Arteak hasiera-hasieratik bide bat baino gehiago hartu zituen, hala nola eskultura, grabatua, erliebea, pintura, eta abar. Hasteko, bi multzo nagusi eta argi hauek bereiz daitezke: arte erabilgarria eta labar artea.
Arte erabilgarria (gauza erabilgarrien artea) gauza batzuk landuz egindakoa da, adibidez, hezurrak, adarrak, harrizko xaflak edo uharriak landuz. Batzuetan, adarrez edo hezurrez egindako ehizarako tresnetan (azagaietan, arrankazietan) marraztutako irudi ez figuratiboak besterik ez dira. Beste batzuetan zintzilikarioetan egiten zituzten irudiak. Baziren xede jakinik gabeko gauzetan egindakoak ere, hala nola hezurrezko edo harrizko xafletako grabatuak eta harriz, hezurrez, adarrez eta boliz egindako eskulturak.
Labar artea edo hormakoa haitzean egindakoa da, nahiz haitzuloetan nahiz kanpoan. Gipuzkoan haitzuloetan bakarrik ezagutzen dugu hormako artea. Pintura eta grabatua dira bitarteko erabilienak. Hori da ohikoa Europako mendebaldeko Paleolitoko labar artean.
Irudietan, badira figuratiboak eta ez figuratiboak, bai arte erabilgarrian eta bai labar artean. Figuratiboen artean, ugarienak garai hartako animalienak dira: zaldi, bisonte, uro, orein, elur-orein, basahuntz eta sarrioak, eta haragijale eta arrain batzuk. Gizakien irudiak urriagoak dira. Ez figuratiboen artean mota askotakoak daude eta oso zaila da ugaritasun hori interpretatzea. Badira luzetarako marra soilak, sigi-saga egiten dutenak, uhin erakoak, izar erakoak, triangelu, erronbo edo obaloak osatzen dituzten lerro itxiak, e.a.
Historiaurrelariek beti lotu nahi izan dituzte arte erabilgarriko lanak eta labar edo horma artekoak, besteak beste, erabilgarriak hormakoa datatzen lagundu dezakeelako. Izan ere, arte erabilgarriko piezak aztarnategiko geruzetatik beste material batzuekin batera ateratzen dira. Material horiei esker geruza datatu daiteke eta, harekin batera pieza horiek. Labar irudiak, berriz, gehienetan haitz hormetan egon ohi dira, aztarnategiko geruzekiko loturarik gabe; beraz, artelan haien egileak Goi Paleolitoko edozein alditakoak izan daitezke. Hortik dator artearen bi alderdiak elkarrekin harremanean jartzeko nahia eta horretarako egindako ahaleginak. Izan ere, irudien analisi estilistikoaren bitartez, arte erabilgarriak lagundu dezake hormakoa datatzen.