gipuzkoakultura.net

Logo de la Diputación Foral de Gipuzkoa
Logotipo gipuzkoakultura

gipuzkoakultura.net

sábado 23 noviembre 2024





Bertan > Bertan 19 Cerámica popular en Gipuzkoa > Versión en euskera: Sarrera

PDF Bertsioa inprimitzeko [10,8 Mb]Ikono Acrobat

Sarrera

28. Patar ontzia.© Jose López
28. Patar ontzia.© Jose López

Guk dauzkagun datuek erakusten dutenez, 1757an ontzi lantegi bat jarri zuten Azkotiko Jausoro baserrian. Ontzigilea Juan Kuende zen, Nafarroako Lizarratik, XIII. mendeaz geroztik edo lehenagotik zeramika lan oso garrantzitsua egiten zen herritik, etorritakoa.

Dena den, ez Gipuzkoako jendeak ez Euskal Herriko beste toki batzuetakoak ere buztingintza ez omen zuten oso gogoko.

Horixe dio, adibidez, aita Larramendik 1754an idatzitako Corografia de Guipuzkoa liburuan:

Gipuzkoak, gai honetan eta beste batzuetan Lacodemonia baino zentzuzkoago eta politikoago denez, errepubliketako lanbide apaletan gipuzkoarrak erabiltzen ditu, odolez aitoren seme eta kapareen leinukoak denak eta, hargatik, zapatagileak, jostunak, errementariak, zurginak, harginak eta kapelugileak... Lanbide horietako bakar batean ere ez da atzerritarrez baliatzen. Bakar-bakarrik nabaritu dut teilagintzan aritzen diren gehienak euskal frantsesak direla eta ezingo nuke arrazoitu gipuzkoarrek zergatik baztertzen duten lanbide hori eta beste lanbide mekanikoago eta apalagoei atxikitzen zaizkien.

29. Pitxerra.© Jose López
29. Pitxerra.© Jose López

Urte batzuetara Telesforo Aranzadi eta Jose Migel Barandiaranek ere aipatu zuten buztin lanetarako higuin edo gogo gutxi hori.

30. Neurtzeko ontziak.© Jose López
30. Neurtzeko ontziak.© Jose López

Lehenak, esate baterako, ondorengoa idatzi zigun Etnografía Vasca-Geografía General del País Vasco Navarro liburuan:

Gipuzkoako herri batzuetan izan zen garai bat non ontzigile guztiak frantsesak ziren. Eta kontuan izanda euskaldunak zein maitasunez lantzen duen egurra eta betidanik zein trebe izan den hargintzan eta burdingintzan, jende horri buruz ezingo genuke ondorioztatu material horietatik gutxi duten herrialdeetan trebatu direnik eta eskasia horregatik aritzen direnik lehentasunez ontzigintzan

Beste aldetik, Jose Migel Barandiaranek idazlan guztien IX. liburukian, Vasconia antigua izenekoan, ondorengo azpimarratzen du:

...era berean azpimarratu behar dugu Gernikako ibaiaren beste aldean, airetiko lerro zuzenean kilometro batera gutxi gorabehera, Busturia aldean, badagoela ontzi lantegi bat, non, gauza bitxia iruditu arren, Asturiasko langileak erabiltzen dituzten bertakoen ordez, bertakoentzat lanbide hori ez baita oso estimatua.

31. Gantz ontzia.© Jose López
31. Gantz ontzia.© Jose López

Azkenik, Arabako ontzigile batzuek adierazi digutenez, soldadutzara joan eta bizitza zibilean zein lanbidekoak ziren galdetzen zietenean, nekazariak erantzuten omen zuten, ontzigileak zirela esateak lotsa puntu bat ematen zielako.

Julio Baroja ere Aranzadiren iritzikoa da neurri batean, esaten baitu egurra eta burdina direla euskal kulturaren bi osagai handiak eta, aldiz, beste adierazpen batzuk, zeramikarena adibidez, inoiz gutxitan iritsi direla balio sinbolikoa bederen izatera, penintsulako beste herrietan ez bezala.Dena den, Caro Barojaren ondoren gure zeramika herrikoiari buruz egin diren lanei esker ehun labe baino gehiagoren testigantza izan dugu, oso antzinako buztin lantegietakoak batzuk, eta ekoizpena sinbolikoa baino zerbait gehiago bazela ondoriozta daiteke.

32. Sagardo pitxerra.© Jose López
32. Sagardo pitxerra.© Jose López

Teilagin asturiarren aztarnak Euskal Herriko toki bat baino gehiagotan azaltzen dira. Gutxi gorabehera San Isidrotan etortzen omen ziren, udazken aldean eguraldiak txarrera egiten zuen arte gure herrian teilagintzan aritzeko.

Oso aspaldikoa omen den teilagin asturiarren Euskal Herriratzearen ondorioz, Llanes eta Ribadesella herrietako teilagin "tamargoarren" argota sortu zen, euskal jatorrizko hitzekin jolasean. Jose Manuel Feito gure lagunak, hainbeste maite dugun Asturiaskoak eta bere herriaren kultur ikertzaile nekaezinak, esan digunez, tamargoarrak teilagin ibiltariak ziren eta maiatzetik San Migel arte gure probintzia osoan eta are kanpoan hedatzen ziren". Eta haien argotak beste hizkeren eskema berdinari jarraitu dio: metatesia, jatorri iluneko hitza, euskal jatorriko hitzak.... Faitok hiztegitxo batean jasota dauzkanetatik bakar batzuk aurkeztuko ditugu, nahiz eta batzuk ez daukaten gure hizkuntzan ematen diegun adiera eta beste batzuen ortografia zertxobait aldatua dagoen: "Agun=día. Artoa=borona. Bai=si. Esñia=leche. Ez=no. Gaza=sal. Iria=vaca. Motil=muchacho. Oguin=pan. Xagarda=manzana. Xagardua=sidra. Zarro=viejo.

33. Berdez dekoratutako pitxerra.© Jose López
33. Berdez dekoratutako pitxerra.© Jose López
34. Sutarako kazola eta eltzeak.© Jose López
34. Sutarako kazola eta eltzeak.© Jose López
35. Platerak eta katilua.© Jose López
35. Platerak eta katilua.© Jose López
36. Potoak© Jose López
36. Potoak© Jose López
37. Donostiako Kontxako badian aurkitutako lanparatxoa.© Jose López
37. Donostiako Kontxako badian aurkitutako lanparatxoa.© Jose López

Ontzigile frantsesek Euskal Herrian egin zituzten agerraldiak direla-eta, XVIII. mendean Galarretako herri ontzigilean izan zirela baieztatzeko moduan gaude (Araba). Adibidez, Juan Boie, Frantziako Erresumako Besenfontunie herrikoa, Amaritan jaiotako Rosa Ibañez Guraiorekin ezkondu zena. Haien Jose izeneko semea, Zumarragan 1769an jaiotakoa, izan zen Galarretan herritartzea erabaki zuen lehena, aitak urte batzuk beranduago hartu baitzuen erabakia. Zumarragako, Tolosako edo inguruetako ontzi lantegiren batean lan egin ote zuten?



38. Donostiako badiatik ateratako ontzi puskak, Aragoiko Muel herrian egindakoak ziurrenik. XVI. mendea.© Jose López
38. Donostiako badiatik ateratako ontzi puskak, Aragoiko Muel herrian egindakoak ziurrenik. XVI. mendea.© Jose López

Jose, Aroko alaba Maria Saezekin ezkondu zen. Galarretan sustraitu aurretik Josek lan egin ote zuen ontzigintzan ospe handikoa zen Haroko lantegiren batean? Familiak Narbaxara joan zen 1800an, ontzigintzan ospe handia zuen Arabako herri horretara, eta Jose bertan hil zen 1849ko apirilaren 16an.

39. Badian aurkitutako lanparatxoa.© Jose López
39. Badian aurkitutako lanparatxoa.© Jose López

Pedro Cano Muciontes korrejidoreak ondorengoa idatzi zuen 1756an: Hiru oker handi antzeman ditut: lehena ezen, etxeetan buztin ontziteria ikaragarri erabili arren, hemen bertan ez dela bakar bat ere oso-osorik egiten, Arabakoak edo Gaztelakoak baitira denak, nahiz eta baden gorabehera oso berezi bat, berniza Segurakoa dela alegia, probintziako herri batekoa. Eta teilaginen jatorri frantsesa behin eta berriro azpimarratzen duelarik: Esperientziak erakutsi didanez, probintzia honek (Gipuzkoaz ari dela) ez du lantegi kopuru hain handirako behar bezainbesteko teila eta adreilurik sortzen, eta zain egon behar du teilagin frantsesek beren komenientzien arabera etortzea erabakitzen duten arte.

40. Kontxako badiatik ateratako kikara.© Jose López
40. Kontxako badiatik ateratako kikara.© Jose López

Gaztelatik zetorren zeramika Talavera de la Reina herrikoa izango zen, garai haietan oso estimatua baitzen, edo agian Talaverako zeramika izenarekin ekoizten zuten Gaztelako beste ontzi lantegietakoa. Izan ere, izen generiko hori zeramika mota jakin bati ematen zitzaion.

41. Biarnoko ontzia, Hondarribian erabilia.© Jose López
41. Biarnoko ontzia, Hondarribian erabilia.© Jose López

Gipuzkoara ekartzen zen Arabako zeramika gehiena Igeleta, Ixona eta Erentxungo ontzi lantegietan egindakoa izango zen ziur aski, eta beharbada baita Gasteizko lantegietan egindakoa ere. Egia esan, badugu informazio multzo bat hiri horretako ontzi lantegiei buruz, baina zoritxarrez ez dugu lantegi horietan sortutakoa dela ziurtasunez esan dezakegun pieza bakar bat ere ezagutzen.

Joakin Jose Landazurik zera idatzi zuen 1789an:

Toska (lurzuria) langintza hain mesedegarriaz Araba dezente hornituta dago, aurkitu baititzakegu Gasteizko hirian eta, besteak beste, Igeleta, Ixona, Erentxun eta Uribarri Nagusiko herrietan. Ezin konta ahala plater, ontzi, katilu eta beste zenbait pieza egiten dira, eta bertakoek horietako asko erabiltzen dituzte, baina baita oso urrutitik ekarritakoak ere. Arabako toskaren kolorea berniz zurikoa da, lore urdinekin apainduta...

Nahiz eta hori zen piezen eztainuzko estalduretan gehien erabiltzen zen dekorazio kolorea, baziren berdez, berde eta marroiez eta are urdin eta berdez apaindutakoak ere, herri horietako lurretan, labeak zeuden lekuetan ziur aski, aurkitutako zeramika puska ugarik erakusten duten bezala.

42. Pasaiako San Juan baleontziaren azterketan aurkitutako pitxerra, Ixona, Igeleta eta Erantxunen egindakoen antzekoa. 1565. urtean Labradorko (Kanada) Red Bay-ko Saddle uhartearen inguruan hondoratu zen baleontzi hura.© Xabi Otero
42. Pasaiako San Juan baleontziaren azterketan aurkitutako pitxerra, Ixona, Igeleta eta Erantxunen egindakoen antzekoa. 1565. urtean Labradorko (Kanada) Red Bay-ko Saddle uhartearen inguruan hondoratu zen baleontzi hura.© Xabi Otero

Herri horietako ontzi mota horiek Euskal Herriko txoko askotan aurki ditzakegu, eta baita zeramika puska ugari ere garai haietako baserrien inguruetan.

Manuel Izagirrek Donostiako Kontxako Badiaren hondotik jasotako pieza batzuk ikusi genituen duela urte batzuk eta, forma eta dekorazioari begiratuta behintzat, Landazurik adierazitako herrietakoak direla esan dezakegu beldurrik gabe.

Ez hasieran aipatu dugun Juan Kuenderen lantegiko ontzi ekoizpena, gutxienez 1757. urteaz geroztik lanean ari zenarena, eta ezta orain arte ezezagunak zaizkigun beste lantegi batzuetakoak ere, ez dirudi gure herrialdeko demanda betetzera iristen zirenik, "Euskal Herriaren Adiskideen Elkarteak" 1770ean ontzi eta teila lantegiak bultzatzeko joera egokienari buruz esaten duenari kasu egiten badiogu behintzat. Honela diote:

Ontzi lantegiak jarri aurretik, Aldundiak eska diezaiola bere gogoko pertsona adimen garbikoren bati lurra azter dezan eta ondoren har ditzala lantegiak altxatzeko behar diren xedapenak, eta saia dadila lanbide horiei buruz bertakoek duten irudikapena aldatzen, aitoren seme-alabentzat egokiak ez direla uste baitute, eta ulertarazi diezaiela horietan aritzeagatik ez dutela aukerarik galduko ohorezkoetan onartuak izateko. Eta teila eta adreilua lantzera gipuzkoarrak adoretzeko baliagarri izango litzatekeela errentamenduetan bertakoei lehentasuna ematea, atzerritarrak bezain trebeak baitira...

Badirudi aholku horiek aurkitu zutela lur onik, Gipuzkoan ontzi lantegiak agertu baitziren han eta hemen. Ontzigintzako lantegiak, adibidez, ontzi ekoizpenean Araba eta Bizkaiaren pare jarri zirenak. Pieza beiratuak eta esmaltatuak, zaharrenak kobre oxidoko berdez eta manganesoko marroiz dekoratuak.

43. Kontxako badian aurkitutako ontzia.© Jose López
43. Kontxako badian aurkitutako ontzia.© Jose López
44. Ixonako ontziak.© Jose López
44. Ixonako ontziak.© Jose López
Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2024 Departamento de Cultura y Euskera- Diputación Foral de Gipuzkoa.
Para conectar con nosotros mediante skype pulse aquí
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net