bisonte bat nabari dira nagusiki.

Oreinaren aurrealdea dago margotuta, eta bisontea, aldiz, oso-osorik.

Kobazulo honetako irudi sortari amaiera emanez, leize hondoan beste bi bisonte daude.

Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2019 Kultura eta Euskara Departamentua- Gipuzkoako Foru Aldundia.
Para conectar con nosotros mediante skype pulse aquí
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net